39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

45E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita «El Oliado» parke eolikoaren eta horri lotutako energia ateratzeko azpiegituren ingurumen eraginaren adierazpena. M. Torres Desarrollos Energéticos SLk sustatzen du proiektua Sesma, Mendabia eta Lodosa udal-mugarteetan.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura garatzea

1.1. Aldez aurreko kontsulten fasea

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritakoa betetzeko, 2019ko uztailaren 30ean, M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresak ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren eskaera aurkeztu zuen «El Oliado» parke eolikoaren aurreproiekturako, zeina, hasiera batez, 8 haize-sorgailuz osatuta baitzegoen. 2019ko urriaren 22an eman zen irismeneko dokumentua. Txosten honen I. eranskinean kontsultatu ziren entitateak, jasotako erantzunak eta egindako irismen txostenaren laburpena biltzen dira.

1.2. Jendaurrean jartzea eta txostenak eskatzea.

Sustatzaileak organo substantiboaren aurrean eskaera aurkeztu ondoren, Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikulua eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen 30 egun baliodunez «El Oliado» parke eolikoaren eta haren energia ateratzeko azpiegituren aurreproiektua eta ingurumen eraginaren azterketa (2021eko otsailaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 26. zenbakia). Proiektu horretan, haize-sorgailuen kopurua 4ra jaitsi zen.

Aldi berean, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikulua eta Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Jendaurreko informazioaren lehen izapide horren ondoren, eta sustatzaileak aurkeztutako informazio osagarria jasotakoan, proiektua bigarren aldiz jarri zen jendaurrean (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 281. zenbakia, 2021eko abenduaren 16koa) eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidearen mende.

Sustatzaileak jendaurreko informazioaren bigarren izapidearen ondoren aurkeztutako informazio osagarri berria jaso ondoren, jendaurreko informazioaren (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 129. zenbakia, 2022ko ekainaren 30ekoa) eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko hirugarren izapide bat egin zen. Azken proiektu horretan, haize-sorgailuen kopurua 3ra jaitsi zen.

Txosten honen II. eranskinean jendaurreko informazioaren eta kontsulten hiru izapideen emaitza laburbiltzen da.

1.3. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresak, 2022ko abuztuaren 25ean, «El Oliado» parke eolikoaren eta energia ateratzeko azpiegituren proiektuaren jendaurreko informazioaren hirugarren aldiaren ondoren izandako txosten eta alegazioen erantzun dokumentua aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatzen dio, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri dio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

2.–Proiektuaren deskribapena.

«El Oliado» parke eolikoa Sesma udal-mugartearen hegoaldean proiektatzen da, Sesmako hirigunetik 3 km ingurura, hegoalde-hego-ekialdera, eta Lodosako hirigunetik 3 km ingurura, ipar-mendebaldera. Parkeko azpiegitura gehienak Sesmako udal-mugartearen barruan daude, baina sarbideetako batzuk Mendabia eta Lodosa udal-mugarteak ukitzen dituzte marjinalki.

Parke eolikoa 3 haize-sorgailuz osatuta egonen da. Horien abatz altuera 122,5 metrokoa izanen da, 163 metroko diametroko errotorea izanen dute eta 5,33 MW-ko potentzia izendatua, 16 MW-ko guztizko potentzia instalaturako. Hauek dira haize-sorgailuen koordenatuak:

HAIZE-SORGAILUA

X

Y

OLI01

573.533

4.700.479

OLI02

572.862

4.699.515

OLI03

572.471

4.698.927

Hiru haize-sorgailuen guztizko ekorketa eremua 62.601 m² izanen da. Horretan, hiru haize-sorgailu egonen dira, 70 m-ko abatz altuerakoak eta 77 m-ko diametroko errotorekoak, 13.969 m²-ko ekorketa eremuarekin.

Muntaketa plataformek 6.500 m² inguruko azalera izanen dute. Plataformaren zati batek, 1.050 m² ingurukoak, aldi baterako okupazioa du eta jatorrizko egoerara itzultzen da muntaketaren ondoren; gainerako 5.450 m², berriz, bertan geratzen dira parkearen bizitza erabilgarrian. Ukitutako azalera, guztira, 21.489 m² izanen da, lur erauzketak eta lubetak egiteko beharra kontuan hartuta. Haize-sorgailuetarako sarbidea NA-129 Zuñiga-Lodosa errepidetik egiten da, 31,900 kilometro-puntuan. Parkearen barruko bideek (4.690 m), neurri handi batean, lehendik dauden landabideak aprobetxatzen dituzte, berregokitu beharko direnak, eta gainera bide berriak egin beharko dira.

Guztira, plataformen eta bideen eraikuntza kontuan hartuta, honako lur mugimendu hauek eginen dira:

Hartutako azalera

70.797 m2

Desugertzea

35.398 m3

Lur erauzketak

35.082 m3

Lubetak

10.608 m3

Lur erauzketak eta betelanak

24.474 m3

Bide zoruak

23.836 m3

Zangak, guztira, 4.495 m luze izanen dira. Zanga horiek 1,1 eta 1,5 m bitarteko sakonera izanen dute, eta 0,6 eta 0,9 m bitarteko zabalera. Zanga guztiak bideekiko paraleloak izanen dira.

La Pinilla inguruan kokatuko da SET Oliado, Sesmako 11. poligonoko 226 eta 229. lurzatietan. 45 x 21 m-ko (950 m²) esparru hesitua izanen du. Esparru horretan egonen dira kontrol gela, 10 x 28 m-ko (280 m²) prefabrikatutako eraikin batean, baita transformadoreak berak ere.

SET Oliado instalaziotik goi-tentsioko airetiko linea bat abiatuko da, 40 m-ko luzera izanen duena, eta energia lehendik dagoen Renfe-Alcanadre 66 kV airetiko lineara isuriko du, SETetik gertu. Airetiko linea berriak metalezko saretazko euskarri bakarra izanen du, eta horrek Renfe-Alcanadre lineako 135. euskarriaren ordezkatuko du (90 metro ingurura dago, mendebaldera, eta kendu egin beharko da OLI03rako sarbidea egokitzeko).

3.–Azterketa teknikoa.

Proiektuak eragiten duen espazioa lehorreko labore belarkarek eta, hein txikiagoan, lehorreko eta ureztapeneko labore zurkarek okupatzen dute. Muntaketa plataformak soroen gainean geratzen dira guztiz, baina bideak eta azpiestazioa eraikitzean, ezkai larre, larre bizikor eta lezkadien azalerak ere ukituko dira. Zehazki, 1.445,7 m² gaur egun 92/43/CEE Zuzentarauan Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatutako komunitateek okupatzen dituzte, honako kategoria hauetakoek: 1520*, «Ezkai larre gipsofiloak»; 6220*, «Gramineo bizikorren larre xerofitikoak»; eta 4090, «Ezkai larreak eta otaberak». Landaredia mota horien inbrikazioak asko zailtzen du bakoitzaren azalera banakatzea. Komunitate horiei, nagusiki, SETaren ingurunean eta horretarako sarbidearen azken tartean eragiten zaie.

Paisaiaren gaineko eraginari dagokionez, parke hau «La Lomba» parke eolikoaren jarraipen bihurtuko da, nahiz eta ez den nabarmen handituko ikusgai geratzen den azalera, lehendik zeuden hiru haize-sorgailuei beste hiru berri gehituko baitzaizkie. Sesma, Lodosa eta Mendabia bitarteko errepideen igarobidearen ingurunean sei haize-sorgailuak ikusten ahalko dira. Ingurumen eraginaren azterketak (IEA) eragin hori ertaintzat kalifikatzen du.

Proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek zuzenean okupatzen duten eremua Natura 2000 Sarearen eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen mugetatik kanpo dago, baina parkea Estellerriko Erriberako Igeltsuen Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) gune desberdinen artean egonen da. Zehazki, SETerako sarbidea ekialdetik eremu horietako baten mugakide den eta lehendik dagoen pista batetik igaroko da. Estepako eta harkaitzetako hegaztiak dira eragina jasaten ahal duten KBEko elementu nagusiak.

Era berean, mendebaldera 500 metro ingurura, estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremua dago, Zabaleta-La Mesa izenekoa, eta bertan estepako abifauna katalogatua dago. Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu hori txikia da, eta estepa ingurune handiago baten (Arroitz udalerriaren hegoaldea, Sesma, «Mayor ibaiaren ingurunea», «Santa Cruz-Lampara» eta «Baigorrana-Uson» estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremuak) hego-mendebaldeko muturrean dago.

Gainera, Salobral hezegunea OLI01 haize-sorgailutik 1 km ingurura dago, ipar-ekialdean. Parke eolikoa ere Ebro ibaitik 2,5 km iparraldera eta Juncal de Valoria eremutik 6 km ekialdera egonen da.

