39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, arauak ezartzen dituena 2023-2025 aldian lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak erregulatzeko, eta laguntzen deialdia onesten duena 2023. urterako. DDBN identifikazioa: 669993.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruz 2013ko abenduaren 17an emandako 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, 14. artikuluan, neurri bat ezartzen du ezagutzen transferentziari eta informazio jarduerei buruz.

Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduak aipatu berri den erregelamendu hori aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu.

Abenduaren 19ko 1080/2014 Errege Dekretuan, 2014-2020 aldiko Landa Garapenerako Programak kudeatu behar dituzten agintarien koordinaziorako araubidea ezartzen da.

2014-2020ko Landa Garapenerako Esparru Nazionalaren agiriak Estatuko eta erregioetako programen estrategiak garatzen ditu, koadro finantzarioa bildu eta landa garapenerako neurriak aplikatzeko baldintzak harmonizatu.

Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2015-2020 Programa onetsi zen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntzak emateari begira.

Programa horretako 1. neurriak "Ezagutzen eta informazioaren transferentziaren jarduerak" du izena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikulua aplikatuz. Neurri hori horizontala da programazio estrategikoaren testuinguruan eta lagungarria da landa garapenerako lehentasun guztietan eta EBko Focus Area direlakoen zerrenda luze batean, besteak beste, hauek osatua: nekazaritzari buruzko ezagutzen transferentzia eta berrikuntzak bultzatzea, ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzari lotutako ekosistemak lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baliabideen efizientzia sustatzea eta landa eremuen gizarteratzea eta garapen ekonomikoa garatzea.

1. neurri horren barrenean zenbait azpineurri daude, hala nola 1.1 azpineurria, lanbide heziketaren jarduerei eta trebetasunak eskuratzeari sostengu emateari buruzkoa. Azpineurri hori erregulatzen duten arauak ebazpen honetan garatzen dira. Azpineurri horren jardueretan, berariazko saioak eginen dira talde hartzaileen prestakuntza helburuak erdiesteko arlo zehatzetan, edo gaiaren araberako bilerak edo foroak gai zehatzei heltzeko.

Zehazki, azpineurri horrek bat egiten du, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.1.c) artikuluari jarraituz, Europar Batasunaren landa garapenerako lehentasunarekin, etengabeko ikaskuntza eta lanbide heziketa sustatzen baititu nekazaritzaren sektorean.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritako xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 47. artikuluan ezarritakoen menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, laguntza honen berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.43478 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren bidez, 2014-2020 aldiko landa garapenerako planak aldatzeko nahitaezko betebeharra ezarri zen, halako moduz non 2021. eta 2022. urteei dagozkien aldi berriko funtsak 2022ra arteko landa garapeneko planetara igaroko baitira, aldi berriaren aplikazioan izandako atzerapena dela kausa (erregelamendu horrek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzarako zenbait xedapen iragankor ezarri zituen 2021. eta 2022. urteetarako, eta aldatu zituen, batetik, 1305/2013 (EB), 1306/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, laguntza horren 2021eko eta 2022ko baliabideei eta aplikazioari dagokienez, eta, bestetik, 1308/2013 (EB) Erregelamendua, laguntza horren 2021eko eta 2022ko baliabideei eta banaketari dagokienez).

Europako Batzordearen 2021eko ekainaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez, Nafarroako Landa Garapenerako Programa aldatzea onetsi zen, LGENFko laguntzak emateari begira; onetsitako aldaketa horrek ekarri zuen, 2021-2022 aldi iragankorrean, 2023-2027ko funtsak 2014-2020ko aldian sartzea. Funts horiek 2025eko abenduaren 31ra arte erabil daitezke, betiere aurrekontua dagoen bitartean.

2014-2020 aldian, 1. neurria (Ezagutzen eta informazioaren transferentziaren jarduerak izenekoa) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Aginduan arautu zen. Foru agindu horren bidez arauak ezarri ziren 2016-2020 aldian lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak erregulatzeko, eta laguntzen deialdia onetsi zen 2016. urterako. Arau hori beste 6 foru aginduren bidez aldatu da. Segurtasun juridikoaren mesedetan, eta aldiaren gainerakoan araua bat eginik egon dadin, ebazpen hau ematen da argitara, bertan bilduta 2014-2022ko Nafarroako Garapenerako Planaren programazio-aldiaren gainerakoan neurria arautuko duten oinarriak.

Ebazpenari, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak eman du ebazpen honen aldeko txostena.

Ikusirik Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta jarduneko ekitaldirako eskuragarri dagoen aurrekontua.

