39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Ebazpen horren bidez, Enel Green Power España SLUk Obanos eta Añorbe udalerrietan sustatzen dituen eta Añorbe, Tirapu, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta udalerrietako energia ateratzeko azpiegituretan eragina duen «Eneritz-Tirapu» parke eolikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten da.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

1.1. Aurretiazko kontsultak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluarekin bat, 2019ko abuztuaren 14an, Enel Green Power España SLUk hasiera batean «Eneritz-Añorbe» deitu zen parke eolikoaren proiekturako ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren eskaera egin zen. Parke eolikoa Eneritz eta Añorbe udalerrietan kokatzekoa zen eta, energia ateratzeko azpiegiturak eragina zuen udalerri horietan, baita Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta udalerrietan ere. 2020ko urtarrilean eman zen eskatutako dokumentua, eta ebazpen honen I. eranskinean kontsultatu ziren entitateak, jasotako erantzunak eta egindako irismen txostenaren laburpena biltzen dira.

1.2. Jendaurreko informazioa.

56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko uztailaren 1ean, eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zitzaien «Eneritz-Tirapu» parke eolikoaren proiektua eta ingurumen eraginaren azterlanaren inguruan, baita SET-Muruarte Sustatzaileen Kolektorerainoko energia ateratzeko azpiegituraren inguruaren, SET-Muruarte Sustatzaileen Kolektorearen eta SET-Muruarterainoko (REE) energia ateratzeko azpiegituraren inguruan ere.

1.3. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Enel Green Power España SLUk, 2021eko azaroaren 8an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkion «Eneritz-Tirapu» parke eolikoaren eta SET-Muruarte Sustatzaileen Kolektorerainoko energia ateratzeko azpiegituraren ingurumen eraginaren proiektua eta azterketa, eta ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

2022ko azaroaren 25ean, sustatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu zuen, abifaunaren urteko zikloa eta hari lotutako landa datuak eguneratuz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri dio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

2.–Proiektuaren laburpena.

«Eneritz-Tirapu» parke eolikoak 6 haize-sorgailu ditu, ezaugarriok dituena: 170 m-ko diametroko errotorea eta 115 m-ko altuera duen abatza, honako koordenatu hauetan planteatuak:

HAIZE-SORGAILUA

X

Y

TI-01

598.333

4.722.095

TI-02

598.841

4.722.177

TI-03

599.566

4.722.062

TI-04

600.126

4.722.121

TI-05

600.658

4.722.899

TI-06

602.732

4.722.412

Gainera, neurketa autosostengatuko anemometrorako dorre bat instalatzea aurreikusten da, 115 metroko altuera izanen duena, Obanos udalerriko X: 600.379, Y: 4.722.805 koordenatuetan.

Parkerako sarbidea 19,320 km-tik eginen litzateke, gutxi gorabehera, NA-601 errepidetik. Sarbide nagusiko bideak lehendik dauden zenbait bide erabiliko ditu, gutxi gorabehera 4.318 m-ko luzera dutenak, eta zenbait tartetan egokitu egin beharko dira, haize-sorgailuak garraiatu ahal izateko. Barneko bideak, horiek elkarri konektatzeko eta Maniobra eta Babes Zentroarekin lotzeko erabiltzen direnak, 11.951 m luze izanen dira guztira. Horietatik, 3.434 metro berriki eraikiko dira eta gainerako ia denak egokitu egin beharko dira.

Haize-sorgailuak elkarri lotuta egonen dira, eta Maniobra eta Babes Zentroarekin konektatuta, 33 kV-ko zirkuitu lurperatuekin. Hortik, 33 kV-ko lurpeko linea elektrikoaren 7,943 km-ren bidez, parkean sortutako energia SET-Muruarte Sustatzaileen Kolektoreraino (220/33 kV) eramanen da, energia berriztagarrien beste proiektu batzuekin partekatuta.

SET horretatik lur azpiko 220 kV-ko goi-tentsioko linea bat proiektatu da, 495 m ingurukoa, Espainiako Sare Elektrikoaren SET-Muruarte 220 kV-ra arte; hor du energia ateratzeko puntua «Eneritz-Tirapu» parke eolikoak.

3.–Azterketa teknikoa.

