39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena Eólica Cascante SLk sustatutako Cascante II haize-parkerako, Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkerako eta Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, bai eta haietatik energia ateratzeko azpiegitura partekatuetarako ere.

1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura garatzea eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskatzea.

"Cascante II" haize-parkea

1.1. Aurrekariak.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenaren bidez ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen haize-parke hauetarako: Cascante, Ablitas II, Carcastillo, Fustiñana eta Cabanillas II, barnean sartuta parkeetako energia ateratzeko lineak eta sarbideak, honako udal mugarte hauetan: Cascante, Cabanillas, Ablitas, Fustiñana, Zarrakaztelu, Tulebras, Tutera, Mélida, Santakara, Murillo El Cuende, Caparroso, Erriberri eta Tafalla. Sustatzailea Eólica Navarra SLU enpresa da. Ebazpen horretan aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen Cascante haize-parkerako. Cascante haize-parkearen proiektuak osagai hauek zituen: 8 haize-sorgailu 26 MW-eko guztizko potentziarako, eta lotutako azpiegiturak, hau da, instalaziorako sarbideak eta ekoitzitako energia ateratzeko azpiegiturak.

Geroago sustatzaileak proiektua birformulatu zuen, Red Eléctrica de Españak garraio sarerako emandako sarbide- eta konexio-baimenari egokitzeko, eta, izena aldatuta, Cascante II haize-parkea deitu zion proiektuari.

1.2. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen Cascante II haize-parkearen eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (2020ko abuztuaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 185. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

2020ko abenduaren 22an sustatzaileak proiektua aldatu zuen, haize-sorgailuen kopurua, guztizko potentzia eta ezarpen eremua handituz, eta organo substantiboari aurkeztu zion, aurretiazko administrazio baimen berri bat eskatzeko. 2021eko maiatzaren 18an, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuari buruzko txostena eman zuen, arestian aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan eta 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera. Txosten horretan adierazi zen zenbait alderdi inplementatu edo aldatu behar zirela proiektuan, ingurumen inpaktuaren azterketan eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduran; besteak beste, energia ateratzeko linea aldatu behar zela eta aldatutako proiektua jendaurrean jarri eta kontsultak egin behar zirela berriz ere.

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak bigarrenez jendaurrean jarri zituen proiektu eta ingurumen inpaktuaren azterketa berriak (2021eko azaroaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 256. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

1.3. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari ekiteko eskatzea.

2022ko maiatzaren 6an, Eólica Cascante SLk "Cascante II" haize-parkearen eta energia ateratzeko azpiegituren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Organo substantiboak errekerimendua egin zuen aurkeztutako informazioa zuzentzeko. Behin dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko ekainaren 21ean dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatzean aurkeztutako proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) zenbait aldaketa jaso dituzte, sustatzaileak jendaurreko fasean eta administrazio publiko eta pertsona interesdunei egindako kontsultetan jasotako alegazio eta txostenen ondorioz. Proiektuak aldatu egin ditu sarbideak eta 6. eta 7. haize-sorgailuen arteko barne bidearen trazadura, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Atalaren eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenei erantzuteko, abelbideen gaineko ukipenari dagokionez. IIAn zenbait akats zuzendu dira eta informazioa osatu egin da, Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenean adierazitakoa kontuan hartuta.

Aldaketek ez dute ekarri ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik hasiera batean aurreikusitakoez gain. Espedientearen informazio osoa jasota, aldatutako proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapideari ekin zaio.

"Murchante" haize-parkea.

1.1. Jendaurreko informazioa eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen Murchante haize-parkearen proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (2021eko abenduaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 276. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

1.2. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari ekiteko eskatzea.

2022ko maiatzaren 23an, Eólica La Torre SLUk Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan aurkeztu zituen "Murchante" haize-parkearen proiektu tekniko administratiboa (2020ko azarokoa) eta Murchante haize-parketik energia ateratzeko azpiegiturari buruzko argibideen txostena (2021eko abuztukoa), "Murchante" haize-parkearen ingurumen inpaktuaren azterketarekin batera (2021eko azarokoa), eta eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Behin dokumentazioa osatuta eta egiaztatuta, organo substantiboak 2022ko ekainaren 29an dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko.

"El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa.

1.1. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (2020ko abuztuaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 190. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

Behin sustatzaileak proiektuan eta ingurumen inpaktuaren azterketan sartu ondoren jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidearen ondoriozko aldaketak, eta Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren beste izapide bat egin (2021eko azaroaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 256. zk.), eta kontsulta berriak helarazi zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei –ebazpen honen II. eranskinean bildutakoei–.

1.2. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari ekiteko eskatzea.

Solen Energía Navarra SLUk 2022ko abenduaren 2an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan aurkeztu zituen "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua eta eguzki-instalazio fotovoltaiko eta ebakuazio-azpiegitura horien ingurumen inpaktuaren azterketa (IIA), 2022ko abuztukoa. Bai proiektuan bai IIAn aldaketak egin dira, jendaurreko bigarren fasean eta ukitutako administrazio publikoei bigarrenez egindako kontsultetan jasotako alegazioen eta txosten sektorialen ondorioz. Organo eskudunak dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondoren, dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali du, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteari ekin diezaion.

Proiektuan egindako aldaketek ez dute ekarri ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik hasiera batean aurreikusitakoez gain. Espedientearen informazio osoa jasota, aldatutako proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapideari ekin zaio.

2. Proiektuen laburpena.

"Cascante II" haize-parkea.

Hautatu den alternatiban 10 haize-sorgailu daude, kokaleku hauetan:

HAIZE-SORGAILUAREN ZK.

UTM ETRS89, 30. EREMUA

Dorrea (m)

Errotorea (m)

X [m]

Y [m]

CA-01a

607067,000

4649950,000

200

163

CA-02a

606697,080

4649720,940

120

149

CA-03a

606354,810

4649447,610

120

155

CA-04a

606070,000

4649108,000

120

155

CA-05a

605715,000

4648782,000

120

155

CA-06

605174,000

4648335,000

120

155

CA-07

604630,000

4647996,000

120

155

CA-08

604234,000

4647618,000

108

155

CA-09

603233,000

4649016,000

120

149

CA-10

603719,000

4649167,000

120

149

Eta baliabidea neurtzeko dorre autosostengatzaile iraunkor bat, 120 m garaia, koordenatu hauetan: x: 605.501 / y: 4.649.039.

Proiektatu da bideen sarea egitea egungo 6.400 m bide aldatuz eta 2.140 m bide berri eraikiz. Errodadura eremua 6 m zabal izanen da. Energia erdi tentsioko zirkuituetan bilduko da, zangetan, 30/66 kV-eko Cascante II TAE jasotzaileraino, zeinak 1.507 m² okupatuko baititu. Cascante II TAEtik La Cantera TAEra energia eramateko 66 kV-eko goi tentsioko lineak 15,587 km-ko luzera du eta zenbait tarte ditu:

1. Aireko 1. tartea: 1. euskarria - 33. euskarria (8.773 metro).

2. Lurpeko 1. tartea: 33. euskarritik MURCHANTE TAEraino (1.525 metro).

3. Lurpeko 2. tartea: MURCHANTE TAEtik 34. euskarriraino (377 metro).

4. Aireko 2. tartea: 34. euskarria - 35. euskarria (284 metro).

5. Lurpeko 3. tartea: 35. euskarritik CANTERA TAEraino (4.628 metro).

"Murchante" haize-parkea.

Murchanteko haize-parkean bost haize-sorgailu instalatu nahi dira. Dorreek 120 m-ko altuera izanen dute abatzeraino eta errotoreek 163 m-ko diametroa izanen dute. Hautatutako alternatiban haize-sorgailuak honela daude kokatuta:

HAIZE-SORGAILUA

X (m)

Y (m)

ERROTOREA

DORREA

A01

608599

4658195

163

120

A02

609430

4657602

163

120

A03

609081

4657341

163

120

A04

608669

4657183

163

120

A05

610073

4656558

163

120

Proiektatutako barneko bideen luzera 4.926 m da. Neurketa dorre autosostengatzaile bat jartzea ere proposatu da, 120 m garaia, x:608625 eta y:4657654 koordenatuetan. 66/30 kV-eko Murchante transformazio azpiestazioak 41,4 x 36,4 m-ko neurriak izanen ditu. Murchante haize-parkeko energia ateratzeko azpiegiturari buruzko argibideen txostenaren arabera, Murchante TAEtik energia lurpetik bideratuko da Cascante II haize-parkeko ebakuazio linearekin bat egin arte.

"El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa.

Hautatu den alternatiban El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoa 75,05 ha-ko barruti bakarrean dago, hesiz inguratuta, Cascanteko udalerriko 13. poligonoan, Campolasierpe parajean.

Silizio kristalbakarreko 111.076 modulu fotovoltaiko ditu, ardatz baten gaineko jarraitzaileen egitura mugikorretan multzoka ezarriak ipar-hego norabidean, eta lurzoruan zuzeneko tinkatuaz finkatuak, lehentasunez. Jarraitzaile batetik bestera 3,41 metroko tartea proposatu da hasiera batean, eta jarraitzaileek backtracking sistema izanen dute, lerrokaduren artean itzalik ez izateko. Sei power station proiektatu dira, guztira 30 inbertsore izanen dituztenak, modulu fotovoltaikoetan sortutako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, eta sei transformadore, tentsioa 30 kV-era jasoko dutenak.

Sortutako energia guztia 66/30 kV-eko El Sasillo TAEan bilduko da, Cascanteko 13. poligonoko 77. lurzatian. Aireko eta lurpeko 66 kV-eko linea batek (1.246 m airetik, 1.418 m lurpetik eta 1.030 metro gehiago airetik) TAE hori Cascante II haize-parkeko ebakuazio linearekin konektatuko du, eta azken horrek La Cantera TAEraino eramanen du energia.

3. Azterketa teknikoa.

Cascante II haize-parkearen espedientearen azterketa formala egiten ari zela, 2022ko irailaren 14an, ingurumen organoak organo substantiboari errekerimendua egin zion, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.1 artikuluarekin bat etorriz, espedientea zuzendu zezan kultura ondareari buruzko nahitaezko txostena erantsiz, 21/2013 Legearen beraren 37.2 artikuluaren b) puntuan aurreikusi bezala. Eskatu zen, halaber, sustatzaileak IIAko informazioa osatu zezala 35.1 artikuluan aurreikusitako berariazko apartatuen arabera, 21/2013 Legearen VI. eranskinean garatutako moduan. Bereziki, hegaztiek espazioa nola erabiltzen duten aztertzeari dagokionez. Izan ere, azterketa hori osatu egin beharko da, ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko bi aldietan Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenetan azaldu ziren baldintzen arabera. 2022ko azaroaren 14an organo substantiboak ingurumen organo honi helarazi zion sustatzaileak errekerimenduari emandako erantzuna, sustatzaileak informazio osagarria aurkeztu baitzuen, IIAren azken bertsio berrikusia, hain zuzen (2022ko azaroko bertsioa). Espedientean ez dago Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenik.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badago IIAren eranskin bat (VIII. eranskina, arkeologiako txostenak) non haize-parkearen ezarpen eremuaren eta energia ateratzeko linearen trazaduraren azterketa arkeologikoa egiten baita. Azterketa horren barruan miaketa arkeologiko bat dago, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 79/2020 Ebazpenaz baimendua (presako esku-hartze arkeologikoa egiteko baimena ematen du "Cascanteko haize-parkearen ingurumen inpaktuaren azterketa" proiektua dela-eta).

a) Alternatiben azterketa.

