36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, proiektu honen ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena: Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegitura, ekoitzitako energia Red Eléctrica de Españaren 400 kV-eko Castejón TAEraino eramanen duena, aurretik Castejón Promotores TAEtik igarota, Castejongo udalerrian. Sustatzailea EDP Renovables España SL da.

1.–Ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

1.1. Aurrekariak.

2020ko irailaren 9an, sustatzaileak aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio azpiegiturari buruzko dokumentazioa, eta eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 1. atalean adierazitakoa betez.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (iragarkia argitaratu zen 2020ko 277. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 26koan), eta kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman zuen 2021eko urtarrilaren 11n.

Sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta egindako kontsulten emaitza jasorik, EDP Renovables España SLk, 2021eko martxoaren 30ean, Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Espedientea aztertu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 1295E/2021 Ebazpenaren bidez aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektuari buruz.

1.2. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpen horretan adierazitakoa kontuan hartuta, sustatzaileak aldatu egin du Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta energia handik Red Eléctrica de Españaren 400 kV-eko Castejón TAEraino eramateko azpiegituraren proiektua. 2022ko ekainaren 10ean aurkeztu du aldaketa horiek jasotzen dituen dokumentazioa, eta berriro eskatu du instalazioaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoaren arabera.

Aldaketa nagusia da eguzki-instalazioak eremu txikiagoa hartzea, AP-15etik hego-ekialdera dauden lurrak kendu baitira. Eguzki-moduluak kokatzeko lursailen proposamena jada jendaurrean jarri zen, eta, horrenbestez, aldaketek ez dute ekarriko ingurumenaren gaineko eragin berri garrantzitsurik jatorrizko proiektuan aurreikusitakoez gain. Hori kontuan hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio osoa Biodibertsitatearen Zerbitzuari helarazi dio, eta ingurumen organo horrek ingurumen inpaktuaren espedientearen azterketa teknikoari eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren formulazioari ekin die.

2.–Proiektuaren deskribapena.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren kokalekua hautatzeko, 0 alternatibaz edo jarduketarik ezaz gainera, zenbait eremu zedarritu dira Nafarroako Hego Erriberan. Interes handia dutenak lau esparrutan multzokatu dira, eta horien artetik Tutera-Castejón esparrua hautatu da azkenik, ingurunea antropizatuta dagoelako eta energia ateratzeko azpiestazioa hurbil dagoelako, beste arrazoi batzuen artean. Esparru horren barnean zazpi proposamen aztertu dira, eta sustatzaileak azkenik 1. alternatiba hautatu du, teknikaren eta ingurumenaren ikuspuntuetatik bideragarriena delakoan.

Behin instalazioaren kokalekua hautaturik, linea igarotzeko sei alternatiba aztertu dira, interesekoak izan daitezkeen hiru eremuren barnean. Kasu guztietan ingurumenaren aldetik konplexua den esparrua islatzen dute. Alternatibetako bat baztertu egin da arazo teknikoengatik, eta azkenik 4. alternatiba hautatu da, ukipen txikiagoa sortzen duelako Valdelafuenteko sakanean (igarobide ekologikoa eta hegaztientzako eremu sentikorra da), eta linearen zati handi bat lurperatzea erabaki da.

Sustatzailearen iritziz, jendaurrean jarritako dokumentuaren aldean hauek dira aldaketa nagusiak: energia ateratzeko linea elektrikoa lurperatzea –ingurumenarentzat hobekuntza garrantzitsua dakarrena, horrelako azpiegiturek sortzen dituzten inpaktu nagusiak ezabatu baitira–, eta eguzki-instalaziorako hasiera batean aurreikusitako azalera 100 bat hektareatik 66,99 hektareara murriztea, estepako hegaztientzako eremurik onenak kanpoan utzita; horrek ere hobekuntza dakar ingurumenarentzat.

