35. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, "FV Castejón I" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren (5061-CE) ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten da, energia husteko azpiegiturak barne, Rigel 860 Energías SLk sustatuta.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntari hasiera emateko, Rigel 860 Energías SLk Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zion "FV Castejón I" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua, ebakuazio azpiegiturak barne, baita dagokion ingurumen inpaktuaren azterketa ere.

1.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduraren garapena, eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

1.1. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa (2021eko uztailaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 152. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

1.2. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera.

2022ko martxoaren 23an, Rigel 860 Energías SLk Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zion "FV Castejón I" (49,95 MWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldatua (2022ko urtarrila) eta hari lotutako ebakuazio azpiegiturak, Corellako eta Castejongo udal mugarteetan; horrekin batera, Corellako eta Castejongo (Nafarroa) udal mugarteetan kokatutako FV Castejón I 49,95 MWp-ko instalazio fotovoltaikoaren eta energia husteko azpiegituraren ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zuen, 2022ko otsailean, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko martxoaren 25ean dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaeran aurkeztutako proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) hainbat aldaketa dituzte, jendaurrean jartzearen eta kontsulten prozesuaren ondorioz. Proiektuaren aldaketa instalazio fotovoltaikoak hartzen duen azalera murriztean datza, betiere jatorrizko instalazioaren mugen barruan. Aurkeztutako eskaeran ez dira aldatzen Corellako 400/30 kV-eko Corella transformazio azpiestazioari eta energia husteko Corella eta Castejongo 400 kV-eko goi tentsioko aireko lineari dagozkien proiektuak. IIA aldatu egin da, Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulta aldian egindako txostenean jasotako gogoeta batzuei erantzuteko. Txosten horretan, sustatzaileari adierazten zitzaion 400 kV-eko aireko ebakuazio linearako alternatibak kontuan hartu beharko liratekeela, abifaunaren gaineko eraginak eta aireko beste linea elektriko batzuekiko metatze eta sinergia ondorioak murrizteko. Ingurumen organoarekin hitz egin ondoren, sustatzaileak, 2022ko azaroaren 8an, proiektua aldatzeko eskaera aurkeztu zion organo substantiboari. Funtsean, "400/30 kV-eko Corella TAEaren eta 400/132/30 kV-eko Promotores Castejón TAEaren arteko 400 kV-eko goi tentsioko aireko linea"ren proiektuaren ordez, "FV Castejón I instalazio fotovoltaikoaren eta 400/132/30 kV-eko Promotores Castejón TAEaren arteko 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linea" proposatu zuen. Horrek, halaber, 400/30 kV-eko Corella transformazio azpiestazioaren proiektua desagertzea dakar. Sustatzaileak IIAren gehigarri bat ere aurkeztu du: Corellako eta Castejongo (Nafarroa) ugal mugarteetako 49,95 MWp-ko FV Castejón I instalazio fotovoltaikoaren eta energia husteko azpiegituraren ingurumen inpaktuaren azterketaren eranskina (2022ko azaroa).

Aldaketek ez dute hasieran ezarritakoez gain bestelako ingurumen ondorio adierazgarririk eraginen. Espedientearen informazio guztia jaso ondoren, aldatutako proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako izapide arrunta hasi da.

Ingurumen organo honek ingurumen inpaktuaren espedientearen azterketa teknikoa hasi du, eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin du ingurumen inpaktuaren espedientea jaso ondoren.

2.–Proiektuaren laburpena.

Ebaluatutako proiektuaren helburua da Corellako udalerrian instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, zeinak 55,45 ha-ko azalera okupatuko duen. 11. poligonoko 91., 95., 96., 97., 98., 100., 101., 103., 124., 125., 126., 134., 135., 136., 137., 138. eta 281. lurzatiak, El Ontinar parajean. Instalazioaren diseinua lau poligono inguratzailetan oinarritzen da. Guztira 7.286 m-ko hesi perimetrala izanen du, 2 m-ko altuerakoa. Sare zinegetikoa izanen da.

INGURATZAILEA

AZALERA (ha)

PERIMETROA (m)

A eremua

48,47

5.310

B eremua

3,45

926

C eremua

0,35

197

D eremua

3,13

853

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguratzaileen dimentsioak.

Sarrerak N-113 Iruña-Madril errepideko bideetan egonen dira.