"Cascante II" haize-parkearen, energia ateratzeko linea elektrikoaren eta azpiestazio elektrikoaren ingurumen inpaktuaren azterketan (2022ko azaroa) Cascante II haize-parkea taxutzeko lau alternatiba aztertzen dira, zero alternatiba barne. Kontuan hartzen dira instalazioak ingurumen babeseko eremuetatik kanpo kokatzeko premisak, eta ahalik lurzoru gutxien okupatuta ahalik energia gehien ekoizteko moduko teknologia hautatzen da. Proiektua ez gauzatzearen alternatiba bazterturik, proiektuak energia berriztagarriak sortzeko helburuei eta garapen jasangarriei egiten dien ekarpenarengatik baztertu ere, ezarpenerako hiru alternatiba zehazten eta deskribatzen dira, kontuan harturik lege baldintzak, baldintza teknikoak, baliabidea izatearenak eta ingurumenekoak. Sustatzaileak hiru alternatibak baloratzeko matrizea aurkezten du eta haiek zenbait faktore tekniko eta ingurumen-faktoreren gain ustez izanen dituen ondorioak kuantifikatzen ditu. Faktore horiek dira zarata, lurzorua, landaredia, fauna, eremu babestuak eta interesekoak, paisaia, ondarea, lurzoruaren erabilerak eta makinen arteko haize-lorratzak. Alternatiben balorazioan eta azterketan 3. alternatiba hautatu da, ingurumenaren gaineko ukipen txikiagoa eta gauzatzeko zein ustiatzeko baldintza tekniko hobeak izanen dituelakoan. IIAk haize-parkeko transformazio azpiestazioa ezartzeko bi kokaleku deskribatzen eta aztertzen ditu. Jarraian, kokaleku horiek aztertzen dira ingurumen baldintza sorta bat kontuan harturik: lurzorua, hidrologia, landaredia eta fauna. Ondorio gisa IIAk dio bi alternatibek ustez antzeko ukipenak sortuko lituzketela ingurumenaren ikuspuntutik, eta 2. alternatiba aukeratzen du, baldintza teknikoak eta parkearen funtzionamendu eta mantentze baldintzak oinarri harturik.

Hautatutako alternatibak, 2. alternatibak, hegoalderago kokatzen du transformazio azpiestazioa, eta, beraz, argindarraren garraio sarearekiko konexio puntutik urrunago. Horrela, ekoitzitako energia ateratzeko goi tentsioko aireko linearen trazadura luzeagoa da. Bigarren kontsulta-fasean emandako txostenean, ingurumen organo honek azaldu zuen proiektuak iparralderago kokatutako alternatibak proposatu behar zituela transformazio azpiestazio elektrikorako, La Canterako gainetatik urrunago, hegazti harrapari eta planeatzaile gehiago ibiltzen direlako inguru hartan. Horrela erdi tentsioko lurpeko tartea luzatzea lortzen da, goi tentsioko aireko tartea, berriz, laburragoa da, eta ingurumenaren gaineko ukipen txikiagoa sortzen da. Ebazpen honen baldintzen atalean azaltzen da zer betekizun eta neurri hartu beharko diren kontuan Cascante II haize-parketik energia ateratzeko azpiegiturak ingurumenarekin bateragarriak izan daitezen. Gurelur elkarteak jendaurreko fasean alegatu duenez, beste alternatiba bat planteatu izan balitz, TAEa iparralderago eta basotik aski urrun kokatuz, neurri handian arinduko zatekeen instalazioak sortutako ingurumen inpaktua.

"Murchante" haize-parkearen IIAk (2021eko azaroa) lau alternatiba azaltzen eta aztertzen ditu, haize-parkerik ez egiteko zero alternatiba barne, kokalekuari buruzko aurretiazko bi premisa kontuan hartuz, alegia, Cascante II haize-parkeko ebakuazio linea partekatutik hurbil kokatzea; ingurumen babesa, paisaiarengatiko murrizketak edo bestelako ingurumen balioak dituzten eremuetatik kanpo kokatzea, eta ustiatzeko baliabide eoliko aski izatea. Zero alternatiba baztertu egiten da, proiektuak laguntzen duelako garapen jasangarria, ingurumenaren hobekuntza eta 2030erako Nafarroako Energia Planean energia berriztagarrien sorrerari begira jarritako helburuak lortzen. Sustatzaileak gainerako hiru eraikuntza-alternatibak definitzen ditu, eta kuantitatiboki baloratzen ditu konparazio-matrize baten bitartez, gorago Cascante II haize-parkerako azaldutako faktore teknikoetan eta ingurumen faktoreetan izanen dituzten ondorioen arabera. Ingurumen inpaktuaren azterketak 3. alternatiba aukeratu du. Haren diseinuan landarediaren gaineko ukipenak gutxitu dira eta haize-sorgailuen kopurua handitu, eta horregatik faunarentzat hobea iritzi zaio. Energia (26 MW) ateratzeko azpiegiturari buruzko argibideak emateko 2021-08-17an aurkeztutako txostenak azaltzen duenez, parkeko energia lurpeko linea batek eramanen du haize-parkeko azpiestaziotik Cascante II haize-parkeko ebakuazio linearekiko konexioraino.

Murchante haize-parkerako proposatutako hiru eraikuntza-alternatibetan ere makinak Natura 2000 Sareko eremu babestu batetik hurbil kokatzen dira, Pulguerko Urmaela (ES2200041) kontserbazio bereziko eremutik hurbil, hain zuzen. Hori agerian jarri zen ingurumen organo honek kontsulten fasean emandako txostenean. Ondorioztatu zen gerta zitekeela proiektuak inpaktu handiak sortzea fauna sentiberan (hegaztiak eta kiropteroak) eta Natura 2000 Sareko eremuetan, eta eremuen arteko konektagarritasunari eragitea, arriskuan jarriz haize-parkearen bideragarritasuna ingurumenaren aldetik.

"El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta handik energia ateratzeko azpiegituren ingurumen inpaktuaren azterketan (2022ko abuztua) lau alternatiba dira aztergai, proiektua ez gauzatzearen zero alternatiba barne. Hiru eraikuntza-alternatibak kualitatiboki erkatzen dira honako faktore hauen gaineko ukipenen arabera: landaredia, Natura 2000 Sarea eta ingurumen babesaren beste figura batzuk, abifauna eta paisaia. Alternatiben azterketan ondorioztatzen da 1. eta 2. alternatibek gehiago ukitzen dutela fauna, energia ateratzeko lineatik urrunago daudelako, eta paisaian inpaktu handiagoa dutela, Lorko aintziratik eta Murchanteko udalerritik hurbilago daudelako, hurrenez hurren. Konklusioen atalak dioenez, hiru alternatiben azterketa kuantitatiboa egin da naturari, kulturari eta material eta hondakinen bolumenei buruzko irizpideetan oinarrituta. Hala ere, ez da aztertutako datu kuantitatiborik aurkezten. Ondorioztatzen da 3. alternatiba dela egokiena, elementu naturalen eta bereziki paisaiaren gaineko zuzeneko ukipenak murrizten dituelako.

Ingurumen organo honek adierazi zuen, kontsulten bigarren izapidean, hautatutako alternatiban instalazioa ia erabat inguraturik zegoela, lau aldeetatik hirutan, Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuez, non habitat egokiak baitaude, bai eta Estatuko eta autonomia erkidegoko espezie mehatxatuen katalogoetan ageri diren nekazaritza-estepa eremuetako hegazti espezieak ere. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapiderako aurkeztutako 2021eko iraileko IIAn baztertu ziren alternatibak ez ziren bideragarriak ingurumenaren aldetik. Horregatik, ingurumen organo honek sustatzaileari jakinarazi zion IIAk teknikaren eta ingurumen aldetik bideragarriak ziren alternatibak aztertu behar zituela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35.1 artikuluarekin bat etorriz. Ingurumen organo honen iritziz, sustatzaileak oraingoan (2022ko abuztuko IIAn) baztertu duen alternatibak (2. alternatiba) katalogatutako hegaztien gainean aurreikus daitezkeen garrantzizko inpaktu txikiagoak ditu hautatutako alternatibak (3. alternatiba) baino.

El Sasillo eguzki-instalaziotik energia ateratzeko diseinuan, sustatzaileak bi alternatiba deskribatu ditu, aurrez zenbait alderdi kontuan harturik, teknikoak, ekonomikoak eta ingurumenekoak. Lehen alternatibak zirkuitu bikoitzeko aireko linea bat planteatzen du, 66 kV-ekoa eta 4.421 m-ko luzera duena, eguzki-instalazioko azpiestaziotik hasi eta Cascante II eguzki-parkeko ebakuazio lineako 32. euskarriraino. Bigarren alternatibak aireko bi tarte ditu, 1.246 eta 1.030 m-koak, eta erdian lurpeko tarte bat, 1.418 m-koa. Guztira 3.694 m-ko trazadura, eguzki-instalazioko TAEtik hasi eta Cascante II TAEa La Cantera TAEarekin lotzen duen 66 kV-eko goi tentsioko lineako 26. euskarriraino. Azterketak inpaktuak neurtzen ditu zenbait faktoretan (zarata, lurzorua, landaredia, fauna, naturagune babestuak, paisaia, ondarea eta lurzoruaren erabilera), eta azkenik 2. alternatiba hautatzen du, airetik eta lurpetik doana.