Proiektuaren garapenean aurreikusten den eragin handiena abifaunaren eta kiropteroen gainekoa da, batez ere haize-sorgailuekin talka egiteagatik. Airetiko energia ateratzeko linearen eragina askoz ere mugatuagoa izanen da, 40 m-ko luzera eta euskarri bakarra izanen baititu. Dena den, abifaunak goi-tentsioko linea elektrikoekin talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, proiektua babes eremu baten barruan egoteagatik. Ingurumen eraginaren azterketak (IEA) eragin larritzat baloratzen du, bai hegaztien kasuan, bai saguzarren kasuan, espezie ugariren hilkortasun potentzialaren ondorioz, eta horietako batzuk kalteberatzat edo galzorikotzat katalogatuta egoteagatik eta Nafarroan populazio eskasa izateagatik.

Hegazti harraparien zenbait espeziek azterketaren eremua ugalketarako eta larreratzeko gune gisa erabiltzen dute, ehizarako lurralde gisa. Lehorreko soroen paisaiak eta horiek osatzen dituzten mugak, zuhaiztiak, muinoak eta sakanak direla-eta, azterketaren eremua hegazti harraparien ehizarako gunea da, eta horrek zenbait espezieren kontzentrazio handiak erakartzen ditu. Eremuko igeltsu ebakiguneak harkaitzetako hegaztientzako babeslekuak dira, eta sakanak eta hezegune gaziak, berriz, interesgarriak dira hegazti ugaltzaile edo negutarrentzat: urteko zikloan zehar, inguru horrek elikadura eskaintzeko gaitasun handia izan du mirotz, zapelatz, miru, sugezale eta zingira hontzentzat, lursaguen bidez.

Azterketaren eremuak fauna aberatsa du, bai hegazti harrapari ugaltzaileei bai eremua elikadurarako erabiltzen dutenei dagokienez. Honako hauek nabarmentzen dira:

–Sai arrea (Gyps fulvus): oso ugaria da eremuan, abeletxeak eta eskortak baitaude (OLI01 eta OLI02 haize-sorgailuen artean, txerri etxalde bat dago, eta, 2020an, lau sai elektrokutatu ziren linea elektrikoan; eta beste txerri etxalde bat eta behi etxalde bat daude OLI01 haize-sorgailutik 800 metro ingurura, iparraldera). Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren barruan 19 bikote inguruko kolonia bat dago, Andosillako ebakiguneetan. 2006az geroztik espezie horren 19 talka erregistratu dira gertuko «La Lomba» parke eolikoan.

–Mirotzak: zingira mirotzak (Circus aeruginosus) eremua asko erabiltzen du urte osoan, eta zenbait hegaldi arriskutsu egiten ditu. Beraz, espero izatekoa da espezie horretan hilkortasuna egotea. Neguan lo egiteko gune bat dago Sesmako El Salobre zingira hurbilean, eta hor 10 eta 20 hegazti bitartean egoten dira. Mirotz urdina (Circus pygargus) espezie kaltebera da. Ez da oso ugaria eremuan, baina espezie horren hegaldien ia erdia arrisku handikoak edo oso handikoak dira (espeziearekin 19 kontaktu izan dira azterketaren urtean zehar; 9 arrisku handi edo oso handiarekin); horregatik, ez da baztertzen espezie horretan heriotzak eragiteko aukera. Estellerriko Erriberako igeltsuak KBE hurbilean lauzpabost lurralde daude. Mirotz zuria (Circus cyaneus) espezie kaltebera da, eta ez da hain ugaria (21 kontaktu, batez ere kontrolgunearekin eta arrisku txikiarekin; arrisku handiko 2 kontaktu), baina jakina da 2010ean heriotza bat gertatu zela «La Lomba» parke eolikoan izandako talka baten ondorioz. Azkenik, deigarria da 10 kontaktu izan direla mendebaldeko Europan ustekabekoa den espezie batekin, hots, mirotz lepazuriarekin (Circus macrourus). Horrek presentzia izaten du migrazio igarobideetan eta udaberria hasi ondorenera arte, azterketaren eremuan. Beharbada azterketaren eremuan ugalduko zen.

–Arrano beltza (Aquila chrysaetos): espezie kaltebera. Guztira arrano beltzaren 20 hegaldi zenbatu dira azterketaren eremuan. Eremuan lurralde bat dago. Gehienetan, azterketa eremuaren mendebaldean eta hego-mendebaldean ikusten da. Kontrolgunetik hurbil edo, sarriago, OLI03 haize-sorgailuaren inguruan ikusi ohi da.

–Miru gorria (Milvus milvus): galzorian dago; eremua larreratzeko erabiltzen duen ohiko espeziea da. Urteko zikloaren azterketan zenbait hegaldi arriskutsu hauteman dira eta, «La Lomba» parke eolikoan espezie horren talka bat izan zen 2022ko maiatzean. Horregatik, posible da espezie horren gainean eragina izatea.

–Belatzak: belatz gorria (Falco tinnunculus) oso espezie ohikoa da eta, gutxienez, hiru lurralde ditu azterketaren eremuan. Hegaldi arriskutsu ugari erregistratu dira, baita hiru talka ere «La Lomba» parke eolikoan. Naumann belatza (Falco naumanni), galzoriko espeziea, ez da hain ohikoa. Hiru kolonia daude Estellerriko Erriberako igeltsuen KBEan.

–Beste harrapari batzuk: espero izatekoa da beste harrapari ugari batzuen gainean eragina izatea, hala nola eremuan espezie ohikoenen artean dagoen zapelatz arruntaren (Buteo buteo) edo arrano sugezalearen (Circaetus gallicus) gainean. Abifaunaren azterketan, halaber, eguzki arrano iberiar (Aquila adalberti) heldugabe bat ikusi zen, galzorian dagoena, baita bi sai zuri (Neophron percnopterus) ere. Azken hori espezie kaltebera da eta 4 lurralde ditu KBEaren barruan, Sesma, Cárcar eta Andosillako ebakiguneetan. Azkenik, ez da egon Bonelli arranoaren (Aquila fasciata) begiztatzerik eremuan, nahiz eta Ebroren gaineko ebakigune batzuetan, Errioxan, lurralde hurbil bat dagoen. Horren larreratze eremua, batez ere, Errioxan dago. Bestalde, eremua lurraldekoak ez diren aleentzako lehentasunezko kokalekua da; beraz, ezin da baztertu noizbehinka halakoak han egotea.

Gainera, estepako bi hegazti espezie hauteman ahal izan dira: basoilo handia (Otis tarda), galzorian dagoena, Errioxatik hegan etorri zen ale baten behaketa bakarrarekin; eta atalarra (Burhinus oecdinemus), inguru horretan bizi dena. Ez da hauteman basoilorik (Tetrax tetrax) edo ganga azpibeltzik (Pterocles orientalis) urteko zikloaren azterketan. Baina jakina da haien presentzia dagoela estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko Zabaleta-La Mesa eremuan eta halako beste eremu batzuetan; hori dela eta, ezin da baztertu populazio horietako aleen gainean erasana izatea, estepa eremu desberdinen arteko desplazamenduetan barrera efektua eragitea barne.

Migrazio igarobideetan eta neguan, eremuan hegazti txikien zenbait espezie ere egoten dira, bereziki alaudidoak eta graniboroak.

Ingurumen eraginaren azterketak ondorioztatzen du «El Oliado» parke eolikoak nagusiki erasandako espezieak honako hauek direla: sai arrea, zingira mirotza eta zapelatz arrunta, eta ezin dela baztertu nolabaiteko hilkortasuna gertatzea Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren kudeaketan elementu gakotzat jotzen diren estepako hegazti batzuetan, hala nola mirotz zurian, Naumann belatzean, atalarrean eta beste zenbait espezietan, hala nola miru gorrian. Kontuan hartzen badugu aipatutako espezieetako batzuk populazio txikiak dituztela, eta kasu askotan populazioek beheranzko joera dutela, elementu gako horren gaineko eragina larritzat jotzen da.

Halaber, IEAk ondorioztatzen du «El Oliado» parke eolikoan espero izatekoa dela Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren kudeaketan elementu gakotzat jotzen diren harkaitzetako hegazti batzuetan hilkortasuna gertatzea, hala nola sai arrearen edo belatxinga mokogorriaren kasuan, eta ezin da baztertu beste espezie batzuetan ere heriotzak gertatzeko aukera. Aipatutako bi espezieen populazioak handiak dira eta ez daude mehatxatuta; horregatik, elementu gako horren gaineko eragina ertaintzat hartzen da.

