35. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

42E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da Enerfin Sociedad de Energía SLk Puiu, Artaxoa eta Tafallako udalerrietan sustatu dituen "Hibridación Valdetina", "Akermendia" eta "Santa Águeda" parkeen proiektuetarako, beren ebakuazio azpiegiturak barne.

1.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

–"Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" parkeak.

1.1. Aurrekariak.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera, 2018ko azaroaren 19an, Enerfin Sociedad de Energía SLk ingurumen inpaktuaren azterketari buruzko irismenaren dokumentuaren eskaera aurkeztu zuen Artaxoa, Puiu, Tafalla eta Garinoaingo udalerrietan kokatuta dagoen "Valdetina" haize-parkearen proiekturako eta txosten honen xede diren gainerako parkeekin partekatutako ebakuazio azpiegiturarako. Eskaera 2019ko ekainaren 6an jakinarazi zen.

Ondoren, 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen "Valdetina" eta "Akermendia" haize-parkeen eta Espainiako Sare Elektrikoaren jabetzako Muruarte 220/400 kV-eko transformazio azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegitura partekatuaren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak (iragarkia 2020ko azaroaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), eta kontsulta egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Biodibertsitatearen Zerbitzuak dagozkion txostenak egin zituen 2021eko martxoaren 5ean.

Jarraian, Enerfin Sociedad de Energía SLk, 2021eko maiatzaren 21ean eta 10ean, "Valdetina" eta "Akermendia" haize-parke aldatuen (hurrenez hurren) eta Espainiako Sare Elektrikoaren jabetzako Muruarte 220/400 kV-eko transformazio azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegituraren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 4ko 2E/2022 Ebazpenaren bidez, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen "Valdetina" eta "Akermendia" haize-parkeen eta baterako ebakuazio azpiegituraren proiektuetarako.

1.2. Jendaurrean jartzea.

Kontuan hartuta aipatutako 2E/2022 Ebazpenaren bidez parke horietarako kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zela, sustatzaileak proiektuak aldatu ditu, eta, 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen "Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" parkeen eta Santa Águeda transformazio azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegituraren proiektu berriak eta ingurumen inpaktuaren azterketak (iragarkia 2022ko abuztuaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), eta kontsulta egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Biodibertsitatearen Zerbitzuak dagozkion txostenak egin zituen 2022ko irailaren 27an eta 8an, hurrenez hurren.

1.3. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Enerfin Sociedad de Energía SLk, 2022ko azaroaren 11n, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkion "Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" parkeen (hurrenez hurren) eta Santa Águeda transformazio azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegituraren behin betiko proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

–"Santa Águeda" haize-parkea:

1.1. Aurretiazko kontsultak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera, 2020ko ekainaren 4an, Enerfin Sociedad de Energía SLk ingurumen inpaktuaren azterketari buruzko irismenaren dokumentuaren eskaera aurkeztu zuen Tafallako udalerrian kokatuta dagoen "Santa Águeda" haize-parkearen proiekturako eta txosten honen xede diren gainerako parkeekin partekatutako ebakuazio azpiegiturarako. 2021eko urtarrilaren 14an Biodibertsitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen.

1.2. Jendaurrean jartzea.

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (iragarkia 2021eko otsailaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien horiei buruz. Biodibertsitatearen Zerbitzuak dagokion txostena egin zuen 2021eko maiatzaren 12an.

Jasotako alegazioak eta txostenak sustatzaileari igorri zizkion organo substantiboak, azter zitzan. Horren ondorioz, sustatzaileak zenbait aldaketa egin zituen, eta Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jartzeko bigarren izapide bat egin zuen (2021eko urriaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta kontsulta berriak helarazi zizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Jasotako alegazioen eta txostenen ondoren, sustatzaileak aldaketak sartu zituen berriro, eta, beraz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jartzeko hirugarren izapide bat egin zuen (2022ko ekainaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta kontsulta berriak helarazi zizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Biodibertsitatearen Zerbitzuak dagokion txostena egin zuen 2022ko irailaren 27an.

1.3. Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Enerfin Sociedad de Energía SLk, 2022ko urriaren 19an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkion "Santa Águeda" haize-parkearen eta Promotores Muruarte transformazio azpiestaziorainoko ebakuazio azpiegituraren behin betiko proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioari hasiera emateko eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

2.–Proiektuen deskribapena.

