36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baita aurretiazko administrazio baimena energia elektrikoa ekoizteko 3,8 MW-ko "Alba Renova Sirius" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikorako, Caparroso eta Alesbesko udal-mugarteetan.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2022ko uztailaren 11n, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan (haren bidez erregulatzen dira energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, komertzializazio eta hornidura jarduerak eta baimentzeko prozedurak) ezarritakoa betez, Solar Fotovoltaica Navarra SL-k aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitua Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren aurrean, energia ekoizteko "Alba Renova Sirius" eguzki instalazio fotovoltaikoa izeneko instalaziorako eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Caparroso eta Alesbesko udal-mugarteetan.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, "Alba Renova Sirius" eguzki instalazio fotovoltaikoa osatzen da 540 Wp-ko 8.428 modulu fotovoltaikoz, abeltzaintza jardueran han ari diren nabeen estalkian kokatuak, Caparrosoko udal-mugarteko 17. poligonoko 43. lurzatian. Horiez gain, dokumentazioak ondoko azpiegitura hauek jaso ditu:

–3,8 MWko guztirako potentzia izendatuko inbertsoreak.

–Transformazio eta sekzionamenduko zentro berria, barne dituena tentsioa 13,2 kWra igotzeko potentzia-transformadorea, eta instalazioaren babes eta neurrien zatia.

–Ebakuazioko aireko eta lur azpiko linea 13,2 kWra, lotura egiteko instalazio fotovoltaikoaren transformazio zentrotik Alesbesko STRra, 4.658,33 metroko luzerakoa, Caparroso eta Alesbesko udal-mugarteetan.

2.–Aurreproiektuaren informazio publikoa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluari jarraikiz, Solar Fotovoltaica Navarra SLren eskaera jendaurrean egoteko epean jarri zen 30 egun balioduneko epe batez, iragarkia argitara emanda 2022ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 30ekoan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Aurreikusitako epearen barruan, alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

  • 1. alegazioa. Energía Inagotable de Keneo SL, 2022ko irailaren 22an.
  • 2. alegazioa. Sustrai Erakuntza Fundazioa, 2022ko urriaren 11n.
  • 3. alegazioa. Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartea, 2022ko urriaren 11n.
  • 4. alegazioa. Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea, 2022ko urriaren 11n.

Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan ezarritakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Caparrosoko eta Alesbesko Udalei, eta iragarkia haien iragarki-taulan jartzeko eskatu zien.

Orobat, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien, txostena eman zezaten, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) erakundeari, Vodafone Ono SAUri eta Nedgia Navarra SAri.

Egindako kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

  • 1. txostena. Vodafone Ono SAU, 2022ko irailaren 13an.
  • 2. txostena. Caparrosoko Udala, 2022ko irailaren 13an.
  • 3. txostena. Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, 2022ko irailaren 16an.
  • 4. txostena. Nedgia Navarra SA, 2022ko irailaren 29an.

Txosten horien edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

4.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126. eta 127. artikuluekin bat, 2022ko urriaren 19an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Solar Fotovoltaica Navarra SLri igorri zizkion aipatutako alegazioak eta txostenak, hark egoki jotzen zuena erantzun zezan, eta adostasuna eman edo egoki iritzitako erreparoak adieraz zitzan.

Haren erantzunaren edukia eta azterketa ebazpen honen I. eta II. eranskinetan laburbiltzen dira.

5.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, espedientean frogatu da Solar Fotovoltaica Navarra SLren gaitasun legala, teknikoa eta ekonomikoa.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Solar Fotovoltaica Navarra SLk banaketa sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko proiektuan jasotzen den puntuan. Proiektuaren sarbide eta konexio gaitasuna 3,8 MWkoa da.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 19an emandako 353E/2022 Ebazpenaren bidez, Ingurumen Ukipenetarako aldeko Txostena eman zen proiektuari buruz, ingurumen ebazpenean berean jasotzen diren neurriak aplikatzeko baldintza ezarrita.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 20ko 426E/2022 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimena eman zaio proiektuari, hirigintza ebazpenean berean zehazten diren zehaztapenak betetzeko baldintza jarrita.

Horregatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian burutu dela, eta Solar Fotovoltaica Navarra SLri aurretiazko administrazio baimena ematea proposatu du.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Solar Fotovoltaica Navarra SLri, energia elektrikoa ekoizteko 3,8 MWko "Alba Renova Sirius" eguzki instalazio fotovoltaikoa izeneko instalaziorako, eta orobat haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Caparroso eta Alesbesko udal-mugarteetan, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 353/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 20ko 426/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurralde Antolamenduaren Atalari eta Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea hauei: Solar Fotovoltaica Navarra SL; Energía Inagotable de Keneo; Sustrai Erakuntza Fundazioa; Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea; Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea; Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) erakundea; Vodafone Ono SAU; Nedgia Navarra SA eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SA; eta ohartaraztea ebazpen honen aurka, zeinak ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, betiere espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau Caparroso eta Alesbesko Udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea, honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

  • 1. alegazioa. Energía Inagotable de Keneo SL:

2022ko irailaren 22ko idazkiaren bidez, Energía Inagotable de Keneo SL elkarteak jakinarazi zuen energia elektrikoa sortzeko "Keneo" parke eolikoaren eta ebakuazio azpiegituren proiektuaren titularra dela, eta haren aurretiazko administrazio baimena eta ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzen ari dela Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioko Politika Energetiko eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusia (PEol-722 AC espediente zenbakia).

Testuinguru horretan, enpresak azaldu du auzian interesduna dela, eta "Alba Renova Sirius" eguzki instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio linea elektrikoak gurutzatzen duela "Keneo" parke eolikoaren aireko linea, Alesbesko udal-mugartean. Horregatik, eskatzen du espediente fotovoltaikoaren tramitazioak ez ukitzea bera aurrera eramaten ari den proiektua, eta, baimenaren prozedurak aurrera eginez gero, informazioa jaso nahi duela aipatutako proiektuaren inguruan.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ezen, kontuan hartuta parke eolikoaren ebakuazio linearen euskarrien eta instalazio fotovoltaikoaren lur azpiko linearen arteko distantzia, ukipenik ez dagoela bi proiektuen artean, kontuan hartuta, horrez gain, lur azpiko kableen isolamendua eta babesa.

Beste alde batetik, Zerbitzu honek jakinaraziko dio alegazioaren egileari ebazpen hau, eta haren eskura jartzen du haren proiektua ukitzen ahal denari buruz espedientean dagoen dokumentazioa.

  • 2. alegazioa. Sustrai Erakuntza Fundazioa:

Sustrai Erakuntza Fundazioak, 2022ko urriaren 11n aurkeztutako alegazioan adierazi zuenez, eguzki instalazioa ezarri nahi den nabeei buruzko informazio argirik ez dago, nabe horien eraikuntzarekin lotutako tramitazioan hainbat irregulartasun dago, eta proiektuaren ingurumen eraginari buruzko azterketarik ez dago; horrenbestez, proiektua aurrera eramatea "kaltegarria izanen litzateke Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat" eta beraz, proiektua deuseztatzeko eskatzen du, eta "hedaduraz, une honetan bidean diren mota horretako proiektu guztiak, eta gogoeta eta planifikazio egokirako prozesu bat ireki dadin, Nafarroan abeltzaintza, nekazaritza eta energia gaietan behar ditugun ereduei buruz". Gainera, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatu zuen.

Erantzuna:

Zerbitzu honen iritziz, instalazioaren aurretiazko administrazio baimena tramitatzeko behar den informazio guztia jasotzen du aurreproiektuak, eta eraikuntzaren xehetasunak sustatzaileak jaso behar ditu, eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko egikaritze proiektuan.

Beste alde batetik, ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat, proiektuaren ebakuazioko linea ingurumen eraginen ebaluazioaren menpe dago, eta tramitazio horretan ez da bete behar jendaurrean epe batez jartzeko baldintza. Tramitazio honen esparruan, ingurumen eraginei buruzko azterketa aurkeztu zuen sustatzaileak, eta haren ebaluazioaren emaitza da Ingurumen Eraginei buruz aldeko Txostena eman izana, Biodibertsitate Zerbitzuaren zuzendariak urriaren 19an emandako 353/2022 Ebazpenaren bidez.

Azkenik, Zerbitzu honek ebazpen horren berri emanen dio alegazio egileari.

  • 3. alegazioa. Ongaiz elkartea-Zangozerriko Ekologistak Martxan:

Ongaiz elkartea-Zangozerriko Ekologistak Martxan erakundeak, 2022ko urriaren 11n aurkeztutako alegazioan adierazi zuenez, hornidurako linea elektriko bat dago han lehendik; linea ez da proiektatu guztiz lur azpitik; faunari eta paisaiari kalte eraginen zaie; eta proiektuaren ingurumen eraginari buruzko azterketarik ez dago; horrenbestez, proiektua aurrera eramatea "kaltegarria izanen litzateke Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat" eta beraz, proiektua deuseztatzeko eskatzen du, eta "hedaduraz, une honetan bidean diren mota horretako proiektu guztiak, eta gogoeta eta planifikazio egokirako prozesu bat ireki dadin, Nafarroan abeltzaintza, nekazaritza eta energia gaietan behar ditugun ereduei buruz". Gainera, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatu zuen.

