39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiekin elikatzeko, ebazpen honen aplikazio aldian, belarjale espezieak abeltzaintza ekologikoaren ekoizpenetan.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urriaren 27ko 836/2022 Ebazpenaren bidez, salbuespenezko neurriak hartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzetarako betekizun jakin batzuk betetzeari dagokionez, lehorteak eragindako egoera dela eta. Bertan adierazten denez, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarteko nekazaritza-urtean, Nafarroa osoa kontuan hartuta, prezipitazioaren batez besteko balioa %88koa izan da, oso urte lehorra, beraz, serieko hamargarren lehorrena (1961-2022). Hori ikusita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iritziz neurriak hartu behar dira lehenbailehen, laguntzen onuradunek zigorrik jaso ez dezaten lehortearen ondorioz konpromisoak eta betebeharrak bete ezinean baldin badaude.

Ildo horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 917/2022 Ebazpenean aipatzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatean, ohiko plubiometriak baino askoz txikiagoak izatearen ondorioz, 2022ko apiriletik pairatu zen muturreko lehorteak honako egoerak eragin dituela nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorean: bazkatzeko larre falta, labore batzuk ereiteko zailtasunak eta beste labore batzuk ez ernetzea.

Prezipitazioen defizit horrek laboreen errendimenduak gutxitu ditu, bereziki eta modu larrian larreenak. Egoera horrek eragin nabarmenagoa du abeltzaintza ekologiko estentsiboan, nagusiki larreetatik eta lehorreko laboreen produktu eta azpiproduktuekin elikatzen baita, eta horiek denak euriaren mende daude. Abeltzaintza estentsibo ekologikoaren elikagai beharrak gero eta larriagoak dira, eta klima egoera ezohiko honek eragotzi du baliabide propioak izatea eta ekoizpen ekologikoko bazka nahiz alea pilatzea neguko estabulazio garaian abereen behar fisiologikoei erantzuteko. Horregatik, elikadura eskasaren ondorioz abereen ongizatean ondoriorik izan ez dadin, beharrezkoa da salbuespeneko baimen bat ematea abereei elikagai ez-ekologikoak eman ahal izateko.

Batzordearen 2020ko irailaren 24ko 2020/2146 (EB) Erregelamendu Delegatuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamendua osatzen du ekoizpen ekologikoan aplikatu beharreko salbuespeneko ekoizpen arauei dagokienez (2018/848 Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotakoak), eta aurreikusten du agintari eskudunak aldi baterako baimentzen ahalko dituela 3. artikuluan jasotako salbuespen espezifikoak, okerreko klima egoerak hondamenak sortzen dituenean. Artikulu horrek baimena ematen du abereak pentsu ez-ekologikoekin elikatzeko, pentsu ekologikoen edo ekologiko bihurtzeko prozesuan daudenen ordez, pentsuen ekoizpena galtzen denean edo murrizketak ezartzen direnean.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiekin elikatzeko, ebazpen honen aplikazio aldian, belarjale espezieak Nafarroako abeltzaintza ekologikoaren ekoizpenetan.

2. Salbuespen aldian, baimenduko dira ekoizpen ekologikokoak ez diren nekazaritzako lehengaiak baldin eta sarturik badaude pentsuetako lehengaien katalogoan, Batzordearen 2013ko urtarrilaren 16ko 68/2013 (EB) Erregelamenduan jasotakoan, eta disolbatzaile kimikorik erabili gabe ekoitzi edo prestatzen badira. Horrez gain, ezin izanen dute genetikoki eraldatutako organismorik izan, ez eta haietatik eratorritako produkturik ere. Baimentzen ahal diren elikagaiak bi motatakoak izan daitezke: bazkak eta lastoa eta/edo alea eta pentsua. Abereek salbuespeneko aldian kontsumitu beharreko kantitateak eskatuko dira.

3. Nafarroako abeltzaintza ekologikoko ustiategiak dituzten operadore ekologikoek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Kontrol Ekologikorako Agintaritzari, hau da, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari (NNPEK), beren abereei elikagai ez-ekologikoak emateko, ebazpen honetan ezartzen diren baldintzekin bat. Kontseiluak horren berri emanen dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoari. Zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez baimenduko du, eskatzaile bakoitzaren kasuan, elikagai ez-ekologikoak erabiltzea, eta horren berri emanen die Kontrol Ekologikorako Agintaritzari, jarraipena eta kontrola betetzeko, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, hark Europako Batzordeari jakinaraz diezaion OFIS sistemaren bidez. Komunikazio horretan jasoko dira, gutxienez ere, eskatzailearen izen-deiturak, IFZ edo IFK, abere espeziea eta buru kopurua, ustiategiaren REGA kodea eta elikagai ez-ekologikoaren mota (pentsua/alea eta bazka/lastoa), baita elikagai kantitatea ere kilotan.

4. Baimen hau erabiltzen duten operadore guztiek gorde beharko dute salbuespen aldian erabiltzen dituzten elikagai ez-ekologikoen horniduren erregistro dokumentala, ondoren Kontrol Ekologikorako Agintaritzak, hots, NNPEKek, gainbegira dezan. Gainbegiratzeak ziurtatuko du ekoizleak, gehienez ere, abereak gabealdian elikatzeko behar adina elikagai erosten duela.

5. Salbuespeneko baimen hau 2023ko martxoaren 31n bukatuko da.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari eta Nekazaritza Ekologikoari Laguntzeko eta Nekazaritza Sektoreko Zeharkako Ekintzetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 19an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2302355