Hemen aztertutako hiru proiektuek partekatu egiten dute ekoitzitako energia ateratzeko azpiegitura elektrikoa, La Cantera azpiestazio biltzailean Red de Transporteri baimendutako konexioraino. "Cascante II" haize-parkearen, energia ateratzeko linea elektrikoaren eta azpiestazio elektrikoaren IIAk (2022ko azaroa) lau alternatiba planteatzen eta deskribatzen ditu, proiektua ez gauzatzeko alternatiba barne. Horien diseinuan kontuan hartu dira zenbait premisa, teknikoak, ekonomikoak eta ingurumen eraginari buruzkoak. Zero alternatibak ekarriko luke proiektuak ez gauzatzea eta goian azaldutako energia-trantsizioaren eta jasangarritasunaren arloetako helburuak ez betetzea. 1. alternatibak (mendebaldea) ekarriko luke goi tentsioko (66 kV) aireko linea bat jartzea, 19.419 m luze. 2. alternatibak (ekialdea airetik eta lurpetik) planteatzen ditu 15.499 m-ko trazadura airetik eta 1.209 m-ko eroanbidea lurpean. 3. alternatibak (ekialdea airetik eta lurpetik) bi tarte ditu airetik (8.773 m eta 284 m) eta hiru lurpetik (1.525, 377 eta 4.628 m). IIAk hiru eraikuntza-alternatiben faktore anitzeko azterketa egiten du, haiek baloratuz eta kuantifikatuz, zenbait faktore teknikoren eta ingurumen faktoreren gaineko ondorioen arabera (zarata, lurzorua, landaredia, fauna, eremu babestuak eta interesekoak, paisaia, ondarea eta lurzoruaren erabilerak). Baloraziorako analisiak 3. alternatiba aukeratzen du (ekialdea airetik eta lurpetik), ukipen txikiagoa sortzen duelakoan paisaian eta faunan.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.

"Cascante II" eguzki-parkearen, energia ateratzeko linea elektrikoaren eta azpiestazio elektrikoaren ingurumen inpaktuaren 2022ko azaroko azterketan antzemandako inpaktu nagusiak fauna hegalariaren, paisaiaren eta naturagune babestuen gainekoak dira. Sustatzailearen balorazioaren arabera, ustiapen fasean, hegazti eta kiropteroek haize-sorgailuen kontra talka egiteagatik edo barotraumagatik inpaktu larria sortuko zaie saguzarrei, eta moderatua larritik hurbil hegaztiei. Moderatutzat jotzen da habitataren aldaketak faunari kalte egiteko arriskua: argi kutsadura, irisgarritasun handiagoak sortuko dizkien eragozpenak, hesi efektua, habitatak zatikatzea, azpiegituren funtzionamenduaren eta mantentzearen ondorioz ibilgailuek animaliak harrapatzea. Paisaiaren ukipena, eraikuntza fasean, moderatutzat jotzen da, eta paisaiaren pertzepzioa narriatzeari eta paisaiaren kalitaterako ezarritako helburu eta irizpideen gaineko ondorioei lotutako inpaktuak, ustiapen fasean, moderatutzat baloratzen dira, larritik hurbil. Hegaztientzako babes bereziko eremuen (HBBE) ukipena moderatutzat jotzen da. Sustatzaileak IIAn prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk proposatzen ditu, lurzoruan, urean, airean, landaredian, faunan, naturaguneetan, biztanlerian, kultura ondarean eta paisaian detektatutako inpaktuak saihestu edo zuzentzeko. Ustiapen fasean moderatutzat jotzen dira fauna hegalariaren gaineko hondar-inpaktuak, haize-sorgailuekin talka egiteak edo barotraumak eragindako hilkortasuna dela-eta, eta paisaiaren gainekoak, paisaiaren kalitatearen narriadura dela-eta. Moderatutzat detektatu diren gainerako inpaktuak bateragarritzat baloratzen dira prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz gero.

Labur azalduta, IIAren balorazioaren arabera, arintze neurriak hartuz gero, proiektuak hilkortasun arrisku moderatua sortuko die hegazti eta saguzarrei, eta ikus-intrusio moderatua izanen du paisaiaren pertzepzioan. Lurzoruaren, lurpearen, geoaniztasunaren, airearen, uraren, floraren, naturaguneen, kultura ondarearen eta ondasun materialen gainean aurreikus daitezkeen ondorioak bateragarritzat jotzen dira. Sustatzaileak positibotzat baloratzen ditu biztanleriaren eta klimaren gainean aurreikus daitezkeen ondorioak.

Cascante II haize-parkearen eta lotutako ebakuazio azpiegituren IIAk eranskin batean abifaunaren azterketa dakar (III. eranskina). Bertan aztertu da nola erabiltzen duen espazioa hegazti komunitateak urteko ziklo oso batean, ingurumen organo honek lanerako ezarritako protokoloari jarraikiz, eta jendaurreko fasean zenbait elkartek (Gurelur, Sustrai Erakuntza eta Ekologistak Martxan) aipatu zituzten akatsetako batzuk zuzentzen dira. Tamaina ertain-handiko hegazti komunitateak espazioa nola erabiltzen duen zehazteko metodologian bost kontrolgune hautatu ziren haize-parkearen inguruetan, eta beste bat poligonaletik kanpo. Puntu horietan astean behin errolda egin zen 30 minutuz 2021eko abuztutik 2022ko uztailera bitartean. Halaber azterketan estepako hegaztien komunitatea ikertu zen haize-parkearen eta handik energia ateratzeko linearen inguruetan. Horretarako trantsektu batzuk diseinatu ziren ibilgailuz egiteko (3 trantsektu, guztira 37,41 km, eta 500 metrotik behin geldialdia eta 10 minutuko laginketa estepako hegaztiak detektatzeko). Gaueko eta ilunabarreko espezieen azterketak ere egin ziren, eta bisitak harraparien etzaleku eta intereseko tokietara, eta Naumann belatzaren eta Dupont hegatxabalaren erroldak Peñadil, Montecillo eta Monterreyko kontserbazio bereziko eremuan, kolonien zuzeneko errolda eta lurraldeen mapak eginez, hurrenez hurren.

Tamaina ertain-handiko hegaztien talka arriskuaren balorazioan IIAk kontuan hartu ditu espazioaren erabileraren intentsitatea, talkarekiko kalteberatasuna (tamainagatik edo ezaugarri ekologikoengatik), eta espezie mehatxatuen katalogoetako sailkapenaren araberako mehatxu gradua.

Azterketan miru gorriarekiko 37 kontaktu erregistratu dira, funtsean udazkeneko pasean; hiru aldiz (%8,10etan) ikusi da hegan haize-sorgailuetarako proiektatutako kokaguneen gainetik. Azterketak bateragarritzat jotzen du arrisku tasa. Mirotz zuria behin detektatu da, haize-sorgailuen kokaguneetatik kanpo. Arrisku tasa txikia aurreikusten da. Mirotz urdina bost aldiz detektatu da, eta ez da hegan ibili makinetarako aurreikusitako kokaguneen gainetik. Ez da ugaltzailerik aurkitu aztertutako eremuan, baina gutxienez bikote bat detektatu da mendebaldeko lerrokaduratik 3 km-ra. Arrisku tasa txikia baloratzen da. Sai zuria hamar aldiz ikusi da, horietako batean (%10etan) CA-01 haize-sorgailurako aurreikusitako kokagunearen gainetik hegan. Arrisku tasa txikia baloratzen da. Bonelli arranoa bost aldiz ikusi da. Azterketak ez du zehazten inoiz agertu ote den aurreikusitako kokaguneren baten gainetik hegan. Kontaktuetako bi (%40) talka arrisku handiko altueran izan ziren. Arrisku tasa txikitzat jotzen da. Ezagutzen zaion lurralde hurbilena 11 km-ra dago. Azterketak espazioaren erabilerari buruzko datuak ematen ditu; zehazki, LIFE Bonelli eta Aquila a-LIFE proiektuetan askatutako bost Bonelli arranoren GPS geolokalizatzaileek erregistratutako kokapenen kernel dentsitatearen analisi moduan. Datu horiek sustatzaileak eskatu zizkion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Aleetako bik ibileremuak dituzte (kernel %75) haize-parkearen ezarpen zonan, eta haietako batek jarduera gune bat du (k %50) Tarazonako La Dehesa urtegiaren inguruan, hegoalderen kokatutako haize-sorgailuen kokaguneak barnean hartuta. Bi aleak ez dira guztiz helduak ez ugaltzaileak. IIAk adierazten du, datu horiek ikusita, aztertutako eremuak nolabaiteko garrantzia duela heldugabeen barreiatze zona gisa. Eguzki arrano iberiarra bi aldiz ikusi da, horietako batean talka arrisku handiko altueran. Arrisku tasa txikia baloratzen da. Arrano beltza 56 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %23 talka arrisku handiko altueran izan dira. Haren arrisku tasa txikitzat jotzen da. Mendebaldeko zingira mirotza 100 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %49 arrisku handiko altueran izan dira. Arrisku tasa bateragarria baloratzen da.

IIAk espezie mehatxatuen katalogoetan ez dauden tamaina ertain-handiko espezieentzat ere aztertzen du arrisku tasa. Sai arrea 1.744 aldiz ikusi da, eta hegaldien %35 arriskuko altueran izan dira. Arrisku tasa handia baloratzen da. Miru beltza 162 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %70 arrisku handiko altueran izan dira. Arrisku tasa bateragarria baloratzen da. IIAk handitzat jotzen du arrisku tasa kurrilo arruntarentzat; moderatutzat zikoina zuriarentzat, belatz gorriarentzat, zapelatz arruntarentzat, belabeltzarentzat eta kaio hankahoriarentzat; eta txikitzat jotzen du arrisku tasa belatxinga mokogorriarentzat eta gabiraiarentzat.

Kontsulten fasean ingurumen organo honek sustatzaileari jakinarazi zion ezen, egiaztaturik zegoenez mehatxu gradu handiko espezie batzuetako (hala nola Bonelli arranoa, eguzki arrano iberiarra edo miru gorria) ale barreiatzaile batzuek proiektuaren ukipen eremua erabiltzen zutela, proiektuak espezie horietan sortuko zituen ukipenen azterketa zehatza erantsi behar zuela. Jendaurreko fasean, zenbait elkartek ere (Gurelur elkartea eta Ekologistak Martxan) beren alegazioetan adierazi dute Bonelli arranoaren eta eguzki arrano iberiarraren ale barreiatzaile batzuk eremuan ibiltzen direla. Inguruabar hori aipatu zen jada Cascanteko eguzki-parkearen ingurumen inpaktuaren adierazpenean, zeina Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenaren bidez egin baitzen. Proposamen berrian bi kokagune berri daude, harrobiko inguruan landatutako Alepo pinuditik urrun; hango habitataren baldintzak Bonelli arranoarentzat oso onak dira aleen barreiatze fasean erabiltzeko. Paisaia uhintsuko eremu irekiak dira, harrapakin ugari dago eta ez dago bikote ugaltzailerik.

Sustatzaileak proposatzen du usoa bezain handiak edo handiagoak diren hegaztiak monitorizatzeko sistema automatikoa jartzea haize-parke osoan. Ikusmen estereoskopikoko sentsoreen bitartez, sistema horrek haize-parkera hurbiltzen diren hegaztiak antzeman eta hiru dimentsiotan posizionatzen ditu, denbora errealean; hegan egiten dituzten ibilbideak zehazten ditu eta talka egiteko arriskua ebaluatzen du; gai da sorgailu jakin bat automatikoki geldiaraziko duen alarma sortzeko, talka arriskua murrizte edo ezabatze aldera. Neurri hori aplikatuz gero, sustatzaileak moderatutzat jotzen du haize-sorgailuen kontra talka egiteko arriskuak abifaunan sortuko duen hondar-inpaktua.