75.690 modulu fotovoltaiko instalatzea ezartzen da, eta 235.119 m²-ko benetako azalera izanen dute. Moduluak honela jarriko dira: 15 moduluko bi ilaratan, orientatutako egitura finkoetan. Lurrera finkatuko dira, ahal dela zuzeneko tinkatzearen bidez, betiere beharrezko baldintza geoteknikoak betetzen badira. Modulu multzoek sortutako energia, inbertsoreek eta transformadoreek erdi tentsioko (30 kV) korronte alterno bihurtzen dute, eta lurpeko sarearen bidez biltzen dute. 8.696 m-ko luzerako erdi tentsioko (30 kV) lurpeko linearen bidez husten da. Jatorria FV Castejón I eguzki-instalazio fotovoltaikoan du, eta amaiera Promotores Castejón transformazio azpiestazioan, "FV Castejón I instalazio fotovoltaikoaren eta Promotores Castejón TAEaren arteko 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linearen aurreproiektuan" zehaztutako trazaduraren arabera (2022ko urria, 00. berrikuspena). 400/132/30 kV-eko Promotores Castejón transformazio azpiestazioa, beste sustatzaile batzuekin partekatua, Castejongo udalerriko 4. poligonoko 5032., 5033., 5034. eta 5035. lurzatietan dago. 400 kV-eko Castejón TAEarekin komunikatuta dago (REEren jabetzakoa da), 400 kV-eko goi tentsioko aireko linearen bidez, lehenengo saretazko bost euskarri metaliko dituen aireko zati baten bidez, eta gero lurpean, azkeneko 103 metroetan. Azken TAE hori eta REEren jabetzakoa den TAEarekiko lotura Cierzo II eta Cierzo V eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta Red Eléctrica de Españaren jabetzako 400 kV-eko Castejón TAEra arteko ebakuazio azpiegituraren proiektuan sartzen ziren. EDP RENOVABLES ESPAÑA SL REEk sustatu zuen proiektu hori, eta aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 12ko 8E/2023 Ebazpenaren bidez.

3.–Azterketa teknikoa.

Espedientearen azterketa formalean, ingurumen organoak organo substantiboari eskatu zion, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.1 artikuluari jarraiki, espedientea zuzentzeko, aipatutako 21/2013 Legearen 37.2 artikuluaren b) letran xedatutako kultura ondareari buruzko nahitaezko txostenaren bidez. 2022ko ekainaren 10ean, organo substantiboak ingurumen organo honi helarazi zion Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emandako txostena.

a) Alternatiben azterketa.

IIAren alternatiben azterketak kokalekua aukeratzeko irizpide orokor batzuk proposatzen ditu, proiektuaren bideragarritasun teknikoan, ingurumenekoan eta sozioekonomikoan oinarrituta. Hiru aukera hartzen dira kontuan, gehi 0 aukera (proiektua ez gauzatzea). 0 alternatiba baztertu egin da, ingurune sozioekonomikoaren eta klima aldaketa arintzeko karbono dioxidoaren emisioak murrizteko helburuaren gainean eragin negatiboa duelako. Beste hiru alternatibak Corellako udalerrian proiektatzen dira. 1. aukerak El Ontinar inguruan 57,47 ha okupatzea dakar. Belarki eta zurezko laboreetarako lehorreko lurrak okupatuko ditu, bai eta landaredi naturalak estalitako antzinako soro abandonatuak ere. Ebakuaziorako, 8,4 km-ko linea elektrikoa eraikiko da. 2. alternatiba 1. alternatibaren eta Alhama ibaiaren artean dago, eta ibaiaren ibilguari atxikitako lur ureztatuak hartzen ditu gehienbat. Guztira 57,9 ha-ko azalera izanen du, eta ebakuazio lineak 1. alternatibaren antzeko luzera izanen du. 3. alternatiba Tambarria inguruan proiektatzen da, lehorreko eta ureztatutako belar eta egur laboreak okupatuz. 56,1 ha inguru okupatuko lituzke, eta ebakuazio lineak 8 km inguruko luzera izanen luke. Alternatibak baloratzeko, faktore sozioekonomikoetan eta ingurumen faktoreetan duten eragina alderatu da: paisaia, naturagune babestuak, flora eta fauna. Azkenean, 1. alternatiba aukeratu da, ingurumenarekiko, teknikoki eta sozioekonomikoki bateragarriena delako.

Ingurumen organoak kontsulta aldian egindako txostenean eta elkarte kontserbazionisten zenbait alegaziotan (Sustrai Erakuntza, Ekologistak Martxan eta Gurelur), ebakuaziorako proiektatu zen goi tentsioko aireko lineak fauna hegalariaren eta paisaian zuen inpaktua aipatzen zen. Kontsulten aldiaren ondoren aurkeztutako aldaketa eskaeran, sustatzaileak eranskin bat gehitu zion ingurumen inpaktuaren azterketaren espedienteari (IIAren eranskina). Eranskin horretan, ebakuaziorako linea elektrikoaren trazadura diseinatzeko eta kokatzeko bi alternatiba jasotzen dira. 1. alternatibak goi tentsioko aireko linea bat egitea dakar, 7.749 metrokoa eta 400 kV-eko tentsiorako dimentsionatua. 2. alternatibak erdi tentsioko lurpeko linea bat egitea ezartzen du, 8.696 m-koa eta 30 kV-eko tentsiokoa. Horrek esan nahi du 400/30 kV-eko Corella transformazio azpiestazio jasotzailearen proiektua bertan behera geldituko dela, sortutako energia zuzenean garraia baitaiteke Promotores Castejón transformazio azpiestaziora. Alternatibek hainbat ingurumen faktoretan izan ditzaketen eraginak baloratu ondoren, 2. alternatiba aukeratu da.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.