Ebazpen hau ematen da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2023-2025 aldian lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak arautuko dituzten oinarriak, I. eranskinean jasotzen den moduan, bai eta ebazpen honen II. eranskinetik VII.era bitartekoak ere.

2. Onestea lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak emateko 2023. urterako deialdia, zeina I. eranskinetik V.era bitartekoetan ezarritako oinarri arautzaile eta baldintzen menpe izanen baita.

3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da 2023an, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2024an Nafarroako Gobernuaren 2022ko gastu-aurrekontu orokorraren honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura, eta, betiere, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago: 710000 71200 4400 412109 partida, "LGP LGENF 2014-2020. Prestakuntza jarduerak" izenekoa.

5. Arauok eta dirulaguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratu daitezen agintzea.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 10ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

LAGUNTZAK, 2023-2025 ALDIAN LANBIDE HEZIKETAREN JARDUEREI ETA TREBETASUNAK ESKURATZEARI SOSTENGU EMATEKO, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LGPAREN 1. NEURRIARI LOTURIK. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako "Lanbide heziketaren jardueretarako eta trebetasunak eskuratzeko laguntzak" azpineurrirako laguntzak arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua), eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 47. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza bat jaso duten enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

3. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso. Horretarako, aintzat hartuko da nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat eginik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatuarekin eta Landa Garapenerako 2014-2020 Programan zehaztuarekin, laguntza honen azken xedea da prestakuntza helburuak erdiestea talde hartzaileen arlo zehatzetan, sektorearen lehiakortasuna handitzeko, horien kualifikazioa eta prestakuntza hobetzeko, nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren nekazaritzako produkzio sistemak sustatzeko, nekazaritzaren arloko politikak eta sostengurako sistemak eta baliabideak ezagutzeko, Europar Batasunak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei ematen dizkien funtsen bitartez.

2. Helburu estrategikotzat jotzen da, zalantza izpirik gabe heltzen baitie 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan zehaztutako Europar Batasunaren lehentasunei, etengabeko ikaskuntza eta lanbide heziketa sustatuz nekazaritzaren sektorean.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak izanen dira nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko langileei edo Nafarroako Foru Komunitateko landa eremuetan aritzen diren ETEei lanbide heziketako eta trebetasunak eskuratzeko zebitzuak eskaintzen dizkieten entitateak.

4. oinarria.–Definizioak.

1. Ebazpen honen ondorioetarako, ondokoetan zehaztutako definizioak aplikatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako politika erkidearen esparruan laguntzaren araubideen arabera nekazariei ordainketa zuzenak egiteko aplikagarriak diren arauak ezartzen dituena; eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua, nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen dituena, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

2. Halaber, ebazpen honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira prestakuntza eta trebakuntza ikastaro, lantegi eta coaching jardueratzat: berariazko saioak prestakuntza helburuak erdiesteko talde hartzaileen arlo zehatzetan, edo gaiaren araberako bilerak edo foroak gai zehatzei heltzeko, neurrirako zerbitzuak behar zehatzei erantzuna emateko eta Internet bidezko prestakuntza ikastaroak.

3. ETEen definizioa izanen da Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei buruz ezarritakoa.

5. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuraduna izateko, entitateek, laguntzaren eskaera aurkezten dutenen egunean, onartuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Izaera juridikoa izatea eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar fiskalak eta kotizazioak egunean izatea. Eskaeraren inprimakian interesdunari jakinarazten zaio departamentuari baimena ematen diola hori frogatzen duten datuak kontsulta ditzan.

b) Nekazaritzaren edo ingurumenaren arloko unibertsitateko prestakuntza duten 2 pertsona gutxienez kontrataturik izatea lanaldi osoan, zeinek gutxienez 2 urteko esperientzia izanen baitute prestakuntza lanetan, baita administrazio lanetarako beste pertsona bat ere, lanaldiaren %50 gutxienez prestakuntza jardueretan ariko dena. Langile horiek denak laguntza eskatzen duen prestakuntza entitatearen kargura egonen dira kontrataturik deialdi hau argitaratu baino lehenago.

c) Bi urteko esperientzia frogatzea nekazaritza arloko sektorearekin lotutako prestakuntza jardueretan.

d) Bermatzea irakasleek prestakuntza jasotzen dutela aldian behin, urtean 20 orduz gutxienez, irakaslaneko jarduna hobetze aldera.

e) Laguntzaren eskaerarekin batera urteko jarduketa plan bat aurkeztea, gutxienez 300 ikaslerentzako prestakuntza jarduerak eta 200 orduko iraupena dituena. Aurkezten den urteko jarduketa planak ondoko 4 prestakuntza arloetako 3 landuko ditu gutxienez:

–Nekazaritzako lanetan hastea.