–"Hibridación Valdetina" parkea:

Behin betiko proiektuak eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haize-parkea ditu.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak 16,95 hektarea inguru hartzen ditu Puiuko mugartean, eta silizio kristalbakarreko 14.796 eguzki-modulu fotovoltaikoz osatuta dago. Modulu horiek ardatz bateko eguzki-jarraitzaileen egituraren gainean daude, eta zuzenean lurrean sartuta daude. Inbertsoreek modulu taldeek hornitutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtzen dute, eta erdi-tentsiora igotzen da (30 kV) planifikatutako sei transformazio zentroetan. Transformazio zentroak lurpetik lotuko lirateke 30/66 kV-eko Santa Águeda transformazio azpiestazioarekin.

Era berean, esparruen perimetroa hesitzea proposatzen da, gehienez ere 2 m-ko altuerako hesi zinegetikoarekin. Hesiak ez du eragotziko ehizarako ez den fauna basatia pasatzea, eta, abifaunak talka ez egiteko, seinale islatzaileak jarriko dira 10 metrotik 10 metrora.

Haize-parkea 4 haize-sorgailuz osatuta egonen litzateke, eta horiek kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zitzaion proposamenean planteatutako haize-sorgailuen errotore-diametroa (164 m) eta abatzerainoko altuera (125 m) mantenduko lituzkete. Ingurune berean egitea proposatzen da, eta, zehazki, honako koordenatu hauetan:

HAIZE-SORGAILUA

X KOORDENATUA

Y KOORDENATUA

VA-01

607.538

4.715.190

VA-02

608.006

4.715.284

VA-03

607.415

4.713.876

VA-04

607.838

4.713.994

Gainera, neurtzeko anemometro-dorre bat instalatzea aurreikusten da, saretazkoa eta autosostengatzailea, 125 metroko altuera izanen duena.

Haize-sorgailuak 30 kV-eko lurpeko zirkuitu elektrikoen bidez lotuta egonen dira. Zirkuitu horiek sortutako energia elektrikoa 30/66 kV-eko Santa Águeda transformazio azpiestaziora garraiatuko dute. Lehen aipatu bezala, eguzki-instalazio fotovoltaikoko sei transformazio zentroak ere 30/66 kV-eko Santa Águeda transformazio azpiestazioarekin konektatuta daude, eta, gainera, "Akermendia" eta "Santa Águeda" haize-parkeekin partekatzen da.

Sarbidea Puiurako NA-6400 errepidetik ateratzen den bide batetik egitea proposatzen da, eta bide hori, era berean, N-121 (Iruña-Tutera) errepideko 28,9 kilometrotik abiatzen da.

–"Akermendia" haize-parkea:

Haize-parkea 2 haize-sorgailuk osatuko lukete, eta horiek ere errotorearen diametroa (164 m) eta abatzaren altuera (125 m) mantentzen dituzte. Ingurune berean egitea proposatzen da, eta, zehazki, honako koordenatu hauetan:

HAIZE-SORGAILUA

X KOORDENATUA

Y KOORDENATUA

AK-01

603.217

4.717.288

AK-02

603.420

4.716.143

Sarbidea NA-6020 Artederreta-Martzilla errepidetik abiatzen den bide batetik egitea proposatzen da, 12,1 kilometroan. Bide horretatik abiatuta, lehendik dauden beste bi biderekin lotuko da ("Tejería bidea" eta "Alto de las Cabraserako bidea") eta, bide horietatik, haize-parkeko azpiegituretara iristeko beste bide batzuk abiatuko dira.

–"Santa Águeda" haize-parkea:

Haize-parkea 7 haize-sorgailuk osatuko lukete. Errotorearen diametroa 164 m-koa izanen litzateke, eta abatzaren altuera 125 m-koa. Honako koordenatu hauetan egitea proposatzen da:

HAIZE-SORGAILUA

X KOORDENATUA

Y KOORDENATUA

SA-01

601.843

4.709.356

SA-02

602.325

4.709.268

SA-03

602.807

4.709.177

SA-04

603.228

4.709.317

SA-05

603.944

4.709.104

SA-06

604.424

4.709.042

SA-07

605.039

4.708.841

Gainera, neurtzeko anemometro-dorre bat instalatzea aurreikusten da, saretazkoa eta autosostengatzailea, 125 metroko altuera izanen duena, Tafallako udalerriko X: 602.653, Y: 4.709.578 koordenatuetan.

