36. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2023 FORU DEKRETUA, otsailaren 8koa, zeinaren bidez Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundeari (COMFIN) ematen baitzaio Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2023ko BERDINNA Saria.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 17ko 225/2022 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2023ko BERDINNA Sariaren deialdia egin, eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.

Jasotako hautagaitzen artean, dirulaguntza emateko irizpideetan oinarritutako balorazioa egin ondoren, epaimahaiak aho batez proposatu du saria ematea Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundeari (COMFIN), emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen laguntzeagatik, emakumeen elkarteen arteko lankidetzaren bidez, eta gero eta eragin politiko handiagoa izateagatik gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-politikak bultzatzen eta hobetzen.

Era berean, epaimahaiak nabarmentzen du Foru Komunitateko lurralde osoan duen presentzia, baita feminismo intersekzionala egitea ere, hau da, generoa beste diskriminazio batzuekin gurutzatzearen ondorioz sortutako elkarteek bat eginez, eta aitortza ematen die partaidetzara, ahalduntzera, prestakuntzara, hausnarketara, zabalkundera eta sareak sortzera bideratuta betetzen dituen jarduerei, erronka kolektiboei eta taldekakoei heltzeko eta agenda feminista bultzatzeko.

Berdintasunaren arloan etengabe eta irmoki egindako ekarpenagatik sari hau jasotzeko aintzat hartu diren merezimenduetatik honako hauek aipatu behar dira:

Ibilbidea:

2012ko martxoaren 26an eratu zen Iruñean, federazio gisa, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean, eta Nafarroako lurralde osoko 41 elkartek osatzen dute. 2012an, garai hartako Nafarroako Berdintasunaren eta Familiaren Institutuak (NBFI) zeregin garrantzitsua izan zuen bere sorreran: bat egiteko gune bat sustatzea, Nafarroako Berdintasun Kontseilu sortu berrian mugimendu feministaren presentzia bultzatzeko.

COMFINen lana parte-hartzerako erakunde autonomo bat sortzea izan da nagusiki, bat egiteko gune bat, egiturak eta lan-sareak sortzen laguntzeko eta beharra zuten elkarteei lagun egiteko gune bat. Gaur egun dituen helburuak honako hauek dira: erakundea sendotzea, kideen kohesioa, taldeko erronkei eta erronka kolektiboei aurre egiteko koordinazioa, eta tokiko, foruko eta estatuko eragin politikoa.

Garrantzia:

Ibilbide Bioleta jarri du abian, Nafarroako mapa bat, Nafarroako ehun emakume-elkarte baino gehiago ezagutzeko aukera ematen duena; jardunbide egokien banku bat sustatu du entitate horien jarduerak programatzeko; elkarteak mobilizatu eta koordinatzen ditu bilkurak egiteko (M8, A25, larrialdi feministako I20, etab.), eta agenda politiko feminista sustatzen du.

Oihartzuna eta eragina:

Topaketa Bioletak sustatzen ditu, emakumeei eragiten dieten arazoen inguruko gogoetarako gunea, dagoeneko bederatzi urte bete dituena. Parlamentuko agerraldietara joaten da, adibidez Nafarroako pobreziaren feminizazioaren gaian egin daitezkeen ekintzak azaltzeko egin zuena.

Gero eta eragin politiko handiagoa eta efektiboagoa du Foru Komunitatean, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak hobetzeko proposamenen bidez, programetan genero-ikuspegia aplikatuz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2022-2027 aldiko Plan Estrategikoari ekarpenak eginez, edo dirulaguntzen deialdiak hobetzeko proposamenak helaraziz. Zainketen aldeko Foru Ituna ere sinatu du.

Tokiko mailan, ekarpenak egiten ditu emakumeentzako segurtasun-protokoloetan, mugikortasun-planetan, klima-ekintzan eta genero-ikuspegia duten udal aurrekontuetan. CEDAW Sombra txostenari eta Impacto de Género YA txostenari ere ekarpenak egin dizkie. NUPeko eta Nafarroako Eskola Politeknikoko ikasleen praktikak ere hartzen ditu.