«Eneritz-Tirapu» parke eolikoaren ingurumen eraginaren azterketak, energia ateratzeko azpiegiturarenak barne, jotzen du proiektuaren eragin handieneko ekintza parkearen funtzionamendu fasean zehar instalazioak egotea dela; paisaia eta fauna dira erasan handiena jasaten duten elementuak. Baina ondorioztatzen du proiektu horrek eragin global bateragarria duela, eta oro har bideragarria dela, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriekin eta ingurumen zaintzaren programaren exekuzioarekin.

Parkea Arga ibaira isurtzen den Nekeas errekaren iparraldean dago. Errekaren albo banatan bi mendikate txiki daude, eta hor lehorreko zerealen laboreak sastrakadi/zuhaizti mediterraneoekin tartekatzen dira. Iparraldean dagoen mendilerroa, Nekeas mendilerroa, igeltsu izaerakoa da, eta horrek lehorreko zereal-soroen eta sastrakadi mediterraneoko eremuen mosaiko konplexua sortzen du. Azken horien artean, sastrakadi gipsikolak nabarmentzen dira, interes ekologiko handiko habitata izategatik, 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera lehentasunezko interesekotzat sailkatuak; horiek, gainera, flora babestuko espezieak hartzen ahal dituzte. Halaber, bi mendilerroen ipar orientazioko mazeletan, eta inguruneko beste batzuetan, birpopulaketa pinudiak daude. Horiek babes hartzeko, atseden hartzeko eta/edo habiak egiteko tokiak eskaintzen dizkiete basoko hegazti harrapari ugariri, eta horien larreratzeko eremua proiektatutako parke eolikoaren ezarpen eremura hedatzen da.

Nekeas errekaren ingurune hurbila ureztalur bihurtu zen duela urte batzuk eta, gaur egun, 1.000 metro inguruko zabalerako zerrenda osatzen du. Hor mahastiak, olibadiak, artasoroak eta abar aurkitzen ditugu ureztalurretan, lehorreko zereal-sororen bat tartekatuta.

Bertako habitatetan dibertsitate eta aberastasun handia dagoenez, espezie ugari daude, besteak beste, «harrapakin espezieak», aldi berean, espezializatuagoak diren beste espezie batzuk egotea errazten dutenak. Hori are hein handiagoan gertatzen da Nekeas mendilerroan; izan ere, lurzoruaren gogortasun eskasak mendiko untxi ugari egotea dakar, eta horiek harrapari asko erakartzen dituzte, bai parkearen ezarpen eremuan, bai parkearen inguruko eremu zabalagoan. Horri gehitu behar zaizkio abeltzaintza estentsiboa, erabiltzen ari diren zenbait abeltzaintza-ukuilu egotea (horietako bat 6. haize-sorgailuaren ondoan) eta txerri etxalde bat ezartzea 4. eta 5. haize-sorgailuen artean; hori, untxi populazioekin gertatzen den bezala, harrapari asko erakartzen dituen foku garrantzitsua da. Gainera, abeltzaintza estentsiboa eta horri loturiko azpiegiturak mantentzea oso garrantzitsutzat jotzen da dibertsitaterako eta dauden ekosistemak kontserbatzeko.

Horregatik guztiagatik, proiektuaren esparrua interes handiko ingurunea da faunarentzat, eta zenbait espezie babestu bizi, larreratu eta elikatzen diren eremua da; horien artean, hegaztiak nabarmentzen dira, eta, bereziki, harrapariak (miru gorria, mirotz urdina,mirotz zuria, sai arrea, miru beltza, arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, zapelatza, zingira mirotza eta abar). Hori berretsi egiten dute abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketan hautemandako hegaldi-tasa handiek, eta, talka egiteko arriskua dagoen altuerako hegaldi ehunekoekin batera, erasan arrisku handia gertatzen da; hori larria izaten ahal da bertan bizi diren abifaunaren espezie batzuentzat.