Instalazioak morfologia lauko landa finka batzuk okupatzen ditu. Zereal alorrak dira gehienak, eta tarteka mahastiak, almendrondo sailak, etab. Castejongo udal mugartean daude. Bide batek bereizten dituen bi esparru hesidun independente dira, eta guztira 66,98 hektareako eremua hartzen dute. Esparruetarako sarbideak udal bideak dira, N-232 errepidearen adar batetik irteten direnak 84,4 KPan.

Jendaurreko informazioaren arabera hasiera batean aurreikusitako eguzki-instalazioa estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu batean zegoen, La Sarda izenekoan. Balio ertaineko eremua da, estepako hegaztiak daudelako. Cierzo IV eguzki-instalazioaren sustatzaileak enkargatu zuten abifaunaren jarraipen lanean atalarra eta inoizka mirotz urdina detektatu ziren soilik, eguzki-instalazioaren eremutik kanpo betiere. Egindako azterketan ondorioztatu zenez, kontuan izanik habitataren ezaugarri zehatzak, eremua ez dela iragazkorra (edukiera handiko bide azpiegiturez, linea elektrikoz eta abarrez inguratuta dago) eta inguruan nekazaritzako ureztalurrak daudela, ez da oso gertagarritzat jotzen estepako espezie sentiberak jarduketaren eremuan ibiltzea, are gutxiago handik oso hurbil eremu askoz zabalagoak eta haientzat ezaugarri hobeak dituztenak izanda, hala nola Agua Salada-Cierzoko Mendiak-Santa Anako Ordokia estepa-eremua. Sustatzailearen ustez garrantzi handia duen beste faktore bat da Nafarroako Ubidearen 2. faseko etorkizuneko eremu ureztagarrien barneko zona izatea, egungo habitatak galdu eginen baitira.

Sustatzaileak dio eguzki-instalazioaren diseinuari esker errendimendu ona lor daitekeela azalera txikiagoa okupatuta, eta horregatik, faunari buruzko informazioa ikusirik, erabaki dela eguzki-instalaziorako hasiera batean proposatu ziren eremuetako batzuk albora uztea, hain zuzen ere AP-15 Nafarroako Autobidetik hego-ekialdera daudenak, inguru hori "estepako hegaztientzat lehentasunezkoa" delako, ingurumen administrazioak emandako txostenaren arabera.

Azkenik, Cierzo IV instalazio fotovoltaikoaren energia 400/132/30 kV-eko Castejón Promotores transformazio azpiestazio jasotzailearen bidez aterako da. 400/132/30 kV-eko Castejón Promotores TAEtik goi tentsioko linea batek bideratuko du airetik eta lurpetik REEren 400 kV-eko Castejón TAEra, bertan baitago sarera konektatzeko gunea. Bai 400/132/30 kV-eko Castejón Promotores TAEa bai Castejón Promotores TAEtik Castejón TAErainoko goi tentsioko aireko linea Cierzo IV eguzki instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio azpiegituraren parte dira. Gainera, Castejón Promotores TAEa beste sustatzaile batzuen ebakuazio azpiegitura komun (EAK) baten parte ere bada.

Proiektatu da 81.728 eguzki-modulu erabiltzea, silizio kristalbakarrez eginak, 1.277 egitura fotovoltaiko finkoren gainean multzokatuta. Egitura horiek zuzenean tinkatuko dira lurrean. Inbertsoreek modulu taldeek hornitutako korronte zuzena behe tentsioko korronte alterno bihurtuko dute, eta korronte hori erdi tentsiora (30 kV) igoko da planifikatutako zortzi transformazio zentroetan. Transformazio zentro horiek 400/132/30 kV-eko Castejón Promotores TAEarekin lotzeko, lurpetik eta bideen ondotik 8.130 m linea jarriko dira, horietatik 5.403 m eguzki-instalaziotik kanpo, eta 102,5 m airetik, Lodosako Ubidea gurutzatzeko. Castejón Promotores TAEtik, beste sustatzaile batzuekin partekatuta, 400 kV-eko goi tentsioko 1.508 m-ko linea elektriko batek REEren 400 kV-eko Castejón TAEraino eramanen du energia, lehendabizi airetik, 5 euskarrirekin, eta gero lurpetik, azken 103 metroetan.