Sarbidea NA-132 eskualde errepidetik egitea proposatzen da. Hainbat irteera hartu beharko dira haize-sorgailuen kokalekuetara sartzeko (31,9, 27,4 eta 26,1 kilometro-puntuetako irteerak).

Txostenaren xede diren proiektuetako bakoitzean, haize-sorgailuak 30 kV-eko lurpeko zirkuitu elektrikoekin lotuta egonen dira, eta zirkuitu horiek ekoitzitako energia elektrikoa 30/66 kV-eko Santa Águeda transformazio azpiestazioraino garraiatuko dute. Hortik, 8,7 km-ko airetiko hasierako zatiaren eta lurpeko 770 m-ko bigarren zatiaren bidez, parke horietan sortutako energia Promotores Muruarte 220/33 kV-eko transformazio azpiestaziora garraiatuko da. TAE hori energia berriztagarrien inguruko beste proiektu batzuekin partekatzen da, eta handik, 220 kV-eko lurpeko linearen 430 m ingururen bidez, REEren jabetzako Muruarte 220/400 kV-eko transformazio azpiestazioarekin konektatuko da. Airetiko zatiko euskarriak saretazko dorre metalikoekin proiektatzen dira eta beirazko isolatzaileak izanen dituzte. Nolanahi ere, euskarriaren lekuaren eta elementu eroalearen artean metro batetik gorako tartea bermatuko da.

Halaber, proiektu guztietara iristeko lehendik dauden bideak erabiliko dira, tarte batzuetan egokitu beharko direnak, eta, era berean, tarte berriak eraiki beharko dira. Bideek honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

–6,0 m-ko zabalera baliagarria eta 7,5 m-ko librea; kurbaren barne erradioa, berriz, 65 m-koa.

–%7ko gehieneko malda trinkotu gabeko lurzoruetan eta, gune zehatz batzuetan, %13koa lurzoru trinkotuetan.

–Ibaiko zabor legarrezko edo material hautatuzko beheko geruza batek (25-35 cm) eta zabor legar artifizialezko errodadura geruza batek (25 cm) osatuko dute eredu sekzioa.

–100 cm zabal eta 50 cm sakon diren luzetarako arekak, drainatzeko.

3.–Azterketa teknikoa.

"Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" haize-parkeen ingurumen inpaktuaren azterketen arabera (IIA), Santa Águeda transformazio azpiestaziora arteko ebakuazio azpiegiturak barne, honako hauek dira inpaktu handiena sortuko duten ekintzak: parkeek funtzionatzen duten bitartean egonen diren instalazioak, paisaia eta fauna izanik ukituenak, eta eraikuntza-aldian landaredian eta faunan izan dezakeen eragina. Hala ere, ondorioztatzen dute proiektu horiek inpaktu global neurritsua eta bateragarria sortuko dutela, hurrenez hurren. Halaber, "Santa Águeda" haize-parkearen IIAk, 220/33 kV-eko Promotores Muruarte transformazio azpiestazioraino aurrekoekin partekatutako ebakuazio azpiegitura barne, ondorioztatzen du proiektu horrek inpaktu global bateragarria sortzen duela. Beraz, IIAetan adierazten da hiru proiektuak, oro har, bideragarriak izanen liratekeela, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak kontuan hartuta eta dagozkien ingurumena zaintzeko programak gauzatuta.

