35. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2022ko maiatzaren 18an egin bilkuran, erabaki zuen Urraulgoitiko Udala mankomunitatetik banatzeko prozedura abiaraztea eta estatutuen I. eranskina aldatzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatu aldaketaren hasierako onespenaren jendaurreko tramitea egin zen, legeak ezartzen duen epean, hura osatzen duten udaletan, eta alegaziorik aurkeztu ez zenez, mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2022ko azaroaren 25ean egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen estatutuen aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko estatutuak aldatzeko proiektu horren aldeko txostena eman zuen.

Gero, mankomunitatea osatzen duten udalen osoko bilkuretara eraman zen behin betiko onesteko, eta alde bozkatu dute. Beraz, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jarraikiz xedatutakoari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluaren 6. puntuan.

Irunberrin, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Mauro Gogorcena Aoiz.

SAN ISIDRO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua.

Estatutu hauen 1. eranskinaren zerrendan ageri diren udalerriek borondatezko Mankomunitatea eratu dute estatutu hauen 2. kapituluan adierazitako zerbitzuak, haien eskumenekoak baitira, denen artean emateko.

Kide berrien onarpena eta baja Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 52.3 artikuluan xedatuari jarraituz eginen dira.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa du, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen babespean arauturiko toki administrazio publikoa den aldetik, bere helburu berariazkoak betetzeko, eta antolamendu juridikoak ematen dizkion eskubide eta ahalmen guztien jabe da.

3. artikulua. Izena eta egoitza.

Aipatu den mankomunitatea "San Isidro Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea" deituko da.

Bere egoitza Irunberriko zahar-egoitzan bertan kokatuko da, Bijues etorbideko 5. zenbakian. Mankomunitateak beharrezkotzat jotzen badu egoitza administratiboa aldatzea, nahikoa izanen da Batzarrak gehiengo osoz hori erabakitzea, baldin eta Irunberriko udal-mugartearen barnean gertatzen bada.

II. KAPITULUA

Helburuak

4. artikulua.

Mankomunitateak helburu hauek ditu:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuak, langileei, familiei eta herriko kolektiboei informazioa, aholkuak eta orientazioa emateko eta haiek kontzientziatzeko gizarte eskubide, betebehar eta baliabideei buruz.

b) Hirugarren adinekoak artatzea, etxeetan, klubetan eta zahar-egoitzetan laguntza emanez.

c) Hezkuntza, kultura eta osasun zerbitzuekin koordinazio egokia izatea, eman beharreko zerbitzuetan ahalik eta eraginkortasunik handiena, baita ekonomikoa ere, lortzeko. Aipatutako helburuak lortzea zuzenean edo zeharka laguntzen duten behar beste jarduera egin ahalko ditu.

d) Helburu horiek lortzeko, toki entitateei legeriak emandako eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu, baita zerbitzuak udalaren esku uzteko aukera ere.

5. artikulua.

Arestian zehaztu eskumenaren barnean, Mankomunitateak ahalmena izanen du aitzineko artikuluan aipatu diren xedeak betetzeko ekintza guztiak gauzatzeko, bereziki hauek:

1. Dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskatzea Estatuari eta korporazio publiko zein pribatuei.

2. Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak egitea.

3. Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.

4. Mota guztietako kontratuak egitea obra eta instalazioak adjudikatzeko, horiek mantendu eta zaintzeko, eta aurrerapenak eta maileguak kontratatzeko.

5. Materiala, lanabesak, tresnak eta mota guztietako ondasunak erostea.

III. KAPITULUA

Indarraldia

6. artikulua.

Mankomunitatearen indarraldia mugagabea izanen da.

IV. KAPITULUA

Gobernu organoen antolaketa

7. artikulua.

Hona hemen Mankomunitateko gobernu eta administrazio organoak:

–Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea.

–Batzar Orokorra

–Tokiko batzorde iraunkorra.

Batzar Orokorra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.

V. KAPITULUA

Batzar Orokorra

8. artikulua.

Batzarra osatuko dute Mankomunitateko udal guztietako ordezkariek, dagokien entitateetako zinegotziak edo alkateak izanen baitira, udal horietako osoko bilkurek hautatuak.

Mankomunitatea eta bere kide diren toki entitateak elkarrekin ariko dira zerbitzuak ahalik eta hobekien eman beharrez, behar diren informazio, laguntza eta babesa elkarri eskainita.

9. artikulua.

Batzarra Mankomunitateko udalen ordezkaria izanen da eta udal horiek, bakoitzaren biztanle eskubidedunak oinarri hartuta, ordezkari bat izendatuko dute 400 biztanleko eta/edo zatikiko.

Udal guztiak ordezkatuta egonen dira Batzarrean, gutxienez ere ordezkari batekin, haien biztanle kopurua edozein delarik ere.

10. artikulua. Ordezkarien hautaketa.

Udalek libreki izendatu eta berrituko dituzte haien ordezkariak. Izendapenak nahitaez berritu beharko dituzte tokiko hauteskundeak egin eta hilabeteko epean. Ordezkari batek kargua utziz gero, bere borondatez, udalak hala nahi duelako edo beste edozein arrazoirengatik, ordezko bat izendatu beharko da, hilabeteko epean, aurrekoak kargua uzten duen egunetik hasita.