Enerizko hirigunearen hegoaldean dagoen lehen mendilerroko parke eolikorako hasiera batean planteatu zen eremuak (horri buruzko txostena egin zen) habitat sinplifikatuagoa eta kalitate txarragokoa zuen azkenean planteatu zen eremuak baino. Izan ere, untxi dentsitate txikiagoa eta erakarpen foku gutxiago izanik, hegaldi-tasa txikiagoak izaten ahal zituen, eta, ondorioz, abifaunako espezie batzuek erasan arriskua txikiagoa izaten ahal zuten. Ildo horretan, 6. haize-sorgailuaren azken kokapenaren habitata proposatutako gainerako haize-sorgailuena bezain anitza ez izan arren, eta zenbait hegaztiren kasuan hautemandako tasak txikiagoak izan arren, jotzen da etorkizuneko haize-sorgailutik 300 metrora baino gutxiagora erabiltzen ari den abeltzaintza ukuilu bat egoteak (hautemandako miru gorriaren eta mirotz urdinaren hegaldi-tasa handiekin batera) erasan arrisku handia ekartzen ahal dutela, eta hori larria izaten ahal dela espezie horietarako eta beste batzuetarako.

Aipamen berezia merezi du miru gorriak, Estatu mailan galzoriko espezie gisa katalogatutakoak. Espezie horrentzako potentzial handiko habitata da azterketaren eremua, eta horri erantsi behar zaio espezie horrentzako oso erakargarria dela harrapakin ugari egotea, abeltzaintza estentsiboa egotea (erabiltzen ari diren zenbait ukuilurekin) eta txerri etxalde berri bat ezartzea. Horrek guztiak azaltzen du miru gorria espezie ohikoa eta ugaria izatea parkearen ezarpen eremu osoan. Gainera, inguru horretan negua pasatzen duen populazio handia larreratzeaz gainera, eta ale sakabanatzaileak egoteaz gainera, zenbait bikote ugaltzaile daude gertu, eta horiek kontserbatzea interes berezikoa da, espeziearen Nafarroako banaketa-mugatik gertu egoteagatik. Hori berretsita geratzen da abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketan, batez besteko hegaldi gordinaren tasa handia erakusten baitu, hots, 2,57 miru gorri orduko, are handiagoa 4. eta 5. haize-sorgailuen posizioen inguruan, baita arrisku-altuerako hegaldi ehuneko handia ere (%59,76). Datu horiek larriak dira, galzoriko espezietzat katalogatutako espeziea delako Estatu mailan, eta ingurunean funtzionatzen ari diren parke eolikoetan hilkortasun handia detektatu delako espezie horrentzako. Mehatxu hori faktore mugatzailea izaten ahal da galzoriko espezie hori kontserbatzeko eta berreskuratzeko, bai aztergai den eremuan bai estatu mailan eta Europan, espezie migratzailea delako.

Halaber, arreta berezia merezi du sai arreak, maniobratzeko ahalmen eskaseko harrapari planeatzaileak. Parke eolikoetan intzidentzia handia agertzen du horrek, inguruneko parke eolikoetan egiaztatu den moduan. Abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketako datuen arabera, etorkizuneko haize-sorgailuen kokaleku guztietan oso altuak dira hegaldi-tasak eta horien ehunekoa talka egiteko arrisku altueran (batez besteko hegaldi-tasa gordina 8,0 sai/ordu da eta arrisku altuerako hegaldien %90,58). Izan ere, parkearen poligonalean koloniarik ez dagoen arren, ingurunea ohiko iragate-eremua da, baita erakarpen handiko gunea ere, lehen aipatutakoarengatik. Hori guztia dela eta, larria izaten ahal den erasan arrisku handia dago, are gehiago kontuan hartzen bada bizitza luzeko espeziea dela, heltze sexualaren aldi berantak dituena, eta ugaltze-tasa txikiak. Gainera, populazioak mugikortasun handikoak dira.

Halaber, nabarmentzekoa da mirotz urdinaren presentzia eta, batez ere, aurkeztutako abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketan adierazten den moduan, ugaltze toki bat egotea, bi bikote ugaltzailerekin, Nekeas errekan ezarrita. Espezie horretako arrek hegaldi asko egiten dituzte araldian zehar, pirueta eta akrobazia ugarirekin. Halakoek talka egiteko arrisku handia ekartzen dute, hazkuntza gunea planteatutako zenbait haize-sorgailutatik hurbil baitago. Horrez gain, parkea ezarriko den eremua espezie horren ohiko larreratze eremuaren barruan dago, eta, ziurrenik, baita hurbileko beste bikote batzuenean ere. Eta hori larria izaten ahal da Estatu zein erkidego mailan kalteberatzat katalogatutako espezie horrentzat.

