39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO ERREGE BARDEAREN KOMUNITATEA

Hegazti harrapariek habia egiten duten eremura sartzeko murrizketa

Errege Bardearen Komunitateko buruak honako ebazpen hau eman du:

Ikusirik: 69/2023 espedientea, sarrerak mugatzekoa El Plano-Blanca Alta HBBE eremuaren zati batean, hegazti harkaiztar habiagileak babesteko, zeinean aurkezten baita Alejandro Urmeneta Komunitateko biologoaren txosten teknikoa, honi buruzkoa: "Paseariak sartzea murrizten hasteko beharra hegazti harrapariek habia egiten duten eremuetan".

Kontuan harturik: Komunitateko biologoak eginiko txosten teknikoan espezie babestuak (arrano beltza, sai zuria, hontza, belatza eta saia) ugaltzeko eta hazteko garaiak azaltzen dira, eta ondorioztatzen da otsailetik abuztura (biak barne) hartu behar direla sarrera murrizteko neurriak, babestutako espezie horien ugalketa arriskuan jar ditzaketen eragozpenak gutxitzeko. Neurriak hartu behar dira El Plano eta Blanca Altako babes bereziko eremuetan: Ralla, Rallón, Sanchicorrota, Piskerra eta La Gorra.

Kontuan harturik: Indarreko ordenantzen arabera (117. artikulua), larrialdia denean, Komunitateko buruak hartzen ahalko ditu ekosistema mantentzeko beharrezko jotzen diren erabaki guztiak, edo Batzorde Iraunkorrari dagozkion erabakiak, lehen bileran gobernu organo horri erabakion berri emateko beharrarekin.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. Sarrera debekatzeko eta mugatzeko agintzea txosten teknikoan aipaturiko hegazti harraparien ugaltze eremuetan, zehazki: El Plano-Blanca Alta hegaztiendako babes bereziko eremuan (La Gorra, Piskerra, La Ralla eta El Rallón). Debekua hilabete hauetan ezartzen da: otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila eta abuztua.

2. Sarrera mugatzeari dagozkion seinaleak jar daitezela agintzea, hegazti harraparien ugaltze eremu nagusietan, haiek ikusteko moduko tokietan, bisitariek behar bezala jakin dezaten murrizketa hori badagoela.

3. Neurri honen berri ematea Komunitatearen web-orriaren arduradunei, zabaldu eta argitara dezaten.

4. Berri ematea Komunitateko Landazaintza Zerbitzuari, jakinaren gainean egon daitezen eta kontrola egin dezaten.

5. Berri ematea Guardia Zibilari (Castejongo SEPRONA), Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Landazaintza Zerbitzuari, eta Foruzaingoari.

Tuteran, 2023ko otsailaren 2an.–Komunitateko burua, José María Agramonte Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2302121