Instalazioak barne bideen sarea izanen du, eta ezarriko den tokian dauden bideen trazaduraz baliatuko da. Gainera, 2.438,35 m bide eraiki nahi dira, 4 m zabal. Zabor artifizialezko oinarri-azpia eta oinarria izanen dituzte, hurrenez hurren 25 cm-koa eta 15 cm-koa, eta zeharkako % 2ko malda izanen dute bi noranzkoetan. Halaber, euri urak husteko drainatze sistema arekez osatuko da bai instalazioaren perimetroan bai barneko bideetan. Arekek 50 cm-ko sakonera eta 1 m-ko oinarria izanen dute.

Azkenik, bi esparruen inguruan hesi zinegetikoa jarri nahi da, gehienez 2 m garai, plaken bidez seinaleztatuta, hegaztiek talka ez egiteko.

3.–Azterketa teknikoa.

3.1. Lurzoruari, landaredi naturalari eta Europar Batasunaren intereseko habitatei (BIH) dagokienez:

Ingurumen inpaktuaren azterketan ez dira erantsi eraikuntza proiektuko xehetasun-planoak, eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzeko egin beharreko aldaketa topografikoak erakusten dituztenak (oinplanoak eta hasierako eta amaierako egoeren profilak). Plano horiek aurkezteko eskatzen du 5.b) artikuluan otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduak, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzen dituenak. Hala ere, Cierzo IV instalazioak hartuko duen eremu ia osoan orografia laua denez, egitura fotovoltaikoak lurrean zuzenean iltzatuko direnez, eta ingurumen inpaktuaren azterketan proposatutako gainerako neurriak eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean eskatutako baldintzak betetzen badira, uste izatekoa da lurzoruaren gaineko ukipena bateragarria izanen dela.

Landarediari dagokionez, inguruan laborantza lurrak daude, gehienbat zereal alorrak eta han-hemen mahastiak eta almendrondo sailak. Noizbehinka ureztatzen dira, gehienez urtean behin. Horrelako ingurunean landaredi naturala lurzatien arteko ezpondetara eta bide ertzetara murriztuta gelditu da. Gainera, eite txikiko landaredi naturalak bertan behera utzitako alor batzuk kolonizatu ditu eta gutxi goldatzen diren mahasti eta almendrondo sailetan hazten da.

Proiektuko jarduketek alorrak ukitzen dituzte ia soilik, eta, ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera, ez instalazioak ez haren ebakuazio azpiegiturak ez dute ukitzen Europar Batasunaren intereseko habitatik, ezta katalogatutako landaredi naturalik ere. Hala ere, almendrondo asko moztu beharko dira, batzuk oso zaharrak. Paisaiaren osagaiak dira eta faunaren zati batentzat garrantzitsua den habitata eratzen dute.

IIAren arabera, landaredian instalazioaren eta energia ateratzeko azpiegituraren eragina moderatu-bateragarria izan liteke, eta bateragarri izatera igaro liteke, proposatutako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuz gero. Hain zuzen ere egungo arboletako batzuk mantendu behar lirateke, hori aprobetxamendu fotovoltaikoarekin bateragarria den tokietan, eta landaretza erein eta landatu, ingurumena lehengoratzeko eginen den proiektuan zehazten denaren arabera.

3.2. Faunari dagokionez:

Aztertutako eremuan dagoen faunaren inbentario bibliografikoa egin da eta faunaren azterketa egin duen lantaldearen beraren datuekin osatu da.

Gainera, IIAn abifauna da aztergai nagusia eta arreta berezia jartzen zaie espezie sentiberenei eta kontserbazio balio handiena dutenei, nagusiki estepako hegazti urtar eta harrapariei. Horregatik, 2020ko otsailetik urrira bitartean berariazko azterlana egin da instalazioaren eta ebakuazio azpiegituraren inguruan abifaunak espazioa nola erabiltzen duen jakiteko. Laginketak egiteko behalekuak erabili ziren, eta trantsektuak lur orotako ibilgailuan, abiadura motelean. Gainera, aztertutako eremuan (5 km) bizi diren espezieen ugaltze-tokiak, etzalekuak eta jan-leku garrantzitsuak non dauden argitzeko lanak egin ziren. Jarraipen lanetan 120 hegazti espezie antzeman ziren, eta 25.300 kontaktutik gora aztertu ziren. IIAren arabera, eguneko harrapariek egindako hegaldi guztietatik % 85,6 perimetroko hesia jotzeko arriskua dagoen altueretatik kanpo egin ziren, edo instalazio fotovoltaikoaren etorkizuneko kokalekutik kanpo.