Saguzarren gaineko eraginari dagokionez, dorre meteorologikoan 70 metroko altueran erregistratutako jarduera kontuan hartuta, eta «La Lomba» parke hurbileko hilkortasun datuak aintzat hartuta, aurreikusten da parkeak pipistrelo arruntengan (Pipistrellus pipistrellus) edo Pipistrellus kuhlii eta Nyctalus leisleri espezieengan eraginen duela nagusiki hilkortasuna. Gainera, arrisku txikiagoa dago ezohikoagoak izan ohi diren, baina parkeekiko oso sentikorrak izaten ahal diren, beste espezie batzuentzako, hala nola Tadarida teniotis, Hypsugo savii, Nyctalus noctula eta N. lasiopterus espezieentzako.

Bi espezie mehatxatu daude (Nyctalus noctula eta N. lasiopterus) eta, horietan, heriotza bat erregistratu da jada, gutxienez, ingurumarietan, baita Nyctalus leisleri aleen hegaldi ugari ere (espezie hori ere migratzailea da, eta nahiko urria).

Fauna, paisaia eta naturagune babestuek, gainera, eragin metagarri eta sinergikoak jasanen dituzte, inguruan beste parke eoliko bat (La Lomba) egoteagatik. Eragina larritzat jo da.

Eragin guztiak aztertu ondoren, eta horietako batzuk larritzat jo arren, sustatzaileak uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, prebentzio eta zuzenketa neurriak hartu ondoren. Neurri horien artean, ingurumen eraginaren azterketak OLI03 haize-sorgailuan hegaztien monitorizazio eta alertarako DTBird sistema instalatzea proposatzen du. Sistema horrek soinu seinaleak igorriko lituzke hegaldi arriskutsuak detektatzean, hegaztiak uxatzeko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak uste du proposatutako alerta eta disuasio sistema ez dela nahikoa, eta ez lukeela balioko, inola ere, eraginaren kalifikazioa larritik ertainera murrizteko. Aztertutako fauna hegalariaren datuen arabera, parke eolikoak hegazti nekrofagoen hilkortasun handia eragiten ahal du, batez ere sai arreena, inguru horretan etxaldeak baitaude. Espero izatekoa da inguru horretan ohikoak diren harraparien (zingira mirotza eta zapelatz arrunta) gainean ere eragina izatea. Gainera, hain ohikoak ez diren baina babes kategoriaren batean sartuta dauden beste espezie batzuei ere eragiteko arriskua dago, besteak beste, miru gorriari eta mirotz urdinari, baita beste estepako hegazti katalogatu batzuei ere. Horiek eraginak jasaten ahal dituzte, bai zuzenean, bai zeharka, parkeko ezarpen eremutik hurbil geratzen diren eremuen erabilera galtzeagatik, eta estepa espazio egokienen arteko konektagarritasuna galtzeagatik. Aipatutako espezie horietako batzuk, sai arrea, mirotz urdina eta estepako gainerako hegaztiak barne, Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren elementu gakoak dira. Hori dela eta, proiektuak KBE horren osotasunari eragiten ahal dio, nahiz eta bere mugen barruan garatu ez.

Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta eta aurkeztutako ingurumen edukiko alegazio guztiak aztertuta (funtsean, proiektuak abifaunaren eta kiropteroen gainean izanen lukeen eraginean zentratzen dira), sustatzaileak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabakitzen badu, eta zuzenketa eta prebentzio neurriak aplikatu ondoren egiazki eragin bateragarria izan dezan, ezinbestekoa da neurri zorrotzak hartzea fauna hegalariaren gainean eragin minimoa izatea bermatzeko. Neurri horien artean hauek daude: haize-sorgailu guztietan hegaztiak detektatzeko eta hegaztien aurrean geldiarazteko sistemak jartzea, proposatutako soinu seinaleen bidezko disuasio sistemaren ordez; haize-sorgailuen funtzionamendua mugatzea kiropteroen jarduera handiagoko egoeretan; segimendu protokolo zorrotza izatea, parke eolikoak une bakoitzean eragiten duen benetako hilkortasuna ezagutzeko; eta hilkortasun horren araberako neurri osagarriak hartzea. Neurri gehigarri horiek berariaz daude jasota ebazpen honen baldintzetan eta IV. eranskinean agertzen diren haize-sorgailu problematikoen aurrean jarduteko protokoloan, nahiz eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak edozein unetan eskatzen ahalko dituen, segimenduan hautemandako heriotza-tasa kontuan hartuta. Neurri gehigarri horiek guztiak hartu arren, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketan adierazitakoa betetzen ez bada (azterketa horrek bateragarritzat jotzen du eragina), eta egiaztatzen bada espezie baten edo gehiagoren hilkortasuna ez dela jasangarria lehen aipatutako haize-sorgailu problematikoen protokoloan adierazitakoaren arabera, protokoloan jasotako neurri guztiak eskatzen ahalko dira, parke eolikoa eraisteraino ere iristen ahal direnak.

Azken batean, jotzen da proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria izaten ahal dela, baldin eta zorroztasunez betetzen baditu txosten honen baldintzak, zeinek nahitaez eskatzen baitute babes neurriak hartzea, fauna hegalariaren gaineko gorabeheren segimendu zehatza egitea eta intereseko edo katalogatutako espezieen gorabeheren aurrean jarduteko protokolo zorrotza ezartzea.

4.–Proposamena.

Espedientearen ingurumen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak ondorioztatzen du ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, baldintza jakin batzuekin. Hori dela eta, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea proposatzen du, zehaztuz, ingurumenaren ondorioetarako bakarrik, «El Oliado» parke eolikoaren proiektua gauzatzen ahalko dela, ebazpen honetan eta ingurumen eraginaren azterketan (ebazpen honekin bat ez datozen alderdietarako) jasotako babes, zuzenketa eta ingurumen zaintzako neurriak eta ebazpen honetako gainerako baldintzak betetzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpen hau egiten da «El Oliado» parke eolikoaren proiektuaren eta horren energia ateratzeko azpiegituraren gainean. Proiektua M. Torres Desarrollos Energéticos SL enpresak sustatzen du Sesma, Mendabia eta Lodosa udal-mugarteetan.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

–Abifaunaren gaineko eragina gutxitzeko soinu seinaleak igortzeko proposatutako sistema nahikoa ez dela jotzen da. Horren ordez, haize-sorgailu guztietan jarri beharko dira hegaztiak detektatzeko sistema automatikoak; horiek gai izan behar dute berehalako geldialdi ekintzak eragiteko, talkak saihesteko eraginkorrak izan behar dutenak. Gailu eraginkorrenak 3D zaintza sistemak direla jotzen da, hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak, hegaztien desplazamendu bektoreak aztertzen dituztenak, haien ibilbideak aurreikusten dituztenak eta, talka egiteko probabilitatea dagoela uste izanez gero, denbora nahikoarekin geldialdi indibidualizatuko seinaleak bidaltzen dituztenak, talka egiteko probabilitatea saihesteko edo murrizteko. Sistema horiek parke eolikoaren ingurumen segimenduari buruzko informazio ugari ematen dute.

–Era berean, eragin metagarria eta sinergikoa murrizteko neurri gisa, hegaztiak detektatzeko eta haize-sorgailuak geldiarazteko sistema bera jarriko da «La Lomba» parke eoliko hurbilean (sustatzailearen jabetzakoa hori ere), parke osoa estaltzeko moduan.

–Haize-sorgailuetatik 1.000 metrora baino gutxiagora dauden eremuak ez dira izanen gehiago animalien gorpuzkiak uzteko eremu egokiak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak jakinarazi beharko die ukitutako abeltzaintzako ustiategiei eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari obrak egiten hasiko direla. Gomendagarria da gorpuzkiak uzteko eremuarekiko distantzia dezente handitzea, abifauna nekrofagorik ez erakartzeko eta talkak saihesteko.

–Obrak eremu horretan dauden zenbait hegazti espezieren ugalketa aldi kritikotik kanpo egin beharko dira. Zehazki, ez da obrarik eginen martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean.

–Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra arte atzeratuko da haize-sorgailuen abioa, horiek baitira kiropteroen jarduera handieneko egunak eta orduak. Neurria berrikusten ahalko da nacellean altuera jarduera azterketa bat egiten bada, egiten dituzten hegaldiak eta noiz gertatzen diren zehatz-mehatz zehazteko (egunak, orduak, haizea…); horretarako, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da.

–Energia ateratzeko airetiko linean, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko da (dekretu horren bidez, hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Euskarriaren gurutzetatik eroaleetara gutxienez 1 m-ko tartea utzi beharko da, eta eroaleen artean, berriz, 1,5 m-koa. Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio botilak ere, halakorik bada. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Silikonazko zinta edo antzekoen erabilera debekatua dago, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Linea elektrikoa txoriak babesteko balizekin seinaleztatuko da, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketan adierazten den bezala.