11. artikulua.

Batzarra gutxienez ere sei hilabetetik behin bilduko da, ohiko bilkuran, eta hori eginen da udalerrien bilkuren funtzionamendua erregulatzen duen araudiari jarraikiz.

12. artikulua.

Bilkura bakoitzerako deialdia eginen da udalerrien bilkurak erregulatzen dituen araudiari jarraituz.

13. artikulua.

Batzar Orokorrak udalen osoko bilkurei aplikatzen zaien araudiari jarraituz hartuko ditu erabakiak.

14. artikulua.

Batzarrean legezko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko, udaletan gehiengo hori eskatzen den gaietan.

15. artikulua. Eskumenak eta eskudantziak.

1. Bere eraketari, berritzeari eta handitzeari dagozkion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, estatutuei eta aplikatu beharreko lege edo erregelamenduei jarraikiz.

2. Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak ezartzeko, garatzeko eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

3. Mankomunitatearen urteko aurrekontuak eta kontuak onestea eta aldatzea.

4. Edozein ondasun eskuratu eta besterentzea, eta obrak eta zerbitzuak kontratatzeko oinarriak ezartzea, lehendakariaren esku utzita haiek formalizatzeko ahalmena.

5. Mankomunitatearen eskubideak aldezten jardutea, aurka ateratzea hura auzitaratzen den arazoetan, eta errekurtsoak jartzea edozein mota, maila edo jurisdikziotako aferetan, jarduneko legelariak aldeko txostena eman ondoren.

6. Zerbitzua hobeki antolatu eta funtzionatzeko neurri egokiak hartzea.

7. Udalei urtero egindako lanaren berri ematea, memoria baten bitartez. Haren xedea izanen da udalbatzari zerbitzuaren funtzionamenduaren berri ematea eta Mankomunitateak ekitaldi horretan izan duen jarduketa azaltzea.

8. Zentroan zerbitzuak erabiltzeko prezioen eta tarifen araubidea ezartzea.

9. Barne araubidearen erregelamenduak onestea.

10. Mankomunitatearen estatutuak onestea eta aldatzea.

11. Mankomunitatearen zerbitzuak eman behar dituzten langileen kontratazioak egitea, behin betikoak edo aldi baterakoak izan, indarreko legeriari jarraituz.

12. Kudeaketarako eta zerbitzuetarako entitateak sortzea eta haien estatutuak onestea, egoki juzgatzen dituen eskumenak eskuordetzan emanez, 14. artikuluan adierazitakoak izan ezik.

VI. KAPITULUA

Lehendakaria eta lehendakariordea

16. artikulua.

Lehendakaria Irunberriko Udaleko alkatea edo alkateordea izanen da.

17. artikulua.

Mankomunitateko lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

1. Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.

2. Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea haren lehen bilkuran eta, kasuak garrantzi handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

3. Idazkariarekin / kontu-hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.

4. Aurrekontuko kontsignazioen barrenean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

5. Haren funts eta ondasunak administratzea eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea indarra duen legeriaren arabera.

6. Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

7. Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak bere sinadurarekin ikus-onestea.

8. Eta zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, baldin eta ez badagozkie soilik Batzarrari edo Batzorde Iraunkorrari.

18. artikulua. Lehendakariordea.

Batzarrak izendatuko du lehendakariordea, eratzeko bilkuran, prozedura honi jarraituz:

–Beraien hautagaitza aurkezten duten batzarkide guztiek lor dezakete kargua, baina lehen bozketan gehiengo osoa lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi; hura inork lortzen ez badu, bigarren bozketan gehiengo soila lortzen duena izendatuko da. Berdinketarik izanez gero, biztanle gehien dituen udala ordezkatzen duen batzarkidea aldarrikatuko da hautetsi, eta berdinketak jarraituz gero, dagokion udalerrian boto gehien lortu dituena.

–Batzarkideak ez dira inoiz lehendakariorde izateko aurkeztuko, lehendakaria haien udalerri berekoa bada.

Lehendakariordeari dagokio lehendakariaren ordez aritzea haren eginkizun guztietan, hura kanpoan bada, eri edo ezindurik bere eginkizunetan aritzeko, baita lehendakaritza hutsik dagoenean ere, lehendakari berriak kargua hartu arte.

VII. KAPITULUA

Tokiko batzorde iraunkorra

19. artikulua.

Batzar Orokorrak bere kideen artetik izendatuko du Tokiko Batzorde Iraunkorra. 5 kidek osatuko dute; horietako bat mankomunitateko lehendakaria izanen da, eta beste bat, lehendakariordea.

20. artikulua.

1. Tokiko Batzorde Iraunkorrari dagokio bere batzar orokorreko erabakiak betearaztea.

2. Zerbitzuaren jarduerak zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

3. Berariazko diru-izendapena duten ordainketa guztiak agintzea.

4. Kudeaketa planak prestatzea, Batzar Orokorrari aurkezteko.

5. Mankomunitateak bere eskumeneko eremuan egin beharreko jarduketak aztertzea, haien gaineko txostenak eta proposamenak egitea eta haiek bultzatzea.