Planta fotovoltaikoa ezartzearen ondoriozko inpaktu nagusiak honako esparru hauetan aurreikusten dira: geologian eta edafologian, eraikuntza eta eraispen aldietan lurzoruaren kalitatea aldatzearen ondorioz. Garapen sozioekonomikoan, lurzoruaren harrera ahalmenean eta erabilera tradizionaletan duen eraginagatik, eraikuntza eta ustiapen aldietan. Eta paisaian, ustiapen aldian proiektatutako azpiegiturak paisaian sartzeagatik. Inpaktu horiek guztiak neurrizkotzat jotzen dira. Ezarritako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, sustatzaileak hondar inpaktuak bateragarritzat jotzen ditu. Berotegi efektuko gasen emisioa gutxitzeak kliman eragin positiboa izanen duela aurreikusten da, baita garapen sozioekonomikoan ere, inguruko ekonomia dinamizatzearen ondorioz.

Lurzorua eta geomorfologia. Eguzki-instalazioak hartzen duen eremu gehiena malda leuneko (% 3-10) ibai terrazek osatzen dute. Eremu lau batzuk daude (< % 3ko malda), eta ekialdean % 10-20 bitarteko malda duten eremu batzuk daude. Inpaktu nabarmenenak aldaketa geomorfologikoa eta lurzoruen kalitatea galtzea dira, obra zibila egitean lur mugimenduek eta makineriak eraginda. IIAk bi inpaktuak bateragarritzat jotzen ditu, betiere proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren.

IIAk ez ditu lurzoruaren eta erliebearen gaineko ukipenak datu neurgarrien bidez kuantifikatzen: lur mugimenduen bolumenak edo ukitutako azalerak. IIAn adierazten denez, aldaketa geomorfologikoak oso neurritsuak izanen dira, proiektua topografia oso malkartsua ez duten lurretan ezarriko baita. Bestalde, obra zibilari buruzko kapituluan, proiektuak 16.000 euro inguruko aurrekontua egin du partida bakoitzeko, bai lurra baliabide mekanikoen bidez hondeatzeko bai betelana egiteko. Ingurumen organo honek kontsulta aldian emandako txostenak sustatzaileari adierazi zion proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindura egokitu beharko litzatekeela, horren bidez ezarri baitziren lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak. Hala ere, sustatzaileak ez du eguzki-instalazioak eragindako lurzatien topografiaren planorik aurkeztu, hasierako eta amaierako egoeren profilekin, 64/2006 Foru Aginduaren 5 b) artikuluan xedatzen den bezala.

Jendaurrean jartzeko aldian, Sustrai Erakuntza fundazioak alegatu zuen proiektua gauzatzeak lur mugimendu handia ekarriko zuela, eta Gurelur elkarteak adierazi zuen alegazioetan ez dagoela azterketa topografikorik. Sustatzaileak erantzun zion eguzki-parkea diseinatzean eragin topografikoa ahalik eta gehien murrizten saiatu zela, eta, beraz, orokorrean, ez zela lur-mugimendu handirik gertatuko.

Ebazpen honen ebazpen atalak lurzoru eta geomorfologia faktoreen gaineko ondorioak ingurumenaren aldetik bateragarriak izateko aintzat hartu beharreko baldintzak eta prebentzio eta zuzenketa neurriak jasotzen ditu.

Lurzoruen kalitate agrologikoa galtzeari eta egungo lur ureztatuekiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planarekiko eraginari dagokienez, kontuan hartuta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsaileko 64/2006 Foru Agindua, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak arautzen dituena, adierazi behar da proiektuak faktore horretan dituen ondorioen balorazioa egiten dela lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena izapidetzean.

Biodibertsitatea. Habitatak, flora eta fauna. IIAk eremu horretako egungo landaredia deskribatzen du: lehorreko belarkara laboreak eta tantakako ureztapeneko mahatsondo labore zurkarak, baita lehorreko eta ureztatutako almendrondoak eta olibondoak ere. Lehorreko belarkara eta almendrondo laboreak abandonu prozesuan daude. Sustatzaileak eremuan landaredi naturaleko lau unitate deskribatzen eta kartografiatzen ditu: ontinadiak eta sisalarrak, ezkaidiak, Brachypodium retusum espeziearen larre xerofiloak eta landare belarkara nitrofilo eta erruderalen komunitateak. Landaredi naturaleko guneak mugetan, landu gabeko maldetan eta kolonizazio prozesuan dauden abandonatutako laborantza azaleretan daude, mosaikoetan.