IIAk detektatu du eraikuntza fasean faunaren hilkortasunak gora egin lezakeela, hegaztiek ezarpen eremutik eta inguruetatik alde eginen dutelako, sortuko zaizkien eragozpenengatik. Erdi tentsioko linearen kasuan, Lisioko sakanean dago gune sentikorrena. Bertan prebentzio neurriak planteatzen dira sasoi sentikorretan espezieen gaineko ukipenik ez sortzeko. Fase horretan faunaren gaineko inpaktuaren azken balantzea bateragarritzat jotzen da.

IIAren arabera, ustiapen fasean hauek izanen dira instalazioaren inpaktu handienak: habitata aldatzea, jarriko den hesiarekin talka egiteko arriskua, eta lurralde-konektagarritasuna galtzea. Energia ateratzeko azpiegituraren inpaktu nagusia talka egiteko arriskua izanen da, linea airetik doan tarteetan. Fase horretan azken balantzea bateragarritzat jotzen da zenbait neurri hartuz gero, hala nola hesia iragazkortzea, lur mugimendu gutxi egitea, panelik jarriko ez den guneetan belarrak eta zuhaixkak ereitea, dauden harri metetako batzuk aprobetxamendu fotovoltaikoarekin bateragarriak diren zonetara eramatea, eta energia ateratzeko lineen aireko tarteak seinaleztatzea.

Estepako hegaztiei dagokienez, eguzki-instalazioaren kokaleku osoa estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu baten barruan dago. La Sarda izeneko eremua da, kategoria ertainekoa. Hala ere, "Nafarroako estepako hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko Plana" onesten duen foru dekretu proiektuaren zirriborroan, zeina 2022ko ekainean parte-hartze publikorako aurkeztu baitzen, ez da garrantzizko eremu hori sartu estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritikoen proposamenean.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren 2023ko urtarrileko txostenean azaltzen denez, proiektu aldatuak okupatzen duen eremua guztiz antropizatuta dago, eta almendrondo sailek eta mahastiek hango zati handi bat hartzen dute. Hala, gaur egun balio urria du estepako hegaztientzat. Horregatik utzi da zona hori estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritikoen zerrendatik kanpo, hegazti horiek kontserbatzeko planaren proiektuan. EDP Renovables Españak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketa aldatuak ere horixe berresten du.

Adierazi behar da eremu kritikoen zerrenda horren bidez eguneratu egin direla, eskura zeuden datu onenekin, estepako hegaztiak kontserbatzeko intereseko eremuak. Intereseko eremu horietako gehienek estepako hegaztientzako garrantzi estrategikoari eusten diote eta, hortaz, eremu kritiko ere badira, baina haien barruko zona batzuek habitataren kalitatea galdu dute edota jada ez dute estepako hegaztirik. Horixe gertatzen da ebaluatu den proiektuak hartzen duen zonan.

Egoera larriagotuta dago instalazioaren inguruan bide ardatz nagusi batzuk daudelako (A-68, AP-68 eta AP-15 errepideak), eta, La Cantera/La Serna TAEa hurbil dagoenez, aireko linea elektriko ugari daudelako, hegazti talde honentzat bereziki kaltegarriak diren azpiegiturez jositako korridorea osatzen dutenak errepideekin batera. Horrek baldintzatu egiten du instalazioaren ezarpen eremua.

