35. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, honako ebazpen honen akatsak zuzentzen dituena: 1202E/2022 Ebazpena, azaroaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Mes Solar XVII SLk sustatutako Muruarte Solar I eta Muruarte Solar II parke fotovoltaikoen eta energia husteko azpiegituraren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena.

Honako akats hauek antzeman dira Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpenean:

1. Ebazpenaren testuan, Muruarte I eta Muruarte II instalazio fotovoltaikoetatik 220/33 kV-eko Muruarte transformazio azpiestazio biltzaileraino energia ateratzeko lurpeko 33 kV-eko linearen 4 km-ko luzerari buruzko datua aurkezten da, behin betiko bertsioaren ordez, zeina lehenengoz jendaurrean jarri ondoren aldatu baitzen (6.559,51 m).

2. Espedientea izapidetzean, ez dira kontuan hartu 33/220 kV-eko Muruarte azpiestazio biltzailearen eta 220 kV-eko goi tentsioko lurpeko lotura-linearen proiektuak, baimen substantiboaren eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapideetan sartuta daudenak eta jendaurrean bigarrenez jarri zirenak dokumentazio teknikoa eta ingurumen inpaktuaren azterketa 2021eko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (280. zk.) argitaratzearen bitartez.

Jarraian, 33/220 kV-eko Muruarte TAE biltzailearen proiektua eta 220 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea berriarena ebaluatzen dira. Linea horrek 220 kV-eko Muruarte TAE biltzailea eta lehendik baden 220 kV-eko REE Muruarte TAEan (REEren jabetzakoa) egin beharreko kokagune berria lotuko ditu 220 kV-eko parkean.

Lehen aipatutako proiektuei dagozkien ingurumen dokumentuetan, alternatiben analisi bat dago, eta 1. alternatiba aukeratzen da lau aukeren artean, kontuan hartuta instalazioak REE Muruarte TAEtik hurbil daudela, lurpeko konexio linea (ez die eragiten abifaunari, landarediari, habitatei, lurzoruaren usadioei, hidrologiari eta lurzoruari) eta oso aldatuta dagoen eremu batean ezarriko dela (abandonatutako kanpamentu militar baten basean, bide eta energia azpiegituren dentsitate handia duen korridore baten barruan).

Ingurumen inpaktuaren azterketak inpaktua sortzen duten proiektuen ekintza nagusiak identifikatzen ditu, eta eraikitzen, ustiatzen eta uzten edo eraisten ari diren instalazioen inpaktua ebaluatzen du. Honako hauek aztertzen ditu: baliabideen kontsumoa, isurketak eta istripu larriak gertatzeko arriskua, aireratzeak, zarata, eremu elektromagnetikoak, argi afekzioa, metatze eta sinergia inpaktuak, erliebearen, floraren eta faunaren gaineko eragina, paisaiaren eta ondarearen gaineko inpaktua eta abar. Inpaktuaren azterketarekin amaitzeko, proiektuaren aldietan aplikatu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurrien kapitulu bat eta nahikoa den Ingurumena Zaintzeko Plan bat daude.

Ondorio gisa, ingurumen inpaktuaren azterketak zehazten du 33/220 kV-eko Muruarte TAE biltzailearen proiektuak eta azpiestazio elektriko horretatik energia elektrikoaren garraio sare nazionalera konektatzeko 220/400 kV-eko REE Muruarte TAErainoko goi tentsioko lurpeko linearenak inpaktu global bateragarria sortuko dutela.

Ingurumen inpaktuaren azterketa ikusita, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazten du azpiestazio elektrikoa instalatzeko aukeratutako kokalekuak ez duela ingurumen baliorik, hala nola intereseko landaredi naturalik edo babestutako flora edo faunarik; gainera, orografia ia laua du, eta, beraz, ez da espero erliebea nabarmen aldatzerik, eta, ondorioz, paisaia nabarmen aldatzerik; eremu babestuetatik edo Natura 2000 Sarean integratutako eremuetatik eta Europar Batasunaren intereseko habitatetatik urrun dago, eta ez dago faunarentzat intereseko eremurik. Instalazioak Orbaibartik Andiara doan Errege Altxonbide abelbideari eta 6. iraganbideko abelbideari eragiten die (kontrastatu gabeak), eta, beraz, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena eman zuen, zenbait baldintzarekin, 2021eko martxoaren 31n. Ondare arkitektonikoari ere ez zaio eragiten, Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2021eko abenduaren 7an egindako txostenaren arabera.

Lurpeko 220 kV-eko linea elektrikoa tinkatze bidez gauzatuko da N-121 errepide nazionala eta AP-15 autobidea gurutzatzeko, eta abio putzua TAEaren inguruan egonen da, antzinako kanpamentu militarrari dagokion lursailean eta autobidearen ondoko irteeran, 220 kV-eko REE Muruarte transformazio azpiestazio elektrikotik gertu. Ez da espero ingurumen eraginik izatea hura gauzatzen den bitartean, tinkatze obretatik eratorritako hondakinak behar bezala kudeatzen badira.

TAEak inpaktu handiena paisaian izanen du, instalazio elektrikoa Muru Artederretako ipar-ekialdetik zuzenean ikusiko baita; izan ere, herri hori nagusitzen da ikuseremuan. Gainera, kanpamentu militarreko eraikinen presentziak eragin handia du bertan, bai eta hainbat bide azpiegitura energetikok (REEren TAEa barne), etorkizuneko prestazio handiko trenak eta hondakin geldoak kudeatzeko instalazioen eta neurri handiko erauzketa jardueren gertutasunak ere. Instalazioa Aragoiko Donejakue bidetik ere ikusiko da.