Hiru parkeak balio ekologiko handiko nekazaritzako eta basogintzako ingurune batean proiektatu dira. Bertan landaredi naturalez eta laborantzarako eremuz estalitako azalerak tartekatzen dira, eta interfazean balio handiko ekotonoak sortzen dira. Bertako habitatetan dibertsitate eta aberastasun handia dagoenez, animalia eta landare espezie ugari daude, besteak beste, "harrapakin espezieak", zeinek espezializatuagoak diren beste espezie batzuk egotea errazten duten. Horri gehitu behar zaio urteko une batzuetan abeltzaintza estentsiboa dagoela, eta erabiltzen diren zenbait abere-ukuilu daudela eta oso erakargarriak direla harrapari askorentzat. Horrez gain, proiektuak abifaunak migrazioan gehien erabiltzen duen Nafarroako ibilbideetako batean kokatzen dira; ibilbidea Zidakos ibairantz eta "Santa Águeda" haize-parkea ezartzekoa den eremurantz luzatzen da.

Gainera, "Santa Águeda" parkearen kasuan, haize-sorgailuen artean tartekatutako basoberritzeko pinudiak ere agertzen dira. Pinudi horiek babesteko, atseden hartzeko eta/edo habia egiteko leku ugari eskaintzen dizkiete basoko hegazti harrapariei. Hegazti horiek pinudietan gelditzen dira eta parkea ezartzeko eremuaren erabilera areagotzen dute.

Halaber, "Santa Águeda" haize-parkea Juncaleko aintzira (ES2200033) kontserbazio bereziko eremutik (KBE) oso gertu dago. Hezegune horretan hegazti habiagile eta negutar asko daude, eta parkea ezartzeko eremuan zehar kokatzen dira. Gainera, haize-sorgailuak aintzira horren eta Valditresko eta Tamaricesko sakanen eta Cascarruejosko aintziraren artean egitea proposatzen da. Horiek guztiak garrantzi desberdineko hurbileko hezeguneak dira, eta bertako populazioak argi eta garbi lotuta daude. Horrek areagotu egiten du leku horien artean mugitzen diren uretako hegaztiei eragiteko arriskua. Uretako hegazti horiek funtsezko elementuak dira aipatutako KBE horretan, eta, beraz, proiektua gauzatzeak eragina izan dezake KBE horren kontserbazio egoeran. Gurelur elkarteak nabarmendu du hori, eta adierazi du parkea inguruko hezeguneetatik hurbil dagoenez, horrek hezeguneetan eta lotutako faunarengan eragina izan dezakeela.

Horregatik guztiagatik, proiektuen eremua interes handiko ingurunea da, eta intereseko eta babestutako espezie askoren bizi eremuaren zati da (hazkuntza, bizi edo elikadura eremuak); horien artean, abifauna nabarmentzen da, eta, bereziki, harrapariak (miru gorria eta Naumann belatza, zeina galzorian dagoen nazio eta autonomia mailan, hurrenez hurren; mirotz urdin eta mirotz zuria, kaltebera gisa katalogatuak Nafarroan; miru beltza, arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, sai arrea, zingira-mirotza, eta abar). Hori berresten dute abifaunaren urteko ziklo osoari buruz aurkeztutako azterketetan adierazitako behaketetako datuek. Beraz, proiektuak gauzatzeak arrisku handia dakar, eta eragin larria izan dezakete bertako abifauna espezie batzuengan; gainera, ez dago frogatutako eraginkortasuna duen prebentzio eta zuzenketa neurririk, eragina behar beste murrizteko. Hain zuzen ere, parkeen inguruko 10 km-ko eremuan, gorabehera esanguratsuak daude bertako haize-parkeetan, bai oso ugariak direlako (sai arrearen kasuan, adibidez), bai espezieak bereziak direlako (esaterako, miru gorriaren, Naumann belatzaren eta mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren kasuan).

Hori guztia hainbat alegatzailek adierazi dute (Sustraia Erakuntza Fundazioa, Landazuri-Erriberako Ekologistak Martxan, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan eta Gurelur).

Aipamen berezia merezi du miru gorriak, Estatuan galzoriko espezie gisa katalogatuta baitago eta aztergai dugun eremua potentzialtasun handiko habitata baitu. Hori dela eta, espezie hori ohikoa eta ugaria da hiru parkeak ezartzeko eremuan. Zenbait etzaleku eta miru gorriaren habiak egiteko gune batzuk daude parkeak eraikiko diren eremutik nahiko gertu. Miru horiek, baita urrunagoko eremuetatik datozen beste batzuek ere, ohiko bizitokiaren barruan hartzen dituzte haize-parkeak eraikitzeko eremuak, eta hori bereziki larria da, ingurunean funtzionatzen ari diren haize-sorgailuetan espezie horrek talka egiteko arriskua eta hilkortasuna antzeman direlako. Mehatxu hori faktore mugatzailea izaten ahal da galzorian dagoen espezie hori kontserbatzeko eta berreskuratzeko, bai aztergai den eremuan eta gertuko "Orbaibarko mendiak" KBEan, bai eremu geografiko handiagoetan, estatu mailan eta Europan, espezie migratzailea delako.