–Obrak ingurumenean integratzeko neurri hauek lehenetsiko dira:

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien erasateko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta erasan ezin diren eremuak balizatuko dira.
  • SET Oliado ingurunean amaitzen den bidea SETean sartzeko funtziora doitzeko dimentsionatu beharko da, horretatik ez baita beharrezkoa haize-sorgailuak muntatzeko edo mantentzeko kamioiak eta makineria igarotzea. Bai SETaren eta bai sarbidearen eta elektrizitate eroapenerako zanga paraleloaren lanetan, ahal den heinean saihestu egin behar da Europar Batasunaren intereseko habitatei eta landaredia naturalari erasatea. Horiek balizatuta egon beharko dute, eta erasana soroen gainekoa izatea lehenetsiko da.
  • Lur naturala edo soroak dituen jardute eremuetan dagoen landare lurraren geruzak aurretiaz kendu eta pilatu beharko dira, amaieran obrak lehengoratzeko erabili ahal izateko.
  • Haize-sorgailuaren plataformarako, bideetarako eta abarrerako lur erauzketetan eta lubetetan, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, landareztatzearen emaitza onartzeko modukoa izan dadin.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek eragindako gainazal guztiak, aldi batez ukitutakoak barne, lur geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak amaitu baino sei hilabete lehenago, eremu horiek tokiaren bereizgarri diren larre hazi autoktonoen nahasketa batez ereinen dira, lurrak landatzeko erabili ezean.

–Abelbideen gaineko erasan zuzenei dagokienez, oro har, bete beharko da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenean ezarritakoa (2022ko urtarrilaren 17ko txostena). Alabaina, atal horren baimena lortu beharko da abelbideak erasaten ahal dituzten aldaketa txikiak egiten badira, hori guztia Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legeak ezartzen duenaren esparruaren barruan.

–Eraikuntza proiektuak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketari buruzko Azterketa bat izanen du, eta, ahal den neurrian, hondakin guztien balorizazioa kontuan hartu beharko da, eta azken aukera gisa, baimendutako zabortegi batera igorriko dira. Hondakin mota bakoitzaren kudeatzailea eta helmuga identifikatu beharko dira.

–Azpiestazioetako eraikinak eta haiekin lotutako beste edozein eraikuntza ingurunearekiko harmonia errespetatuz proposatu behar dira, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

–Ondare arkeologikoaren gaineko erasanei dagokienez, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren jarraibideei jarraituko zaie (proiektua izapidetzen den bitartean egindako txostenetan jasota daude), bereziki, atal honek 2021eko azaroaren 5ean sustatzaileak eskaturik eta ingurumen eraginaren azterketarekin batera aurkeztutakoari.

–Segimendu eta zaintza plana: eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, zeina sustatzaileak aurkeztu behar baitu bat etorriz Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin, obra eta funtzionamendu faseetarako segimendu eta zaintza plan bat aurkeztu beharko da, Ingurumen Eraginaren Atalaren onespena beharko duena, eta hor proposatuko da egin beharreko jarduketen metodologia eta, zehazki, ebazpen honen III. eranskinean jasotako jarraibideak.

–Segimendua egiten den bitartean, edozein unetan ikusten bada arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuak daudela, hegazti edo kiroptero babestuak horien aurka talka egiteagatik hil direlako (IV. eranskinean ezarritako baldintzetan), eranskin horretan jasotako jarduera protokoloari jarraituko zaio.

–Nolanahi ere, segimenduaren ondorioz espezie baten edo batzuen heriotza-tasa handia dela egiaztatzen bada, nahiz eta IV. eranskineko atalaseak ez gainditu, Biodibertsitatearen Zerbitzuak neurri gehigarriak eskatzen ahalko ditu eragin hori saihesteko, hala nola haize-sorgailuak geldiaraztea 5 m/s-tik beherako haize abiadurarekin, edo OLI01 eta OLI02 haize-sorgailuen artean dagoen etxaldean gorpuzkien kudeaketa hobetzeko neurriak hartzea, hegazti nekrofagoen hilkortasuna murrizteko.

–Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren oniritzia izan beharko du, aipatutako 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

Ingurumen eraginaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada parke eolikoa eraikitzen hasten, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da abifaunaren eta kiropteroen espazioen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarra hegoaldeko barrutia), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 19an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Aurretiazko kontsulten izapidean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira:

Azpiegitura Energetikoen Atala

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Ehiza Atala

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

Aranzadi Zientzia Elkartea

Gorosti Natur Zientzi Elkartea

Sustrai Erakuntza Fundazioa

TEDER Elkartea

EHNE

UAGN (Unión de Agricultores y Ganaderos)

ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea

Nafarroako Ehiza Federazioa

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Gurelur

Ekologistak Martxan Erribera-Landazuria

Ekologistak Martxan Iruñea

ELA

CCOO

UGT

LAB

NUP

Nafarroako Unibertsitatea

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

Abeltzaintza Zerbitzua

Herri-lurren Atala

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Lodosako Udala

X

Arroizko Udala

Sesmako Udala

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak Nafarroan parke eolikoak ezartzeko kontuan hartu behar den araudia gogorarazten du, lurralde eta hirigintza antolamenduaren arloan:

–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

56/2019 FORU DEKRETUA, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan.

–Lurralde Antolamenduko Planak (LAP). Kasu honetan, LAP5 (Ebroko ardatza), maiatzaren 16ko 47/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena. Parke eolikoak eta horiei lotutako instalazioak ezartzeko LAPetan jasotako mugak eta baldintzak adierazi dira.

–Lurralde antolamenduko beste tresna batzuk (udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialak).

–Erasan sektorialak. Zehazki, jakinarazten da organo eskudunaren aldeko ebazpena lortu beharko dela, uztailaren 24ko 733/2015 Errege Dekretuak, Logroño-Agoncillo aireportuko zortasun aeronautikoak ezartzen dituenak, indarrean dituen zortasun aeronautikoen erasanari dagokienez.

–Udalen hirigintza planeamendua. Zehazki, Sesmako eta Arroizko Udal Planeko lurzoru urbanizaezinen kategorien babes araubideak eraikuntza-jarduera baimengarritzat hartzen ditu azpiegiturak, proposatzen diren haize-sorgailuen kasuan.

Herri-lurren Atalak egiaztatzen du parke eolikoak Arroizko Udalaren eta Sesmako Udalaren herri-lurrei eraginen liekeela (bideen, zangen, plataformen eta sare elektrikoaren bitartez). Jakinarazten du, sustatzailea nahitaezko desjabetzeaz baliatzen bada, ez dela beharrezkoa izanen Arroizko eta Sesmako Udalek inolako baimenik eskatzea atal honi, Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 151. artikuluarekin bat etorriz. Hala ez balitz, bi udalek, obra-lizentziak eman aurretik, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko lukete proiektuak eragiten dituen herri-lurren desafektazioa eta ondorengo erabileraren lagapena egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluaren arabera.

Lodosako Udalak jakinarazi du, laburpen memoria berrikusi ondoren, egiaztatu duela ez zaiola eragiten Lodosako udal-mugarteari.

Ingurumen Eraginaren Atalak emandako irismen txostenaren laburpena.

Txosten horrek adierazten du parke eolikoa, hasiera batez 8 haize-sorgailuz osatuta zegoena, nekazaritza eremu batean proiektatzen dela. Eremu horretan lehorreko zerealaren laborantza eta fruta arbolen labore zurkarak dira nagusi, eta badaude landaredia naturaleko zatiak.

Ikusten da balio handiko estepa ingurunea dela, bai estepako abifauna egoteagatik (espezie mehatxatuak, baita galzoriko zenbait espezie ere) eta bai Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuen artean konexio biologikoa eskaintzeagatik. Aditzera eman duenez, proiektatutako zenbait haize-sorgailu estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko Zabaleta-La Mesa eremuaren barruan leudeke (Nafarroako Horizonte 2030 Plan Energetikoaren arabera, parke eolikoak hartzeko egokia ez den eremua), eta, gainerakoak, eremu horren ertzean edo oso gertu.

Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko Zabaleta-La Mesa eremua txikia da, eta estepa ingurune handiago baten (Arroitz udalerriaren hegoaldea, Sesma, «Mayor ibaiaren ingurunea», «Santa Cruz-Lampara» eta «Baigorrana-Uson» estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremuak) zati da, eta harekin erlazionatuta egoteko beharra du. Proposatutako parke eolikoak, eremuko gainerako azpiegiturekin batera, espazio horien arteko konektagarritasuna arriskuan jarriko luke eta oso gorabehera arrisku handia ekarriko luke estepako abifaunaren gainean, baita estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko Zabaleta-La Mesa eremuan erabilera galera ere beharbada. Ondorio hori bereziki esanguratsua izanen litzateke, Nafarroan azken hamarkadan atzerakada handia izan baitute estepako hegaztiek, eremuak ureztapen-lur bihurtzearen eta gainerako azpiegituren ondorioz izandako habitat galerak bizkortuta.

