33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, gidariaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-araubidean

Lehendakaritzaren urtarrilaren 19ko 7/2023 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, gidariaren lanpostu bat hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-araubidean jardun dezan Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2023ko urtarrilaren 18an.–Mankomunitateko lehendakaria, Jorge Bacaicoa Beruete.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan identifikatuta dagoen lan-araubideko gidariaren lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, Hondakinen atalerako, honako txanda honetan:

  • Lanpostu bat txanda irekian.

Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek osatu nahi dira, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratuak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuek D mailako ordainsariak dituzte, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da zerbitzu osagarrietako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari egokituko zaizkio, eta bere mailari dagozkionak izanen dira; ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera. Deialdiaren III. eranskinean zehazten dira erantzukizunak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatua, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa, Erdi Mailako Lanbide Heziketa, edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) C mailako gidabaimena edukitzea, lanbide gaikuntzako agiria indarrean izanik. Ezinbestekoa da baimena indarrean egotea kontratatu ahal izateko.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte, eta mantendu beharko dituzte hautapen-prozesua bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mairagako Mankomunitateko buruari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun balioduna arte.

3.2. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.

d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzaren agiriaren kopia.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahal dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

Denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mairagako Mankomunitateko lehendakariak ebazpena emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, lehendakariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen gardentasun atarian argitaratzeko aginduko du, honako esteka honetan: https://mairaga.sedelectronica.es/.

Baldin behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Jorge Bacaicoa Beruete, Mairagako Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Olaia Fraile Gracia, Mairagako Mankomunitateko lehendakariordea.

Epaimahaikidea: José Antonio Echeverría Cerdán, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: Luis Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitateko Teknika Alorreko burua.

Epaimahaikidea: José María Alcuaz, Mairagako Mankomunitateko Hondakinen arduraduna.

Ordezkoa: Laura Irigoyen Azpilicueta, Mairagako Mankomunitateko Teknika Alorreko ingeniaria.

Epaimahaikidea: Luis Usoz Josué, Mairagako Mankomunitateko taldeen koordinatzailea eta langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Eva Berango Úrsua, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala.

Epaimahaikide idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús Marco Del Rincón, Erriberriko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organo horren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizioa 2023ko apiriletik aurrera hasiko da.

6.2. Lehiaketaldia: lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, oposizioaldiaren ondotik izanen da eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.2.a) Administrazio publiko batean edo enpresa pribatu batean lan egiteagatik automozioko edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikari edo elektrikari gisa, oro har (dagokion administrazio publikoaren edo enpresa pribatuaren ziurtagiri bidez frogatu beharko da): puntu 1, urte oso bakoitzeko. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala. Ez du balioko curriculun vitaea edo lan-bizitza soilik aurkeztea. Apartatu honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Oharrak:

–Honako hauek hartzen dira Administrazio Publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (kontuan hartuko den gutxieneko denbora hilabete oso bat izanen da).

–Hori frogatuko da dagokion administrazio publikoko edo enpresa pribatuko organo eskudunaren ziurtagiriaren bidez; bertan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) edo eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; b) edo horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.

–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.

6.2.b) Deialdian eskatutakoa baino titulazio edo prestakuntza handiagoa izateagatik. Automozioaren edo trakzio mekanikoko ibilgailuen mekanikako edo elektrizitateko ikastaroak, lanbide-heziketa edo erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketa, oro har (dagokion ikastetxe publiko edo pribatuaren ziurtagiri bidez frogatu beharko da):

–100 ordutik gorako prestakuntza-ikastaro bakoitzeko: 2 puntu.

–150 ordutik gorako prestakuntza-ikastaro bakoitzeko: 3 puntu.

–300 ordutik gorako prestakuntza-ikastaro bakoitzeko edo prestakuntza-urte bakoitzeko, ibilgailuen mantentze-lanetako oinarrizko lanbide-heziketako titulua, errepideko garraioko ibilgailuak gidatzeko teknikariaren erdi-mailako lanbide-heziketa, ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren lanbide-heziketa: 5 puntu.

–Automozioko goi-mailako teknikariaren goi-mailako lanbide-heziketako titulua, Ibilgailu hibrido eta elektrikoen mantentze-lanetako espezialista ikastaroa, Ibilgailu hibrido eta elektrikoen sistemetako mantentze eta segurtasuneko goi-mailako teknikaria: 10 puntu.

Apartatu honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

6.2.c) Ikastaroak egiteagatik, lanpostuarekin zerikusia badute eta trakzio mekanikoko ibilgailuak gidatzeari buruzkoak badira (orga jasotzaileak gidatzeko ikastaroa, kamioi gaineko garabi hidraulikoari buruzko ikastaroa, bide-segurtasunari buruzko ikastaroa, laneko arriskuen prebentzioari buruzko ikastaroa...)