Sustatzaileak, IIAren eranskin batean (VII. eranskina), Cascante II haize-parkeak kiropteroen populazioan sortutako inpaktuaren azterketa aurkeztu du. Azterketa horren metodologia bat dator ingurumen organo honek saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten jakiteko eskatutako azterketako landa-lanerako protokoloarekin, eta zuzendu egin dira zenbait elkartek (SECEMU, Gurelur) jendaurreko fasean alegatutako akatsak. Hiru grabagailu finko erabili ziren: bat abatzaren pareko altueran, baliabidea neurtzeko dorrean; beste bat lurretik 3 m gorago, CA-09 eta CA-10 haize-sorgailuak instalatuko diren aldean; eta hirugarrena Queiles ibaiaren bazterrean (lerrokaduratik 2,5 km-ra). Hiruren artean 202 erregistro-gau egin zituzten, guztira, ekainetik urrira bitartean. Lan hauek ere egin ziren: trantsektuak ultrasoinuen detektagailuarekin; bisitak balizko kolonietara eta babeslekuetara; bibliografiaren berrikuspena, eta hurbileko haize-parkeetako hilkortasunaren analisia.

Ikerketa horretan ondorioztatu da aztertutako eremua nagusiki lehorreko laborantzarako erabiltzen dela edo noizbehinka ureztatzen dela (urtean bost aldiz gehienez, are behin baino gutxiagotan ere), eta interes urria duela kiropteroentzat. Ez da babesleku edo kolonia garrantzitsurik ere detektatu aztertutako eremuan. La Canterako mendietan basoberritutako zonan inguruetan baino jarduera askoz biziagoa agertu zen, bai eta Queiles ibaiaren bazterrean ere; bertan animalien kopuru eta aniztasun handiagoak agertu ziren. Azterketaren arabera, pinudiz basoberritutako zonak nolabaiteko erakargarritasuna du inguruko kiropteroentzat. Dirudienez, Ebro ibaiaren eta mendebaldeko Alepo pinudi zabalagoen arteko igarobide gisakoa da. Queiles ibaia ere Moncayo eta Ebro arteko igarobide ekologikoa litzateke.

Haize-parkearen ingurunean hauek izan ziren espezie ugarienak: Kuhl pipistreloa, Savi saguzarra, pipistrelo arrunta, saguzar buztanluzea eta pipistrelo txikia. Katalogatutako espezieak ere detektatu ziren, hala nola Schreiber saguzarra eta gau-saguzar ertaina eta handia, baita ferra-saguzar txikiaren ale bat ere.

Azterketak dioenez, haize-parkeak inguruko kiroptero populazioetan sortuko duen ukipena larritzat baloratzen ahal da, hura arintzeko gomendatutako ekintzak aplikatu baino lehen. IIAk proposatzen du ingurumen zaintzako plan zorrotz bat garatzea saguzarren hilkortasuna kontrolatzeko, eredu harturik Saguzarren Kontserbaziorako eta Ikerketarako Espainiako Elkarteak (SECEMU) argitaratu dituen planak edota Europako Saguzar Populazioen Kontserbazioari buruzko Akordioa (EUROBATS), Nazio Batuen Ingurumen Programaren barrukoa. SECEMU elkarteak ingurumena zaintzeko protokolo horiek aplika daitezela eskatu du bere alegazioetan, eta beharrezkotzat jotzen du haizea bare dagoen gauetan haize-sorgailuak geldiaraziko direla aurreikustea, prebentzio edo zuzenketa neurri gisa. IIAk honako hau gomendatzen du: gorpuak agertzen badira, hilkortasuna detektatu den haize-sorgailuen abiatze-abiadura aldatzea, irailean eta urrian, ilunabarreko orduetan. Neurri zuzentzaileak aplikatuz gero, inpaktua moderatutzat jotzen da.

IIAri erantsita (V. eranskina), Cascante TAEtik La Cantera TAErainoko goi tentsioko (66 kV) aireko lineak abifaunan izandako eraginari buruzko 2022ko azaroko azterlana aurkeztu da. Abifaunaren asteroko jarraipena egin da bost behatokitatik, horietako bakoitzean 30 minutu emanda. Bi behatoki linearen lurpeko tartean kokatu dira, hau da, 35. euskarritik La Cantera TAErainoko tartean.

Detektatutako espezie ugariena kurrilo arrunta izan da, 2.329 kontaktu izan baitira (guztien %47,69), eta ondoren zikoina zuria (753 kontaktu, %15,42), sai arrea (415 kontaktu, %8,50), koartzatxo itzaina (231, %4,73), mendebaldeko zingira mirotza (176, %3,60) eta kaio hankahoria (164, %3,36). Maizen begiztatutako espeziea sai arrea izan da (45 bisita positibo, egindakoen %86,54). Ondoren, zikoina zuria (40 bisita positibo, %76,92), belatz gorria (35 bisita positibo, %67,31), belabeltza (34 bisita positibo, %65,38) eta mendebaldeko zingira mirotza (33 bisita positibo, %63,46).

Mirotz urdina 10 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %30,00 talka arrisku handiko altueran izan dira. Azterlanean arrisku tasa txikitzat jotzen da. Mirotz zuria 5 aldiz detektatu da, eta kontaktuen %60 arrisku handiko altueran izan dira. IIAk arrisku tasa txikia baloratzen du. Miru gorria 22 aldiz erregistratu da, nagusiki neguan eta udazkenean. Kontaktuen %31,82 arrisku handiko altueran izan ziren. Arrisku tasa txikia adierazten da. Tamaina ertain-handiko espezieak hegaldi-altuera bakoitzean ehuneko zenbatetan ikusi diren azaltzen duen taula dago V. eranskinean. Hala, zikoina zuriarekiko kontaktuetatik %38,65 (753 kontaktu) talka arrisku handiko egoeran izan dira, eta %30,54, berriz, arrisku moderatuko altueran (hegaztiek kableen azpitik hegan egin dute baoetan). Mendebaldeko zingira mirotzaren 176 hegaldi ikusi dira, horietatik %36,36 arrisku handiko egoeran eta %25 arrisku moderatuko altueran. Koartzatxo itzainaren hegaldien %42,86 arrisku handiko egoeran izan dira (guztira 231 hegaldi ikusi dira). Miru beltza arrisku handiko altueran ibili da ikusitako hegaldien %33,67tan, eta arrisku moderatuko egoeran beste hainbestetan (%31,63).

Ingurumen organo honek egiaztatu duenez, energia ateratzeko aireko linearen trazadura egunean hainbat aldiz zeharkatzen dute hegazti espezie oportunista eta nekrofago fakultatibo batzuek, ugaltzeko edo gauez atseden hartzeko zonen eta hiri hondakinetarako El Culebreteko zabortegiaren arteko eguneroko joan-etorrietan. Batez ere zikoina zuriak egiten du, baina baita miru beltzak, koartzatxo itzainak, kaio hankahoriak eta beste batzuek ere. Talka egiteko arrisku handia dute, eta uste izatekoa da istripu asko izanen dituztela tamaina ertain-handiko hegazti horiek. Goi tentsioko aireko lineak, gainera, energia garraiatzeko azpiegiturarik gabeko eta ia beste inolako azpiegiturarik gabeko eremu bat zeharkatzen du, kalitate handiko nekazaritza paisaia batean. Jendaurreko fasean Gurelur elkarteak alegatu du energia ateratzeko lineak laborantza tradizionaleko olibadi batzuk, beste alor tradizional batzuk eta bertan behera utzitako alorrak zeharkatzen dituela, guztiak ere ingurumen, etnografia eta paisaia balio handikoak; azpimarratu du trazadura beste inongo linea elektrikorik gabeko eremu batean barrena joanen dela, eta horregatik inpaktu handia izanen duela. Ingurumen inpaktuaren adierazpenaren formulazioari ekiteko eskaerarekin batera, espedienterako aurkeztu zen "Cascante II" haize-parkearen proiektuko paisaia-azterketa (2022ko martxoa). Bada, hor azaltzen denez, ez energia azpiegiturarik ez goi tentsioko linearik ageri ez den "eremu libre" bat ikusten da proiektua kokatu nahi den inguruan.

Estepako hegaztien komunitateari buruzko azterketak ere, III. eranskinean dagoenak, barruan hartzen du energia ateratzeko goi tentsioko linearen eremua, eta kontaktuen kokapen planoak dakartza. Azterketa horretan ganga azpibeltza, ganga azpizuria eta basoilo txikia detektatu dira, Pulguerko Urmaeleko eta Cierzoko Mendiak - Agua Saladako inguruetan egindako joan-etorrietan. Adierazten da mirotz urdina ere ikusi dela Cascante TAEtik 33. euskarrirainoko aireko tartean, eta mirotz urdinaren habiaren arrasto bat 35. euskarritik La Cantera TAErainoko lurpeko tartearen trazaduratik hurbil.

Sustatzaileak Cascante II haize-parkearen proiektuko paisaia-azterketa aurkeztu du (2022ko martxoa). Bertan paisaiaren deskribapen orokorra dago, eta paisaiaren kalitatea eta hauskortasun bisuala deskribatzen eta baloratzen dira. Haize-parkea eta energia ateratzeko azpiegitura proiektatu diren tokian paisaia osatzen duten elementuen kalitatea nabarmentzat jotzen da. Antropizazio maila, orografiaren aniztasuna eta eremuaren erabilerak direla medio, paisaiaren xurgatze ahalmena ona da, eta hauskortasuna ertaintzat jotzen da. Kalitatearen eta xurgatze-ahalmenaren integrazioari dagokionez, kalitate ertain-handiko eta hauskortasun ertain-handiko paisaia da. Haize-parkearen eta energia ateratzeko linearen ikusgarritasuna handitzat jotzen da. Haize-sorgailuak bistan daude ikuseremuaren %57,71tik, eta azpiegitura guztiak bistan daude ikuseremuaren %44,35etik. Bereziki, goi tentsioko aireko linearen euskarriak eremuaren %87,43tik daude bistan. Ehuneko hori oso handia da.

IIAn paisaiaren gaineko inpaktuaren sinergiak aztertu dira, eta ondorioztatu da Cascante II haize-parkearen ikusgarritasunak ikuseremuko azpiegitura eolikoen multzoarekin batera sortzen duen sinergia ez dela adierazgarria, proiektatutako haize-parkearekin zein halakorik gabe apenas aldatzen delako azpiegitura eolikoen multzoaren ikusgarritasunaren magnitudea; hain zuzen ere, %4 murrizten da eragindako gehieneko azalera.

Ebazpen honen baldintzen atalean ezartzen da zer neurri eta gidalerro bete beharko diren proiektuak fauna hegalarian eta paisaian sortuko dituen ondorioak leuntzeko.