Gainera, detektatutako hegazti eta kiropteroetako asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude, eta, beraz, «habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa-eremuan». Ezin da baieztatu proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak soluzio eraginkorra direnik aipatu espezieei sortzen zaizkien arazoen aurrean, eta haize-sorgailuak instalatzeak okertu egiten ahal ditu espezie horien biziraupen eta ugalketa baldintzak parkearen ezarpen-eremuan.

Aztergai den eremuan bi migrazio eremu garrantzitsu ere badaude: bat Artederreta mendatearen ingurunean, non, energia ateratzeko linearako proposatu den lurperatzeari esker, ez baita erasanik aurreikusten; eta beste bat parke eolikoa egonen litzatekeen Nekeas mendilerroan. Baina Arga ibaia gertu dago, eta igarobide ekologiko natural gisa eta migratzen ari den abifaunarentzako erreferentzia gisa jarduten du horrek. Ondorioz, azterketaren eremuak migraziorako garrantzia eta erabilera intentsitatea galtzen ditu.

Horren harira, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazten duen bezala, mendilerro honen zati handi bat, eta, zehazki, 5. eta 6. haize-sorgailuen kokalekua, babes bereziko eremutzat sailkatuta dago, lurralde konektagarritasunaren ondorioz, LAP 3-Erdialdea lurralde antolamenduko planean. Erreniega Salba Dezagun 4.0 plataformak ere babes bereziko lurzoru horien erasana ere adierazten du, aipatu LAP 3 planarekin bat etorriz. Indarrean dagoen araudiaren arabera, ahalegin berezia egin beharko da lurralde konektagarritasunaren ondoriozko ingurumen balioagatik babestu behar diren lurzoru urbanizaezinetan erasana izaten ahal duten azpiegitura edo jarduketak ez daitezen fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin bihurtu. Halaber, behar diren neurriak hartu beharko dira espazioen arteko lotura gal ez dadin.

Alegazio-egile askok (Muru Artederretako kontzejua, Garesko Udala, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Javier Lorenzo Martín Arribasek ordezkatutako 230 alegazio-egile, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, eta Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkartea) azpimarratzen dute parkea instalatzeak ziurrenik erasana ekarriko diela bertan dauden fauna hegalariaren espezie askori; eta horrek espezie askoren populazioetan beherakada izateko arrisku nabarmena iradokitzen du.

Bestalde, Nekeas mendilerroan, 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera Batasunaren interesekoak diren habitatek hartzen duten azalera dago. Horietako batzuk lehentasunezkoak* dira (4090, 6420, 5210, 1520*, 6220*), eta, gainera, babestutako flora espezieak hartzen ahal dituzte. Sarbideen eraikuntza eta egokitzapenak, eta haize-sorgailuak muntatzeko beharrezkoa den lurraren prestaketak, flora babestuko espezie eta habitat horien azalera eta aniztasuna aldatu eta murriztuko lituzkete, eta galera hori bertan dauden animalia eta landare komunitateei eramanen litzaieke. Aurkeztutako Ingurumen Eraginaren Azterketaren (IEA) arabera, eragin larria eraginen luke horrek, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren ere.

Ildo horretan, zenbait alegazio-egilek (Muru Artederretako kontzejua, Garesko Udala, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Javier Lorenzo Martín Arribasek ordezkatutako 230 alegazio-egile, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, eta Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkartea) parkea ezartzeak ekarriko lukeen erasanaren larritasuna ematen dute aditzera, azterketaren eremuak balio ekologiko handia izateagatik. Izan ere, bertan Batasunaren Intereseko zenbait habitat natural daude, horietako batzuk lehentasunezkoak, eta suntsituko eginen dira.

Bestalde, Nafarroako Kanalari loturiko ureztapena ezartzearen ondorioz, Artaxoa eta Mendigorria udalerrien lur azalera handi batean nekazaritza eraldaketa eta intentsifikazio handia gertatu da. Horren ondorioz, espezie askorentzat erabilgarria zen azalera handia galdu eta/edo hondatu da. Horri proposatutako parke eolikoaren iparraldean eta ekialdean dagoen haize-sorgailuen kontzentrazio handiak eragindako presio handia gehitu behar zaio. Horrekin batera, airetiko linea elektrikoen dentsitate handia dago ingurunean, lehendik daudenak eta izapidetzen ari direnak, eta horrek ondorio metagarri eta sinergikoak eragiten ditu, fauna hegalariak lurraldearen erabileran eta multzoaren joan-etorrietarako iragazkortasunean eragiten dutenak, eta hilkortasun arriskua areagotzen dutenak.