IIAk adierazten du instalazioen obrek ez dutela landaredi naturala suntsituko, eta, beraz, ez dela beharrezkoa izanen sastrakak kentzea instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko. Sustatzaileak obra aldian dagoen landarediaren gaineko inpaktuak, landare estaldura aldatzeagatik eta obra eremuaren ondoko landaredia degradatzeagatik, bateragarritzat baloratzen ditu. Sustatzaileak IIAn proposatzen dituen prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, landaredi naturalaren gaineko hondar inpaktuak ez dira oso esanguratsutzat jotzen.

Sustatzaileak aurkeztutako proiektu aldatuak sastrakak kentzeko, zelaitzeko eta berdintzeko kapituluan partida bat du, "lurra garbitzea eta sastrakak kentzea, gehienez ere 30 cm-ko lodierarekin, 177,72 ha-tan". Ebazpen honen baldintzetan, proiektuak landaredi naturalean dituen ondorioak arintzeko bete beharreko neurriak jasotzen dira. Inola ere ez da baimenduko lurzorua iraultzea edo lurzoru geruzarik kentzea instalazioak hartzen duen azalera osoan.

IIAk ez du Europar Batasunaren intereseko habitatik identifikatu proposatutako jarduketa eremuaren barruan, Nafarroako Datu Espazialen Azpiegituraren (IDENA) kartografiaren arabera; beraz, Europar Batasunaren intereseko habitatei ez zaie kalterik eraginen. Hala ere, kontsulta aldian ingurumen organoak egindako txostenean adierazi zen bezala, ingurumen inbentarioan ontinarrak eta sisalarrak, ezkaiak eta larre xerofiloak deskribatzen eta kartografiatzen dira. Formazio horiek Europar Batasunaren intereseko 1430 habitatei esleitzen ahal zaizkie: sastrakadi halonitrofiloak, 4090: Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin, edo 6220: Urterokoen eta bizikorren larre mediterraneo xerofitikoak. Ingurumen organo honek balioesten du proiektuak landaredi naturalean eta Europar Batasunaren intereseko habitatetan izan ditzakeen ondorioak bateragarritzat jo daitezkeela, betiere ebazpen honetako baldintzetan azaldutako neurriak aplikatuz gero.

IIAk inbentario bat egiten du landa lanaren bidez eta inguruan dagoen faunaren bilketa bibliografikoaren bidez. Horrez gain, abifaunari eta kiropteroei buruzko azterlan bat gehitzen du (II. eranskina). Azterketa hori behaketa puntuetan eta trantsektuetan zuzenean behatuz egin da, urteko ziklo oso batean zehar eta hilean bi bisita eginez. Inbentariatutako espezieen aberastasuna handia da, eta nekazaritza eta estepa inguruneei lotutako espezie katalogatuak hartzen ditu barne, hala nola ganga azpizuria, basoilo txikia eta mirotz urdina. Hala ere, ezarpen eremuan ez dago espezie horien habitat nabarmenik, eta, beraz, IIAk bateragarritzat jotzen du habitata galtzearen edo eraldatzearen ondoriozko kaltea (habitata suntsitzea, eragozpenak, joan etorriak aldatzea eta eguzki-instalazioaren presentziaren ondoriozko huts efektua). Eraikuntza eta mantentze lanetan harrapatzearen ondoriozko hilkortasuna ere kalte bateragarritzat jotzen du. Inpakturik handiena ebakuazio linea elektrikoarekin talka egiteagatik eta/edo elektrokutatzeagatik hiltzea da; hala ere, inpaktu hori desagertu egiten da aldaketa eskaeran aurkeztutako IIAren eranskinean egindako azterketari eta balorazioari esker; izan ere, aldaketak ebakuaziorako lurpeko konponbide bat ezartzen du.

Jendaurrean jartzeko aldian, zenbait elkartek alegatu zuten faunari inpaktu larriak eraginen zaizkiola, habitata galtzeagatik eta proiektatutako itxierak eta moduluen ezarpenak eraginen lukeen hesi efektuagatik edo konektibitate galeragatik. Jendaurrean jarritako proiektuak ia 178 ha-ko azalera okupatzen zuen, itxitura perimetralarekin. Azalera hori nabarmen murriztu da orain ebaluatutako proiektuan, eta 55,45 ha-ko azalera okupatzen du. Ebazpen honen baldintzetan ezartzen dira proiektua iragazkortzeko eta hesi efektua arintzeko neurriak.