IIAren eranskin batean Cascante haize-parkearen eta energia ateratzeko linearen trazaduraren prospekzio arkeologikoari buruzko txostena dago (VIII. eranskina). Bertan prebentzio neurriak eta obrako lanen jarraipen arkeologikorako neurriak proposatzen dira, eta horiek berretsi egin beharko ditu Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak.

Espedientean jasorik dago, halaber, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak kontsulten fasean egindako txostenari sustatzaileak eman dion erantzuna, abelbideen gaineko ukipenak direla-eta. Erantzun horretan aldatu egiten da AG-06 eta AG-07 haize-sorgailuen arteko konexiorako barne bidea (10. ardatza), bai eta konexiorako eta kontrolerako zangen trazadura ere, Tarazonako Adarra abelbidearen gaineko ukipena saihesteko.

Ingurumena berreskuratu eta lehengoratzeko plan bat jaso da IIAn, eraikuntza obrek ukituko dituzten eremuetan ingurune naturala behar bezala lehengoratzea helburu duena.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko plana ere erantsi du, proiektuaren fase guztietako ingurumen-jarraipenerako eta -kontrolerako.

IIAk ez du ingurumen ondorio aipagarririk detektatu, proiektua istripu larri edo hondamendien aurrean zaurgarria izateari dagokionez.

"Murchante" haize-parkearen sustatzaileak haren ingurumen inpaktuaren azterketa (2021eko azaroa) aurkeztu zuen, ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskatu zuenean. IIA horretan ondorioztatzen denez, aztertutako inpaktuen multzoa, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu eta gero, moderatua izanen da, larritik hurbil. Obren fasean bateragarritzat baloratzen dira faktore hauetan aurreikusitako inpaktuak: lurzorua, lurpea, ura, flora, landaredia, naturaguneak, Natura 2000 Sareko eremuak, kultura ondarea eta paisaia. Faunaren gaineko inpaktua moderatutzat jotzen da. Eraikuntza faseko gainerako inpaktuak detektatu gabekotzat edo garrantzirik gabekotzat kalifikatu dira. Proiektuko ustiapen fasean hondar-inpaktu garrantzitsuenak fauna hegalarian (hegaztiak eta saguzarrak) detektatu dira, biraka ari diren haize-sorgailuen kontrako talkak edo barotraumak eragindako hilkortasuna dela-eta, eta paisaian ere bai, ustiapen garaian paisaiaren pertzepzioan gertatuko den narriaduragatik. Proposatutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuta ere inpaktu horiek larritzat jotzen dira. IIAk moderatutzat jotzen du hegaztientzako babes bereziko eremu (HBBE) izendatutako tokietan ustiapen faserako aurreikus daitekeen inpaktua. Kontserbazio bereziko eremuetan (KBE) funtzionamendu fase horretan bertan sortuko den inpaktua bateragarritzat jotzen da. Natura 2000 Sareko eremu babestuen bi mota horien gaineko inpaktuak bateragarritzat jotzen dira neurri zuzentzaileak aplikatuz gero. Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuen gaineko ukipen moderatuak aurreikusten dira ustiapen faserako, proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuz gero.

IIAren III. eranskinean "Murchante" haize-parkearen fauna-azterketa dago, 2021eko urrikoa, eta, horren barruan, tamaina ertain-handiko hegaztiei buruzko azterketa, urteko ziklo oso batean egina, 2020ko irailetik 2021eko abuztura bitartean.

Miru gorria 49 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %40,41 talka egiteko arrisku handiko altueran izan dira. Sustatzaileak handitzat jotzen du arrisku tasa. Mirotz urdina 9 aldiz ikusi da, eta kontaktuen %77,78 arrisku handiko altueran izan dira. IIAk dio arrisku tasa txikia dela. Bi sai zuri ikusi dira, haietako bat talka egiteko arrisku handiko altueran. Arrisku tasa txikia kalkulatu da.

IIAren III. eranskineko taula batean altuera arriskutsuko hegaldien ehunekoak ageri dira erregistratutako espezie guztientzat. Pulguerko Urmaela (ES2200041) Kontserbazio Bereziko Eremuaren deklarazioa eragin zuten espezieen artean –horiei 2009/147/EE Zuzentarauaren 4. artikulua aplikatu behar zaie–, azterketan mendebaldeko zingira mirotzaren 365 ale erregistratu dira, eta haien hegaldien %41,10 talka egiteko arrisku handiko altueran izan dira. Mirotz zuria 19 aldiz ikusi da. Hegaldien %15,79 talka arrisku handiko altueran izan dira, eta %73,68 arrisku moderatuko altueran (erroten hegalek hartzen duten zonaren azpitik). Koartza gorria 15 aldiz ikusi da, eta hegaldien %73,33tan talka egiteko arrisku handia izan du. 23 koartza hauskara ikusi dira, eta hegaldien %69,57tan talka egiteko arrisku handia izan dute. Zikoina zuria 709 aldiz ikusi da, eta hegaldien %48,80tan arrisku handia izan du. Bi uroilanda txiki ere erregistratu dira, biak talka arrisku handiko altueran.

IIAren 4.7.1.9 apartatuan arriskuen balorazioa egiten da uretako hegazti espezie aukeratu batzuentzat. Ondorio gisa, Cardeteko idoia bezalako ingurune urtarrei lotutako abifaunaren gaineko inpaktua moderatu-larritzat jotzen da.

Ingurumen organo honen iritziz, uretako espezie asko detektatzen zailak dira gaueko edo ilunabarreko ohiturak izateagatik; besteak beste, katalogatutako ardeido espezie batzuk, Pulguerko Urmaelean badirenak eta hura KBE izendatzea eragin zutenak: txori zezen arrunta, amiltxori arrunta eta amiltxori txikia. Espezie horiek ez dira antzeman Murchante haize-parkeko espazioaren erabilerari buruzko azterketan.

Alternatiben azterketari buruzko analisian azaldu den bezala, kontsulten fasean jada ingurumen organo honek adierazi zuen proiektuaren inpaktu adierazgarriak aurreikus zitezkeela Natura 2000 Sareko eremu babestuetan. Zehazki, Pulguerko Urmaela kontserbazio bereziko eremu izendatzea eragin duten espezieen gaineko inpaktuak dira, bai eta hura kudeatzeko onetsitako planak ezarri dituen kontserbazio helburuen gainekoak ere. Jendaurreko fasean inguruabar hori alegatu dute zenbait elkartek (Sustrai Erakuntza, Gurelur eta Ekologistak Martxan).

Aurkeztutako fauna-azterketaren barruan (III. eranskina) kiropteroen azterketa egin da, Ingurumen Eraginaren Atalak ezarritako protokoloaren arabera. Inguruan inbentariatuta dauden 25 taxonetatik 13 detektatu dira. Jarduera tasarik handieneko espezieak pipistrelo arrunta (Pipistrellus pipistrellus) eta pipistrelo txikia (P. pygmaeus) dira, eta Schreiber saguzarrak (Miniopterus schreibersii) ere badu jarduera garrantzitsua (%21,39), espezie katalogatua bera. Beraz, baliteke inguruetan espezie horren babesleku-koloniaren bat egotea identifikatu gabe. IIAk larritzat baloratzen du haize-sorgailuen kontrako talkak eta barotraumak saguzarretan izanen duten inpaktua, behin prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuta.

"El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta handik energia ateratzeko azpiegituren ingurumen inpaktuaren azterketaren gehigarriak (2022ko abuztua) ondorio gisa dioenez, proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuz gero, proiektuan aztertutako inpaktuen guztizkoa moderatua izanen da, larritik hurbil. Obraren faserako aurreikusten diren hondar-inpaktu adierazgarrienak moderatutzat baloratzen dira Natura 2000 Sareko naturagune babestuetan eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan. Goi tentsioko linea eraikitzeak Natura 2000 Sarean izanen duen inpaktua larritzat baloratzen da. Gako espezieak beren habitatetan edo sasoi kritikoetan kaltetu edo gogaitzeak faunan sortuko duen hondar-inpaktua moderatutzat jotzen da. Obra zibila egiten denean lurzoruaren geomorfologiaren gaineko ukipena eta higadura eragiteko arriskua moderatuak izanen direla aurreikusten da, eta bateragarri bilakatuko direla neurri zuzentzaileak aplikatu eta gero.

Ustiapen fasean, prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri ondoren, garrantzizko inpaktuak nagusiki faunan eta paisaian sortuko direla aurreikusten da. IIAk larritzat jotzen du ebakuaziorako aireko linearen kontrako talkak eta elektrokuzioak hegaztien hilkortasunean izanen duten hondar-inpaktua, eta moderatutzat, berriz, faunako gako espezieei eraginen zaizkien kalte eta eragozpenak. Natura 2000 Sareko eremu babestuetan eta nekazaritzako estepako habitat eta espezieentzat garrantzia duten eremuetan, ustiapen fasean hondar-inpaktua moderatua izanen dela aurreikusten da. Ikus-intrusioa dela-eta paisaiaren pertzepzioaren gaineko hondar-inpaktua moderatua izanen dela eta larrira joko duela aurreikusten da.

IIAko ingurumen inbentarioan kalkulatu da zenbateko landaredi azalera ukituko duen instalazio fotovoltaikoak. %70,55 (53,11 ha) alorrak dira, %16,15 (12,16 ha) zurezko laboreen sailak, eta %11,65 (8,67 ha) sastrakak. Alorrak "bi urtetik behin" sistemaren bidez lantzen dira, neguko zerealak lugorriekin txandakatuz, eta zurezko laboreak proportzio txikiagoan daude. Labore horietako batzuk besora jartzen dira eta tantakako ureztatze sistemaz ureztatzen dira. Sastraketan, IIAk ezkaidi, otadi eta erromerodien formazio mistoak, sastrakadi halonitrofiloak eta larre xerofitikoak deskribatzen ditu.

Kontsulten fasean emandako txostenetan ingurumen organo honek adierazi zuen eguzki-instalazioaren ezarpen eremua ia guztiz inguratuta dagoela estepako hegaztiak Nafarroan kontserbatzeko garrantzia duten eremuez. Ezarpen eremuan nagusi dira belarki laboreak eta zurezko laboreren bat (mahastia, almendrondoa eta olibondoa), noizbehinka ureztatzen diren lurzatietan. Batez beste urtean behin edo bitan ureztatzen dira, baliagarri dagoen uraren arabera. Beraz, ekologikoki lehorreko laborantza lurren parekoak dira. Alor horietan han-hemen landu gabeko guneak eta sastrakadi mediterraneoaren guneak daude. Sastrakadi halonitrofiloa da funtsean.

Ezarpen eremua inguratzen duten lurrek garrantzia dute estepako nekazaritza inguruneetako habitat eta espezie katalogatuak dituztelako. Horregatik, eta okupatuko diren lurren egungo erabilerengatik, estepako fauna katalogatuko hainbat espeziek aktiboki erabiltzen dute El Sasillo eguzki-instalazioak ukitutako eremua.