–Nekazaritzako lanak hobetzea.

–Nekazaritzako ingurumena.

–Nekazaritzako elikagaiak.

Onartuak izateko irizpideak betetzen direla egiaztatzeko agiriak zein diren laguntza eskaeraren ereduan (II. eranskina) daude zehazturik, eta eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira.

6. oinarria.–Konpromisoak.

Entitate eskatzaileek konpromiso hauek hartuko dituzte egiaztatzeko prestakuntza zerbitzuak behar bezala ematen direla eta operazioa eraginkorra dela.

a) Eskatzen duten guztiei erantzutea bere lanean, inolako diskriminaziorik egin gabe.

b) Objektibotasun osoz jardutea prestakuntza, informazio eta ezagutzen transferentziako zereginetan, eta, zehatzago, aipamenik egin gabe ez produktuei ez produktoreei, eta ez sustatzea produktu jakin batzuk.

c) Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunek kalitate teknikoaren kontrola eta egiaztapena egitea onartzea, eskaintzen duten zerbitzuaren fidagarritasuna egiaztatzeko.

d) Behar bezalako publizitatea ematea prestakuntza jarduerei, Europako ikurra ikusgai jarrita, https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols_es orrialdean aipatzen diren arau grafikoekin bat, inprimatutako materialetan, karteletan eta propagandan ere.

Publizitatea emateko, entitateek beren webgunean erakutsi beharko dute, egun batez gutxienez, onartu zaien eskaerarekin batera aurkeztutako prestakuntza plana, aurreikusitako ikastaroak, lekuak eta datak zehaztuta, laguntza emanen zaiela jakinarazi ondoko 15 egunean. Entitateen sare sozialetan edo egoki jotzen den beste hedabideetan ere ikusgai jartzen ahalko dute prestakuntza plana.

e) Eskaerarekin batera aurkeztutako urteko jarduketa planean emandako zenbatekoaren %80 gutxienez gauzatzera iristea.

f) Hartutako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badaude.

g) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk jasoz gero, horien berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

h) Laguntza ongi eman eta ordaindu dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea.

i) Erabiltzaileen erregistro sistema bat edukitzea, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1307/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako kudeaketa eta kontrol sistema integratuarekin bateragarria.

j) Urteko jarduketa planean egiten diren aldaketak jakinaraztea 15. oinarrian ezarritako epeetan.

7. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

1. Neurri honen esparruan, diruz laguntzen ahal dira ondoko baldintzak betetzen dituzten prestakuntza jarduera hauek:

a) Honakoak izatea diruz laguntzen diren jarduerak: ikastaroak, berariazko saioak, gaiaren araberako bilerak, foroak edo informazio jarduerak ebazpen honen 4.2 oinarrian zehazten diren gai zehatzei heltzeko.

b) Prestakuntza jarduerek lotuta egon behar dute ebazpen honen III. eranskinean zehazten diren Focus Area horietako bati gutxienez, dirulaguntza jasotzeko.

c) Gutxienez 3 orduko iraupena duten prestakuntza jarduerek jaso dezakete dirulaguntza, eta ikasletzat hartuko dira jardueraren iraupeneko ordu guztien %80ra joaten direnak. Gutxienez 8 ikaslek parte hartu behar dute ikastaroan.

2. Ez dira diruz lagunduko Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza eta trebakuntza ikastaroak, lantegiak eta "coaching" jarduerak; salbuespena izanen dira klase praktikoen barnean, irakasten diren arloei loturik, Nafarroaz kanpoko ustiategi edo intereseko lekuetara egiten diren bisitak, baldin eta Nafarroatik kanpo egin behar diren joan-etorriak eta praktikak jardueraren iraupen osoaren %20 baino gutxiago badira.

3. Neurri honen esparruan, diruz lagungarriak izanen dira bai antolaketa eta administrazio gastuak, bai irakaskuntza jarduerak egitekoak. Antolaketako eta administrazioko langileen eta irakasleen gastuengatik egotz daitekeen zenbatekoa (soldaten kostua eta enpresaren kargurako gizarte segurantza) ezin da izan antolaketako eta administrazioko langileen gastuen baturaren %30 baino gehiago. Kalkulu horretan kanpoko irakaskuntza konputatzeko, irakaslearen zenbatekoa argi bereiziko da dagokion fakturan.

Irakasleen gastuen barnean, prestaketa-lanei eta joan-etorriei dagozkien orduak sartuko dira. Ratioa, gehienez, 3 ordukoa izanen da, eskolako ordu bakoitzeko.