Naumann belatzaren kolonia txiki bat dago ezarpen eremutik 2 km-ra baino urrunago, eta koloniaren inguruan habitat azalera handia dago espezie horrentzat egokia, baita mirotz urdinarentzat ere (inguruan antzeman den estepako beste hegazti espezie sentibera da). Horrenbestez, instalazioa bateragarria da inguruan dauden estepako espezie sentiberen kontserbazioarekin.

Bestalde, Gurelur eta Carlos Perez de Obanos alegatzaileek adierazi duten bezala, azpimarratu behar da instalaziotik hurbil daudela Valdelafuenteko sakana –igarobide ekologiko garrantzitsua, Ebro ibaiko kontserbazio bereziko eremuaren barnekoa (ES2200040)– eta Agua Salada idoia (RN-34 natura erreserba). Toki horietan hegazti urtarren eta harraparien hainbat espezieren populazio garrantzitsuak daude, habiagileak nahiz negutarrak. Castejón Promotores TAErainoko ebakuazio azpiegitura ia osorik lurpean egonda, ez dute talka egiteko arriskurik izanen espezie horiek eta sakanean zehar Culebreteko hondakindegira joaten diren edo Agua Salada idoiaren inguruetan ibiltzen diren beste espezie batzuek.

Halaber, habitat horietako ohiko harrapakinak diren espezieek ere dentsitate handia dutenez, tamaina ertaineko eta handiko hegazti harrapari asko bertara jotzen dute ehizan ibiltzeko eta barreiatzeko. Babeslekuak eta habia egiteko lekuak aurkitzen dituzte mazeletan landatutako Alepo pinuetan edo Ebro eta Alhama ibaietako ur bazterreko baso hurbiletan. Nahiz eta proiektuko instalazioak zenbait espezierentzat azalera erabilgarriaren galera eta beste batzuentzat ehizarako aukeren murrizketa ekarriko lukeen, inguruetan antzeko ezaugarriak dituzten habitat azalera handiak daude, eta haietan harrapakinak besteetan bezain ugariak dira, eta gainera, ingurumen inpaktuaren adierazpen honetako baldintzetan ezarritakoaren arabera, nekazaritzako ingurumen irizpideei jarraikiz kudeatu behar da baimendutako instalazioaren azaleraren % 125 adinako eremua, gutxienez. Horrek guztiak eraginak konpentsatzen ditu eta maila bateragarrietaraino murrizten du ukipena.

3.3. Konektagarritasunari dagokionez:

Alde batetik, eguzki-instalazioa abiadura handiko errepideek mugatutako triangelu batean dago, eta bestetik, aireko linea elektriko asko daude, Valdelafuenteko sakaneko igarobide biologikoa ere ukitzen dutenak eta egoera konplexuak sortzen dituztenak, elkarren oso hurbil dauden linea paraleloak edo altuera desberdinetako gurutzaguneak daudelako. Bi kasuetan lurreko faunaren eta hegaztien igarobidea mugatu eta zaildu egiten da, nabarmen eraginez lurraldearen iragazkortasunean.

Hala ere, IIAren arabera, proiektuaren diseinuan konektagarritasuna sustatzen duten zenbait neurri txertatu dira, hala nola:

–Hesiaren ezaugarri batzuk.

–Instalazioa bi zonatan banatzea eta mikroelementu iragazkortzaileak kontserbatzea, hala nola bideak, erretenak edo egitura naturalak.

–Esparrutik kanpoko lurzatietara doazen bideak mantentzea eta instalazioaren inguruan landaredi naturaleko zerrenda bat kontserbatzea.

–Erretenak kontserbatzea, komunikazio bideen azpiko pasaguneak eginez eta behar denean erretenak berrituz, eta erreten sarearen jarraitutasunari eustea Sasilloko sakanerantz, etab.

Neurri horiek gehitu ondoren, eta bereziki Castejón Promotores TAErainoko ebakuazio azpiegitura ia osorik lurperatzea proposatu ondoren, IIAk, azken balantzean, bateragarritzat jotzen du eguzki-instalazio fotovoltaikoak eta haren azpiegiturak konektagarritasunean sortuko duten inpaktua.