Paisaia. IIAk Paisaiaren Azterketa bat du IV. eranskinean. Bertan, azterketa eremuko paisaia unitateak deskribatzen dira, Espainiako Paisaien Atlasaren eta Nafarroako Ebroko ardatzeko Lurralde Antolamenduko Planaren (LAP-5) Paisaiaren Dokumentuaren arabera. Honako hauek aztertzen dira: paisaia baliabideak, naturagune garrantzitsuak, paisaia interes bereziko eremuak, baliabide turistikoak eta aisialdikoak, gertuen dauden Nafarroako paisaia nabarmenak eta aztertutako eremuko paisaiaren elementu desitxuratzaileak. Eragindako eremuaren paisaia kalitatea eta hauskortasuna aztertzen dira. Modulu fotovoltaikoak ezartzeko eremuan, paisaia kalitate ertainarekin baloratzen da, eta ebakuazio linearen ibilbidean, berriz, kalitate baxuarekin. Paisaiaren hauskortasuna baxutzat jotzen da da bi eremuetan. Azterlanak instalazio fotovoltaikoaren ikuseremuaren eta ikusmen intrusioaren analisia egiten du hainbat behaketa puntutatik: hurbileko populazioak eta komunikazio bideak; oro har, ikusmen intrusio esanguratsua antzematen da. Ingurunean ezarriko diren azpiegiturek paisaiaren kalitatean izan dezaketen eraginaren balorazioa neurrizkotzat jotzen da ustiapen fasean. Paisaiaren azterketak zenbait gidalerro eta neurri jasotzen ditu proiektua paisaian integratzeko. IIAn proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz gero, paisaiaren ikusmen kalitatea gutxitzeagatik aurreikusitako inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Kultura ondarea eta abelbideak. Sustatzaileak azterketa arkeologiko bana egin ditu, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak baimenduta, eta emaitzak atal horri jakinarazi zaizkio. Bi azterketa horiek jendaurrean jarritako proiektuan ezarritako aireko ebakuazio linearen ezarpen eremua eta trazadura barne hartzen dituzte. Orain aukeratutako alternatiban, proiektua ezartzeko azalera murriztu egin da. Horrela, aztarnategi arkeologiko gehienei eragitea saihesten da. Sustatzaileak 2022ko azaroaren 8an aurkeztutako aldaketa eskaeran, zertxobait birdiseinatu ziren hesiaren perimetroa eta modulu batzuen kokapena, proiektua Corellako Udal Plan Orokorrera egokitzeko eta aztarnategi arkeologiko bati eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruei eragitea saihesteko. Ebakuazio linearen diseinua eta trazadura ere aldatu dira, eta erdi tentsioko lurpeko linea bat aukeratu da; beraz, ondare arkeologikoan egon daitezkeen eraginak berriz ebaluatu beharko dira.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluan jasotako nahitaezko txostena eman zuen 2022ko ekainaren 8an. Txostenean ezarritako baldintzak eta neurriak aztertu beharko ditu proiektuak.

Aurkeztutako aldaketa eskaeran, instalaziorako sarbideak ere birformulatzen dira eta iparraldetik sartzea ezartzen da, lehendik dauden bideen trazadurari jarraituz, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak proiektuak abelbideetan izanen dituen eraginei buruz egindako eskakizunari erantzuteko. Aitzitik, ebakuazio linearen lurpeko trazadura berriak beste eragin batzuk izanen ditu abelbideetan, Barca Viejako iraganbidearekin eta Malacenako adarrarekin paralelotasuna duelako. Abelbideen gaineko eraginei dagokienez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak xedatzen duena hartuko da kontuan; eta, nolanahi ere, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da, bai eta ukitutako abelbideak aitortu zituzten foru dekretuetan edo gobernu erabakietan ezarritakoa ere.

Ondorio sinergikoak eta metagarriak. Sustatzaileak, halaber, proiektuak ekar ditzakeen ondorio sinergikoak eta metagarriak aztertzen ditu, kontuan hartuta proiektuaren inguruan energia elektriko berriztagarria sortzeko azpiegiturak (eolikoa eta eguzki-energia fotovoltaikoa) eta linea elektrikoak. Azterlanak funtzionatzen ari diren eta izapidetzen ari diren azpiegiturak aztertzen ditu. Hala ere, ez dira kontuan hartzen Nafarroan proiektuaren eremuan eguzki-energia fotovoltaikoa ezartzeko izapide fasean dauden proiektu asko. Nolanahi ere, IIAk neurrizkotzat jotzen du faunaren gaineko inpaktu sinergiko eta metagarria, eremuan proiektuak pilatzen direlako eta estepako abifaunarentzat egokiak diren habitatak okupatzen dituztelako.

