34. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERASOKO KONTZEJUA

Ordenantza, Erasoko Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Erasoko Kontzejuak, 2022ko uztailaren 28an egindako batzarrean, behin betiko onetsi zuen Erasoko Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Erason, 2022ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Javier Beaumont Caminos.

ORDENANTZA, ERASOKO KONTZEJUKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontzejuko hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Erasoko Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duena.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur ematen ahalko zaio, legezko tramiteak bete badira.

5. artikulua. Herrian erroldatuta dagoen Erasoko bizilagun orok izanen du herriko hilerrian ehorzteko eskubidea.

6. artikulua. Erason erroldatuta ez dauden pertsonek hilobiratzeko eskubidea izanen dute, soilik errautsak dituzten errauts kutxatilak ehortziz gero. Hildakoaren familiartekoek kontzejuari zuzendurik eginen dute eskaera, eta kontzejuak ebatziko du eskaera bakoitza, espazio erabilgarriaren edo bestelakoen arabera.

7. artikulua. Hilerriko lurra ehorzteko eta hilobiko elementuak jartzeko baino ez da erabiliko, Kontzejuak baimena eman duen tokian.

8. artikulua. Hildakoaren familiak ordainduko ditu ehorzketa prestatzeko gastuak, hileta-plakak eta ehorzketarekin lotutako gainerako gastuak.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta hobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan kontserbatzea.

10. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Iragarkiaren kodea: L2301306