3.4. Paisaiari dagokionez:

Paisaiaren aldetik, eremuaren ezaugarria da nekazaritzako mosaikoa izatea, nagusiki belarki laborez eta han-hemen almendrondo sail, mahasti eta landaredi naturaleko gune txikiez osatua. Paisaia hori desitxuratzen duten elementu antropikoak nabarmentzen dira, hala nola aireko linea elektrikoak, errepideak, trenbidea, harrobiak, haize- eta eguzki-parkeak, industrialdeak, etab. Erliebea ia erabat laua denez, ikusten ez den eguzki-instalazioaren azalera portzentajea oso handia da.

Aurkeztutako IIAn paisaiari buruz egin den azterketan Ebroko Ardatza LAP-5 lurralde antolamenduko planean zehazten diren paisaia-unitateak hartu dira erreferentziatzat hizpide dugun eremuko paisaia-unitateak deskribatzeko.

Paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna aztertzen dira, eta hala lurraldearen kalteberatasuna zehazten da. Bada, kalitatea baxua-ertaina da eta hauskortasuna ere baxua-ertaina, eta horien konbinazioaren ondorioz kalteberatasuna 1. mailakoa da, hau da, jarduera gogaikarriak edo inpaktu handikoak jasan ditzaketen lurraldeei dagokiena.

Beste alde batetik, jarduketaren ikusgarritasun maila zehazten da, hau da, behaleku guztietako ikuseremuak batu egiten dira, beren ikuspenarekiko esposizioaz eta distantzia faktoreaz biderkatu ondoren. IIAko emaitzen arabera, azterketaren eremuan ikusgarritasuna oso txikia da (% 6,5), eta eguzki-instalazioan, berriz, ikusgarritasuna handia da, baina haren azaleraren % 10era mugatzen da. Energia sareratzeko azpiegituraren ikusgarritasuna, 10 metroko ingurunea hartuta, % 2,79koa da, eta Castejón Promotores TAEarena, % 43koa. Ikusgarritasun txikia da nagusi.

Azkenik, aztertutako eremuko ikuspen-kalitatearen gaineko inpaktua bateragarritzat jotzen da, eta paisaiaren integraziorako aplikatuko diren neurriak ezartzen dira, bai eraikuntza faserako, bai ustiapen faserako.

3.5. Ondorio metagarriei eta sinergikoei dagokienez:

Sortzen ahal diren ondorio metagarriak eta sinergikoak baloratzeko, erreferentzia gisa hartu dira Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eragin-eremua eta hark ingurunean sortzen ahal dituen inpaktuak.

IIAren arabera, horrela antzemandako inpaktu gehienak ez dira nabarmenak edo bateragarriak dira.

Ustiapen fasean faunak jasanen dituen inpaktu sinergikoak nabarmentzen dira, habitat galerarengatik eta hegaztien gaineko konektagarritasunarengatik. IIAk bateragarritzat jotzen du lehenbizikoa, batetik, gaur egun komunikazio bide handi batzuek zatikatzen dutelako "La Sarda" estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremua, non kokatuko baita ebaluatutako instalazioa, eta horrek ertz eta hesi efektua sortzen duenez fauna hartzeko ahalmenean, espero izatekoa delako fauna generalistaren presentzia; bestetik, habitat motagatik, eta kontuan hartutako gainerako proiektuen/azpiegituren urruntasunagatik, eta inguru hurbilean antzeko habitata izateagatik.

Lurralde-konektagarritasuna dela-eta ustiapen fasean hegaztien gain sortuko den inpaktu sinergikoa baloratzeko, IIAk kontuan hartzen ditu instalazioen arteko distantzia eta instalazioek lurraldea erabiltzen duten hegazti talde nagusien balizko ibilbideekin izan dezaketen interakzioa. Intereseko estepako espezieek ez dute askorik erabiltzen "La Sarda" estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremua, non kokatuko baita ebaluatutako instalazioa. Beraz, ez du garrantzi handirik konektagarritasunerako, eta instalazioaren inpaktua bateragarritzat jotzen da. Energia ateratzeko azpiegiturari dagokionez, Castejón Promotores TAEraino ia osorik lurpean egonen da eta ez du ukipenik sortuko. TAE horretatik aurrera linea airetik doa, errepidez eta aireko linea elektrikoz jositako eremu batetik, eta hor izanen duen eragin sinergikoa moderatutzat jotzen da.