4. Kostu diruz lagungarri horiek atal hauetan banatzen dira:

a) Langileen zuzeneko gastuak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako gizarte segurantza.

–Langileriaren gastu orokorrak. Kontzeptu horren barnean sartuko dira entitatearen gastu orokorrak, hala nola zuzendaritza eta koordinaziokoak, zerbitzu informatikoak, kontularitza zerbitzuak, telekomunikazioak, administrazio zerbitzuak, amortizazioak eta konponketak eta bulego eraikinen, ekipoen eta instalazioen mantentze-lanak, errentamenduak eta alokairuak, argiaren, gasaren eta abarren hornidura, paperak, finantza gastuak, eta abar. Gastu orokor horiek, zeinak behar bezala justifikatu beharko baitira, osotara, ez dute gaindituko langileen guztizko gastuen %15 (soldaten kostua + gizarte segurantza).

Entitate eskatzailearen langile gastuetatik (soldaten kostua + gizarte segurantza), erreferentziatzat lanordu bat hartuta, ordu baten kostua aterako da, eta ez dira kontuan hartuko, laguntza kalkulatzeko, orduko 45 eurotik gorako kopuruak.

b) Zuzeneko beste gastu batzuk, prestakuntzako eta trebetasunak eskuratzeko jarduerei zuzenean egotz dakizkiekeenak:

–Laguntza teknikoa eta hirugarrenen lanbide zerbitzuak, irakaskuntzakoak ez direnak, ikastaro bakoitzaren kostuaren %20ko mugarekin. Laguntza teknikoagatik ordaindutako zerbitzu-sariek ez dute gaindituko orduko 45 euroko muga.

–Laguntza teknikoa eta hirugarrenen lanbide zerbitzuak, irakaskuntzakoak direnak, kostua 125 eurokoa dela, gehienez, eskolako ordu bakoitzeko. Kontzeptu hori argi bereizi behar da asistentzia edo zerbitzua justifikatzeko fakturan.

–Berariazko materialen eta material didaktikoen erosketa, 20 euroko mugarekin bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 2.000 eurokoarekin ikastaro bakoitzeko.

–Ikasgelen alokairua, egun bakoitzeko 200 euroko mugarekin.

–Itzulpenerako banakako ekipamenduen alokairua, 50 euroko mugarekin bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 2.000 eurokoarekin egun bakoitzeko.

–Itzulpen zerbitzuak, 250 euroko mugarekin itzultzailearen lan ordu bakoitzeko eta itzuli beharreko hizkuntza bakoitzeko.

–Antzeko beste gastu batzuk, behar bezala identifikatu eta justifikatzen ahal direnak.

c) Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak. Honako hauek barne:

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten teknikarien kilometrajea. Nafarroako bulego eta langelen hitzarmenean finkatutako prezioan fakturatuko da. Justifikatzeko, banakako joan-etorrien zerrenda aurkeztuko da, egiten dituen teknikariak eta horren nagusiak sinatua.

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten teknikarien mantenu gastuak, izan otorduak edo ostatu gastuak. Haien kostuaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta gehienez ere 180 euro ordainduko zaie eguneko kanpoko irakasleei otorduengatik eta ostatuagatik, eta 20 euro otorduko, irakasle propioei.

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten teknikarien autobideko bidesariak, halakorik bada. Horien egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

–Autobusaren alokairua ikasleak eta irakasleak eraman eta ekartzeko prestakuntza jarduera propioetara; unitate bakoitzeko 800 euro gehienez.

–Otordu zerbitzua prestakuntza jardunaldi eta ikastaroetarako; 5 euro gehienez bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 500 jardunaldiko.

5. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagunduko.

6. Gastuak entitate onuradunaren azken txostenean justifikatuko dira, eta zehaztuko dira, besteak beste, prestakuntza jarduerak eta bertaratutakoak eta jarduera bakoitzaren kostu osoak ere. Entitateak, halaber, gastuen hiru kategoria horietako bakoitzaren justifikazio orokorra aurkeztuko du, baita kontabilitateko informazioa eta jardueretan bertaratutakoei eta parte-hartzaileei egindako fakturak ere.

7. Ez da diruz lagunduko nekazaritzaren eta nekazaritza eta elikagaien arloko prestakuntza ikastaroak edo jardunaldiak egitea, ez eta bestelako jarduerak ere, baldin eta ekitaldi honetan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren finantzaketa badute.