IIAren II. eranskinean eguzki-instalazioaren fauna-azterketa aurkeztu da (2022ko abuztua). Bertan ganga azpibeltzaren 39 ale detektatu dira errolda egin den aldi osoan zehar, salbu eta urritik abendura bitartean eta martxoan, hilabete horietan ez baita espeziea detektatu. Abuztuan izaten da ugariena, bere ugaltze sasoi betean. Sustatzaileak aurkeztu duen azterlanean Dupont hegatxabalaren bi errolda egin dira berariaz, eta emaitza negatiboa izan da. Sustatzaileak erantsitako azterlanean, eremuan diren estepako espezie katalogatuen datuak bildu dira, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak sustatzaileari emanak, hark ingurumen informazioa eskatu eta gero. Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren txostenean informazio hauek ematen dira: proiektuaren inguruan, estepako hegaztiak kontserbatzeko garrantzizko eremu horietan, estepako hegaztiei buruz bildutako datuak, eta eguzki-instalazio fotovoltaikoa kokatuko den poligonalaren barruan ganga azpibeltzari buruz bildutakoak. Poligonal horretan egiaztatu da ganga azpibeltzaren 6-19 bitarteko ale kopurua izaten dela urte osoan zehar etenik gabe. Halaber, badaude espeziearen presentziaren datuak poligonalaren inguruko 500 m-ko buferrean 2014tik 2022ra arte. Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren txostenean aipatzen da, halaber, 2021eko martxoaren 23an Dupont hegatxabal bat ikusi zutela eguzki-instalazioa kokatuko den poligonalaren barnean. Ingurumen organo honek egiaztatu du eBIRD zientziako herri plataforman badagoela Dupont hegatxabalaren aipamen bat eguzki-instalazioaren poligonalean; 2021eko apirilaren 20an erregistratu zuten.

Sustatzaileak aurkeztu duen azterlanean, bestalde, eguzki-instalazioaren eta ebakuazio linearen inguruetan ibilgailuz egindako ibilbideen emaitzak azaltzen dira. Lan horixe bera egin zen Cascante II eguzki-parkearekin partekatutako ebakuazio linearen inguruetan ere estepako hegaztiak identifikatzeko, eta Cascante II eguzki-parkearen IIAren III. eranskinaren barruan aurkeztu zen. El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ezarpen eremuan egindako ibilbide horretan ganga azpibeltzaren 44 ale, atalar arruntaren 31 ale eta mirotz urdinaren 8 ale detektatu dira.

Ingurumen organo honetako teknikariek, 2022ko urriaren 6an proiektuaren kokalekura egindako bisitan, ganga azpibeltza ikusi zuten ezarpen eremuaren gainetik biraka hegan eta kantuan ari zela.

Energia berriztagarrien eta garraio sare elektrikoko lineen beste proiektu batzuen ingurumen ebaluazioaren prozesuetan Ingurumen Eraginaren Atal honi aurkeztutako datuak ere baditugu, azkenak 2023ko urtarrilekoak. Horiek erakusten dute badela ganga azpibeltza instalazio fotovoltaikoaren ezarpen eremuan eta badela Dupont hegatxabala Pulguerko Urmaeleko KBEan eta Peña Abarzongo habitat egokietan, estepako abifauna kontserbatzeko Monte Altoko garrantzizko eremuaren barruan, proiektatutako instalaziotik 700 m eskas hegoalderago.

Ezarpen eremuak estepako espezieen populazioentzat duen garrantzia jendaurreko fasean ere nabarmendu da, Sustrai Erakuntza, Gurelur eta Ekologistak Martxan elkarteek proiektuari buruz aurkeztutako alegazioetan. Gurelur elkarteak eremu horretan ganga azpibeltza eta Dupont hegatxabala badirelako erreferentziak aurkeztu ditu bere alegazioan.

El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoaren IIAko fauna-azterketan, tamaina ertain-handiko hegaztiek ebakuazio linea elektrikoaren ingurua nola erabiltzen duten deskribatzen da. Gehien ikusitako espeziea zikoina zuria da. Guztira 544 kontaktu ditu, horietatik %43,38 talka arrisku handiko altueran. Zingira mirotza 129 aldiz ikusi da, eta horietatik %34,88tan arrisku handiko hegaldia egiten ari zen. Mirotz zuria bi aldiz ikusi da, eta haietako batean talka egiteko arrisku handia zuen. Mirotz urdina 8 aldiz ikusi da, eta hegaldien %25,00 arrisku handiko altueran izan dira. Miru gorria 6 aldiz ikusi da, horietatik %33,33tan arrisku handiko egoeran. Hamar koartza gorri detektatu dira, eta hegaldien %20 arrisku handiko altueran izan dira. Zikoina zuria da arrisku handiko altueran ale gehien ikusitako espeziea, bai perimetroko hesiaren kontrako talkari bai ebakuaziorako aireko linearen kontrako talkari dagokionez.

IIAren V. eranskinean txosten bat jaso da El Sasilloko eguzki-parkearen eremuan sugandila buztangorriaren bila egindako prospekzioari buruz. Hiru laginketa-jardunaldi egin dira eta batean ere ez da ikusi ez sugandila buztangorririk ez beste inolako sugandilarik.

Aitor Valdeón eta lankideek 2017an azterlan bat egin zuten: "Sugandila buztangorriaren eta espartzudi-sugandilaren banaketa 'Peñadil, Montecillo eta Monterrey' eta 'Pulguerko Urmaela' KBEetan, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Zaragozako Unibertsitatea, txosten argitaragabea. Biodibertsitatearen Zerbitzua. Nafarroako Gobernua". Bertan nabarmentzen da sugandila buztangorriaren populazioak garrantzia duela Pulguerko Urmaela KBEan, eta itxuraz espezie horrek untxien zuloak eta induslekuak erabiltzen dituela, lurra trinkoegia delako bere induskatze ahalmenerako, lurzoru hareatsuetako espeziea baita. Adierazten da habitat egokien artean kokatutako alorretan landaredi mediterraneoa lehengoratu behar litzatekeela, espezieak Nafarroan dituen bi populazio bakarrak elkarrekin berriz lotzeko.

IIAren VI. eranskinean estepako hegaztientzako konpentsazio neurriak proposatzen dira El Sasillo eguzki-instalazioaren eta ebakuazio azpiegituraren inguruetarako. Neurri gehienak prebentziozkoak eta zuzentzaileak dira, detektatu diren inpaktuak saihestu edo arintzekoak. Konpentsazio neurri gisa, nekazaritzako ingurumen neurriak garatuko dira estepako hegaztien habitata sustatzeko 10 hektareako eremuan, gutxienez, "Royales" deritzon parajean, estepako hegaztiak kontserbatzeko Monte Altoko garrantzizko eremuan. Dupont hegatxabalaren gaineko inpaktua konpentsatzeko, "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEan 2016an hasitako proiektuan jarraitzea proposatzen da, hau da, lurzati batzuk nekazaritza ekologikora aldatzea, geroago landu gabe uzteko. Hiru lurzati aipatzen dira, guztira 15 hektarea inguru dituztenak. Horietan lan egiten hasi da.

c) Ingurumen organoaren ondorioak eta balorazioa.

Espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du behar bezala burutu dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.

Goian azaldutakoa ikusirik, ingurumen organo honek uste du egiaztaturik dagoela Cascante II eguzki-parkea ezarri nahi den eremua Bonelli arranoaren ale heldugabeen barreiatze eta jalkitze zona garrantzitsu bat dela. Ale gazteen sakabanatze eremu horien ezaugarriak deskribatu dira bibliografia zientifikoan. Paisaia irekiak dira, harrapakin ugari daude (untxia), eta ez dago ugaltze lurralderik inguruetan (ikus, adibidez, hemen aipatutako bibliografia: Cadahía et al. 2010 http://doi.org/10.1007/s10344-010-0391-z). Halaber egiaztaturik dago, Katalunian behintzat, eguzki-parkeek huts-efektua eta, haien diseinuaren arabera, agian hesi-efektua ere sortzen dutela Bonelli arranoarengan. Erabileraren murrizketa nabarmena egiaztatu da haize-sorgailuetatik 1.000 metrora, garrantzitsua 500 metrora eta erabatekoa 250 metrora (Katalunian haize-parkeek Bonelli arranoarengan sortzen duten inpaktua. Kudeaketa esperientziak. Kataluniako Generalitatea. Ponentzia. Symposium Aigle de Bonelli, Montpellier, 2021). Hala, ingurumen organo honen iritziz, CA-09 eta CA-10 haize-sorgailuak bigarren lerrokadura batean ezartzen badira, Cascanteko haize-parkerako aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egiten duen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 757E/2017 Ebazpenean aldeko txostena jaso zuen lerrokadura baino ipar-mendebalderago, nabarmen handituko da haize-parkeak Bonelli arranoarengan sortzen duen huts-efektua, baita hesi-efektua ere, harrapakin ugariko eremu ireki batean, La Canterako gainean landatutako basoetatik urrun; eremu hori oso aktiboki erabiltzen dute bai Bonelli arranoak bai eguzki arrano iberiarraren eta arrano beltzaren ale ia helduek.

Azterketa teknikoan azaldu den bezala, ingurumen organo honek uste du La Canterako gaineko ipar-mendebaldeko hegalean goi tentsioko (66 kV) aireko linea elektriko bat jartzeak talka egiteko edota elektrokutatzeko arrisku handia sortuko liekeela eremua erabiltzen duten tamaina ertaineko eta handiko hegaztiei. Arrisku hori arintzeko, 66/30 kV-eko Cascante transformazio azpiestazio jasotzailea iparralderago kokatu beharko da, La Canterako gaineko pinudietatik urrunduta, edo, bestela, Cascante II TAEtik La Cantera TAErainoko 66 kV-eko ebakuazio linea elektrikoaren zati hori zangan lurperatuta diseinatu behar litzateke. Ebakuaziorako goi tentsioko linearen lehenbiziko tartea airetik diseinatzeari dagokionez, ingurumen organo honek uste du talka arrisku handia dagoela hegazti espezie nekrofago fakultatiboen edo oportunisten populazio batzuentzat, egunero beren ugaltze edota atseden lekuetatik joan-etorriak egiten dituztelako El Culebrete parajera, Erriberako Mankomunitateak bertan daukan hondakinen tratamendu instalaziora eta hondakindegira. Aurreikus daitekeen inpaktu adierazgarri hori eta paisaiaren gaineko inpaktua ezabatzeko, Cascante II TAEtik La Cantera TAErainoko ebakuazio linearen aireko lehen tartearen trazadura lurpean egin beharko da.

