4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 30ekoa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita zuzeneko laguntzak emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonei, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetan. DDBN identifikazioa: 660461.

Abuztuaren 1eko 673/2022 Errege Dekretuaren bidez, autonomia erkidegoei zuzeneko dirulaguntza batzuk ematea arautu zen, finantza dezaten zuzeneko laguntza ekonomiko bat ematea Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonei, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetan.

Errege dekretu horren 5.2 artikuluak xedatzen duenez, erakunde onuradunek, nork bere eskumen esparruaren barruan, behar diren neurriak hartu beharko dituzte jarduketa finantzagarriak gauzatzeko, bai zuzenean, bai beste erakunde batzuekin lankidetzan.

Horri dagokionez, tresna egokitzat jotzen da banakako ebaluazioaren araubideko dirulaguntza-deialdi bat egitea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen banakako ebaluazio araubideko deialdi bat onestea laguntzak emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonei, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetan.

Azaldutakoa kontuan hartuz, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzeneko laguntzen deialdi bat onestea Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonentzat, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetarako, baita haren oinarri arautzaileak ere, zeinak foru agindu honen eranskin gisa jaso baitira.

2. 592.523,16 euro erreserbatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2022ko gastu-aurrekontuko "Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei, zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko dirulaguntza" izeneko F10001 F1100 4809 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren kargura, edo 2023ko aurrekontuan gaitzen den partida baliokidearen kargura, betiere kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

3. 592.523,16 euroko gastua baimentzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2022ko gastu-aurrekontuko "Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei, zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko dirulaguntza" izeneko F10001 F1100 4809 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren baliokidea izateko asmoz 2023ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontuaren kargura, betiere kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

Horrez gain, baimendutako kreditua 227.542,7 euroan handitzen ahalko da, gehienez ere, partida beraren kargura, baldin eta 2023ko Diru-sarreren Aurrekontuko partida honetan kreditua sortzen bada ekarpenen ondoriozko diru-sarrerak izateagatik: F10000 F1000 4000 000000 partida, "Autonomia erkidegoentzako eta toki erakundeentzako dirulaguntza, arreta emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei" izenekoa. Hori guztia Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 46.2 artikuluaren a) letran eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letraren 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusira, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

Zuzeneko laguntzen deialdia Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonentzat, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetarako. Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonentzako zuzeneko laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean erroldatuak izanik baliabide aski ez duten pertsonei emanen zaizkienak, era horretan betetzeko abuztuaren 1eko 673/2022 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez, autonomia erkidegoei zuzeneko dirulaguntza batzuk ematea arautu zen, finantza dezaten zuzeneko laguntza ekonomiko bat ematea Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonei, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetan).

2.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak arau hauek zuzenduko dituzte: laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta abuztuaren 1eko 673/2022 Errege Dekretua (errege dekretu horren bidez, autonomia erkidegoei zuzeneko dirulaguntza batzuk ematea arautu zen, finantza dezaten zuzeneko laguntza ekonomiko bat ematea Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babes araubidearen onuradun diren pertsonei, baliabide ekonomiko aski ez duten kasuetan).

3.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetako laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdirako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

4.–Aurrekontu egozpena eta laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako gehieneko kreditua 592.523,16 eurokoa da, deusetan galarazi gabe oinarri arautzaile hauek onesten dituen foru aginduan kreditua handitzeko aurreikusitako aukera.

Diru hori finantzatuko da Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2022ko gastu-aurrekontuko "Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei, zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko dirulaguntza" izeneko F10001 F1100 4809 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren kargura, edo 2023ko aurrekontuan gaitzen den partida baliokidearen kargura, betiere kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

4.2. Laguntza 400 eurokoa izanen da hilean dirulaguntzen azken hartzailea den pertsona heldu bakoitzeko, gehi 100 euro hilean bere ardurapean duen adingabe bakoitzeko. Adingabearen arduradunak bat baino gehiago badira, haietako batek bakarrik jasotzen ahalko du zenbateko gehigarri hori ardurapeko adingabeengatik.