TAEa Muru Artederretako paisaiarekin bateragarria izateko, pantailak hobetzeko edo paisaian integratzeko neurriak hartu behar dira. AP-15 autobideko edo N-121 errepideko ikusmena murriztu eginen da, lurzatiaren iparraldeko eta ekialdeko muturretan, TAEaren mugaren ondoan, basoberritzeko larizio pinuaren unada batzuk daudelako. Unada horiek kontserbatu beharko dira. Aurreproiektuak landaketa linealen bidez luzatzea ezartzen du. Era berean, Muru Artederretaren eta izapidetzen ari den azpiestazio elektrikoaren artean pinu-lerrokadurak landatzea proposatzen da. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen da landatzeak gehitzea Aragoiko Donejakue bidearen ondoko lurzatiaren mendebaldeko mugan, eta konpentsazio neurriak hartzea, herri horretako biztanleek aurreproiektua hobeki onar dezaten.

Izapidearen ondoriozko dokumentazioa aztertu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak uste du 33/220 kV-eko Muruarte azpiestazio biltzailearen eta 220 kV-eko goi tentsioko lurpeko lotura-linearen proiektuak ingurumen aldetik bideragarriak direla ebazpen honetan jasotako baldintzak betez gero, eta, beraz, azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpena zuzentzea proposatzen du.

Horren arabera, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aipatutako akatsak zuzendu behar dira.

Azaldutakoagatik, eta kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa,

EBAZTEN DUT:

1. 1202E/2022 Ebazpena zuzentzea, azaroaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Mes Solar XVII SLk sustatutako Muruarte Solar I eta Muruarte Solar II parke fotovoltaikoen eta energia ateratzeko azpiegituraren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena. Zuzenketa:

–Azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpenaren azalpen zatian honako atal hauek aldatzea: 1. Ebaluazioaren irismena eta 3. Espedientearen azterketa; I. eranskinean (Proiektuaren deskribapen teknikoaren laburpena), energia ateratzeko linearen luzera aldatzea (4,00 km ordez, 6.559,51 m).

–Muruarte Solar I eta Muruarte Solar II parke fotovoltaikoen eta energia ateratzeko azpiegituraren proiekturako aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpenean sartzea honako proiektu hauek: 33/220 kV-eko Muruarte transformazio azpiestazio biltzailea eta 220 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea.

2. Azaroaren 22ko 1202E/2022 Ebazpenean proposatutako baldintzak aintzat hartzeaz gain, honako determinazio hauek bete beharko dira:

1. Lurra kendu edo hondeatu aurretik, obrek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz.

2. Lur mugimenduetako soberakinak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko dira, obran bertan erabiliz. Obran berean erabiliko ez diren lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute. Gainerako hondakinak, bereziki eraispenetako EEHak, behar bezala kudeatuko dira haien izaeraren arabera.

3. Obrek ukitzen dituzten eremu guztiak berriro harrotuko dira, ereiteko prestatuko dira eta malda moderatuen kasuan, inguru horretan berezkoak diren espezieen nahasketa bat ereinen edo hidroereinen da.

4. Makinek obretatik gertu dauden pinudiei eragin badiezaiekete, obrak hasi aurretik balizatuko dira, kontserbatzeko.

5. Proiektatutako landaketez gain, zuhaitz eta zuhaixken ilara bikoitzeko landatze lineala eginen da, hiruzuloka jarrita TAEa dagoen lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugan (3. poligonoa, 162, Muru Artederreta), Aragoiko Donejakue bidearen ondoan. Landatze guztietan honako espezie hauetako batzuk aukeratuko dira –erkamezti iberiarren serie gaztelar-kantauriar, errioxar-lizarratar eta camerotarra, faziazio mesomediterraneoa Quercus cocciferarekin (Spiraeo obovatae. Querceto fagineae S.): Quercus rotundifolia, Quercus faginea, Quercus coccifera, Sorbus torminalis, Crataegus monogyna, Acer monspessulanum, Prunus spinosa, Ligustrum vulgare, Viburnun lantana, Lonicera etrusca, Juniperus oxycedrus, eta abar.

6. Landatze horietan, zuhaitzen kasuan, 8-10 cm-ko diametroa duten aleak erabiliko dira, eta landatzeak azaroaren hasieratik otsailaren amaierara bitartean eginen dira, obrak amaitu ondoren; aleak ureztatu eta zainduko dira, landatu eta hurrengo hiru urteetan gutxienez egoera onean daudela bermatzeko.

7. TAEak argiztapena behar badu, eta argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Argi-puntuen goi hemisferioaren gehieneko fluxua (GHF) % 5 edo gutxiago izanen da kanpoaldeko argiteriaren argi-puntu guztietan.

(EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala, Argi emisioen mugak).

Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.

8. Jarduera edo lotutako energia jarduerak amaitu ondoren, lursailak larre erabilerara edo laborantzarako prestatutako lursailera itzuliko dira.

9. Orbaibartik Andiara doan Errege Altxonbidea babesteari dagokionez, honako determinazio hauek beteko dira:

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredi naturalean eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Mes Solar XVII SL sustatzaileari.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2300992