Azkenik, IEAn ondorioztatzen da efektu metagarriek edota sinergikoek ez dutela eraginik Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituraren bideragarritasunean, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak hartuz gero.

Laburbilduz, Cierzo IV eguzki-instalazioaren eta haren ebakuazio azpiegituraren ingurumen inpaktuaren azterketan adierazten da ingurunean sortuko diren inpaktuak onargarriak direla, eta inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz gero.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura ongi egin dela, eta uste du Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoa bideragarria dela. Horregatik proposatzen du aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, baldin eta betetzen badira prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak, ingurumena zaintzeko plana eta ebazpen honetan ezartzen diren gainerako baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da proiektu honetaz: Cierzo IV eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegitura, ekoitzitako energia Red Eléctrica de Españaren 400 kV-eko Castejón transformazio azpiestazioraino eramanen duena, aurretik Castejón Promotores transformazio azpiestaziotik igarota, Castejongo udalerrian. Sustatzailea EDP Renovables España SL da.

2. Goiburuan deskribatzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzen arabera gauzatuko da jarduera, eta prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta ingurumena zaintzeko plana ere beteko dira, bai eta honako baldintza hauek ere:

–Castejón Promotores TAErainoko ebakuazio azpiegiturak abelbideetan sortuko duen ukipenari dagokionez, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021eko urriaren 10eko txostenean xedatutakoa beteko da. Txosten hori ebazpen honi erantsita doa.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrei ekin aurretik.

Lanak egitean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertuz gero, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak legez horren berri eman beharko dio berehala Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Euste-egitura fotovoltaikoa lurrean zuzenean tinkatuz finkatzeari emanen zaio lehentasuna.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean ukipenak guztiz ezinbestekoak diren zonei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izateko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi-garbitzea eta nibelazioa ez dira eremu osoak ukituz eginen; aitzitik, egituraren zutoinek osatzen dituzten lerroei bakarrik eraginen diete, erabilera eta ezarpen egokirako behar-beharrezkoa denean, baita bideei, kanalizazioei, transformazio zentroei eta TAEei ere.

–Ahal den neurrian, lurzatien arteko ezpondak eta haietan dagoen landaredia kontserbatu beharko dira. Era berean, makineria eta materialak biltzeko guneak ez dira kokatzen ahalko landaredi naturalak estalitako lekuetan.

–Lanak egin bitartean Estatuan edo autonomia erkidegoan katalogatutako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20cm-ra altxatuta.

–Ingurumen inpaktuaren azterketan ezartzen den moduan, hesiak seinaleztatze-plaka ikusgarriak edukiko ditu hegaztiek talka egin ez dezaten. Hesiaren trazadura osoan jarri beharko dira 10 metrotik 10 metrora.

–Eguzki-plakak ezarriko diren eremuan lehendik dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Argiunerik jartzen bada instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik urrun (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira jarriak.

–Ingurumen eta paisaia integrazioa:

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.
  • Egin beharreko lur erauzketa eta lubetetarako, gehienez 2H:1B-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezieekin eginen den landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziok egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Obrak egin bitartean landare lurrezko geruza kendu edo hondatu bada edo halakorik ez badago, erein baino lehen landare lurrezko geruza bat jarriko da, gutxienez 30 cm-koa, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.
  • Ingurumena lehengoratzeko proiektua, IIAren 14. puntuan ("Ingurumena lehengoratzea") aipatzen dena, obrak hasi aurretik aurkeztu beharko da, eta bertan zehatz azalduko dira planteatzen diren landaketen kokapena, antolaera eta osaera. Espezie autoktonoak erabiliko dira, garaiaren arabera egokiak, eta debekatuta dago espezie exotikoak erabiltzea.
  • Lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia. Landaketak landaketa-garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa-garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
  • Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