Bestalde, eremua Naumann belatzaren lo eremu batetik oso gertu legoke, eta interesekoak diren beste espezie batzuen larreratze eremua da (zingira mirotza, mirotz urdina, mirotz zuria, arrano txikia, arrano sugezalea, antzandobi handia, mozoloa, belatxinga mokogorria eta abar).

Gainera, parke eolikoa bi hezeguneren artean egonen litzateke kokatuta: elkarrengandik 6 km ingurura dauden Juncal de Valoria (Mendabia) eta Salobral (Sesma) hezeguneen artean. Hala, hegaztiei erasaten ahal zaie horien arteko desplazamenduetan eta hori behar bezala analizatu behar da azterketan. Halaber, adierazten da parkea Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren zenbait eremuren artean egonen litzatekeela.

Horregatik guztiagatik, irismen txostenak ondorioztatzen du eraginak kritikoak izaten ahal direla eta larriki baldintzatzen ahal dutela parke eolikoaren ingurumen bideragarritasuna, honako arrazoi hauek direla eta: ingurunean abifauna sentikorra egotea; talka egiteko arriskua egotea; barrera efektu gisa jardutea horien desplazamenduetan; eta eragin metagarriak egotea lehendik dauden gainerako instalazioekin.

Dena den, ohartarazten da, izapidetzen jarraituz gero, hegaztien eta kiropteroen espazioaren erabileraren urteko ziklo osoaren azterketa egin beharko dela, txostenari eransten zaion protokoloari jarraituz.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideen emaitza

Kontsulten izapidean jasotako txostenak.

Hiru kontsulta izapideetan kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda, izapide bakoitzean erantzuna bidali dutenak adierazita:

KONTSULTATUTAKO ORGANISMOA

IZAPIDEA

1.

2.

3.

Ingurumen Eraginaren Atala

X

X

X

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua

X

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

X

X

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

X

X

Lodosako Udala

X

Sesmako Udala

X

Mendabiako Udala

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

Nedgia Navarra SA

X

Compañía Logística de Hidrocarburos CLH

1.–Ingurumen Eraginaren Atala:

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidean, atal horrek ingurumen eraginaren azterketan zuzendu beharreko zenbait akats aipatzen ditu. Besteak beste, ohartarazten du, araudiaren arabera, alternatiben ebaluazioa egin behar dela, parkeko elementuen dimentsioak zehaztu behar direla, proiektuak istripu larrien edo hondamendien arriskuen aurrean duen kalteberatasunari buruzko apartatu bat jaso behar dela, eta kontuan hartu behar direla baliabideen kontsumoen eta parke eolikoko osagaien fabrikazioan izaten diren kontsumoen ondoriozko eraginak. Faunari buruzko apartatuko zenbait gabezia ere konpondu beharko dira, bereziki kiropteroen eta abifaunaren azterlanetakoak. Proiektuak Natura 2000 Sarean (Estellerriko Erriberako igeltsuak KBE) duen eragina apartatu berezi batean aztertu beharko da. Paisaiaren kalitateari eta hauskortasunari buruzko azterketa erantsiko da, baita jarduketaren ikusizko analisia ere, behatzaileak bertaratzen diren puntuetatik. Gainera, kontuan hartuko dira funtzionatzen ari den «La Lomba» parke eolikotik gertu egoteak ekartzen dituen ondorio metagarri eta sinergikoak.

Bigarren izapidean, egiaztatu da proiektua aldatu egin dela, eta haize-sorgailuetako bat kendu eta beste hirurak birkokatu egin direla. Oro har, atal honek jotzen du ingurumen eraginaren azterketa berriak lehen aipatutako alderdiak jasotzen dituela, nahiz eta adierazten duen oraindik ere zenbait akats daudela, besteak beste: abifaunak egiten duen espazioaren erabileraren azterketak urteko ziklo oso bat hartu beharko du; jotzen da kokaleku berri bat bilatu beharko litzatekeela haize-sorgailuetako batentzat, Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren gaineko eragina murrizteko; eta sakondu beharko da proiektuak eremu hori Natura 2000 Sare izendatzeko erabili diren espezieen kontserbazio egoeran dituen ondorioak ezaugarritzen eta kuantifikatzen.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten hirugarren izapidean, atal honek uste du aurkeztu den ingurumen eraginaren azken azterketan lehen adierazitako alderdiak jaso direla. Aurkeztutako abifaunaren azterketak betetzen ditu metodologia orokorra eta ingurumen organo honek eskatzen duen landa laneko protokoloan definitutako helburuak. Dena den, SET Oliado eremuan amaitzen den bidea SETera sartzeko funtziora egokitzeko dimentsionatu beharko da eta, ahal den neurrian, Batasunaren intereseko habitatei eta landaredia naturalari erasatea saihestuko da.

2.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzua:

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidean, zerbitzu horretako Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jakinarazi zuen proiektatutako zangek eta bideek paralelismoak eta gurutzamenduak dituztela honako abelbide hauekin: Errege altxonbidea, Ebroko iraganbide nagusia, 7. zeharbidea eta 15. iraganbidea. Atalak aldeko txostena eman zuen, baina zenbait baldintza ezarri zituen abelbideei eta horien zortasun eremuei (3 metro, alde banatan) zegokienean: dagokion okupazio kanona ordaindu beharko da, ez da bidearen zorua eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ezta lurzatietara sartzeko bideak ere, afektazioak minimizatu eginen dira eta ez da abereen igarobidea etenen, edo ordezko pasabide bat jarri beharko da. Ez da materialik uzten ahalko gaur egun larrez estalita dagoen azaleran, ezta aldi baterako ere, eta eragindako eremua altxonbideetan edo zortasunetan lehengoratu beharko da.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidean, lehen azaldutakoa berresten du.

3.–Lurralde Antolamenduaren Atala:

Proiektuaren azken bertsioari dagokionez, atal honek gogorarazten du zer araudi bete behar den Nafarroan parke eolikoak ezartzeko, irismen txostena eman aurreko kontsulten fasean egin zuen bezala.

Egiaztatzen da proiektatutako haize-sorgailuak eremu libreetan edo ingurumen eta lurralde muga gutxiko eremuetan daudela, Nafarroako 2030erako Energia Planeko parke eolikoen harrera mapekin bat.

Adierazten da, hala badagokio izapidetuko den hirigintzako baimenaren espedientea izapidetzen den bitartean, organo eskudunei txostenak eskatuko zaizkiela egin nahi den jarduketa baldintzatzen ahal duten eragin sektorialei buruz (herri-lurrak, ondare historikoa, herri-lanak, nekazaritzako azpiegiturak, zortasun aeronautikoak, abelbideak...). Zehazki, organo eskudunaren aldeko ebazpena lortu beharko da, uztailaren 24ko 733/2015 Errege Dekretuak, Logroño-Agoncillo aireportuko zortasun aeronautikoak ezartzen dituenak, indarrean dituen zortasun aeronautikoen erasanari dagokienez.

Halaber, ohartarazten da jarduketak (energia ateratzeko linea) Eremu Ureztagarri Osagarrietan sartuta dauden lurzoruei eragiten diela, baita Nafarroako Kanalaren UGPSren 1. faseko handitzeari ere. Hori dela eta, Azpiegitura Energetikoen Ataletik Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eskatzen zaion txostenaren arabera jardun beharko da.

Dena den, instalazioaren hirigintza eta lurralde bateragarritasunaren balorazio osoa eginen da lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriaren nahitaezko baimena izapidetzean edo dagokion ingurumen izapidean, eta dagozkion txosten sektorialak eskatu ondoren.

4.–Ondare Historikoaren Zerbitzua:

Zerbitzu horretako Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazten du, behin proiektuaren informazio geografikoa eta Nafarroako Arkeologia Inbentarioan dagoen informazioa berrikusi ondoren, ez dagoela proiektuak eragiten ahal duen arkeologia aztarnategirik. Hori dela eta, aldeko txostena ematen du 2022ko ekainaren 30ean.