6. Batzar Orokorrak manatzen dizkion edo haren esku uzten dituen eginkizun guztiak.

21. artikulua.

Tokiko Batzorde Iraunkorra 2 hilean behin bilduko da gutxienez, edo bere kideetako hiruk edo lehendakariak eskatzen badute.

VIII. KAPITULUA

Idazkaria, kontu-hartzailea eta diruzaina

22. artikulua.

Mankomunitateko idazkaria nahiz kontu-hartzailea Batzarrak izendatuko ditu, udal mankomunatuetako edozeinetan lanpostu hori betetzen duten funtzionarioen artetik. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Lehendakariari eta Batzarrari informazioa eta aholkuak ematea hartu beharreko erabakien gainean, indarreko estatutu, ordenantza eta legeen arabera.

2. Mankomunitateko gutuneria eta dokumentazioa kudeatzea eta artxibatzea, lehendakariak jakin eta ebatzi ondotik.

3. Honako hauek idatzi eta baimentzea: Batzar Orokorrak egiten dituen bileren aktak, lehendakariaren ebazpenak eta Mankomunitateak egin beharreko agiriak.

4. Ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.

5. Bidezkoak diren eta lehendakariak ematen dizkion gainerako eginkizunak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean udaletako idazkari kargurako ezarritakoen arabera.

23. artikulua.

Kontu-hartzaileak eta diruzainak indarreko lege eta erregelamenduetako xedapenei jarraikiz jokatuko dute.

IX. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

24. artikulua.

Xedeak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

1. Dirulaguntzak, sariak, dohaintzak edo diru ekarpenak, Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo beste edozein pertsona fisiko edo juridikorengandik, publiko nahiz pribatu izan, eskuratzen direnak.

2. Bere ondasun eta zerbitzuen errenta, etekin eta prezioak.

3. Mailegu eta kredituak.

4. Beste edozein, indarreko araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.

25. artikulua.

Udal mankomunatuak behartuak daude, beraien biztanle eskubidedunen kopuruaren araberako proportzio zuzenean, batzarrak ekitaldi bakoitzean onetsitako zorren eta betebeharren aurrean erantzutera.

26. artikulua.

Kontu-hartzailearen eginkizunak izanen dira diru-sarrera eta gastuen kontu-hartzailetza eta kontabilitatea egitea. Batzarrak kontuak onetsiko ditu, legeetan toki entitateendako ezarritakoari jarraituz.

Dirua soberan badago zerbitzuen gastu guztiak, obra eta instalazioen kontserbazio arruntetakoak, langileen ordainsarienak eta hitzartutako gainerako betebeharrei dagozkienak egin ondoan, gerakin hori hurrengo ekitaldiko aurrekontura pasatuko da.

27. artikulua.

Gizarte zerbitzuei atxikitako edozein motatako ondasun eta eskubideak mankomunitate honi atxikiko zaizkio, baldin eta haien titulartasuna 1. eranskineko zerrendan ageri diren udaletako administrazioari badagokio.

28. artikulua.

Kide diren udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko.

X. KAPITULUA

Langileak

29. artikulua.

Mankomunitateak behar beste langile izanen ditu. Horiek funtzionarioak, lan-kontratudun finkoak edo aldi baterakoak, eta behin-behinekoak izanen dira eta haien kopurua, kategoria eta eginkizunak Batzar Orokorrak onetsiko duen plantilla organikoan zehaztuko dira.

30. artikulua.

Plantilla organikoa osatuko dute:

1. Zerbitzura bideratutako udaletako funtzionarioak.

2. Mankomunitateak berak kontratatzen dituen lan-kontratudunak.

Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak kontratatuko ditu. Plantillaren arabera beteko ditu lanpostuak, Batzarrak kasu bakoitzean zehaztuko dituen baliabideak aplikatuta.

Langile horiek lan xedapenen eta aurreikuspen sozialen mende egonen dira. Hortaz, izendapenek ez diete udal funtzionarioen izaerarik emanen ez eta eskuratzen utziko ere lanpostu horiek betetzen dituztenei.

XI. KAPITULUA

Kide gehiago onartzea

31. artikulua.

Kide berriak sartzeko, estatutu hauen lehenengo artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

XII. KAPITULUA

Desegitea

32. artikulua.

Mankomunitatea desegiteko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio eta, edozein kasutan ere, Nafarroako tokiko legedian xedatuari.

33. artikulua. Desegiteko arrazoiak.

Desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko toki araubidearen gaineko legerian ezarritakoak izanen dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1.–Estatutuak aldatzeko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio eta, edozein kasutan ere, Nafarroako tokiko legerian xedatuari.

2.–Estatutu hauen aldaketa onetsi ondotik, udalerri bakoitzerako ezartzen den ordezkaritza hilabeteko epean gauzatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Estatutu hauetan arautzen ez den orotan, Nafarroako mankomunitateen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubidea aplikatuko da.

I. ERANSKINA

(aldatua)

Irunberriko Udala.

Nabaskozeko Udala.

Iragarkiaren kodea: L2301317