–Estepako abifaunaren aldeko neurri osagarri gisa, baimendutako eguzki-instalazioaren azaleraren % 125 adinako azalera kudeatuko da gutxienez ere, eguzki-instalazioaren bizitza erabilgarri osoan. Azalera horretatik 25 hektarea, gutxienez ere, "Lehentasunezko 15, zona. Castejón-Tutera" deritzon eremuko Castejongo zatian kudeatuko dira, hain zuzen ere "Nafarroako estepako hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko Plana" onesten duen foru dekretu proiektuaren zirriborroan ezarritako aldean, zeina gaur egun "La Sarda" estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuaren parte baita. Gainerako azalera alboko lurretan kudeatu ahalko da, hau da, goi kategoriako "Agua Salada-Cierzoko Mendiak-Santa Anako Ordokia" abifauna kontserbatzeko intereseko eremuan, edo estepako hegaztientzat interesekoak diren Nafarroako Erriberako beste toki batzuetan.

Azalera hori lehorreko zereal alorretako lurzatietan banatuko da, ahal dela 2-3 hektareako eremuetan, eta haiek hautatzeko eta kudeatzeko modua aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Zerbitzu horri aukeratutako lurzatien zerrenda aurkeztu beharko zaio, onets dezan. Frogatu beharko da lurzati horiek erabiltzeko eskubidea badela edo jabeekin edota nekazariekin horretarako akordioa egin dela. Lurzati horien kudeaketa Jarraipen eta Zaintza Planean zehaztu beharko da, eta lanei ekin aurretik aurkeztu beharko da; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginez, beharrezkoa izanez gero, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez. Zurezko laboreak dituzten lurzatiak lugorri utzi edo lehorreko zerealetara aldatu ahalko dira, neurri berberak aplikatuta. Energia berriztagarriak baliatzeko beste proiektu batzuetan konpentsazio-neurri gisa ezarritako ingurumen neurriak dituzten lurzatiak ez dira erabiltzen ahalko.

–Jarraipen, zaintza eta lehengoratze plana: obrak hasi aurretik, obren faserako eta funtzionamendu faserako jarraipen eta zaintza plana aurkeztu beharko da. Egin beharreko jarduketetarako metodologia azalduko du eta ebazpen honetan aipatutako gainerako informazioa emanen du; batez ere, estepako hegaztien aldeko neurrien azalpen zehatza. Bertan jaso beharko da sustatzaileak eguzki-instalazioaren bizitza erabilgarri osoan urtero dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko duela, ebazpen honetan ezarritako neurriak aurreko urtean aplikatu direla ziurtatzen duena. Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta bestela eguzki-parkea ez da sarera konektatzen ahalko.

–Jarraipen, zaintza eta lehengoratze planean, halaber, eguzki-parkearen bizitza baliagarriaren amaieran aurreikusitako lehengoratze lanak gehituko dira, eta lan horiek urtebeteko epea igaro baino lehen egin beharko dira.

–Sustatzaileak proposatu du "eraikuntzaren bat egokitzea saguzarrentzako aterpea eta Naumann belatzarentzako habia-kutxak paratzeko", eta "esku-hartze bat egitea erretenetan autobidearen azpiko pasaguneak egokitzeko, animaliak ito ez daitezen". Neurri horiek gauzatzeko egin beharreko jarduketen proposamena aurkeztu beharko da jarraipenerako eta ingurumena zaintzeko planean, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren oniritzia jaso beharko du, bai eta behar diren gainerako baimenak ere.

–Castejón Promotores TAEtik Castejón (REE) TAErainoko aireko eta lurpeko linean, aireko tartean, zuntz optikozko bi kableak seinaleztatu beharko dira hegaztiak babesteko baliza birakari islatzaileen bidez. Hain zuzen ere, baliza bat paratu beharko da 10 metrotik 10 metrora, kableak txandatuta.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Ustiapen aldia amaitzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia lehengoratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen-ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako koordinazio unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2301280