5.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia:

Zuzendaritza Nagusi honek proiektuaren azken bertsioari buruzko informazioa eman du, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoa bete beharko dela ohartaraziz. Haize-sorgailuen kokapenak errepidearekiko distantziei buruz ezarritakoa betetzen du. Dena den, besteak beste, honako baldintza hauek ezartzen ditu: eraikuntza guztien eraikuntza lineak, baita lurpekoak ere, 25 metrora kokatu behar dira, galtzada mugatzen duen kanpoko lerroarekiko, Acebo-Lodosa NA-129 Foru Komunitatearen intereseko errepidean. Gainera, orotariko kanalizazioak eta kutxatilak alboko jabari publikoko eremutik kanpo jarriko dira (errepidearen lur berdinketaren kanpoko lineatik 3 metrora). Sarbideak eraikitzean edo hobetzean bete beharko diren baldintzak ere zehazten dira. Azkenik, gogorarazten da sustatzaileak, Foru Komunitateko errepideei eragiten zaienez, baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko dizkiola zuzendaritza nagusi honi, baimena eman diezaion.

6.–Sesmako Udala:

Udal honek, jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidean, jakinarazten du instalazioa bateragarria dela lurzoruaren hirigintzako araubidearekin (bai udalarena bai lurraldekoa), eragindako babes lurzoruetan ezarritako salbuespenekin.

7.–Lodosako Udala:

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidean, udal honek ondorioztatzen du parke eolikoaren proposamena bateragarria dela hirigintzako udal planeamenduarekin.

8.–Mendabiako Udala:

Udal honek, jendaurreko informazioaren eta kontsulten hirugarren izapidean, jakinarazten du parke eolikoa gauzatzeak zeharka eragiten diola Mendabiako udal-mugarteari, bide publikoen sareko jarduketarengatik. Dena dela, ondorioztatzen du proposamena bateragarria dela planeamenduarekin, Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimenera baldintzatuta.

9.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa:

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten hirugarren izapidean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazten du, erakunde horren Geografia Informazioko Sistemarekin bat, parke eolikoaren poligonoa Ebro eta Ega ibaien azpiarroan dagoela. Bere txostenean zenbait baldintza ezartzen ditu: une oro bermatu behar da uren azaleko drainatzea ubideetarantz; ahal den neurrian murriztuko da makineriaren eta sarbideen lan plataforma; bermatuko da isurketa kutsagarriek ez dutela erasaten azaleko eta lurpeko uren ibilguetan; eta, oro har, beharrezko neurri guztiak hartu beharko dira ingurune hidrikoaren gaineko erasana gutxitzeko. Halaber, jabari publiko hidraulikoan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak eransten dira.

10.–Nedgia Navarra SA:

Behin kontsulten lehen izapidean jasotako informazioa berrikusi ondoren, Nedgia Navarra SAk adierazten du ados dagoela aurkeztutako proiektuarekin. Dena dela, jakinarazten du obren esleipendunak inguruko zerbitzu teknikoei jakinarazi beharko diela obren hasiera data, baita egokitzat jotzen dituen argibideak ere.

Jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak.

Jendaurreko informazioaren hiru izapideetan alegazioak aurkeztu dituzten erakundeen zerrenda:

ALEGAZIO-EGILEA

IZAPIDEA

1.

2.

3.

Gurelur

X

X

Nafarroako Ekologistak Martxan

X

Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan

X

X

X

Erriberako Ekologistak Martxan

X

X

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

X

Sustrai Erakuntza Fundazioa

X

X

X

1.–Gurelur:

Jendaurreko informazioaren lehen izapidean, Gurelurrek alegatu zuen proiektu honen jendaurreko informazioaren izapideak bat egin duela beste proiektu eoliko batzuenarekin, eta horrek zaildu egiten duela irabazi asmorik gabeko elkarteek guztiak ongi aztertu ahal izatea eta alegazioak aurkeztea.

Proiektu eolikoei dagokienez, oro har, alegatzen du indarrean jarraitzen dutela abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretua, parke eoliko berrien onarpena eteten duena, onartzeko arrazoi izan ziren ingurumen eta kudeaketa kausek, 1.1 artikuluaren baliogabetasuna deklaratzen duen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren epaia gorabehera. Halaber, gogorarazi du Nafarroako 2005-2010 Energia Planak jada aipatzen zuela «ez zegoela kokaleku eoliko berririk, salbu eta parke esperimentalerako direnak, eta ekipo zaharrak berriekin ordeztea». Gogorarazten du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 8. artikuluak ezartzen duela debekaturik dagoela beren habitat natural, kabi, kume zulo eta ugalketa eremu, negu toki eta atseden eremuak bestelakotu eta hondatzea. Azkenik, eskatzen du «El Oliado» parke eolikoaren proiektua Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren irizpenaren mende jar dadila, eta haren instalazioa baztertu dadila, alegazioan aipatzen dituen ingurumen argudioak direla eta.

Jendaurreko informazioaren bigarren izapidean alegatzen du ez dela betetzen Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikulua, ez baita fauna hegalariaren urteko zikloaren azterketa egin.

2.–Ekologistak Martxan:

Ekologistak Martxan elkarteak, bai Erriberakoak eta bai Zangozakoak, alegazioak aurkeztu zituen jendaurreko informazioaren hiru izapideetan. Alegazioak bat datoz edukian. Horregatik, batera laburbiltzen dira.

Lehenik, parke eoliko eta eguzki parkeen proiektu berrien eta haien energia ateratzeko lineen kontrako jarrera azaltzen du, zenbait argudio erabiliz.

Ondoren, «El Oliado» parke eolikoaren proiektua aztertzen du. Elkarte horren arabera, Nafarroako parke eolikoen multzoaren heriotza-tasari buruzko datuek agerian uzten dute proiektua bateraezina izanen litzatekeela basabizitzarekin, hegaztien eta kiropteroen zuzeneko istripu-tasa handia baitago, bai ingurune naturaletan bai nekazaritza inguruneetan. Halaber, jotzen du proiektua «La Lomba» parke eolikoaren handitzea dela. Gogorarazten du ingurumen eraginaren azterketak ertaintzat jo duela abifaunaren gaineko eragina.

Nafarroan, Aragoin eta Errioxan galzorian dagoen eta erkidego horietan berreskuratze planak dituen Bonelli arranoaren kasuan, proiektua bateraezina izaten ahal da aipatu berreskuratze planekin. Nafarroan, Araban eta Errioxan , Europaren finantzaketa jasotzen duten zenbait LIFE proiekturen bidez askatu diren Bonelli arrano ale gazteen sakabanaketa ibilbideari eraginen litzaioke, baita espezie horretako aleek egiten duten espazioaren erabilerari ere, eremu hori espeziearentzat ezaguna den sakabanaketa eremu batean baitago. Elektrokuzioa eta talka dira espeziearen heriotza kausa nagusia. Eremu hori Ebroren ibaiertzetako lurraldeei loturiko Errioxako aleek erabiltzen dute; beraz, mota horretako igorleak eramaten ahal dituzten aleei buruzko informazioa ere kontsultatu beharko litzateke.

Estellerriko Erriberako Igeltsuen KBEaren Kudeaketa Planak honako hau aipatzen du: «Inguruetan daude «La Lomba», «Caluengo», «Moncayuelo Vedadillo» eta «Alto de la Fraila» parke eolikoak. Haize-sorgailuak arazoa dira hegaztiak kontserbatzeko, talken bidez heriotzak eragiten ahal dituztelako. Zehazki, ikusi da heriotzak gertatzen direla haize-sorgailuekiko talken ondorioz hegazti eta saguzarren artean aipatutako parke guztietan, eta bereziki problematikoak dira «Caluengo» eta «Moncayuelo» parke eolikoak». Parke berriak kontserbazio arazo horrek okerrera egitea ekarriko luke.

Estepako abifaunaren gaineko eraginari dagokionez, adierazten du espezie horiek, maldarik gabeko habitat irekiak nahiago izaten dituztenez, paisaia asaldatzen duten elementuak saihesteko joera dutela, eta azken horietan sartzen dira elementu bertikalak. Ekologistak Martxan elkartearen arabera, ebaluatu beharko litzateke «La Lomba» parke eolikoaren presentziak ondoriorik izan al duen eremuko estepako hegaztien gainean, eta orain planteatzen den parkeak ondorio handiagoak izaten ahal dituen ildo horretan, estepako hegaztiek erabilera galtzea eraginez alboko estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan.

Halaber, gogorarazten du ondorio metagarri eta sinergikoak larritzat jo direla.

Proposatutako prebentzio neurriei dagokienez, jotzen du ez direla nahikoa, honako arrazoi hauengatik:

–Estepako hegaztiak egon arren, batez ere mirotz urdina, ez da zehazten obra fasean eginen den kudeaketa, ugalketan kalteak gertatzea saihesteko.

–Beharrezkotzat jotzen du obrak denboran mugatzea, garai kritikoak saihesteko.

–Hilkortasunaren segimendua ezin da prebentzio neurritzat hartu.