15 ordu arteko ikastaroetan parte hartzeagatik, puntu 1 ikastaro bakoitzeko; 20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko, 2 puntu; 35 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko, 3 puntu. Apartatu honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

6.2.d) Euskararen oinarrizko mailako titulu edo ziurtagiriagatik (A1), puntu 1; A2 mailako titulu edo ziurtagiriagatik, 2 puntu; B1 mailako titulu edo ziurtagiriagatik, 3 puntu; B2 mailako titulu edo ziurtagiriagatik, 4 puntu; eta C1 mailako titulu edo ziurtagiriagatik, 5 puntu.

Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroak gainditzeagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Aurreko bi apartatuen batura ez da izanen 30 puntu baino handiagoa.

Lehiaketaldiaren balorazioari dagokionez, oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte alegatutako merezimenduen frogagiriak, betiere deialdiaren 6. oinarrian ezarritako baremoaren arabera.

Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, fase hori gainditu duten izangaiek 10 egun balioduneko epea izanen dute alegatutako merezimendu guztien frogagiriak aurkezteko.

6.2.e) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitateko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.3. Oposizioaldia: ariketa hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez ere 30 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 15 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak esanen duen eran.

6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Kamioi bat gidatu beharko da Mankomunitateko herri bateko kaleetan barna, hondakinak biltzeko ibilbideak simulatuz, eta ibilgailua erabiltzeko gaitasuna baloratuko da.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

Proba praktikoan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko da ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena.

6.3.4. Plika itxien sistema erabiliko da ariketa teoriko horretan. Ariketa zuzendutakoan, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu, Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian, kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

6.3.5. Epaimahaiak oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoaren gardentasun atarian. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://mairaga.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.3.6. Ariketa praktikorako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

6.3.7. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Mairagako Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du hautaprobak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu dituzten bi izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da proposamen hori.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (atal hori dagokio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari), edo, hala badagokio, behar bezala kreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko pertsona ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

e) Izangaia baldin bada Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa, deialdi hau egin duena ez beste batekoa, aurrekoaz gain aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, frogatzen dituena aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiek ez badituzte dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe egozten ahal zaizkien erantzukizunak, hasierako eskabidean gezurra esateagatik.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Mairagako Mankomunitateko lehendakariak izendatuko du Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun, jardun dezan gidariaren lanpostuan.

8.2. Izendapen horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badute (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Mairagako Mankomunitatean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Mairagako Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda; hori guztia, jarraikiz une oro indarra duten kudeaketa arauei. Zerrenda horiek argitara emanen dira Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan eta gardentasun atarian.

Hautatze prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da aldi baterako kontratazio zerrendaren ordena, probak gaindituta ere lanposturik eskuratzen ez duten izangaiendako. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte. Deialdi honetako aldi baterako kontratazio-zerrendak lehentasuna izanen du Mairagako Mankomunitatean lehendik dauden aldi baterako kontratazio-zerrenden aurrean.

9.3. Baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".

Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Interesdunak 24 ordu izanen ditu deiari baiezkoa emateko. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio edo epe hori igarota erantzunik jasotzen ez bada, atzera egin duela ulertuko da, eta zerrendako azken postura igaroko da.

Izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa bada, lehenik telefonoz, eta bigarrenik sms eta posta elektronikoz, zerrendako azken postua beteko du hurrengo deietarako.

Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.

Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.

Espedientean jasoko dira egiten diren deien ondorioz zerrendan gertatzen diren aldaketak. Zerrendako edozein kidek kontsultatu ahal izanen du. Egindako aldaketak ez dira pertsonalki jakinaraziko.

9.4.2.2. Administrazio araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Dei egiteko, deialdi honetan aurreikusitako sistema aplikatuko da, 68/2009 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion orotan.

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Mairagako Mankomunitatearekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa denean, kasuan kasuko zerrendan dagoenean eta kasu hau gertatzen denean:

–Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).

b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea zerrendatik ateratzeko horietako bat.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta lanpostu hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio premia hori lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak bateragarriak badira ordura arte esleituta zituenekin. Langile batek baino gehiagok baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraikiz aldi baterako kontratatzeko zerrenda indarduneko hurrenkerari.

9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera pareko egoeran suertatzea (lege horrek hizpide du Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.

9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 8.2.4 apartatuan aurreikusitako kasuetan.

9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.

b) Lantokitik ateratzea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen ere kontratatutako langilea gauza ez izateagatik lanpostuko eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, behar adinako errendimendurik eza nabarmendu denean lanpostuko eginkizunak eraginkortasunez egiteko, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzunaldia eman ondoan eta Langileen Batzordeak edo langileen delegatuek beren txostena egin ondoan.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Mairagako Mankomunitatea da.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://mairaga.sedelectronica.es/info.11).

Datuak Babesteko Ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, dpd@mairaga.es helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Mairagako Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko gidariaren deialdirako

Izena: ………………......................................................................, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: …….……, jaioteguna:..........................................., jaioterria:............................., (.................................) eta bizitokia:.................................................. (................................), kalea:................................, zenbakia: ..................., solairua: ..........................., posta kodea: .............................., telefono finkoa: ........................., sakelako telefonoa: ......................, helbide elektronikoa: .................................. Mairagako Mankomunitatearen aurrean agertu eta

AZALTZEN DUT:

1.–Parte hartu nahi dudala Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko gidariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-araubidean betetzeko deialdian.

