36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, aldatzen duena Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 19E/2021 Ebazpena, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena eman baitzitzaion Ezporogi eta Zareko udal mugarteetan "Zangoza-Oibar" eta "Zangoza-Kaseda" lineak lotzeko 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 19E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen-ukipenetarako baimena eman zitzaion Ezporogi eta Zareko udal mugarteetan "Zangoza-Oibar" eta "Zangoza-Kaseda" lineak lotzeko 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea, eta aipatu ebazpena 2021eko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 4koan.

Ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan biltzen du lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena, eta haren ondorioak dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoak.

2022ko azaroaren 9an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Biodibertsitatearen Zerbitzuari eskatu zion aldaketa bat egiteko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 9ko 19E/2021 Ebazpenean. Zehazki, eskatu zuen ebazpenak, herri-ondasunei dagokienez, adieraz dezala ezen, desjabetze espedientea bukaerara iritsiz gero, kasu honetan gertatzen den moduan, ez dela beharrezkoa okupazio espediente bat tramitatzea Herri-lurren Atalean.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, eskumena baitu lurzoru urbanizaezinean jardueren gainean eta horietarako baimenaren baldintzetan jasotzen baitzen herri-ondasunen gaineko baldintza, txosten bat egin du, 2022ko abenduaren 21eko datarekin, esanez bidezkoa dela 19E/2021 Ebazpenean herri-ondasunekiko ukipenari buruz dagoen xedapena aldatzea, eta honekin ordeztea:

"Herri-ondasunekiko ukipenari dagokionez, jarraituko zaio Herri-lurren Atalaren 2020ko urtarrilaren 9ko eta 2020ko abuztuaren 20ko txostenetan ezarritakoari eta, bereziki, atal horrek eman zuen azken txostenean, 2022ko irailaren 28koan, ezarritakoari. Erantsita doaz txosten horiek".

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea 19E/2021 Ebazpena, otsailaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ezporogi eta Zareko udal mugarteetan "Zangoza-Oibar" eta "Zangoza-Kaseda" lineak lotzeko 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

Ebazpeneko paragrafo hau ezabatuko da:

–Herri-lurren Atalak 2020ko urtarrilaren 9an eta 2020ko abuztuaren 20an bi txosten egin ditu eta honakoa ondorioztatu du:

"Herri-ondasunen arloan.

Obra lizentzia eman aurretik, herri-ondasunen titularrak diren toki-erakundeek, bai Zareko Udalak bai Agezako Kontzejuak, okupazio espediente bat izapidetu eta hura onartzea lortu behar dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri lurzati bakoitzean ukitutako azalerak zehaztu ondoren eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan xedatutakoaren arabera".

Haren ordez, beste paragrafo hau sartuko da:

"Herri-ondasunekiko ukipenari dagokionez, jarraituko zaio Herri-lurren Atalaren 2020ko urtarrilaren 9ko eta 2020ko abuztuaren 20ko txostenetan ezarritakoari eta, bereziki, atal horrek eman zuen azken txostenean, 2022ko irailaren 28koan, ezarritakoari. Erantsita doaz txosten horiek".

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ezporogiko eta Zareko udaletara, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta sustatzaileari.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 20an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2301137