–Ez dago frogatutako eta argitaratutako ebidentziarik DTBird sistemak haize-sorgailuetan hegaztien heriotza-tasa murrizteko duen eraginkortasunari buruz, hegaztiak detektatzeaz haratago. Sistemaren eraginkortasuna frogatzen duen informazio independenterik ez badago, ezin da prebentzio neurritzat hartu. Hortaz, inola ere ez du balio aurreikusitako eraginaren kategoria larritik ertainera murrizteko.

Azkenik, beste aukera batzuk aztertzen ditu: ekonomiaren desazkundea, energia kontsumoa murriztea, energia efizientzia, autokontsumoa, lehendik dauden parkeen birpotentziazioa...

3.–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU):

SECEMUk alegazio bat aurkeztu zuen jendaurreko informazioaren lehen izapidean. Gogorarazten du parke eolikoetan saguzarren hilkortasuna dela ugaztun talde horren heriotza-eragile nagusia mundu osoan. Horrek, jaiotza-tasa baxuarekin eta bizitza luzera handiarekin batera, arriskuan jartzen du zenbait espezieren populazioen bideragarritasuna. Halaber, kiropteroen azterketetan, ingurumen ebaluazioaren prozesuan (eragiketaz aurreko fasea) eta parke eolikoen segimenduan (funtzionamendu fasea) kontuan izan behar diren alderdiak adierazten ditu.

Azterketa orokor horren ondoren, «El Oliado» parkearen ingurumen eraginaren azterketa analizatzen du, jendaurrean jarri dena. Alegatzen du kiropteroen azterketa ez dela nahikoa, aurkeztutako informazioa ez delako egokitzen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak mota honetako azterketetarako eskatzen dituen betekizunetara, ez baitu urteko ziklo bat estaltzen. Hortaz, SECEMUk jotzen du administrazio izapidea atzeratu egin behar dela, harik eta IEAren azterketa partzial guztiak osatuta egon arte. Gainera, jotzen du saguzarren gaineko eragina gutxietsi egiten dela hegaztienarekin alderatuta, nahiz eta ugaztun talde horrek hilkortasun handiagoa izanen duen, literatura zientifiko espezializatuarekin bat; eta erasanaren balorazioa («baxu-ertaina») zalantzan jartzen du, informazioa ondorio horretara iristeko behar adinakoa ez izateagatik.

Bestalde, saguzarren hilkortasuna murrizteko neurriak proposatzen dira, hala nola haize-sorgailuak geldiaraztea haize leuneko (6 m/s baino gutxiago) gauetan.

Horrez gain, alegatzen du funtzionamendu faseko ingurumen segimendua ezin dela hartu «prebentzio edo zuzenketa neurritzat», IEAn adierazten den bezala; eta, horrez gain, uste du faunaren ingurumen segimendua egiteko aurkeztutako aurrekontua (7.500 euro/urte) ez dela nahikoa.

Dena dela, jotzen du proposatutako hilkortasun segimendua egokia dela oro har (bisitak astero egitea, txakur trebatuak erabiltzea), baina adierazten du lagindu beharreko azalera inolaz ere ezin dela izan palaren luzeraren adinako erradiodun zirkulua baino txikiagoa, eta jotzen du proposatutako transekto zerrendaren zabalera (50-60 m) handiegia dela. Segimendu bisitetan lortutako datuetatik abiatuta hilkortasun erreala zenbatesteko beste indize eguneratuago batzuk ere proposatzen ditu. Funtzionamendu fasean kiropteroen jardueraren segimenduaren kasuan, jotzen du eragiketaz aurreko azterketako protokolo berari jarraitu behar zaiola emaitzak konparagarriak izan daitezen, ultrasoinuen grabagailu autonomoak erabiliz, laginketa jarraituak eta denbora luzekoak egin ahal izateko.

Horren ustez, arriskutsuak izaten ahal diren uneetan parke eolikoko haize-sorgailu guztiak geldiarazteko neurriak prebentzio eta zuzenketa neurrien kapituluan sartuta egon behar du, eta zehatz-mehatz azaldu behar da zer kasutan den aplikatzekoa.

Azkenik, ondorio metagarri eta sinergikoak aztertzeko beharra gogorarazten du, batez ere «La Lomba» parke eolikoaren (Lodosa) hilkortasuna kontuan hartuta.

4.–Sustrai Erakuntza fundazioa.

Sustrai Erakuntza fundazioak jendaurreko informazioaren hiru izapideetan aurkeztu zituen alegazioak. Lehenik, Nafarroan parke eolikoak eta eguzki parkeak planifikaziorik gabe instalatzeari buruzko alegazio orokor hauek aurkeztu ditu:

1. Proiektuaren helburua energia berriztagarrien ekoizpena areagotzea da, baina ez du aztertzen Nafarroaren energia egoera: gogorarazten duenez, 2012ko Nafarroaren Energia Planak jada adierazten zuen Komunitateak soberakinak zituela energia elektrikoaren sorkuntzan. Nafarroan elektrizitate gisa kontsumitzen den energia kontsumo energetikoaren %21 da soilik; energia berriztagarriak, oraingoz, ez dira gai erregai fosilak ordezkatzeko, eta horiek dira, hain zuzen ere, azken kontsumoaren %80. Horregatik, ez da lehentasunezkotzat jotzen elektrizitate berriztagarriaren sorkuntza areagotzea, are gutxiago Nafarroan jada asko erabiltzen den iturri bat (eolikoa) erabiliz. Proiektu berri horrek esportatzeko elektrizitatea sortzeko ahalmen handiagoa baizik ez luke ekarriko, Nafarroan energia eolikotik datorren elektrizitate kantitate handia ekoizten denean sortuko bailitzateke.

2. Ez da aztertzen CO emisioa2proiektua eraikitzean eta landare-estalkia desagerraraztean gertatzen dena: proiektu honen kasuan, jotzen da energia berriztagarria ezartzea eta karbono hustubideak mantendu eta hobetzea ez direla bateragarriak. Haren ustez, proiektuak kontuan hartu behar ditu bai karbono hustubideetan duen erasana, bai makinak eta instalazioak fabrikatzean eta in situ jartzean egindako emisioak, eta ondorioztatzen du ezin dela proiektua onartu gai horiek sakon aztertu gabe.

3. Proiektuak ingurumenaren aldetik balioa duten eremuetan lurrak mugitzea dakar: beharrezkotzat jotzen du behar bezala aztertzea pistak irekitzeak eta makinak instalatzeak proiektuaren ingurunean sortuko lituzkeen benetako eraginak.

4. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak sortzen ditu natura eremuetan: gogorarazten dute Nafarroako Erdialdea eta Erribera aseta daudela energia berriztagarrien aprobetxamenduari dagokionez. Halaber, ingurune horietan, eragin sinergikoak gertatzen dira gertuko parkeekin. Gainera, eraginak sortzen dituzten beste azpiegitura batzuk daude (linea elektrikoak, errepideak, AHT...). Horrek guztiak barrera efektua eta faunaren hilkortasuna areagotzea dakar.

Ondoren, «El Oliado» parke eolikoaren proiektua aztertzen du zehazki:

5. Proiektuak komunitate ekologiko garrantzitsuak hondatuko lituzke ezinbestean: habitat naturalak erasanen lirateke, proiektuko nekazaritza ingurunean korridore biologiko gisa jarduten dutenak. Gainera, proiektua Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren ondoan kokatzen da eta, ingurumen eraginaren azterketaren arabera, zuzenean eraginen zaio KBEari 216 m² inguruko azalera batean, SETera sartzeko bidea egokitzean. Halaber, gertu dagoen Ebro ibaiaren (babes figurarik gabea) gaineko eragina aztertzen da, baita Batasunaren intereseko habitaten gainekoa ere. Beharrezkotzat jotzen du zuhaixkak eta soroak txandakatzen dituzten paisaiak kontserbatzea, biodibertsitate handia baitute eta gero eta urriagoak baitira. Horren ustez, ezinezkoa da parke eolikoa jarri aurreko egoera berreskuratzea, baita eraitsi ondoren ere.

6. OLI01 haize-sorgailuak ez du betetzen Sesmako udalaren hirigintza araudia: Sustrai Erakuntzaren arabera, paisaia balioa duen nekazaritza ekoizpen ertaineko lurzoru urbanizaezinean kokatuko litzateke. Horrelako lurzoruetan ezin dira baimendu energia aprobetxamendurako instalazioak.