Era berean, mirotz urdinaren presentzia nabarmentzen da, batez ere "Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" haize-parkeen ingurunean, eta baita horren hazkuntza arrakastatsua ere hasiera batean "Valdetina" haize-parkerako proposatutako bi lerrokadurak bereiziko lituzkeen zerrendan. Era berean, Juncaleko aintziran, "Santa Águeda" haize-parketik gertu, mirotz zuriaren etzaleku bat dago, eta horrek Nafarroan kaltebera gisa katalogatutako espezie horientzako arriskua dakar.

Arreta berezia merezi du, halaber, sai arreak, maniobratzeko gaitasun txikia duen harrapari planeatzailea, haize-parkeetan arrisku handia baitu. Hori inguruko haize-parkeetan egiaztatu da. Abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketako datuen arabera, espezie hori askotan begiztatu da, batez ere "Santa Águeda" parkean, eta ehuneko handiak begiztatu dira talka arriskuaren altueran. Horrek arrisku handia dakar eta eragin larria izan dezake, are gehiago kontuan hartzen badugu espeziea bizitza luzekoa dela, heltze sexualeko aldi luzeak dituela eta ugaltze tasa txikiak dituela, eta populazioek mugikortasun handia dutela.

Azkenik, Nafarroan galzorian dagoen Naumann belatza aipatu behar da; izan ere, etzaleku bat du iparraldean, "Santa Águeda" haize-parketik oso hurbil. Bertan, migrazioa egin aurretik, espezie horretako hegazti asko biltzen dira, eta parkea eraikiko den eremuan zehar hedatzen dute beren bizitokia. Parkea bizitoki horren eta Tafallako azpiestazio elektrikoaren inguruan dagoen beste etzaleku handiago baten artean egonen litzateke, eta horrek talka egiteko arriskua ekarriko luke.

Era berean, aurkeztu diren fauna hegalariaren urteko zikloaren azterketetan adierazten denez, zona horretan askotariko kiropteroak daude, eta hainbat espezie inbentariatu dira. Batzuk estatu edo autonomia mailan katalogatuta daude, eta horietako batzuek talka egiteko arriskua dagoen altueran egiten dute hegan.

Espezie horietako asko Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen IV. eranskinean eta Hegazti basatien kontserbazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean sartzen dira. Beraz, "habitatari dagokionez kontserbazio neurri bereziak izanen dituzten espezieak" dira, "beren banaketa eremuan biziraun eta ugalduko direla ziurtatzeko". Adierazitakoaren arabera, txostenaren xede diren proiektuak gauzatzeak espezie horietako batzuen biziraupen- eta ugalketa-baldintzak okertzea ekarriko luke, eta aipatutako 42/2007 Legean eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa urratuko lukete.

Alegatzaile askok (Sustraia Erakuntza Fundazioa, Gurelur, Landazuri-Erriberako Ekologistak Martxan, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan) azpimarratu dute proiektuak eraikitzeak eragina izanen duela bertako fauna hegalariko espezie askotan, eta adierazten dute horietako askoren populazioek behera egiteko arrisku handia dagoela.

Bestalde, landaredi naturala duten hainbat eremuren kontserbazio maila "bikaina" eta "altua" artean dago, eta 92/43/EEE Zuzentarauko Europar Batasunaren intereseko zenbait habitatetan (4090, 5210, 1520* eta 9340) eragina izan lezakete. Gainera, proiektuen eremuan zuzentarau horren II. eranskinean jasotako landare espezie batzuen populazioak hazteko aukera dago; horixe nabarmendu dute hainbat alegatzailek (Sustraia Erakuntza Fundazioak eta Gurelurrek). Era berean, estazioaren ontasunak, batez ere Zidakos ibaiaren eta Artaxoako udal mugartearen artean, tamaina handiko zuhaitzak garatzea ahalbidetzen du, abifaunak habiak egiteko erabiltzen dituenak eta baita etzaleku, begiztatzeko leku eta abarretarako ere.