Zenbait alegazio-egilek (Muru Artederretako kontzejua, Garesko Udala, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Javier Lorenzo Martín Arribasek ordezkatutako 230 alegazio-egile, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkartea, eta Jocelyn eta Javier Lorenzo, Martín Arribas) aditzera eman dituzte parke eolikoen, eguzki parkeen, linea elektrikoen eta abarren kontzentrazio handiak, horien ondorio metagarri eta sinergikoekin.

Paisaiari dagokionez, ingurumen eraginaren azterketak (IEA) paisaiaren ezaugarrien analisia egiten du horren kalitatearen eta hauskortasunaren arabera, bi faktoreak kalitate ertainkotzat kalifikatuz. Hori dela eta, lurralde kalteberatasunaren ikuspegitik, eragina ertaintzat jotzen du. Lurralde erasanari dagokionez, haize-sorgailuek sortutako ikusizko ondorioak zehaztuta, ertaintzat kalifikatzen du maila globalean, nahiz eta zenbait eremutan ikusizko ondorioen inpaktua larritzat kalifikatuta egon. Eunateko Andre Maria elizarako, ikusizko inpaktuen azterketa espezifikoa aurkezten da. Horrek ondorioztatzen du oso baxua dela eta, hortaz, bateragarria dela, nahiz eta paisaia-integrazioko zenbait neurri proposatzen diren. Herriguneen gaineko erasanari dagokionez, inpaktu larria dagoela adierazten du Mendigorria eta Muruzabal udalerrietan, eta ertaina/bateragarria edo nulua gainerako herriguneetan. Azkenik, IEAk ondorioztatzen du proiektua onargarria dela paisaiaren aldetik, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak gauzatuz gero.

Halaber, zenbait eragilek (Muru Artederretako kontzejua, Garesko Udala, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Javier Lorenzo Martín Arribasek ordezkatutako 230 alegazio-egile) adierazten dute eskualde mediterraneoetako laborantza lur tipikoak dituzten baso masen mosaikoa gero eta urriagoa dela, eta beharrezkotzat jotzen dute hura babestea, nekazaritza eredu iraunkor, tradizional eta bideragarria baitira, eta eredu ekonomiko eta sozial jasangarrirako trantsiziorako Europako jarraibideekin bat egiten baitute. Gainera, Jocelynek eta Javier Lorenzo Martín Arribasek paisaia zaintzeko eta hari balioa emateko konpromisoa gogorarazi dute, Espainiak Paisaiaren Europako Hitzarmena sinatu zuenean hartu zuena. Halaber, aurkeztutako paisaia azterketan hauteman dituzten zenbait akats azaldu dituzte, eta zehaztasun falta adierazi dute, baita paisaia antolatzeko eta zuhurtasun printzipioa aplikatzeko beharra ere. Horien arabera, ez litzateke parkea egiteko baimenik eman beharko.

Kontuan hartuz gero ingurunean intereseko fauna hegalari mehatxatua, heriotza arriskua, inguruko parke eoliko eta beste azpiegitura askorekiko ondorio metagarri eta sinergikoak, paisaia eta ekologia balio intrintsekoa eta inguruko beste eremu batzuen ureztapenaren ondorioz proiektuaren eremuak hartu duen garrantzia, ikusten da proiektuaren eraginak garrantzitsuak direla eta ingurumen bideragarritasuna baldintzatzen dutela.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak bere txostenean dio behar bezala egin dela ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura. Hala ere, ez dago ados ingurumen eraginaren azterketaren ondorioekin, horiek gutxietsi egiten baitute proiektua eraikitzeak ingurumenean izanen duen eragina. Kontuan hartuz gero ingurunean intereseko fauna hegalari mehatxatua dagoela, heriotza arriskua dagoela, inguruko parke eoliko eta beste azpiegitura askorekiko ondorio metagarri eta sinergikoak daudela, paisaia eta ekologia balio intrintsekoa dagoela eta inguruko beste eremu batzuen ureztapenaren ondorioz proiektuaren eremuak hartu duen garrantzia, ikusten da proiektua ingurumenaren aldetik bideraezina dela. Horregatik, ingurumen eraginaren aurkako adierazpena ematea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Enel Green Power España SLUk Obanos eta Añorbe udalerrietan sustatzen dituen eta Añorbe, Tirapu, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta udalerrietako energia ateratzeko azpiegituretan eragina duen «Eneritz-Tirapu» parke eolikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egiten da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko koordinazio unitatea), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 13an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko jarduketetan egindako kontsulten izapidearen emaitza

Kontsultatu diren eta erantzun duten erakundeen zerrenda.