Erantzuna:

Han dagoen linea elektrikoa erabiltzeko aukerari buruz, sustatzaileak dio proiektuan berean jasotzen denaren arabera, konpainia banatzaileak jakinarazi zuen konexioa teknikoki ezinezkoa zela.

Beste alde batetik, ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat, proiektuaren ebakuazioko linea ingurumen eraginen ebaluazioaren menpe dago, eta tramitazio horretan ez da bete behar jendaurrean epe batez jartzeko baldintza. Tramitazio honen esparruan, ingurumen eraginei buruzko azterketa aurkeztu zuen sustatzaileak, eta haren ebaluazioaren emaitza da Ingurumen Eraginei buruz aldeko Txostena eman izana, Biodibertsitate Zerbitzuaren zuzendariak urriaren 19an emandako 353/2022 Ebazpenaren bidez.

Azkenik, Zerbitzu honek ebazpen horren berri emanen dio alegazio egileari.

  • 4. alegazioa. Landazuria Elkartea-Erriberako Ekologistak Martxan

Landazuria Elkartea-Erriberako Ekologistak Martxan erakundeak, egun berean, Ongaiz Elkarteak-Zangozerriko Ekologistak Martxan erakundeak aurkeztutako idazkiaren berdina aurkeztu zuen.

Erantzuna:

Ongaiz elkartea-Zangozerriko Ekologistak Martxan erakundeari emandako erantzun bera (3. alegazioa):

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

  • 1. txostena. Vodafone Ono SAU

2022ko irailaren 13an erregistratutako dokumentuan, Vodafone Ono SAUk, eraginei buruzko azterketa egin ondoren (gurutzatzeak), lanak egiten diren bitartean sustatzaileak bete beharreko baldintzak ezarri zituen.

Erantzuna:

Sustatzaileak jakinarazi zuen zuzenean jarriko dela kontaktuan ukitutako kanalizazioen jabe diren erakundeekin "gurutzatze horien gaineko baldintzak ezartzeko eta egoki irizten dioten erara gauzatu ahal izateko".

  • 2. txostena. Caparrosoko Udala:

Caparrosoko Udalak 2022ko irailaren 13an erregistratutako txostenean, ondorioztatu zuen "proiektua bat datorrela hirigintza gogoetekin".

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

  • 3. txostena. Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2022ko irailaren 16ko txostenean, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Kontserbazio Zerbitzuaren Ustiapen Atalak zehaztu zituen AP-15aren gainetik gurutzatzeari buruz kontuan hartu beharko diren baldintzatzaileak, eta sustatzaileari gogorarazi zion ezen, lanak egin aurretik, aipatu Kontserbazio Zerbitzuaren eta Nafarroako Autopistak (AUDENASA) enpresaren baimena behar duela.

Erantzuna:

Sustatzaileak esan du ados dagoela txostenarekin, han zehaztutako baldintzatzaileak beteko dituela, eta erakunde horiekin jarriko dela kontaktuan dagozkien baimenak eman ditzaten.

  • 4. txostena. Nedgia Navarra SA.

2022ko irailaren 29an, Nedgia Navarra SAk txostena eman zuen adieraziz ados zegoela aurkeztutako proiektuarekin, eta bete beharreko baldintza teknikoak zehaztuz. Horrez gain, adierazi zuen, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez onetsi baitzen gas erregaien banaketa eta erabilerarako erregelamendu teknikoa eta haren jarraibide tekniko osagarriak -ICG 01etik 11ra-, "obren adjudikaziodunak lanen hasieraren berri eman behar die eremuko zerbitzu teknikoei, bai eta egokiak iruditzen zaizkion azalpenak ere, adibidez, gas instalazioetatik hurbil egin beharreko lanetan kontuan hartu beharreko segurtasun neurriak".

Erantzuna:

Sustatzaileak esan du ados dagoela txostenarekin, han zehaztutako baldintzatzaileak beteko dituela, eta inguru hartako zerbitzu teknikoekin jarriko dela kontaktuan.

Iragarkiaren kodea: F2301109