Proiektuak gauzatzerakoan lehentasuna eman zaio nekazaritza eremuak okupatzeari; hala ere, sarbideak eraiki eta egokitzeak, ebakuaziorako azpiegitura lurperatzeko zangak irekitzeak eta haize-sorgailuak eta eguzki-panel fotovoltaikoak muntatzeko lurra prestatzeak lur-mugimenduak sortzen dituzte, eta lurzoruan, erliebean eta landaredian eragiten dute. Horrek habitaten azalera eta dibertsitatea aldatzea eta murriztea ekarriko luke, eta galera horrek bertako animaliei eraginen lieke. Laburbilduz, proiektuak gauzatzeak dauden ekosistemak degradatzea eta funtzionalitatea galtzea dakar.

Era berean, uste da, eguzki-instalazio fotovoltaikoa nekazaritza eta baso matrizearen barruan eraikitzearen ondorioz, instalazioek hartuko luketen espazioa espezie askok erabiltzeko galduko litzatekeela, eta zeharkako eragin garrantzitsuak ekar ditzakeela, hala nola habitata uztea parkearen inguruko ingurune zabalagoan, hesi efektua, edo konektibitate ekologikoa galtzea, bai tokiko mailan, isolatzen diren laboreen, heskaien eta baso-unaden arteko ekosistema-harremanak zuzenean eraldatzeagatik, bai eskualde mailan, mosaiko-espazio horiek urrunago dauden espazioen arteko lotura-funtzio argia baitute.

Ildo horretan, zenbait alegatzailek (Sustraia Erakuntza Fundazioa, Landazuri-Erriberako Ekologistak Martxan, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan eta Gurelur) salatu dute parkeak eraikitzeak eraginen duen kaltea larria izanen dela, dauden natura balioak eta azterketa eremuaren balio ekologiko handia kontuan hartuta, eta horietako askok adierazi dute CO2 finkapena murriztu eginen dela,zeina proiektuak instalatzeko beharrezkoa den landare estaldura kentzearen ondorioz sortuko den.

Nafarroako Ubideari lotuta, Artaxoa, Mendigorria eta Tafallako udalerrietan lur azalera handi bat ureztatzearen eraginez sortutako nekazaritza eraldaketa eta intentsifikazio handiaren ondorioz, espezie askorentzat azalera erabilgarri handi bat galdu eta/edo hondatu da. Espezie horiek lur ureztatuetatik kanpo gelditzen diren lurrak erabiltzen dituzte, baso lurrak eta menditsuak direlako. Orain, parkeak bertan instalatzea proposatzen da. Baso lur menditsu horiek, gainera, dagoeneko presio handia jasaten dute, haize-sorgailu asko baitaude. Haize-sorgailuak altuera desberdineko lerrokadura ugaritan banatzen dira, gutxi gorabehera elkarrekiko paralelo; bertan, fauna hegalariaren hilkortasuna esanguratsua da. Horri guztiari aireko linea elektrikoak, bide eta trenbide azpiegiturak eta dagoeneko dauden eguzki-parkeen nahiz izapidetzen ari diren eguzki-parkeen dentsitate handia gehitu behar zaio. Horrek guztiak metatze eta sinergia ondorioak eragiten ditu, eta paisaiari, fauna hegalariak lurraldea erabiltzeari eta taldeek lekualdatzeko duten iragazkortasunari erasaten diete, hilkortasun arriskua areagotzen dute eta bertako espezie askok erabil dezaketen azalera murrizten dute. Horixe salatu dute hainbat alegatzailek (Sustraia Erakuntza Fundazioa, Landazuri-Erriberako Ekologistak Martxan eta Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan). Ildo beretik, SECEMUk adierazi du metatze eta sinergia ondorioek kiropteroen hilkortasunean garrantzia dutela, eta eragin hori murrizteko neurri zehatzak ezartzeko eskatu du.

