39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan 2023ko otsailaren 15ean egitekoa den greba dela eta.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta STEILAS sindikatuek deialdi bat egin dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan greba egiteko 2023ko otsailaren 15ean.

Kontuan harturik Justizia Administrazioak ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan harturik, orobat, enplegatu publiko guztiek konstituzio-eskubidea dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eskubide hori babestu behar da, eta, aldi berean, Administrazioaren zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatu.

Egoera honetan aplikagarria den ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluak, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kontseilariei ahalmena ematen die, grebaren deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren, zehatz ditzaten funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, Administrazioan gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Justizia Administrazioan gutxieneko zerbitzuak zehaztu behar dira etengabeko jarduera bermatzearren herritarrei kalte konponezina eragiten ahal dieten alderdietan, dela jurisdikzio-babesa modu itzulezinean galarazteagatik, dela herritarrek auzitegietan jardutean segurtasun juridikoaren printzipioaren aurkako egoera sortzeagatik; izan ere, bi kasu horietan, benetako babes judizialerako eskubidea urratuko litzateke, zeina Konstituzioaren 24. artikuluan bermatua baitago.

Ildo horretan, Justizia Administrazioan funtsezkotzat jo behar dira zerbitzu publikoa bermatzeko ezinbestean funtzionatzen egon behar duten zerbitzuak. Hala, ulertu behar da epe baten mende dauden jarduketak, presoekiko kausak, kautelazko neurriak, dokumentuen erregistroa edo jadanik finkatuak dauden ikustaldiak ezin direla inola ere geldiarazi greba-egoera batengatik. Era berean, kontuan harturik guardiako zerbitzu gisa jarduten duten epaitegietan gertatzen diren inguruabar bereziak, beharrezkoa da zerbitzu horiek ere funtsezko zerbitzu gisa hartzea eta langile zuzkidura nahikoa izatea. Hortaz, helburua da langileek greba egiteko duten eskubidearen eta bete beharreko beharren arteko proportzionaltasuna bilatzea, kontuan hartuta organo judizial batetik bestera, langile kopuruari dagokionez, dauden desberdintasunak; izan ere, horrek galarazten du gutxieneko zerbitzuak emateko finkatzen den funtzionario kopurua berdina izatea toki guztietan.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetan 2023ko otsailaren 15ean egitekoa den greba dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira departamentu honetan:

–Nafarroako barruti judizialetako guardiako epaitegietan (Iruña, Agoitz, Lizarra, Tafalla eta Tutera): pertsona bat kidego hauetako bakoitzean: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa, eta Laguntza Judiziala.

–Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren mendeko organoetan: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko edo Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoko pertsona bat eta Laguntza Judizialeko kidegoko pertsona bat bulego fiskal bakoitzean.

–Greba-aldian ikustaldiren bat esleitua daukaten Nafarroako Foru Komunitateko organo judizial guztietan, pertsona bat kidego hauetako bakoitzetik: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala.

–Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuan: auzitegi-medikuen kidegoko pertsona bat eta autopsietako laguntzaile bat.

Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoan: zerbitzu orokorretako pertsona bat.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Justiziako Zuzendaritza Nagusiari, Justiziako Gizarte Zerbitzuari eta Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiari eta Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2302371