Laguntzak, hasiera batean, 4 hilabetez emanen dira, eskaera egiten den hilaren lehenengo egunetik zenbatzen hasita, eta hilero ordainduko dira, laguntzak irauten duen aldian jasotzailea erroldatuta dagoen udalerriz aldatzen bada ere Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barruan, betiere 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen badu.

Laguntza-eskaerak sarrera-ordenari zorrozki jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, deialdi honetan ezarritako aurrekontu-kredituaren mugara iritsi arte.

Hasiera bateko aldirako laguntza-eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu egokia eta nahikoa gelditzen bada, laguntza automatikoki luzatuko da hilabetez hilabete, eta haren guztizko iraupena ezin izanen da 6 hilabetetik gorakoa izan, betiere laguntza emateko baldintzak aldatzen ez badira, eta, horrela, kreditua guztiz agortu arte. Horretarako, eskaeren sarrera-ordena hartuko da kontuan.

5.–Onuradunak.

5.1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke laguntzen onuradun:

a) Aldi baterako babes estatutua lortu izana, honako honen arabera: lekualdatutako pertsonak masiboki bertaratzen direnerako aldi baterako babes araubideari buruzko Erregelamendua, urriaren 24ko 1325/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsia, bat etorriz Ukrainako gatazkak eragindako pertsonei aldi baterako babesa aitortzeko prozedurarekin, zeina martxoaren 9ko PCM/169/2022 Aginduaren bidez garatu baitzen, eta Ministro Kontseiluaren 2022ko martxoaren 8ko Erabakiaren esparruan (martxoaren 9ko PCM/170/2022 Aginduaren bidez argitaratua), zeinaren bidez zabaltzen baita Ukrainako gatazka dela-eta Espainian babesa aurki dezaketen pertsonei Kontseiluaren 2022ko martxoaren 4ko 2022/382 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez emandako aldi baterako babesa.

b) Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean erroldatuta egotea.

c) Baliabide ekonomikorik ez dutela egiaztatzea, nazioarteko babesaren arloko harrera-sistema arautzen duen Erregelamenduaren arabera (martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsia), hau da, egiaztatzea haien hileko diru-sarrerek eta errentek ez dutela gainditzen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legean aurreikusitako errenta bermatuaren hileko zenbateko indibiduala. Ondorio horietarako, ondare-ondasun propioak, enplegu batetik datozen diru-sarrerak eta mota guztietako gizarte laguntzak konputatuko dira. Baldintza hori egiaztatzeko, gutxienez, azken onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta lan bizitza kontsultatuko da Gizarte Segurantzaren datu-baseetan.

Banakako eskatzaile onuradunaren ahalmen ekonomikoa baino ez da kontuan hartuko. Jarraian, kalteberatasun ekonomikoko egoera deklaratu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak eta errentak adierazten dira:

AZKEN HARTZAILEAREN ETA BERE ARDURAPEKO ADINGABEEN EGOERAK

EUROAK HILEAN

Heldu bat

481,63

Heldu bat eta adingabe bat

629,12

Heldu bat eta bi adingabe

776,61

Heldu bat eta hiru adingabe

924,10

Heldu bat eta lau adingabe edo gehiago

1071,59

d) Ordainketa-eskaera aurkezteko unean, ez betetzea inolako plazarik lekualdatu diren pertsonei arreta emateko Migrazioen Estatu Idazkaritzak dituen larrialdiko baliabideetan, eta ez izatea hango baliabideen onuradun, ez eta nazioarteko babesaren arloko harrera-sistema arautzen duen Erregelamenduaren II. tituluan araututako harrera-ibilbidearen barruko programetako baliabideen onuradun ere (martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

5.2. Baldintza horiek laguntza jasotzen den aldi osoan bete beharko dira. Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa eginez gero, eskatzaileak horren berri eman beharko du 15 egun balioduneko epean, aldaketa gertatu den egunetik zenbatzen hasita, deusetan galarazi gabe Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak egiaztatzea, eta laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezake.

Aldi baterako babes estatutuaren indarraldia laguntza jasotzeko epearen barruan bukatzen bada, laguntza jasotzeko eskubidea izateko, aldi baterako babes araubidea luzatzen duen ebazpena jakinarazi beharko da.