Gainera, "Hibridación Valdetina" parkearen barneko eguzki-instalazioa Natura 2000 Sarean sartuta dagoen "Orbaibarko mendiak" (ES2200032) kontserbazio bereziko eremutik 3 km baino gutxiagora dago, eta haize-sorgailuak 4 km baino gehixeagora. "Orbaibarko mendien" kontserbazioaren funtsezko elementuetako bat hegazti harrapariak (miru gorria, miru beltza, arrano txikia eta arrano sugezalea) dira. Hegazti harrapari horiek txostenaren xede diren hiru parkeak eraikitzeko eremuetara hedatzen dute beren bizitokia, eta espezie horien gainean eragiteko arriskua dago, KBE horren kontserbazio egoeran eragina izan dezakeena. Era berean, lehen esan bezala, "Santa Águeda" haize-parkea Juncaleko aintzira (ES2200033) kontserbazio bereziko eremutik (KBE) gertu dago, eta funtsezko elementuetako bati eragin diezaioke (uretako hegaztiak), eta, beraz, KBE horren kontserbazio egoerari. Horrez gain, hainbat alegatzailek (Sustraia Erakuntza Fundazioa, Gurelur) Natura 2000 Sarearen barruan dauden eremuen gaineko eragina aipatu dute.

Paisaiari dagokionez, ingurumen inpaktuaren azterketek (IIA) paisaiaren ezaugarrien analisia egin dute kalitatearen eta hauskortasunaren arabera, eta "Hibridación Valdetina" parkearen paisaia kalitate baxukoa-hauskortasun ertainekoa gisa kalifikatu dute, eta "Akermendia" parkekoa kalitate baxukoa-hauskortasun ertainekoa edo altukoa gisa; beraz, bi kasuetan, lurralde-kalteberatasunaren ondoriozko inpaktua bateragarritzat jotzen da.

"Hibridación Valdetina" parkeko haize-sorgailuek eta plaka fotovoltaikoek sortutako ikusmen intrusioen ondoriozko lurralde eraginari dagokionez, IIAk maila globalean bateragarritzat jotzen du, nahiz eta eragin larria eta kritikoa duten eremu batzuk egon, balio ekologiko handiko eta arrisku handiagoko eremuetan. Inguruko biziguneen gaineko inpaktua ere bateragarritzat jotzen da kasu guztietan.

"Akermendia" haize-parkerako, lurraldearen gaineko eragina maila globalean bateragarritzat jotzen du IIAk. Hala ere, Artaxoako udalerrian inpaktu handia sortuko dela uste da, parkea ikustea blokeatzen duten elementu gutxi daudelako eta Artaxoako harresiko multzo historikoa dagoelako, paisaia balio eta balio estetiko handia duena eta behatzaile ugari izan ditzakeena. Sustraia Erakuntza Fundazioak ere horixe adierazi du.

"Santa Águeda" parkearen kasuan, IIAk kalitate baxuko eta hauskortasun ertaineko balioak ematen ditu, haize-parkearen eta ebakuaziorako azpiegituraren harrera ahalmena ertain gisa kalifikatzen du, eta proiektuaren inpaktu globala bateragarritzat jotzen du.

Ingurumen organo hau ez dago ados paisaia inpaktuari buruz emandako azken kalifikazioarekin, batez ere "Hibridación Valdetina" eta "Akermendia" parkeei dagokienez, bai Artaxoako harresiko multzo historikoaren gaineko inpaktuagatik, bai parke horien kokapena proiektuen esparru eszenikoko nekazaritza eta basozaintzako matrizean egonen delako. Nekazaritza eta basozaintzako mosaiko hori kalitate handiko paisaia egituratzat hartzen da, aniztasun kromatikoa, testurala eta lerro-aniztasuna kontuan hartuta, nahiz eta partzialki desitxuratuta egon ingurune hurbilean beste instalazio eoliko batzuk, aireko linea elektrikoak eta abar daudelako. Nekazaritzako eta basozaintzako mosaiko paisaia hori gero eta urriagoa eta bereziagoa da, eta izapidetzen ari diren proiektuen kasuan, Nafarroako Ubidearekin (Artaxoa, Mendigorria, Tafalla eta abar) lotutako lurzatiak berrantolatzeko eta nekazaritza intentsiboko proiektuen ondorioz asko ukitu da. Sustraia Erakuntza Fundazioak ere salatu du.

