36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

235/2023 EBAZPENA, 2023ko otsailaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2020-115018RB-C31".

2023ko otsailaren 7an, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko proiektuko laguntzaile gisa "PID2020-115018RB-C31" ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna M.ª Teresa García Marco da, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Hautaketa-prozesurako deialdia onestea, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko "PID2020-115018RB-C31" ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2023ko otsailaren 8an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "PID2020-115018RB-C31"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2020-115018RB-C31".

–Maila profesionala: proiektuko laguntzailea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: informazioa eta datu-baseak bilatzea eta kudeatzea, eta proiektuaren emaitzak zabaltzen laguntzea.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Iraupena: mugagabea, "PID2020-115018RB-C31" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi-mota: partziala.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MCIN/AEI/10.13039/501100011033.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Graduko, diplomaturako, arkitektura teknikoko edo ingeniaritza teknikoko titulazio akademiko ofizialak izatea, edo hezkuntza arloan eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Alberto Bayo Moriones doktorea, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: M.ª Teresa García Marco doktorea, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

Batzordekidea: Martín Larraza Quintana doktorea, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: Alejandro Bello Pintado doktorea, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

Idazkaria: Ainhoa Urtasun Alonso doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

Batzordekidea: Francisco Javier Merino Díaz de Cerio doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: ESPEDIENTE AKADEMIKOA

Puntuak

50

Izangaiaren espediente akademikoa bere batez besteko notari dagokion proportzioan baloratuko da, gehienez ere 10 punturekin. Horretarako, ponderazio-faktore hau erabiliko da:

–Ponderazioa x 5: enpresen kudeaketaren, ekonomiaren, informatikaren eta datuen zientziaren arloetako titulazioak.

–Ponderazioa x 4: psikologiaren, soziologiaren, industria-ingeniaritzaren, ingeniaritza informatikoaren eta nekazaritzako elikagaien ingeniaritzaren arloetako titulazioak.

–Ponderazioa x 3,2: beste titulazio batzuk.

2. APARTATUA: IKERKETAKO ESPERIENTZIA, I+G-KOA ETA ESPERIENTZIA PROFESIONALA

Puntuak

20

A) Europar ikerketa-proiektuetan edo nazioarteko beste proiektu batzuetan parte hartu izana: 4 puntu gehienez ere sei hileko, proiektu motaren arabera. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. 15 puntu gehienez ere.

B) Argitalpen zientifikoak nazioarteko eta Espainiako aldizkarietan, komunikazioak edo posterrak Espainiako edo nazioarteko kongresuetan, parte-hartzea lehia-deialdien ikerketa-proiektuetan: 1,5 puntu aportazioko. 7,5 puntu gehienez ere.

C) Esperientzia profesionala proiektuen kudeaketaren arloan: 4 puntu gehienez ere sei hileko, proiektuen garrantziaren arabera. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. 15 puntu gehienez ere.

D) Ikerketako eta lankidetzako bekak izatea unibertsitateko sailetan edo proiektuaren gaiarekin zerikusia duten I+G zentroetan: 1,5 puntu bekapeko sei hilabeteko. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. 5 puntu gehienez ere.

Apartatu honetako puntuazioen batura 20 puntutik gorakoa bada, 20 puntuko balioa esleituko zaio.

3. APARTATUA: PROIEKTUAREN GAIRAKO PRESTAKUNTZA OSAGARRIA

Puntuak

20

A) Proiekturako profilarekin lotura duten ezagupenak eta prestakuntza espezifikoki baloratuko dira: 10 puntu gehienez ere.

–Unibertsitate masterreko edo graduko beste titulu batzuk edukitzeagatik, 2 puntu emanen dira titulu bakoitzeko eta 4 puntu gehienez ere, baldin eta titulazioa ez bada aintzat hartu hautaketa-prozesuan parte hartzeko.

–Informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa analizatzeko teknikei buruzko prestakuntza osagarria edukitzeagatik, 2 puntu emanen dira gehienez ere, egiaztatutako prestakuntza-mailaren arabera.

–Analisi estatistikorako tresnen inguruko ezagupenengatik, 2 puntu emanen dira gehienez ere, egiaztatutako ezagupenaren arabera.

–Datu-baseak sortzeari eta kudeatzeari buruzko prestakuntza edukitzeagatik, 1 puntu emanen da gehienez ere, prestakuntza-mailaren akreditazioaren arabera.

–Eduki digitala eta weberako edukia garatzeko tresnen inguruko ezagupenengatik, 1 puntu emanen da gehienez ere, egiaztatutako ezagupenaren arabera.

B) Ingelesezko ezagupenak: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela balioetsiko dira: 10 puntu (C2 maila), 5 puntu (C1 maila), 3 puntu (B2 maila) eta 1 puntu (B1 maila).

C) Bestelako merezimenduak: batzordeak espezializazio ikastaroak, bekak, sariak eta lehiakideak aurkezten dituen beste edozein merezimendu baloratuko ditu, betiere aurreko ataletan aintzat hartu ez badira: 5 puntu gehienez ere.

Apartatu honetako puntuazioen batura 20 puntutik gorakoa bada, 20 puntuko balioa esleituko zaio.

4. APARTATUA: ELKARRIZKETA PERTSONALA

Puntuak

10

Balorazio Batzordeko kideek elkarrizketa bat eginen diete aurreko apartuetan lortutako kalifikazioak batuta puntuazio handiena duten hiru izangaiei. Elkarrizketan, izangaiak kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagutzak eta esperientziak baloratuko dira. Norbaiti elkarrizketarako hots egiten badiote eta ez bada aurkezten, prozesutik kanpo geldituko da.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2302151