6.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2023ko ekainaren 30era bitarte aurkeztu beharko dira. Hala ere, 4.1 oinarrian aurreikusitako aurrekontu-kreditua lehenago agortzen bada, horren berri emanen da Nafarroako Atarian, eta ez da eskaera gehiagorik onartuko, eta ezetsi eginen dira baliabide ekonomikorik ez izateagatik ebatzi gabe gelditu direnak.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko modua.

7.1. Aurkezteko modua:

7.1.1. Aurkezpen telematikoa:

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduak:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

7.1.2. Aurkezpen ez-telematikoa:

Eskaerak eta dokumentazio guztia Nafarroako Gobernuko Erregistro eta Herritarren Arretarako bulegoetan aurkezten ahalko dira (https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta),edo Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen araudian ezarritako tokietatik edozeinetan.

Eskaera Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

7.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrean aurkeztuko da, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Gobernuaren edozein erregistrotan eta helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/instantzia-orokorra-deskargatu

Behar bezala betetako eskabide ofizialarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztuko da, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentua, eta, hala badagokio, laguntzaren xede diren eta ardurapean dituen adingabeena.

b) Aldi baterako babes araubidea onartzen duen ebazpena. Ardurapean duen adingabeagatiko laguntza ere eskatzen bada, ardurapeko adingabearekiko lotura egiaztatu beharko da, aldi baterako babes araubidea aldi berean ematen dien ebazpenaren bidez.

c) Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean erroldatuta egotearen ziurtagiria, dagokion toki erakundeak emana. Ardurapean duen adingabeagatiko laguntza ere eskatzen bada, adingabearekin batera erroldatuta egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Ziurtagiri horrek hilabete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau onesten duen ebazpenaren datatik zenbatzen hasita.

d) Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina), honako hauek jasoko dituena:

–Adierazi beharko du ez duela baliabide ekonomikorik, nazioarteko babesaren arloko harrera-sistema arautzen duen Erregelamenduaren arabera (martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

–Adierazi beharko du ezen, eskaera aurkezteko unean, ez dela betetzen ari inolako plazarik lekualdatzen diren pertsonei arreta emateko Migrazioen Estatu Idazkaritzak dituen larrialdiko baliabideetan, eta ez dela hango baliabideen onuradun, ez eta nazioarteko babesaren arloko harrera-sistema arautzen duen Erregelamenduaren II. tituluan araututako harrera-ibilbidearen barruko programetako baliabideen onuradun ere (martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

–Konpromisoa hartu beharko du Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko dirulaguntza lortzeko beharrezkoak diren baldintzetan gertatzen den edozein aldaketa, hots: aldi baterako babes estatutuari, egungo erroldatze-udalerriari, baliabide ekonomikoen gehikuntzari edo Estatuko harrera-ibilbideen barruko baliabideak edo bitartekoak lortzeari buruzko edozein aldaketa.

e) Baimena (III. eranskina), Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak zuzenean kontsulta dezan onuradunaren lan bizitza Gizarte Segurantzaren datu-baseetan, eta laguntzaren azken hartzailearen identifikazio datuak jakinaraz diezazkion Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari, emandako dirulaguntza justifikatzeko.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintzako Inprimakien Atalean eskuragarri egonen dena.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Aurkezten den eskaera osorik ez badago, hamar egun balioduneko epea emanen zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak gehitzeko. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskaeran emandako informazioa egiaztatzearren.

8.–Prozeduraren antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura banakako ebaluazio araubideari jarraikiz tramitatuko da; beraz, espedienteak sarrera-ordenaren arabera tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Aurrekontu-kreditua agortuz gero, ez da eskaera gehiagorik onartuko, eta ezetsi eginen dira ebatzi gabe gelditzen direnak.

8.2. Dirulaguntzak eskaera-ordenaren arabera emanen dira, betiere oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta bertan eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkezten duten eskaeren artean.