8. Ez dira diruz lagunduko eskaerari erantsi behar zaion plan behin-behinekoa edo behin betikoa (aurrekoa aurkeztu ez bazen) aurkeztu baino lehen egindako gastuak, bat etorriz zuzentarauen I) zatiko III. kapituluko 3.4 puntuarekin eta 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluarekin.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza urteko dirulaguntza bat izanen da, hots, zerbitzuen hornitzaileak kasuan kasuko jarduketa planean ezarritako prestakuntza programak prestatu, koordinatu eta irakastean benetan egin eta ordaindu dituen kostu diruz lagungarriak itzuliko dira.

2. Kostu hautagarrien %90 izanen da laguntza.

3. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien lehentasun-hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera ezarriko da balorazio irizpideen arabera emandako puntuak batuta; IV. eranskinean ezarri dira irizpideok.

Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du puntu gehien dituenak a), b), c), d), e), f), g), h), i) eta j) hautatze irizpideetan, hurrenez hurren.

Berdinduta jarraituz gero, urteko jarduketa planean jarduera gehien aurkezten dituen entitateari emanen zaio lehentasuna. Bigarren irizpidea izanen da prestakuntza orduen kopuru handiena izatea.

Erabilgarri dagoen aurrekontua nahikoa ez denean eskaera bateko gastu diruz lagungarri guztiak ordaintzeko, kontzesio partziala eginen da, urteko jarduketa planaren jarduera batzuei dagokiena. Lehenbizi, nekazaritzako lanetan hastearen prestakuntza arloko jarduerei helduko zaie, gero, nekazaritzako lanak hobetzearen arlokoei, nekazaritzako ingurumenekoei eta, azkenik, nekazaritzako elikadurakoei.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza honen norgehiagokako araubideko tramitazioan, eskaeren lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da IV. eranskinean ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie dirulaguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko, nahitaezkoa izanen da aurreikusitako balorazio irizpideen gehieneko puntuazioaren %30 eskuratzea gutxienez ere.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta urteko jarduketa plana.

1. Lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko zerbitzuak ematen dituzten entitateek abian den urterako eskatu nahi badute laguntza, behin-behineko prestakuntza plan bat aurkeztu dezakete urtarrilaren 1etik aurrera, hartan sartutako ekintzak diruz lagunduak izan daitezen laguntza eskaera aurkeztu baino lehen.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, kasuan kasuko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Laguntza eskaera II. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da; eredu hori eskuragarri egonen da, halaber, Interneten, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan, dagokion fitxan.

3. Laguntza eskaerarekin batera, urteko jarduketa plana ere aurkeztuko da, ondoko informazioa ekarriko duena:

–Prestakuntza jardueren zerrenda, zehaztuta zer helburu eta metodo duten eta nori zuzentzen zaizkion. Prestakuntza presentziala edo on-lineko erdi-presentziala izan daiteke; hura osatzeko, irteerak egin daitezke ustiategietara, landutako gaiei buruzko ezagutza sendotzeko.

–Jarduera guztietarako, honakoa adierazi behar da: zer egunetan aurreikusten den hasiera, iraupena, zer tokitan eginen den jarduera, kalkulatzen den ikasle kopurua, jarduerak zer izen duen, eta ikastaroa zer Focus Area nagusiri lotzen zaion.

–Jarduera horietarako erabiliko diren lokalak eta baliabide materialak, informatikoak eta telematikoak barne, egokiak direnak prestakuntza lanetarako.

–Entitateak prestakuntza jarduerak gauzatzeko dituen langileak eta langileek eginkizun horretarako duten trebakuntza.

–Aurreikusitako aurrekontua, jardueraz jarduera zehazturik, barnean sartuta zerbitzua antolatzeko eta emateko lanen kostuak, parte-hartzaileenak eta aurreikusitako diru-sarrerak.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 Betearazpen Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute egiazta daitezela proposatutako kostuen moderazioa eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen ekintza planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira:

a) Erreferentziako kostuak: zenbateko diruz lagungarria izanen da entitate eskatzaileak aurkeztutakoa edo 7.4 oinarrian adierazitako kostu diruz lagungarrien aplikazioaren ondoriozkoa, horien artean txikiena.

b) Eskaintza desberdinen konparazioa: erreferentziako kostuak aplikagarriak ez direnean erabiltzen da; entitate eskatzaileak gutxienez proformako hiru fakturaren artean aukeratu beharko du, gastuaren zenbatekoa edozein dela ere, eta laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu proformako fakturak.

c) Ebaluazio batzordea: zerbitzuaren ezaugarri bereziak direla-eta ezinezkoa baldin bada xedeko lana edo hornidura egiten duten enpresa bat baino gehiago aurkitzea, eta, hortaz, eskaturiko gastuari ez bazaizkio aplikatzen erreferentziako kostuak, entitate eskatzaileak memoria bat aurkeztu beharko du eskaintza bakarra justifikatzeko. Halakoetan ebaluazio batzordeak aldeko txostena eman beharko dio aurkeztutako aurrekontuari, edo aurrekontu alternatibo bat eman. Batzordea NPEaren Plangintzarako Ataleko bi teknikarik osatuko dute.

2. Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, onuradunak aurkeztutako aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa hartuko dira, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.

3. Kostuen moderazioa aplikatu izanari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu baino lehen eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin baino lehen, onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta. Egiaztapenak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketa nabarmenen bat eskatzen badu jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, etab.), legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien jarduerak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan laguntzak emateko aurreikusitako prozeduren instrukzioa Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

14. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.

1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, gehienez 15 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezten diren egunean dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontu diruz lagungarria hartuko da kontuan, ebazpen honen 8. oinarrian aurreikusitako mugak gainditu gabe.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta ebazpen honetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza ematearen gaineko espedientean jaso beharko da onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

7. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

8. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

9. Ebazpenean dirulaguntza emanen zaien eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, kasua bada. Horien artean agertuko dira aurrekontu baliabideen esleipen mugaren ondorioz ezetsitakoak, 10. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 5. oinarriaren arabera.

Dena dela, konkurrentzia prozeduraren eten puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Halakoetan, identifikatu beharko du, proposatutako ekintzen artean, zeinetarako mantentzen duen konpromisoa. Eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

10. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

11. Gainera, laguntza emateari buruzko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko dirulaguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, "Ezagutzen transferentzia eta informazio jarduerak" izeneko neurrian.

12. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

13. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo isilbidezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, isilbidezko ezespena izanez gero.

15. oinarria.–Eskaerak eta jarduketa plana aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasieran onetsitako ekintza planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu edo/eta jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik.

2. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute. Gainera, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

3. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazio irizpide berei jarraituz onetsi beharko dira ekintza planeko aldaketak, eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doituta ere, hasiera batean onartutako laguntzak ez dira handituko.

4. Jarduerak egiteko tokia, ordua edo iraupena aldatzen denean eta urteko jarduketa planean sartutako jarduera bat bertan behera gelditzen denean, gutxienez 48 ordu lehenago egin beharko da horren jakinarazpena.

5. Hasiera batean urteko planean aurreikusi gabeko jarduerak egin behar badira, egin baino 15 egun baino lehenago eman behar da horren berri, gutxienez.

6. Aldaketek programatutako jardueren gaiari eragiten badiote, ez dira onartuko.

7. Era berean, ez da onartuko aldaketarik 5. oinarrian zehaztutako 4 arlo tematikoetatik kanpoko prestakuntza jarduerak egitea ekartzen duenean. Instrukzio organoak aztertuko ditu proposatzen diren jarduera berrien gaiak, eta ukatuko ditu irizpide hori betetzen ez dutenak.

16. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Eskaera egin ondoren, 2 ordainketa partzialera arte egin dakieke, baita kitatzeko azken ordainketa bat ere, 6. oinarrian ezarritako konpromiso guztiak betetzen dituzten zerbitzu hornitzaile guztiei, 14. Oinarrian zehaztutakoari jarraituz izan badute kontzesio ebazpena.

2. Ordainketa eskaera V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da, Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari zuzendua.

3. Hilabeteko epea dago azken eskaera aurkezteko, urteko jarduketa plana gauzatzen bukatzen denetik aurrera.

4. Ordainketa eskaeran adierazi beharko da eskatutako laguntzaren zenbatekoa, egindako gastuari aplikatutako kontzesio portzentajearen muga gainditu gabe, 8. oinarriarekin bat, eta eskaerei honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Ordainketa partzialen eskaeretarako, egindako jardueren gaineko informazioa eta horiek gauzatzeko egin diren gastu hautagarrien egiaztagiriak, ordainagiriak barne, bai eta saio bakoitzera joan diren ikasleen zerrenda eta bertaratze-orriak ere, bertaratuek sinatuak.

b) Amaierako ordainketaren eskaerarako:

–Ordainketa partzialen eskaerarik aurkeztu ez bada, a) atalean adierazitakoa.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela justifikatzeko azken txostena edo memoria, honako hauek bilduta:

  • Gauzatutako prestakuntza jardueren zerrenda, honako hauek zehaztuta: Focus Area delakoak, helburuak, metodoak, non eta noiz egin diren, bertaratu direnen kopurua (saio bakoitzeko bertaratze-orria erantsi beharko da, bertaratuek sinatua, baldin eta a) letraren arabera aurkeztu ez bada), irakastorduak, praktikak, irakasleak eta ikastaroaren aurrekontua.
  • Gauzatutako aurrekontuaren zerrenda, jardueraren arabera zehazturik, honako hau barne: zerbitzuak antolatzearen eta ematearen kostuak, parte-hartzaileen kostuak eta ikastaroengatik lortutako diru-sarrerak.
  • Ikasleen zerrenda, honako hauek zehazturik: NANa, izen-abizenak, jaiotze-data, prestakuntza akademikoa, bizilekua, sexua eta zer prestakuntza jardueratara joan den.