Aurretiazko kontsulten izapidean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna bidali dutenak adierazi dira:

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Añorbeko Udala

Bai

Enerizko Udala

-

Ukarko Udala

-

Biurrun-Olkozko Udala

Bai

Tebas-Muru Artederretako Udala

Bai

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

-

Herri-lurren Atala

Bai

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala.

-

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

Bai

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

-

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

Bai

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

-

Ekologistak Martxan Iruñea

-

Gurelur

-

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

-

ANAN-Nafarroako Natura Lagunen Elkartea

-

Nafarroako Ehiza Federazioa

-

ADECANA-Nafarroako Ehiztarien Elkartea

-

Alaitz Mendizale Elkartea

-

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

-

Nafarroako Erdialdeko tokiko ekintza taldea

-

Aitakaio Elkartea - Artaxoako Mendiaren Lagunak

-

Sustrai Erakuntza Fundazioa

-

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

-

Red Eléctrica de España SA

Bai

Naturgy Renovables SLU

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak emandako «Eneritz-Añorbe» parke eolikoaren ingurumen eraginaren azterketaren irismeneko dokumentuaren laburpena.

Proiektuaren ezaugarrien laburpena egiten da. Fase honetan, 8 haize-sorgailu instalatzea jasotzen zuen, 34 MW-eko guztizko potentzia instalatuarekin, 105 metroko abatz altuerarekin eta 150 metroko errotore diametroarekin. 7 km-ko energia ateratzeko airetiko linea bat eraikitzea, 220 kV-ekoa, parkeko azpiestaziotik Muru Artederretako azpiestazioraino.

Ikusten da proiektatutako parke eolikoa haize-sorgailuen dentsitate handiko eremu batean dagoela, eta horrek eragina izaten ahal duela abifaunaren lurralde okupazioan eta multzoaren desplazamendu iragazkortasunean. Halaber, jakinarazten da proiektuaren eremua interes handiko ingurunea dela abifaunarentzat, eta hazkuntza, larreratze eta elikadurarako babestutako espezieak daudela.

Halaber, obrak egiteak bertako landaredia eta habitatetan eraginen lukeen erasana ohartarazten da, eta behin betiko planteamenduan hori murriztea eta kuantifikatzea eskatzen da. Era berean, ohartarazten da beharrezkoa den lur mugimenduaren bolumena kuantifikatu behar dela eta dagozkien profilen planoak aurkeztu behar direla.

Nabarmentzekoa da parkea Aragoiko Donejakue bidetik, Eunateko Andre Maria elizatik eta San Martin baselizatik hurbil dagoela. Toki horiek bisitari asko izaten dituzte eta dagokion paisaia azterketa egin behar da.

Halaber, Nafarroako PEN 2030 Energia Planaren arabera, parke eolikoak hartzeko «egokiak ez diren eremuetan» edo «ingurumen mugak dituzten eremuetan» dauden haize-sorgailuen berri eman da.

Energia ateratzeko planteatutako azpiegiturari dagokionez, eta ingurunean instalatuta dauden eta izapidetzen ari diren airetiko azpiegitura elektrikoen dentsitate handia ikusita, beste aukera batzuk aztertzea eskatzen da.

Azkenik, indarrean dagoen legedia gogorarazi da, nola Estatu mailakoa hala Foru Komunitatekoa, ingurumen eraginaren azterketaren edukiak arautzen dituena, eta adierazten da aurkezten den ingurumen eraginaren azterketak eragin metagarri eta sinergikoen analisia jaso behar duela. Halaber, Ingurumen Eraginaren Atalak abifaunaren eta saguzarren urteko zikloko azterketak egiteko ezarritako protokoloak eransten dira, baita paisaia azterketaren edukiak ere.

Iragarkiaren kodea: F2301138