Eskaera zuzendu edo osatu behar bada, erreferentzia gisa hartuko diren eguna eta ordua zehazteko, bata edo bestea noiz gauzatu den begiratuko da. Horretarako, eskaerak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea oso-osorik dagoenean.

8.3. Prozeduraren instrukzioa Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak eginen du eta, horretarako, laguntzak jasotzeko behar diren baldintzak betetzen diren egiaztatuko du.

Nolanahi ere, instrukzio organoak edozein unetan eskatzen ahalko du oinarri hauetan eskatutako baldintzak zehatz-mehatz betetzen direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio osagarria.

8.4. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak behar bezala arrazoitutako ebazpen proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, dirulaguntzak eman daitezen, eta, hala badagokio, ezesteko arrazoiak adieraziko ditu.

9.–Prozeduraren ebazpena.

9.1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena oinarri hartuta, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko du laguntzak ematearen gainean, eskaera bakoitza osorik aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro baina berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

9.2. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie pertsona interesdunei.

9.3. Ebazpenak ez dira argitaratuko; izan ere, onuradunen datuak zabaltzea, dirulaguntzaren xedea kontuan hartuta, pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Hilabete bakoitza bukatutakoan ordainduko da laguntza, transferentzia bidez kobratzeko eskaeran eskatzaileak adierazten duen kontu korrontean.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27.7 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntza hauek jasotzeko, 5. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira soilik; izan ere, jasotzaileak egoera jakin batean daudela kontuan hartuta emanen dira.

12.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan araututako laguntzak eskatu eta jasotzen dituzten pertsonek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Gainera, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko dizkiote laguntza jasotzea eragin duten/zuten baldintzen aldaketa guztiak, haiek gertatu eta 15 egun balioduneko epean.

Onuradunek laguntza hartzeko eta mantentzeko oinarri izan diren datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eskatzen zaien dokumentazio guztia eman beharko diote Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari, eta kontrol eskumenak esleituak dituzten organoen kontrol eta egiaztapen jarduketen mende jarri beharko dira.

13.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako ematen diren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, Espainiako, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin.

2. Laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Laguntza hauek bateraezinak dira azken hartzaileek beste baliabide, jarduketa edo zerbitzu batzuk jasotzearekin martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuan araututako nazioarteko harrera-sistemaren ibilbidearen bidez edo larrialdi-sistemaren bidez.

14.–Baldintzak ez betetzea.

14.1. Laguntzak eman ondoren frogatzen bada onuradunak diru zenbatekoren bat jaso zuela 5. oinarrian ezarritako baldintza guztiak bete gabe, jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, gehi aplikatu beharreko legezko interesa, 673/2022 Errege Dekretuaren 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

14.2. Funts publikoak emateari eta entregatzeari funtsean eragiten dioten datuak eta dokumentuak faltsutzeak edo ezkutatzeak berekin ekarriko du erantzukizunak eskatzea bai administrazio arloan, bai jurisdikzio arlo eskudunean.

14.3. Aurreko ataletan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbateko osoa itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

14.4. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

15.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak eskatzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, hala ezartzen baitu 6.1.e) artikuluan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoak. Haren oinarri juridikoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Dirulaguntzen onuradun gertatzen diren pertsonen datuak, tratamenduaren xede izanen direnak, honako hauek dira: identifikazio datuak, harremanetarakoak, bankukoak edo tratamenduaren helbururako behar den beste edozein.

Identifikazio datuei dagokienez, eta kontuan hartuta abuztuaren 1eko 673/2022 Errege Dekretuaren 12.1.a) artikulua, dirulaguntzen onuradunek baimena eman beharko dute (III. eranskina) Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak bere identifikazio datuak eman diezazkion Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari, emandako dirulaguntzak justifikatzeko.

Pertsona onuradunen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegian aurreikusita dagoen denboran gorde beharko dira.

Interesdunek Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuan erabil dezakete datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari aurka egiteko eta datuak eramatekoa ere, sgt.migracionyjusticia@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz, gaian "datuen babesa" idatzita. Erantzunarekin ados egon ezean, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzara (dpd@navarra.es) jo daiteke, edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Baimena.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2216347