Jendaurrean jartzeko aldian, hainbat elkarte kontserbazionistak adierazi zuten proiektuaren ondorio sinergikoak eta metagarriak beste eguzki-instalazio fotovoltaikoekin, eta, bereziki, estepako faunarekin batera ebaluatu behar direla

Ingurumen organo honek ezin ditu ahaztu ingurumen ebaluazioaren printzipioak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 2. artikuluan eta Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean jasotakoak. Besteak beste, prebentziokoak, arretakoak edo zuhurtasunekoak. Horrela, nahiz eta IIAn bakarrik proiektuak lehendik dauden eta/edo onartuta dauden beste proiektu batzuekin alderatuta dituen inpaktu sinergikoen eta metagarrien azterketa egitea eskatzen den, kasu honetan prebentzioa eta zuhurtasuna erabili behar ditugu ingurumen inpaktuaren adierazpena egitean, Tuterako eskualdean edo eremuan aldi berean izapidetzen ari diren energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko proiektu ugarik ekarriko dituzten ondorio sinergiko eta metagarriek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak behar bezala aztertzeko eta baloratzeko. Horrela, nahiz eta instalazio fotovoltaikoak hartzen duen eremua estepako abifaunarentzat kalitate baxuko habitatzat jo daitekeen –estepako hegaztien habitataren kalitatea definitzeko proposatutako aldagaien arabera, "Eguzki-instalazioek estepako abifaunaren espezieetan dituzten ondorioak baloratzeko gida metodologikoa", Lurreko eta Itsasoko Biodibertsitatearen Zuzendariordetza Nagusiak egina–, ingurumen organo honen ustez, dirudienaren arabera, proiektuak inpaktu sinergiko eta metagarria izanen du estepako abifaunan, habitata okupatzearen eta zatitzearen ondorioz. Inpaktu hori ebazpen honetako baldintzetan jasotako neurri osagarrien edo konpentsazio neurrien bidez zuzendu beharko da.

Proiektuaren kalteberatasunaren ondoriozko ingurumen ondorioak. IIAk proiektuak arrisku natural eta antropiko potentzialen aurrean duen kalteberatasuna aztertzen eta ebaluatzen du, eta ondorioztatzen du proiektuaren kalteberatasuna txikia edo oso txikia dela. Ondoriozta daiteke proiektuak istripu larri edo hondamendiekiko duen kalteberatasunaren ondoriozko ingurumen ondorioak ez esanguratsutzat jotzen direla. Nolanahi ere, proiektua landa lurzoruan egonen denez eta baso suteen fenomenoen maiztasuna eta larritasuna handitzea aurreikusten denez, instalazioa eraikitzeak sute arriskua handituko du. Horregatik, beharrezkoa izanen da unean-unean indarrean dagoen lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzeari buruzko foru-araudia zorrotz betetzea, baso suteak prebenitzeko.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatzen du ingurumen inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, baldintza jakin batzuekin. Hori dela eta, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da, eta, ingurumen ondorioetarako soilik, "FV Castejón I" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta energia ateratzeko azpiegituren proiektua gauzatu ahal izatea, betiere ebazpen honetan ezartzen diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak, ingurumena zaintzeko plana eta gainerako baldintzak betetzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena ematea Rigel 860 Energías SLk sustatutako "FV Castejón I" (5061-CE) eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, energia husteko azpiegiturak barne.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

i) Proiektuaren baldintza orokorrak:

1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan eta eranskinetan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondoren onartutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, sustatzaileak espedientean sartutako energia ateratzeko lurpeko linea elektrikoari dagokion ingurumen inpaktuaren azterketaren eranskina barne, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, ez eta ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarrien kontrakoak ere.

2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo substantiboan aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira. Era berean, obrak amaitzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu eta abiarazi direla.

ii) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak.

Ondoren, aldatu beharreko ingurumen inpaktuaren azterketako eta dokumentazio osagarriko neurriak adieraziko dira, baita prozeduran jasotako alegazio eta txostenetan ezarritako neurri gehigarriak ere, ingurumenaren babesa bermatzeko beharrezkoak baitira. Horrez gain, ingurumen organoak egindako azterketa teknikotik ateratako neurriak ere adieraziko dira.

3. Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzea lehenetsiko da, egun dauden harri metak errespetatuko dira, faunarentzat intereseko lekuak direlako nekazaritzarako bete-betean den ingurune baten barruan. Neurri hau aplikagarria izanen da lur azpiko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan.