–Gobernu organoak gauzatu diren gastu diruz lagungarriei buruz hartutako erabakiaren ziurtagiria, urteko planarekin alderatuta.

–Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta ordainketa eguna ere. Egindako gastutzat joko da gastuak justifikatzeko epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

–Aurreko atalean aipatutako zerrendan sartutako fakturak edo antzeko froga balioa duten bestelako agiriak, eta ordaindu direla egiaztatzeko agiriak (aurkeztutako fakturekin bat datorren ordainketaren banku-agiria), baldin eta ez badira aurkeztu lehendik egindako ordainketa eskaerekin batera.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko erabili diren bestelako dirulaguntzen zerrenda zehaztua, zenbatekoa eta jatorria adierazita, eta, orobat, helburu bererako eskatutako beste laguntzen zerrenda.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntza zer jarduerarako eman zen, hura egin dela eta onuradunak gardentasun betebeharrak bete dituela egiaztatu ondoren ordainduko dira dirulaguntzak.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzearren jarduketa plana aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egin daitezke jarduketa planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azken ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo 18. oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

18. oinarria.–Murrizketak eta baztertzeak.

1. Ez badira betetzen eskaeren lehentasun-hurrenkera finkatu duen puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, eta horren ondorioz puntuazio txikiagoa egokitu balitzaio, eta onuradunen artean ez egotea, urteko ordainketa ukatuko da.

2. 5. oinarrian zehazten diren onartua izateko baldintzetako edozein eta 6. oinarriko a), b), c), d), e), f), g), h) edo i) letretako konpromisoetako edozein betetzen ez bada, urteko ordainketa ukatuko da.

3. Ikastaroetako aldaketen berri emateari buruzko konpromisoa betetzen ez bada (6. oinarriko j) letra), %20 gutxituko da ikastaro horri dagokion ordainketa.

4. Ordaindu beharreko zenbatekoa, ordainketa eskaeraren arabera eta kontzesioaren erabakiaren arabera, %10 handiagoa denean gastua noraino den onargarri aztertu ondoren zehazten den zenbatekoa baino, administrazio zehapen bat ezarriko zaio gastua noraino den onargarri aztertu ondoko zenbatekoari, bi zenbatekoen arteko tartea adinakoa. Zehapen hori ez da laguntza osoa kentzeaz haratago joanen.

19. oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion–cas.pdf/dfc3bda0-ebed-f7b1-7186-c457c32f79b7?t=1651059278956

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

20. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

2. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a) Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b) Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c) Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

d) Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

e) Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f) Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

3. Laguntza hauek ezin dira metatu:

a) Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluan ezarrita dauden laguntzak.

b) Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) tartekietan nekazari gazteentzako enpresak sortzeko edo ustiategi txikiak garatzeko aipatzen den laguntza, bien batura 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

4. Laguntza hauen entitate onuradunek, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, betiere Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman eta/edo ordaindu zuen dirulaguntza, baita haren zenbatekoa ere.

21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuak deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda argitaratuko du, Nafarroako Gobernuak Interneten duen webguneko tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika erkidearen finantzazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

3. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin zerikusia izanez gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

ERANSKINAK

II. ERANSKINA.–Laguntza eskaeraren eredua.

V. ERANSKINA.–Ordainketa eskaeraren eredua.

Deskargatu II. eta IV. eranskinak (DOC).

III. ERANSKINA

Prestakuntza jardueren Focus Areak

ARLO TEMATIKOA

FOCUS AREA

JARDUERA MOTEN ADIBIDEAK

Nekazaritzako lanak hobetzea

2a. Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta ustiategien berregituraketa eta modernizaziorako erraztasunak ematea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzeko asmoz, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere.

–Kudeaketa tekniko orokorra edo berritzailea: produkzio teknikak, abeltzaintzako aldaerak/arrazak, makina berritzaileak, nekazaritzaren dibertsifikazioa (esaterako, ureztalur bihurtu diren tokietan).

–Kontabilititateko eta finantzako kudeaketa nekazaritzako ustiategietarako.

–NPEari buruzko informazioa (I. eta II. zutabeak).