Alternatiben azterketan azaldu den bezala, Murchanteko haize-parkea, aztertutako alternatiba guztietan, Natura 2000 Sareko "Pulguerko Urmaela" (ES2200041) naturagune babestuaren mugen ondoan proiektatu da. Hautatutako alternatiban haize-sorgailuetako baten hegalak biraka kontserbazio bereziko eremu bereziaren mugaraino iristen dira, eta garabiak muntatzeko aldi baterako plataformak eta bide eta plataformetako lur-erauzketak KBE izendatutako eremuan sartzen dira. Proiektatutako gainerako haize-sorgailuen hegalak Natura 2000 Sareko eremuaren mugatik 180 metro eta 1 km eskas bitarteko distantziara iristen dira. Haietako bat, Pulguerko Urmaelaren eta Cardeteko idoiaren artean. Ingurumen organo honek uste du haize-parkea instalatzeak ondorio kaltegarri nabarmenak izanen dituela katalogatutako edo babes bereziko espezie batzuengan, bai zuzeneko hilkortasunagatik eta bai hesi-efektuaren eta huts-efektuaren ondoriozko habitat galeragatik ere. Halaber uste izatekoa da ondorio kaltegarri nabarmenak izanen dituela "Pulguerko Urmaela" KBEaren izendapena eragin zuten espezieen kontserbazio egoeran (espezie horiei Basa hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren 4. artikulua aplikatu behar zaie), eta, horrenbestez, ondorio negatiboak haren kudeaketa planean zehaztutako kontserbazio helburuak lortzeari dagokionez; plan hori azaroaren 23ko 108/2016 Foru Dekretuak onetsi zuen, zeinaren bidez "Pulguerko Urmaela" izeneko Batasunaren garrantzizko lekua kontserbazio bereziko eremu izendatu, haren kudeaketa plana onetsi eta "Pulguerko Urmaela" natura-erreserba (RN-35) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratzen baita.

Azterketa teknikoan adierazitakoa kontuan izanik, ingurumen organo honek uste du El Sasillo eguzki-instalazioaren IIAk gutxietsi egin dituela faunaren eta Natura 2000 Sarearen gaineko inpaktuak, eta proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ez direla nahikoa inpaktua leuntzeko edo konpentsatzeko. El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoa alternatiben azterketan hautatutako lekuan kokatuz gero, ziur aski ondorio kaltegarri kritikoak sortuko lirateke kalteberatzat eta galzorikotzat katalogatutako espezieen tokiko populazioetan. Hortaz, aplikatzekoa litzateke Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.7 artikulua; horren arabera, gauzatu edo betearazten ahalko da edozein plan, programa edo proiektu, eragin nabarmena izan badezake ere Estatuan edo autonomia erkidegoan galzoriko katalogatuta eta II. edo IV. eranskinetan sartuta dauden espezieengan, baina soilik honako kausa hauek betetzen direnean eta bestelako konponbiderik ezean: giza osasunarekin eta segurtasun publikoarekin lotura dutenak, ingurumenerako berebiziko garrantzia duten ondorio positiboei buruzkoak edo lehen mailako interes publikoko premiazko beste arrazoi batzuk. Dupont hegatxabala Natura 2000 Sareko "Pulguerko Urmaela" eremu babestuaren izendapena eragin zuten espezieetako bat da, eta "Habitat xerofiloak eta gipsofiloak" gako elementuaren kontserbaziorako helburu honetan sarturik dago: "Estepa eremuetan dauden habitat eta espezieen kontserbazio egoera ona bermatzea". Beraz, proiektuak ziur aski ondorio kaltegarri nabarmenak izanen ditu Natura 2000 Sareko eremuaren izendapena eragin zuten espezieetan eta eremu horretarako onetsitako kudeaketa planean zehaztutako kontserbazio helburuetan.

4. Proposamena.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak honako hau proposatzen du:

–Kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkearen proiekturako.

–Kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako.

–Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Eólica Cascante SLk sustatutako "Cascante II" eguzki-parkearen proiekturako, eta adieraztea CA-09 eta CA-10 haize-sorgailuak izan ezik parke hori gauzatzen ahal dela, energia ateratzeko azpiegiturak ere barne, baldin eta betetzen badira prebentzio eta zuzenketa neurriak, ingurumena zaintzeko plana eta ebazpen honetan jasotako gainerako baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Eólica La Torre SLUk Murchanteko udalerrian sustatutako "Murchante" haize-parkearen proiekturako.

2. Kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Solen Energía Navarra SLUk Cascanteko udalerrian sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako.

3. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Eólica Cascante SLk Cascanteko udalerrian sustatutako "Cascante II" haize-parkearen proiekturako, eta adieraztea CA-09 eta CA-10 haize-sorgailuak izan ezik parke hori gauzatzen ahal dela, energia ateratzeko azpiegiturak ere barne, hau da, Cascante II instalazioko transformazio azpiestazioa eta La Canterako azpiestaziorainoko ebakuazio linea elektrikoa barne, Cascante, Murchante eta Tuterako udalerrietan.

4. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

i) Proiektuaren baldintza orokorrak:

1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondoren onartutako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, bai eta ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.

2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia izan beharko du, aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan.

3. Proiektua bertan behera uzteko eta desegiteko fasean, proiektu espezifiko bat aurkeztu behar du sustatzaileak, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena ere beharko du.

4. Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

ii) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriei buruzko baldintzak.

Ondoren, aldatu beharreko ingurumen inpaktuaren azterketako eta dokumentazio osagarriko neurriak adieraziko dira, baita prozeduran jasotako alegazio eta txostenetan ezarritako neurri gehigarriak ere, ingurumenaren babesa bermatzeko beharrezkoak baitira. Horrez gain, ingurumen organoak egindako azterketa teknikotik ateratako neurriak ere adieraziko dira.

5. Exekuzio proiektuan, malda txikieneko eta lur mugimendu txikieneko eremuetan diseinatu behar dira haize-sorgailuen, muntaketa plataformen eta bideen maniobra eremuen kokapenak. Arreta berezia jarriko da lur mugimendu gutxi egiteko eta lur erauzketetan eta betelanetan ezponda etzanak egiteko, CA-04, CA-05 eta CA-06 haize-sorgailuen exekuzioan. Egin beharreko lur erauzketa eta betelanetarako, gehienez 2H:1B-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezieekin eginen den landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan. Eraikuntza fasean hortik gorako maldak egin beharra badago, kontsulta eginen zaie obraren ingurumen jarraipenaren arduradunei.

6. Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzeaz gain, hormak, harri metak eta faunarentzako intereseko lekuak errespetatuko dira. Neurri hau aplikagarria izanen da halaber lur azpiko linea elektrikoaren trazadurak eta konexio zangek ukitutako azaleretan.

7. Cascante II haize-parkean ekoitzitako energia ateratzeko linea elektrikoan (Cascante TAEtik La Cantera TAErainoko 66 kV-eko goi tentsioko linea) airetik doan lehenbiziko tartea (1. euskarritik 33. euskarrira, 8.773 m) zanga batean lurperatuta diseinatu eta gauzatu beharko da.

8. Erdi eta behe tentsioko konexiorako zangak eta lurpeko ebakuazio linearen zanga, lehentasunez, bideetan edo alorretan zehar eginen dira, eta ez landaredi naturalean zehar.

9. Bideen eta zangen diseinuak eta eraikuntzak lehentasuna emanen diote lehendik dauden azpiegituren bidezko trazadurari. Lehentasunez, zangak bide edo alorretan eginen dira, eta ez landaredi naturalean zehar. Materialak pilatzeko eremuak eta makineria parkeak nekazaritza eremuetan eta baso jabari publikotik kanpo kokatuko dira lehentasunez, landaretzarik ez duten eremuetan edo parkea edo bideak jartzeak eraginen dien eremuetan, eta ez dira areagotuko inguruan dauden landaredi naturalaren edo habitaten gaineko eraginak.

10. Obra zibileko lanek edo makinen joan-etorriek ukitutako bide guztiak berregin beharko dira proiektua gauzatu ondoren, haien funtzionaltasuna erabat lehengoratzeko.

11. Lur naturala edo soroak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, obrak amaitutakoan lehengoratze lanetan erabiltzeko.

12. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Obran berean erabiliko ez diren lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

13. Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira eta euriak sedimentuak eramaten baditu drainatze-sare naturalera, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze-urak solidoei eusteko sistemetarantz bideratzeko; urak drainatze-sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

14. Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, eta saihestuko da higadura gune berriak sortzea eta urak solidoak drainatze sare naturalera eramatea.

15. Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek ukitutako gainazal guztiak, aldi batez ukitutakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak amaitzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, gainazal horietan belardiko inguruko espezie autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da, lurrak laborantzarako erabili ezean.

16. Muntaketarako aldi baterako plataformak egiteko beharrezkoak diren lur erauzketak eta betelanak lehengo egoera topografikora ekarriko dira eta landareztatu eginen dira.

17. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumena lehengoratzeko eta paisaian integratzeko proiektu xehakatu bat aurkeztu beharko du, aurrekontu eta guzti. Biodibertsitatearen Zerbitzuak gainbegiratu eta balidatu beharko du. Inguruko landaredi serieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak zonaldekoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Obrak amaitu eta 6 hilabete igaro baino lehen amaitu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak landaketa-garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa-garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, proiektuaren bizitza baliagarri osoan barna.

18. Azpiestazioetako eraikinak eta haiekin lotutako beste edozein eraikuntza ingurunearekiko harmonia errespetatuz proposatu behar dira, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

19. Eraikuntza proiektuarekin batera ingurumena lehengoratzeko plana aurkeztu behar da. Obraren fasean edo ustiapenaren eta eraispenaren faseetan eraiki edo aldatu behar diren elementu guztietarako lehengoratze neurriak eta paisaian integratzekoak proposatuko ditu.

20. Obrak hasi aurretik, langile kualifikatuek prospekzio botanikoa eginen dute garai egokian, babes bereziko araubidea duen edo katalogatuta dagoen eta obren eragina jasan dezakeen landare espezieren bateko alerik badagoen zehazteko eta, hala bada, haren gaineko ukipena murrizteko beharrezkoak diren neurriak proposatzeko.

21. Obrak egitean 15 cm-tik gorako diametro normala duten zuhaitzak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduan.

22. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edota Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

23. Proiektua gauzatu aurretik, sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko du. Cascante II TAEtik La Cantera TAErainoko ebakuazio linearen lurpeko tarteak egiteko, azterlan arkeologiko bat egin beharko da, trazadura berriak aztarnategi arkeologikoetan izan ditzakeen eraginak zehazteko. Txostenaren emaitzak atal horretara bidaliko dira, eta aldeko txostena eman beharko du ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuei buruz, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

24. Lurpeko linea elektrikoaren trazadurak tarte paraleloak eta gurutzaguneak ditu zenbait abelbiderekin, eta, beraz, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin beharko dio; nolanahi ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da, bai eta ukitutako abelbideen deklarazioak egin zituzten foru dekretuetan edo gobernu erabakietan ezarritakoa ere.

25. Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra handituko da haize-sorgailuak abiatzeko haizearen abiaduraren atalasea, horiek baitira kiropteroen jarduera handieneko egunak eta orduak. Neurria berrikusten ahalko da saguzarren altuerako jarduera aztertzen bada, egiten dituzten hegaldiak noiz eta zer egoeratan egiten dituzten zehatz-mehatz zehazteko (egunak, baldintza atmosferikoak…); horretarako, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da. Lerrokadura osoaren luzera kontuan hartuta, azterketa adierazgarria izan dadin, elkarrengandik nahikoa urrun dauden bi haize-sorgailutan egin beharko da, gutxienez.

26. Cascante II haize-parkeko haize-sorgailu guztientzat talken aurkako detekzio eta gelditze gailuak instalatuko dira. Gailu eraginkorrenak 3Dko zaintza-sistemak dira; hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak, hegaztien desplazamendu bektoreak aztertzen dituztenak, haien ibilbideak aurreikusten dituztenak eta, talka egiteko probabilitatea antzemanez gero, denbora nahikoarekin geldialdi indibidualizatuko seinaleak bidaltzen dituztenak talka egiteko probabilitatea saihesteko edo murrizteko. Sistema horiek haize-parkearen ingurumen jarraipenari buruzko informazio ugari ematen dute.

27. Sustatzaileak etxeko abere hilak proiektuaren ingurunean uztearen gaineko jarraipen zorrotza eginen du, hegazti sarraskijaleak erakartzea eta kontzentratzea ekiditeko. Kontrol hori proiektuaren balio-bizitza osoan egin beharko da. Sustatzaileak abere hilak behar bezala kendu behar dituztela jakinaraziko die abeltzaintzako ustiategi intentsiboetako titularrei edo haize-parkearen eragin eremuetako larreak erabil ditzaketenei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.

28. Jarraipena egiten den bitartean ikusten bada arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuak daudela hegazti edo kiroptero babestuen talkak/barotraumak eragindako hilkortasuna dela eta (III. eranskinean ezarritako baldintzetan), eranskin horretan jasotako jarduketa protokoloari jarraituko zaio.

29. IIAn "Aireko 2. tartea: 34. euskarria - 35. euskarria (284 m)" deitzen zaion aireko tartean eta Cascante II transformazio azpiestazio jasotzailean, 2022ko azaroko IIAren 8.5.2.3 apartatuko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri behar dira, eta apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritakoa bete behar da (dekretu horren bidez instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezartzen dira abifauna babesteko), bai eta 1432/2008 Errege Dekretua ere, babes eremuetan hegaztiak hiltzeko arriskuari aurrea hartzeko. Hegaztiak salbatzeko baliza birakari islatzaileak instalatuko dira aireko tarte guztietan, edo ingurumen organoak aurrez onartutako antzeko funtzionaltasuna duten beste baliza batzuk. Seinalatzea hari eroaleak jaso eta tenkatu ondoren eginen da, astebeteko epean. Balizajearen mantentze-lanak lineari dagozkion mantentze eta kontserbatze lanen barruan sartuko dira.

30. Ingurumena zaintzeko planak –eraikuntza proiektuarekin batera aurkeztu behar da– espazioaren erabilera aztertzeko eta hegaztien eta kiropteroen hilkortasuna kontrolatzeko metodologiari eta jarduketei buruzko gutxieneko jarraibideak jasoko ditu (ebazpen honen III. eranskinean daude jasota).

31. Ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada haize-parkea eraikitzen hasten, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da abifaunaren eta kiropteroen espazioaren erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

32. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako jarraipen eta zaintza plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, ebazpen honen III. eranskinean jasotako gidalerroak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

"Cascante II" haize-parkea

Cascante II haize-parkea jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko lehen izapidearen emaitza.

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai (epez kanpo)

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Cascanteko Udala

Bai

Tuterako Udala

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai (epez kanpo)

Canal de Navarra SA:

Bai

ALEGATZAILEAK

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Paisajes y Viñedos de Navarra

Miguel Escudero del Castillo jauna (epez kanpo)

Cascante II haize-parkea jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko bigarren izapidearen emaitza.

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai (epez kanpo)

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai (epez kanpo)

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai (epez kanpo)

Herri-lurren Atala

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai (epez kanpo)

Cascanteko Udala

Bai

Tuterako Udala

Bai

Murchanteko Udala

-

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai (epez kanpo)

Canal de Navarra SA:

-

AVASA. Autopista Vasco-Aragonesa SCSA

Bai

Cascanteko Ureztatzaileen Sindikatua

Bai

Murchanteko Ureztatzaileen Sindikatua

-

Molinos de La Rioja SAU

Bai

Netgia. Naturgy taldea.

Bai

Eólica Ablitas SLU

Bai

Eólica Navarra SLU

Bai

Eólica Pestriz SLU

Bai

Eólica Valdetellas SLU

Bai

Solen Energía Ribera SLU

Bai

Solen Energía Valdelafuente SLU

Bai

Eólica Montes del Cierzo

-

Enerfin

-

Iberdrola Renovables La Rioja

-

Sistemas Energéticos El Valle SLU

-

Sistemas Energéticos Loma del Viento SA

-

Red Eléctrica de España (REE)

Bai

i-DE Redes Inteligentes SAU

-

ALEGATZAILEAK

Sustrai Erakuntza fundazioa

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

Erriberako Ekologistak Martxan

María Teresa Aguado Chueca andrea

"Murchante" haize-parkea

Murchante haize-parkea jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidearen emaitza.

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Herri-lurren Atala

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai (epez kanpo)

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

-

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai (epez kanpo)

Murchanteko Udala

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai (epez kanpo)

Murchanteko Ureztatzaileen Sindikatua

-

ALEGATZAILEAK

Molinos de La Rioja SAU

Sustrai Erakuntza fundazioa

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

Erriberako Ekologistak Martxan

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

Energía Inagotable de Tara SL

"El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa

El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoa jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko lehen izapidearen emaitza.

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai (epez kanpo)

Atala

Cascanteko Udala

Bai

Murchanteko Udala

-

ALEGATZAILEAK

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

El Sasillo eguzki-instalazio fotovoltaikoa jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko bigarren izapidearen emaitza.

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai (epez kanpo)

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai (epez kanpo)

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai (epez kanpo)

Herri-lurren Atala

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Cascanteko Udala

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai (epez kanpo)

Cascanteko Ureztatzaileen Sindikatua

Bai

Cintruenigoko Ureztatzaileen Sindikatua

-

ALEGATZAILEAK

Sustrai Erakuntza fundazioa

Molinos de La Rioja SAU

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

Erriberako Ekologistak Martxan

II. ERANSKINA

Haize-parkeetan ustiatze fasean hegaztiak eta kiropteroak ingurumenean zaintzeko plana

Haize-parkeak ustiatzeko fasean, inguruko abifaunaren eta kiropteroen jarraipena egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

Gutxieneko neurrien dokumentu bat da, non parke guztiek bete beharreko jarraibide komunak ezartzen diren, horien guztien emaitzak konparagarriak izan daitezen.

1. Espazioaren erabilera:

1.1. Abifauna:

Parkea martxan jarri eta 3 urtera, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, martxan jarri aurreko metodologia berarekin, aurreko eta ondorengo egoerak alderatzeko. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen inpaktuaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Jarraipen osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 haize-sorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua dabilen eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen haize-sorgailuren bat sartu beharko da. Lan hau parkea martxan jarri eta hurrengo 5 urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotuta hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako zuzenketa neurriekin.

Koloniak berraztertzea: parkearen inguruko 5 km-ko erradioan haize-sorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde honetan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, bai eta parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO
DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2. Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola:

2.1. Haize-sorgailuak:

Haize-parkea martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko haize-sorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira haize-sorgailuak.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako haize-sorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.

Haize-sorgailu bakoitzaren prospekzio eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izanen da gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, haize-sorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da prospekzio eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Haize-sorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten trantsektu paraleloen bidez eginen dira. Trantsektuak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Haize-sorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Haize-sorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo antzemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Antzemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Haize-parkea.

–Ustez zer haize-sorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden haize-sorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Linea elektrikoak:

Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, jarraipena egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.

Prospekzioak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta. Luzera handiko linea elektrikoen kasuan, gorabeheren bilaketa 5 km-ko sekzioetan egin daiteke. Sekzio horiek sistematikoki aztertuko dira trazadura osatu arte.

2.3. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa haize-sorgailuetakoaren berdina da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Haize-sorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira prospekzioak.

3. Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.

Gorpuzkien desagertze tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren "Haize parkeek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak" dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4. Gorabeheren jakinarazpena:

Katalogatutako espezieak: berehala bidali mezu elektronikoa Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilean behin jakinaraztea: Ingurumen Eraginaren Atalak Accesseko datu base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

III. ERANSKINA

Arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuekin jarduteko protokoloa

Jarraipenak erakusten badu haize-sorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1. Espezie mehatxatuen estatu mailako eta erkidego mailako katalogoan "galzoriko espezie" edo "espezie ahul" gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten haize-sorgailuak.

1.1. Haize-sorgailu berak aurreko 5 urteetan arriskuan dagoen espezie batekin talkarik eragin ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta bi organoei neurri aringarri batzuk proposatuko dizkie, haize-sorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, bai eta konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete iragan baino lehen. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu berak beste talka bat izan badu arriskuan dagoen espezieren batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak haize-sorgailuaren ingurunean ukitutako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio-pasabideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo haize-sorgailua eraistea) eta arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1. TAULA.–KATALOGATUTAKO ESPEZIEEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO
GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka antzeman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Haize-sorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu gehiago gertatu ezin den baldintza berrietan.

2. Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (nazionala edo Nafarroakoa) espezieekin talka eragiten duten haize-sorgailuak:

2.1. Urte batean haize-sorgailu batek 2. taulan adierazitako hilkortasun atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko hilkortasun-tasaren analisiaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, haize-sorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak azterketa bat eginen du haize-sorgailuaren talka arriskua aztertzeko, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu gehiagoren arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak espresuki horretarako baimena ematen badio baino ez du haize-sorgailua berriz martxan jartzen ahalko. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri arintzaile gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu eginen du haize-sorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri arintzaile gehigarrien gauzatzea eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako haize-sorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, haize-sorgailua behin betiko gelditu, eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitate-organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gerta ez daitekeen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2. TAULA.–HAIZE-SORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN BBEBZ-KO ESPEZIEEN
(MEHATXATU GABEKOAK) TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoa

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus)

5

Itsas hegaztiak (gabiformeak, prozelariformeak eta pelekaniformeak), uretakoak (antseriformeak, podizipediformeak, zikoniformeak eta fenikopteriformeak), larolimikolak (karadriformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2301281