36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Ordenantza fiskala, herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2022ko azaroaren 24ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen herriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresendako.

Aurreko erabakia 2022ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an, eta ondotik iraganda hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea, eta ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, bat etorriz uztailaren 2ko 9/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege horren bidez jorratu zen Nafarroako Toki Administrazioa), behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Andosillan, 2022ko otsailaren 3an.–Alkatea, Francisco Javier Sanz Itarte.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, ZORUPE ETA HEGALKINEAN HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearekin (Lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido, telefonia finkoa eta komunikazio elektronikoko bertze zerbitzu batzuk eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, antenak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzuarekin zerikusia badute.

Ordenantza honetan arautzen den tasaren ordainketak berarekin dakar bertze tasa tasa batzuk espresuki baztertzea, hornidurako zerbitzu publikoak emateko Udalaren eremu publikoetako lurzoruan, zorupean edo hegalkinean egiten diren aprobetxamendu berezien ondoriozkoak izanik, bertze ordenantza batzuetan arautzen direnak.

Nolanahi ere, tasa hau bateragarria izango da toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen tasekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izango da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

1) Enpresek, zergadun gisa, tasa ordaindu behar dute, baldin eta jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, uraz, gasaz, argindarraz, telekomunikazioaz (telefonia finkoa) hornitzeko zerbitzuak edo gisako bertze edozein zerbitzu ustiatu beharrez, hura interes orokorrekoa denean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dienean.

2) Bereziki subjektu pasiboak dira komunikazio sareak ustiatzen dituzten enpresa, entitate edo administrazio publikoak, baldin eta horretarako erabiltzen badituzte zuntz optikoko sistemak, kable bidezko telebista edo toki erakundearen jabari publikoan pasatzen diren edo paraturik dauden sareak edo muntadurak behar dituen bertze edozein teknika.

3) Gainerako hornidura zerbitzuetan, subjektu pasiboak izanen dira erabiltzen diren sareen edo azpiegituren titularrak nahiz sare horiek erabiltzeko, sarbidea izateko edo haien artean lotzeko eskubideen titularrak.

4) Aitzineko ataletan sartu gabeko sare fisikoen titularrak diren enpresak jabari publikoko lurzoru, zoru eta hegalkina erabiltzeko behar diren ordenantza fiskaletan arautzen diren tasei loturik egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua.

1) Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria subjektu pasiboek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

2) Fakturazioak emandako diru-sarrera gordintzat entitate bakoitzari egotz dakizkionak dira, betiere kasuan kasuko entitateak Udal honen mugapean ohiko jarduera egitean egindako zerbitzuen truke lortu baditu. Multzo horretatik kanpo aparteko egintzek edo jarduerek eragindako diru-sarrerak baizik ez dira geldituko.

3) Aprobetxamendu bereziaz baliatzeko subjektu pasiboak bertzeren sareak erabiliz gero, tasaren zerga-oinarria udal mugapean urtean lortutako diru-sarrera gordinei sarearen titularrak sarean sarbidea izateagatik edo lotzeagatik ordaindu beharreko kopurua kenduta lortutako emaitza izanen da. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren diru-sarrera gordinetan.

4) Horren ondorioetarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ez eta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira tasa hau aplikatzen zaion subjektu pasiboaren diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren artean sartuko hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta zerbitzu horiek erabiltzen badira Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan, beharrezko lehengai gisa araubide berezi honetan tributatu dezakeen energia sortzeko.

5) Ondokoak ez dira jotzen fakturazioak eragindako diru-sarrera gordintzat:

a) Enpresek jasotako diru-laguntzak, ustiapenekoak zein kapitalekoak.

b) Kalte eta galerengatik galdatutako kalte-ordainak, non ez diren konpentsazioa edo kontraprestazioa kobratu gabeko kopuruengatik, horiek 3. atalean zehaztutako diru-sarreren artean sartu behar baitira.

c) Finantza bidezko diru-sarrerak, hala nola korrituak, dibidenduak eta gisakoak.

d) Enpresek beren ibilgeturako egiten dituzten lanak.

e) Enpresen ondarearen parte diren ondasunak eta eskubideak besterentzetik datozen kopuruak.

6. artikulua. Tasaren zenbatekoa kalkulatzeko, %1,5 aplikatuko zaio aurreko artikuluan adierazitako zerga-oinarriari.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek, erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar badute, lehenago horren berri eman beharko dute, eta kasuan kasuko zerbitzua egiteko gaitzen duen tituluaren jabe izan behar dute

Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldirotasun batez egiten badituzte, hiriko toki ezberdinetan bada ere, horren ondoriozko kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezartzen diren aldietan ikuskatzen ahal dena. Gordailuaren zenbatekoa aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera aterako da, eta eskudirutan ordaintzen ahalko da, edo kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal zein fidantza solidario bidez.

Indarrean dagoen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu ahalko da gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non islatuko baita indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpondu den.

9. artikulua.

1) Horniduren zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek, tasa ordaintzera beharturik badaude, hiruhilero aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi dituzten diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

2) Ordaintzera beharturik dauden enpresek aitorpena aurkeztearekin batera, aitorpenaren hiruhilekoaren ondoko hilabetean, behar den tasaren autolikidazioa egin beharko da, baita ordainketa egin ere Udal Diruzaintzan; hori entitate laguntzailearen bidez eginen da, edo bertzenaz, Iruñeko Udala tasa kudeatzeko hitzarmenei atxikirik badago, haietan aurreikusten diren moduan eta epeetan.

3) Enpresa horiekiko hitzarmenen bidez, aurkezteko epe laburragoak ezartzen ahalko dira, baita ordaintzeko bertzelako bideak, Udalari egindako zerbitzu edo hornidurengatik eskatzen ahal diren zorren ordain.

4) Iruñeko Udala Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak tasa honen subjektu pasibo diren enpresekin egiten dituen hitzarmenei atxikitzen ahalko zaie, haien xedea delarik haren kudeaketa eta diru-bilketa.

10. artikulua. Aitorpen-likidazioa aurkezteko edo diru-sarrera epearen barnean egiteko betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du epez kanpo aurkezteagatiko errekarguak edo premiamendu bidezkoak eskatu beharra, baita ikuskatzailetza prozedura abiatzea eta horren ondoriozko zehapena paratzea ere, hala behar badu; hori guztia, Tributuei buruzko Foru Legean eta Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzan aurreikusitakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

Iragarkiaren kodea: L2301868