39. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, arautzen duena nola kudeatu eta ordaindu diru-sarrera eta ondare gutxi dituzten pertsona fisikoentzako laguntza, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuan xedatua.

Abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzun eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzekoak, besteak beste, zuzeneko laguntza lerro berri bat ezarri du diru-sarrera eta ondare gutxi dituzten pertsona fisikoentzat.

Ordainketa bakarreko 200 euroko laguntza bat da, helburu duena arintzea Ukrainako inbasioaren ondoriozko energia krisiak batez ere prezioetan eragin duen ondorio kaltegarria. 2022an soldatapekoak, autonomoak edo langabeak izan diren pertsona fisikoei zuzendua dago, beste prestazio sozial batzuek, hala nola pentsioek edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerek, estaltzen ez dituzten zaurgarritasun ekonomikoko egoerak arintzeko. Laguntza hori jasotzeko, diru-sarreren eta ondareen baterako gehieneko kopuru batzuk ezartzen dira, etxe bateko bizikideen arabera, laguntzaren onuradunek premia eta progresibitate printzipioei erantzun diezaieten.

Aipatutako 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 74. artikuluaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena duena, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean duten onuradunei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko otsailaren 15eko Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 74. artikuluan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horiek horrela, 20/2022 Errege Lege-dekreturaren 74. artikuluak xedatzen duenaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzen da foru agindu honen bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat.–Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da arautzea nola kudeatu eta ordaindu diru-sarrera eta ondare gutxi dituzten pertsona fisikoentzako laguntza, ohiko bizilekua Nafarroan dutenentzat betiere. Laguntza hori 74. artikuluan ezartzen du abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzun eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzekoak.

Bi.–Laguntza eskaera.

1. Aipatu errege lege-dekretuaren 74. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek, ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean baldin badute, Nafarroako Foru Ogasunean aurkezten ahal dute eskaera, 2023ko otsailaren 15etik martxoaren 31ra.

2. Eskaera telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian sartu (www.nafarroa.eus) eta Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan jarriko den eskaera-orria betez (aurrerantzean, tramitearen fitxa).

3. Nafarroako Foru Ogasunak ordainduko du laguntza, ordainketa bakarrean, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren. Laguntza banku-transferentzia bidez ordainduko da eta transferentzia jasotzearekin jakinarazitzat joko da laguntza emateari buruzko ebazpena.

4. Aurkeztutako eskaera eta Nafarroako Foru Ogasunak duen informazioa aztertuta ikusten bada ez dela bidezkoa laguntza ordaintzea, ukatzeko ebazpen proposamena jakinaraziko zaio eskatzaileari.

Eskatzaileak 15 eguneko epea izanen du, ukatzeko ebazpen proposamena jakinarazi eta biharamunetik hasita, alegazioak egin eta egokitzat jotzen dituen dokumentu eta frogagiriak aurkezteko. Proposamen hori jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean ez bada alegazio, dokumentu edo frogagiririk aurkeztu, prozedura amaituko da, ukatzeko proposamenean ezarritakoaren arabera, berariazko ebazpena eman beharrik gabe.

Hiru.–Ezespena eta errekurtsoak.

1. Eskabidea aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean ez bada ordainketa egin eta ez bada ukatzeko ebazpen proposamenik jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.

2. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko da. Halaber, interesdunek zuzenean jartzen ahalko dute erreklamazio ekonomiko-administratiboa, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Lau.–Laguntza itzultzea.

1. Laguntza ordaindu ondoren egiaztatzen bada laguntza jasotzeko baldintzaren bat betetzen ez dela, jasotako laguntza itzuli beharko da, baita berandutze-interesa ere, laguntza ordaintzen denetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arteko tarteari dagokiona.

2. Laguntza itzultzeko prozedura hasteko erabakiaren barnean ebazpen proposamen bat sartuko da, eta interesdunari 15 eguneko epea emanen zaio alegazioak egin eta egokitzat jotzen dituen dokumentu eta frogagiriak aurkezteko.

Itzulketa prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia jakinarazi zen egunetik hasita.

Bost.–Argitaratzea eta indarra hartzea.

Foru agindu honek 2023ko otsailaren 15ean hartuko du indarra, eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko tramitearen fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2302613