Era berean, "Hibridación Valdetina" proiektuak ukitutako eremua LAP 4ko Erdialdeko eremuan sartzen da. Haren PN9-Paisaia eranskinaren arabera, eremua honela kategorizatu da: gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, paisaia aldetik balioa duen lurzorua, nekazaritzako eta abeltzaintzako kultura paisaiak, "Artederreta mendatearen ingurua errepidearen bi aldeetan, Puiura arte". Paisaia multzo horren barruan hainbat aniztasun antzematen dira, eta, kasu honetan, mendi eta alorren mosaiko dibertsifikatua da. Zona horien bokazioak, nagusiki nekazaritzako ustiategi estentsiboak izan arren, paisaia eta ingurumen osagai nabarmena du.

Hainbat alegatzailek parkeen inguruneak duen paisaia balio eta balio ekologiko handia nabarmendu dute, eta horiek ezartzeak ekarriko lukeen inpaktua salatu dute. Bestalde, Ondare Arkitektonikoaren Atalak kontsulten hirugarren aldian egindako txostenak adierazten du SA-03 eta SA-04 haize-sorgailuak bateraezinak direla Beratxa dorrearen balio kulturala kontserbatzearekin.

Ebakuazio azpiegiturari dagokionez, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera eta aurreko txostenen arabera, inguruneak ukituak bukatu dezaketen ingurumen eta paisaia balio oso handiak dituela irizten da. Gainera, ingurunean haize-parkeen, linea elektrikoen, garraio azpiegituren eta abarren dentsitate handiak daude (funtzionatzen daudenak, baimenduta daudenak eta izapidetzen ari direnak), eta horrek metatze eta sinergia ondorio nabarmenak ekartzen dituenez, eragindako kaltea indartu besterik ez da egiten.

Ildo horretan, jendaurrean hirugarrenez jarri ondoren eta "Santa Águeda" haize-parkeari buruz egindako kontsulten ondoren, Untzueko Udalak azpimarratu du ebakuazio linea ezartzeak paisaian izanen duen inpaktua, jada linea elektrikoez, haize-parkeez eta abarrez jositako lurralde batean, eta Tebas-Muru Artederretako Udalak nabarmendu du baterako plangintza behar dela bere lurraldea ukitzen duten linea elektrikoei dagokienez.

4.–Proposamena.

Espedienteen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak bere txostenean dio behar bezala burutu dela ingurumenaren inpaktuaren ebaluazioaren prozedura. Hala ere, ez dator bat ingurumen inpaktuaren azterketen konklusioekin, sortuko litzatekeen ingurumen inpaktua gutxiesten baitute. Kontuan hartuta tokiaren ingurumen balio handia, mehatxatuta dagoen fauna hegalaria egotea, talka egiteko eta faunak erabil dezakeen azalera galtzeko arriskua, hesi efektua, migrazio ibilbide garrantzitsu baten gaineko eragina, paisaia inpaktua eta haize-parke ugariek eta ingurunean dauden beste azpiegitura batzuek eragindako ondorio metatzaile eta sinergikoak (zeinak aurreko faktoreei eraginen lieketen), bai eta kontuan hartuta berezko balio ekologikoa eta proiektuaren eremuak ingurumen balioak galtzeagatik (hurbileko beste eremu batzuk ureztatzea ekarriz) hartu duen garrantzi handiagoa ere, proiektuak bideraezinak dira ingurumenaren aldetik, baita proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatu ondoren ere. Hori dela eta, proposatzen da kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea "Hibridación Valdetina", "Akermendia" eta "Santa Águeda" haize-parkeen proiektuetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Enerfin Sociedad de Energia SL enpresak sustatutako "Hibridación Valdetina", "Akermendia" eta "Santa Águeda" haize-parkeen proiektuetarako, beren ebakuazio azpiegitura barne, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Puiu, Artaxoa, Tafalla, Garinoain, Barasoain, Añorbe, Tirapu, Biurrun-Olkotz, Untzue eta Tebas-Muru Artederretako udalei, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangoza eta Iruñeko Koordinazio Unitateak) eta sustatzaileari.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2301069