Foru Komunitatearekiko lotura:

Federazioko kide diren entitate guztiek Nafarroako Foru Komunitatean dute egoitza. Horietatik erdiak baino gehiago landa eremuan daude. Koordinakundeak aurrez aurre jasotzen ditu iradokizunak eta kontsultak, baliabide eta plataforma digitaletarako sarbidea errazten du, eta lurralde, emakume eta entitate elkartu bakoitzaren behar eta baldintzetara egokitutako prestakuntza eskaintzen du: indarkeria matxistaren prebentzioa, genero-ikuspegia duen komunikazioa, teknologia berriak, ahalduntzea eta feminismoa. Era berean, lurralde-topaketetara joaten da (Afammer edo Pirinioetako Emakumeak) eta entitate kiderik ez dagoen herrietara joaten da. Bazkide gisa parte hartzen du Estellerriko TEDER Partzuergoan, eta bazkideek zainketen aldeko tokiko hitzarmenak sinatu dituzte beren udalerrietan.

Finean, COMFIN Nafarroan berdintasuna sustatzen duen entitate bat da. Lan-sare eta -plan komunak ezartzeak elkarteak indartzen ditu, eta, horrenbestez, emakumeak eta gizarte osoa ere bai. Foru Komunitatean feminismoaren eremuan entitate konplexuagoa eta garatuagoa sortu izanak behar bati zor zaio: aurrera egitea alderdi pertsonaletik politikora, tokikotik globalera, txikitik komunera, hau da, agenda feminista globalera.

COMFINen bat egiten duten elkarteek sortu dira emakumeek jasaten duten diskriminazio anizkoitzetik (zapalkuntza-faktore gehigarriak, hala nola adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, desgaitasuna, sexu-identitatea eta -orientazioa, egoera administratiboa edo landatartasuna), eta horrek garrantzi berezia ematen dio entitateari, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipio konstituzionala gauzatzeko, zuzeneko edo zeharkako diskriminaziorik eza dakarrena. Elkarrekin eragin politiko handiagoa lortzen da.

Bereziki nabarmena da Foru Komunitateko lurralde osoan duen presentzia: federazioko bazkide diren entitateen erdiak baino gehiago landa-ingurunean daude, non emakumeak funtsezkoak diren biztanleriari eusteko. Zenbat eta lurralde, emakume edo diskriminazio mota gehiago ordezkatu, orduan eta aukera gehiago daude inpaktua izateko eta eragiteko.

Berdinna sariaren bidez, Nafarroako Gobernuak honako hauek ere aitortzen ditu: parte hartzeko eta ahalduntzeko dinamikak sortzea; lan-egiturak eta -sareak sortzen laguntzea, hala behar duten elkarteei lagunduz; herritarrentzat irekitako prestakuntza eta gogoetarako espazioak sortzea; elkarteen programaziorako erreferentziak eta jardunbide egokiak bilatzea, eragin handiagoa lortzeko; eta agenda feministaren zabalkundea eta sustapena, urteko Topaketa Bioletaren, haren webgunearen, buletinen, sare sozialen edo Ibilbide Bioletaren bidez (tresna birtual bat da, emakumeen elkarteak Nafarroako gizartera hurbiltzeko).

Beraz, COMFIN aldaketa-eragile bat da Nafarroan, gizarte inklusibo eta berdinzale baterantz aurrera egiteko, emakumeen eragin politikoaren eta ahalduntze kolektiboaren alde elkarteen eta lurraldeen aniztasuna biltzeko duen potentzialtasunagatik.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko otsailaren zortzian egin bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunaren Aldeko Emakumeen eta/edo Feministen Erakundeen Koordinakundeari (COMFIN) ematea 2023ko BERDINNA Saria.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2023ko otsailaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302120