–Lan arloari buruzko kudeaketa nekazaritzako ustiategietan: nekazaritzako gizarte segurantza.

–Segurtasuna eta lan arriskuak nekazaritzako ustiategietan.

–Basogintzako kudeaketa jasangarria.

Nekazaritzako lanetan hastea

2b. Prestakuntza egokia duten nekazariak nekazaritza sektorean sar daitezen erraztea, eta bereziki, belaunaldi-erreleboa erraztea.

–Nekazaritzako ustiategietan gazteak sartzea.

–Nekazari gazteak prestatzea.

Nekazaritzako elikagaiak

3a. Lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, ekoizleak nekazaritzako elikagaien katean txertatuz kalitate araubideen bitartez, nekazaritzako produktuei balio erantsia ematea, produktu horiek sustatzea tokiko merkatuetan eta banaketa zirkuitu laburretan, ekoizleen talde eta erakundeak eta lanbidearteko erakundeak.

–Kalitatearen ziurtagiria duten produktuak ekoiztu edo eraldatzea.

–Merkaturatzeko estrategiak/antolaketak (kontsumo taldeak, banaketa zirkuitu laburrak, ustiategian saltzea...).

–Elikagaiak eraldatzeko teknikak/prozesuak (kontserbak, ardogintza, esnekiak...), ustiategiari zuzenduak edo ekoizleen erakunde batean.

–Kooperatiben batzordeetarako prestakuntza.

Nekazaritzako ingurumena

4L

4. lehentasuna

4a. Biodibertsitatea lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baita natur balio handiko nekazaritza sistemak eta Europako paisaien egoera ere.

–Produkzio ekologikoa.

–Natur balio handiko nekazaritzako eremuak (larreak, estepako hegaztien habitatak, Natura 2000 sareko eremuak) zaintzeko lagungarriak diren nekazaritzako jardunak.

–Ardi zakurrak heztea (artzaintzari eusten laguntzeko).

4b. Uraren kudeaketa hobetzea, ongarri eta pestiziden kudeaketa barne

–Fitosanitarioak aplikatzea.

–Ongarritzearen kudeaketa.

–Simaurra/mindak kudeatzea/biltegiratzea.

4c. Lurzoruen higadurari aurrea hartzea eta horien kudeaketa hobetzea

–Lurra gutxi lantzeko teknikak, landare estalkien erabilera.

5a. Nekazaritzan uraren erabilera eraginkorragoa lortzea.

–Ureztaketaren kudeaketa.

5b. Nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan energiaren erabilera eraginkorragoa izan dadila lortzea.

–Energiaren kontsumoa murrizteko prozesuak/makinak (edo eraginkortasuna hobetzekoak).

5c. Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea, bioekonomiaren garapena sustatzeko: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak.

–Biogasa eta biomasa sortzea (nekazaritzakoa eta basokoa), energia iturri gisa.

–Nekazaritzako lehengaien eraldaketa elikagaiez besteko produktuetarako.

Beste batzuk

6c. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) eskuragarritasuna hobetzea, baita haien erabilera eta kalitatea ere landa eremuetan.

–Interneten zerbitzuak eta erabilera nekazaritzaren eta abeltzaintzaren kudeaketan (tramite telematikoak esaterako).

–Internetez baliatzea sustapenerako eta salerosketarako.

IV. ERANSKINA

Jarduketak hautatzeko irizpideak

BALORAZIO IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

a) Zenbat Focus Area estaltzen dituzten programatutako jarduerek

≥ 5

8

b) Zenbat irakasle teknikarik parte hartzen duten planean

≥ 4 eta ≤ 6

4

≥ 7

8

c) Zenbat jarduera aurreikusi diren

≥ 12 eta ≤ 24

2

≥ 25 eta ≤ 36

4

> 36

6

d) Zerbitzuaren kalitatea (ikasleen kopurua/jardueren kopurua)

≥ 25 eta ≤ 50

3

< 25

6

e) Zerbitzuaren kalitatea (nekazaritzako eskualdeetan irekitako bulegoen kopurua)

≥ 1 eta ≤ 2

2

≥ 3 eta ≤ 4

4

≥ 5

6

f) Natura 2000 Sareari lotuta garatu diren jarduerak

≥ 5 eta < 10

2

≥10

4

g) Programatutako jardueren ordu kopurua

≥ 300

3

h) Ikasle kopurua

≥ 400

3

i) Programatutako jardueren zenbateko osoa

> 70.000 euro eta < 100.000 euro

1

> 100.000 euro

3

j) Kostu pribatuaren kargura fakturatuko den ehunekoa, jardueren zenbateko osotik

≥ %50

3

Iragarkiaren kodea: F2300570