4. Obrak hasi aurretik, analisi eta kartografiatu xehatua eginen dute langile kualifikatuek, obrek ukitutako landaredi naturalaren eta Europar Batasunaren intereseko habitaten benetako azaleraren gainean. Analisiak zehaztu beharko du ingurumen inpaktuaren azterketan deskribatutako landaredi naturaleko unitateak (hala nola, "ontinadiak eta sisalarrak", "ezkaidiak" eta "Brachypodium retusum-en larre xerofiloak") Europar Batasunaren intereseko habitat gisa identifikatu eta izendatu daitezkeen. Ondorioz, Europar Batasunaren intereseko habitatak eta intereseko landaredi naturaleko unadak seinaleztatu eta zuinkatu eginen dira, baldin eta jarduketen eragina programatu gabe badago, makinak eta materialak biltzeko eremuak ez igarotzeko eta horietan eragina izan dezakeen beste edozein jarduera ekiditeko. Ingurumen inpaktuaren azterketan eta dokumentazio osagarrian deskribatutako landaredi naturalaren gaineko inpaktuak murrizteko planteatutako prebentzio eta zuzenketa neurriez gain, ingurumena lehengoratzeko planak –eraikuntza proiektuarekin batera aurkeztu behar da– ukitutako Europar Batasunaren intereseko habitatak lehengoratzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak proposatuko ditu.

5. Azterketa geotekniko zehatza egin ondoren, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euskarrien egitura lurrean zuzenean tinkatuko da, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin. Moduluak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Ez da baimenduko lurzoru geruzarik kentzea instalazioaren ezarpenak hartzen duen azalera osoan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

6. Lur naturala edo soroak dituzten jarduketa eremuetan, aldez aurretik landare lurreko 30 cm-ko geruza kendu beharko da gutxienez. Material hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, azkenean obrak lehengoratzean erabiltzeko.

7. Aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketaren 8.2.3 atalean deskribatzen denez, instalazio fotovoltaikoa ezartzeko lurraren berdintze lanetan eginen diren aldaketa morfologikoak oso neurritsuak izanen dira, eremuaren topografia ez baita oso malkartsua. Zelaitze lanek ez dute ekarriko 2 m-tik gorako altuerako lur erauzketarik edo betelanik (salbuespen gisa, 3 m). Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 2H:1V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.

8. Lur mugimenduetako soberakinak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko dira, obran bertan erabiliz. Obran berean erabiliko ez diren lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

9. Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira, eta sedimentuak eramaten badituzte drainatze sare naturalera, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze-urak solidoei eusteko sistemetara bideratuz; urak drainatze-sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

10. Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze sareetara arrastaka eramatea saihesteko.

11. Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Obrek aldi baterako edo iraunkorki ukitutako gainazalak harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare-lurraren geruza batez estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta albo batean metatuko da. Obrak amaitu baino sei hilabete lehenago, eremu horiek tokiaren bereizgarri diren larre hazi autoktonoen nahasketa batez ereinen dira, lurrak landatzeko erabili ezean.

12. Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat, eta elementu zorrotzak edo ebakitzaileak saihestuko ditu.

13. Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz, edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak, bi metroko tarteak utziz eta bi ilaretan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan ezarrita.

14. A eremua mugatzen duen hesi perimetrala aldatu egin beharko da, igarobide ekologiko gisa jardunen duen korridore bat uzteko, ekialdetik mendebalderantz, Ontinar bidea izenekoan. Igarobideak, X: 603.920 / Y: 4.666.235 eta X: 604.432 / Y: 4.666.336 puntuen artean (UTM ETRS89 30N Eremuaren koordenatuak), Ontinar bidearen trazadura jarraituko du, eta hesiak behar den guztia atzeraemanen dira, 15 metroko zabalerako igarobide ekologiko bat uzteko.

15. Lurpeko ebakuazio linearen zanga bide edo laborantza gainazaletan eginen da, landaredi naturala duten gainazaletan egin aurretik.

16. Obra zibila egiteagatik edo makinak lekuz aldatzeagatik ukitutako bide guztiak birjarri beharko dira proiektua gauzatu ondoren, haien funtzionaltasuna erabat lehengoratzeko.

17. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumena lehengoratzeko eta paisaian integratzeko proiektu xehatu bat aurkeztu beharko du, aurrekontuan jasota. Biodibertsitatearen Zerbitzuak gainbegiratu eta baliozkotu beharko du. Landareztatzeko, inguruko landaredi serieari dagozkion landare autoktonoak erabiliko dira (Bardeako abarizti, sabinadi eta pinudien seriea; lurzoru harritsu eta ez oso sakonen azpiseriea, erromeradi eta ezkaidiekin). Zurezko eta basogintzako landareen haziak zonaldekoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Landareztatzea obrak amaitu eta hurrengo 6 hilabetetan amaitu beharko da. Landaketak garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.

18. Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

19. Lanak egin bitartean mehatxatutako flora eta fauna espezieen Nafarroako katalogoetan eta/edo espezie mehatxatuen Espainiako katalogoan jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

20. Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiltzea gomendatzen da, eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

21. Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako plagizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

22. Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

23. Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei dagokienez, sustatzaileak bete egin beharko du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak espedientearen analisi formalean (2022ko ekainaren 8an) emandako txostenean ezarritakoa; bereziki, honako hau bete beharko du:

–Ingurumen inpaktuaren azterketari erantsitako Ondare inpaktuaren azterketak barne hartuko du 3. kategoriako Tambarria I (09-31-077-0061) aztarnategia. "FV Castejón I eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta ebakuazio azpiegitura instalatzeko proiektuak" ondare inpaktuari buruzko azterketa horretan adierazitako neurri zuzentzaileak jaso beharko ditu.

–Legeak hala aginduta, arkeologiako teknikari batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek egin beharko dituzte jarraipen eta zundaketa arkeologikoak, proiektuaren sustatzailearen kontura. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

–Debekatuta egonen da aipatutako aztarnategietan metal detektagailuak erabiltzea, eta horiek erabiltzea Nafarroako Kultura Ondarearen aurkako falta astuntzat joko da, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera (14/2005 Foru Legearen 101. artikulua). Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

24. FV Castejón I instalazio fotovoltaikoaren eta Promotores Castejón TAEaren arteko 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linearen proiektua gauzatu aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, trazadura berriak aztarnategi arkeologikoetan izan ditzakeen eraginak zehazteko. Azterketak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren baimena izan beharko du. Txostenaren emaitzak atal horretara bidaliko dira, eta aldeko txostena eman beharko du ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuei buruz, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

25. FV Castejón I instalazio fotovoltaikoaren eta Promotores Castejón TAEaren arteko 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linea elektrikoaren trazadurak paralelismoak ditu Barca Viejako iraganbideko abelbideekin eta Malacenako adarrarekin, eta, beraz, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin beharko du, eta, nolanahi ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da, bai eta ukitutako abelbideak aitortu zituzten foru dekretuetan edo gobernu erabakietan ezarritakoa ere.

26. Proiektuak nekazaritzako estepa inguruneetan bizi den katalogatutako abifaunaren gainean izanen dituen hondar inpaktuei buruz espedientearen azterketa teknikoan deskribatutakoa ikusita, eremuko energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko beste proiektu batzuekin sinergian eta metatuta, konpentsazio neurri gisa ezartzen da sustatzaileak bermatu beharko duela estepako hegaztientzako habitat egoki bat hobetu edo sortuko dela, 25 ha-ko azalerakoa. Lurzatiek espezie horiek hartzeko ahalmena izanen dute eta teknikoki eta ingurumenari dagokionez eraldaketa bideragarria izan beharko dute. Nekazaritzako ingurumeneko neurriak hartuko dira lehorreko nekazaritza sistemak hobetzeko eta katalogatutako estepako hegaztien habitat gisa erabiltzeko. Funtsean, lehorreko laboreak ezartzea, "urtekoak eta aldizkakoak" edo "sail herenekoak", datak eta baldintzak ezartzen direlako ereiteko, biltzeko eta hostoa atsedenaldian mantentzeko (landatu gabe). Baita aniztasuna areagotzeko beste neurri batzuk ere: fitosanitariorik eta ongarri kimikorik ez erabiltzea, ingurumena aberasteko egiturak mantentzea edo sortzea, hala nola landaredi naturala duten kabailoiak, mugak, estepako abifaunarentzako idoi espezifikoak, intsektuen hotelak, harri pilak edo ornogabeen, narrastien, ugaztun txikien eta abarren presentzia sustatzeko babes edo ugalketa egitura espezifikoak, eta abar. Lurren hautaketa eta jardueren diseinua Biodibertsitatearen Zerbitzuak gainbegiratu eta onartu beharko ditu.

27. Ingurumen inpaktuaren azterketan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Plana beteko da, eta ebazpen honetan erabakitako katalogatutako estepako hegaztien habitata hobetzeko konpentsazio neurrien jarraipena barne hartuko du.

28. Proiektuaren balio bizitza amaituta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara leheneratuko dira. Ingurumen inpaktuaren azterketaren 12.4. atalean deskribatutako neurriak ezarriko dira. Uzte eta eraiste aldiak lehengoratze proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena beharko du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidearen emaitza

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUNA

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Castejongo Udala

-

Corellako Udala

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

-

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

Bai

ALEGATZAILEAK

ENERFÍN Sociedad de Energía SLU

Sustrai Erakuntza Fundazioa

Nafarroako Ekologistak Martxan

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Iragarkiaren kodea: F2300991