7. Proiektuak ingurumen erasan larriak eragiten ditu faunaren gainean: gogorarazten du ingurumen eraginaren azterketak berak faunaren gaineko eragina larritzat kalifikatzen duela. Proiektuak eragina izanen du estepako hegaztietan, harraparietan, eta litekeena da beste espezie batzuetan ere eragina izatea, hala nola antzandobi handian, Psammodromus hispanicus sugandilan edo Nyctalus kiropteroetan. Jotzen du zatikatze elementu bat sartuko dela Natura 2000 Sarearen matrizean eta inguruko gainerako estepa eremuetan. Litekeen ondorio horren adibide garbi bat Naumann belatza da. Espezie horrek Nafarroan duen populazio gunea jendaurreko informazioaren jarri zen lehen azterketan adierazitako koloniatik nahiko urrun dagoenez, kolonia hori desagertzeko arriskua handiagoa izanen da bakartuta geratzen bada, eta, ondorioz, murriztu eginen da espeziearen banaketa-eremua Nafarroan.

Basoilo handiaren presentzia hauteman da eta ez da baztertzen basoilo txikiaren eta ganga azpibeltzaren gaineko eragina egotea, ez baitirudi espezie horietarako beharrezkoa den azterketa metodologia espezifikorik aplikatu denik. Ez da ahalegin espezifikorik egin estepako harraparien lurraldeak hautemateko ere. Gogorarazten du parke eolikoek eraginak izaten ahal dituztela, mirotzen lurraldeetan instalatzean. Harraparien artean, miru gorria nabarmentzen da, galzorian dagoena, baita sai arrea ere, zeinaren gainean eragin handia baitute Nafarroako parke eolikoek. Azken hori desplazamendu handiak egiten dituen espeziea da; beraz, benetako arriskua dago banakoak habiak egiteko eremuetatik urrun hil daitezen. Adierazten du Nafarroan erdialde-ekialdean (Izaga, Elomendi, Ilunberriko arroila, Arbaiun eta Burgi) habia egiten duten sai arreek ia egunero egiten dituztela dozenaka kilometroko desplazamenduak Ebro ibaiaren ibarrean, modu lehenetsian, elikatzeko. Han, etxalde intentsibo eta erdi-intentsiboak ustiatzen dira, batez ere txerri eta ardienak. Hortaz, proiektuak populazio horiengan izaten ahal du eragina.

Halaber, uste du ez dela behar adina kontuan hartzen faunaren gaineko eragin metagarria eta sinergikoa, batez ere bizitza luzeko hegaztien kasuan, izan ere, kasu horretan, hegazti ugaltzaileen hilkortasunak ondorio nabarmenak ditu populazioen zenbakizko bilakaeran. Erriberaren kasuan, arrano beltzaren eta sai arrearen populazioak «hustubide» populazioak izaten ahal dira, non, hilkortasun ez-naturalik ez duten beste populazio batzuetatik datozen aleek hildako aleak ordezkatzen baitituzte. Kontuan hartu behar da parke eolikoen populazio-ondorioak sinertikoak direla, hau da, guztiek, batera hartuta, efektu demografiko bakar bat determinatzen dute populazioetan (heriotzak, parke batean edo bestean gertatu, guztizkoari gehitzen zaizkio). Gainera, parke eolikoen batez besteko bizitza dozenaka urtekoa izaten da. Horrek esan nahi du epe luzeko efektu demografikoa konstantea dela, hau da, ondorio metagarria dutela. Arrazoibide ekologiko horiek berak aplikagarri dira aztertutako harrapari guztietan eta aztertutako estepako hegaztietan.

Proposatutako prebentzio neurriei dagokienez, jotzen du ez direla nahikoa, honako arrazoi hauengatik:

–Estepako hegaztiak egon arren, batez ere mirotz urdina, ez da zehazten obra fasean eginen den kudeaketa, ugalketan kalteak gertatzea saihesteko.

–Beharrezkotzat jotzen du obrak denboran mugatzea, garai kritikoak saihesteko.

–Hilkortasunaren segimendua ezin da prebentzio neurritzat hartu.

–Ez dago frogatutako eta argitaratutako ebidentziarik DTBird sistemak haize-sorgailuetan hegaztien heriotza-tasa murrizteko duen eraginkortasunari buruz, hegaztiak detektatzeaz haratago. Sistemaren eraginkortasuna frogatzen duen informazio independenterik ez badago, ezin da prebentzio neurritzat hartu. Hortaz, inola ere ez du balio aurreikusitako eraginaren kategoria larritik ertainera murrizteko.

Estellerriko Erriberako igeltsuak KBEaren gaineko eraginari dagokienez, gogorarazi du, habitatei buruzko Zuzentarauaren arabera, Natura 2000 eremuen funtsezko elementuei inolako kalterik egitearen inguruan arrazoizko zalantza zientifikorik uzten ez duten planak eta proiektuak bakarrik onesten ahalko direla, bai bakarka, bai beste plan eta proiektu batzuekin batera, proiektuaren kokalekua edozein dela ere.

III. ERANSKINA

Hegaztiak eta kiropteroak ingurumenean zaintzeko plana, ustiatze fasean

Parke eolikoak ustiatzeko fasean, inguruko abifaunaren eta kiropteroen segimendua egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

1.–Espazioaren erabilera:

1.1. Abifauna:

Parkea martxan jarri eta 3 urtera, abifaunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, obren aurreko metodologia berarekin, metodologia berari jarraikiz. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen eraginaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Segimendu osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 haize-sorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen haize-sorgailuren bat sartu beharko da. Lan hau parkea martxan jarri eta hurrengo 5 urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako zuzenketa neurriekin.

Koloniak berraztertzea: parkearen inguruko 5 km-ko erradioan haize-sorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde honetan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, baita parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN
KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2.–Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola:

2.1. Haize-sorgailuak:

–Parke eolikoa martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko haize-sorgailu guztietan izandako gorabeheren segimendua eginen da. Segimendu fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira haize-sorgailuak.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako haize-sorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.

Haize-sorgailu bakoitzaren prospekzio eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izanen da gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, haize-sorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da prospekzio eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Haize-sorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten transekto paraleloen bidez eginen dira. Transektoak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Haize-sorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Haize-sorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo hautemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Hautemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Parke eolikoa.

–Ustez zer haize-sorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden haize-sorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak eta abar).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Linea elektrikoak:

Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, segimendua egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.

Prospekzioak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta.

2.3. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa haize-sorgailuetakoaren berdina da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Haize-sorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira prospekzioak.

3.–Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.

Gorpuzkien desagertze-tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren «Parke eolikoek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak» dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4.–Gorabeheren berri ematea:

Katalogatutako espezieak: berehala bidali behar da mezu elektronikoa Ingurumen Eraginaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilean behin jakinaraztea: Ingurumen Eraginaren Atalak Accesseko datu base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

IV. ERANSKINA

Arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuekin jarduteko protokoloa.

Segimenduak erakusten badu Haize-sorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1.–Arriskuan dauden espezieen Estatuko edo erkidegoko katalogoan «galzoriko espezie» edo «espezie kaltebera» gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten haize-sorgailuak:

1.1. Haize-sorgailu berak aurreko 5 urteetan arriskuan dagoen espezie batekin talkarik eragin ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta bi organoei neurri aringarri batzuk proposatuko dizkie, haize-sorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, baita konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete iragan baino lehen. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren segimendua areagotuko du sustatzaileak, baita neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren segimendua ere.

1.2. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu berean beste talka bat izan bada espezie mehatxatu batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak haize-sorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak haize-sorgailuaren ingurunean erasandako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio igarobideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo haize-sorgailua eraistea) eta mehatxatutako espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, haize-sorgailuak eragindako hilkortasunaren segimendua areagotuko du sustatzaileak, baita neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren segimendua ere.

1 TAULA. ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN
HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa (km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko 5 urteetan haize-sorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka hauteman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Haize-sorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk gertatu ezin diren baldintza berrietan.

2.–Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (Estatukoa edo Nafarroakoa) espezieekin talka eragiten duten haize-sorgailuak:

2.1. Urte batean haize-sorgailu batek 2. taulan adierazitako hilkortasun atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko heriotza-tasaren analisiaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, haize-sorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak azterketa bat eginen du haize-sorgailuaren talka arriskua aztertzeko, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu berrien arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak espresuki horretarako baimena ematen badio baino ez du haize-sorgailua berriz martxan jartzen ahalko. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak segimendua eginen dio ezarritako neurri arintzaile gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu eginen du haize-sorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren segimendua, baita ezarritako neurri arintzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren segimendua ere.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako haize-sorgailu arriskutsu baten segimendu bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, haize-sorgailua behin betiko gelditu, eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitate organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gertatzeko aukerarik ez dagoen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2 TAULA. HAIZE-SORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN
DUTEN BBEBZ-KO ESPEZIEEN (MEHATXATU GABEKOAK) TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoa

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus)

5

Itsas hegaztiak (gaviiformeak, prozesilariformeak eta pelezaniformeak), uretakoak (anseriformeak, podicipediformeak, zikoniformeak eta phoenicopteriformeak), larolimikolak (txaradriiformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2301107