2.–Ezen, hori helburu, adierazten dudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.–Ezen deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dudala:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Indarrean dagoen C motako gidabaimenaren kopia sinplea.

d) Indarrean dagoen lanbide gaikuntzaren agiriaren kopia.

e) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.

4.–Baimena ematen dut prozedura hau tramitatzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.

ESKATZEN DUT eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta AITORTZEN DUT, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

.................(e)n, 2023ko .........................aren .................... (e)(a)n.

II. ERANSKINA

Proba teorikoko gaiak

1) Mairagako Mankomunitatearen eremu geografikoa.

https://mairaga.es/poblaciones-mairaga/

2) Hondakin-bilketa motak Mairagako Mankomunitatean.

https://mairaga.es/category/residuos/

3) Mairagako Mankomunitatearen Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantza.

https://mairaga.es/ordenanzas-ordenantzak/

4) 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. (Artikuluak: 1, 6, 7, 20, 21, 22).

https://www.boe.es/buscar/pdf/2018/BOE-A-2018-8953-consolidado.pdf

5) 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa (3. artikulua). Definizioak.

https://www.boe.es/buscar/pdf/2019/BOE-A-2019-6777-consolidado.pdf

6) Bide segurtasuna: Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina: II. titulua: "Portaera arauak zirkulazioan"; eta III. titulua: "Seinaleztapena".

https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2015-11722

1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–:

II. titulua.–"Ibilgailuen zirkulazioa".

  • I. kapitulua.–"Tokia bidean".
  • II. kapitulua.–"Abiadura".
  • III. kapitulua.–"Bide lehentasuna".
  • V. kapitulua.–"Zirkulazioan sartzea".
  • VI. kapitulua.–"Norabide eta noranzko aldaketak eta atzerako martxa".
  • VII. kapitulua.–"Aurreratzea".
  • VIII. kapitulua.–"Gelditzea eta aparkatzea".
  • X. kapitulua.–"Argien erabilera".
  • XI. kapitulua.–"Gidarien ohartarazpenak".

https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2003-23514

III. ERANSKINA

Lanpostuaren erantzukizunen fitxa

GIDARIA

ALORRA

ZEREN MENDE

HONDAKINAK

Honako honen mende: Hondakinen arduraduna eta hondakinen ataleko koordinatzaile arduraduna

Lanpostua

Titular kop.:

Gidaria

EGITEKOA

Ibilbideen eta hondakin-bilketaren beharrei erantzutea, horiek behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudiaren eta enpresaren jarraibide eta prozeduren arabera.

ALORRA

ERANTZUKIZUNAK

1. Gidatze lanak eta ibilbideak egitea.

–Dagokion kamioia gidatzea (zabor-bilketakoa, edukiontzi-garbigailua, luma-kamioia, edukiontzien garraioa, eta abar) ezarritako ibilbidean, eta kamioiaren edukia eramatea transferentzia-instalazioetara, tratamendu-instalazioetara edo dagokion tokira edo sekzioaren koordinatzaileak edo arduradunak adierazitako tokira.

–Beharrezkoa denean, ura garraiatzea depositu-zisterna betetzeko, edo zerbitzuaren plangintza eta kalitatea betetzeko behar den beste edozein garraio egiteko.

–Instalazioan sartu eta ateratzen den paper kartoia kontrolatzea, bai eta kiloak plantako (ontzia, organikoa, etab.), dokumentu batean erregistratzea eta bulegoan entregatzea ere.

2. Hondakinak biltzeko lanak

–Mota guztietako hondakinak biltzea, bakoitzarentzat ezarritako prozesuen arabera, eguneroko, asteroko eta hileroko plangintza betetzeko, betiere bilketa espazioak eta objektuak ahalik eta hobekien zainduz eta erabiliz.

–Garbiguneak edo ekopuntuak mantentzea, irekitzea, ixtea, eta herritarrek utzitako hondakinak sailkatzea, ordenatzea eta manipulatzea.

–Kartoia jasotzea, txukuntzea, paketatzea eta kokatzea, dagozkion espazioetan (atez ate, garbiguneak...) jarduera horretarako zehaztutako prozesuei jarraituz eta materia birziklagarria aprobetxatzen laguntzeko plangintza betez, Mairagako Mankomunitateak zehaztutako estandarren eta helburuen arabera.

–Konpostaje-eremuen mantentze-lanak eta jarraipena egitea.

3. Gorabeheren kudeaketa

Gorabeheren parteak egitea eta betetzea, ezarritako prozeduraren arabera.

Abonatuen eskaera sinpleei erantzutea, orientazio eta argibide egokiak emanez edo, hala badagokio, enpresaren barruan dagokion pertsonarengana edo arlora behar bezala eta eraginkortasunez bideratuz, adeitasuna eta tratu ona izanik harremanaren funtsezko ardatzak.

4. Lan-eremua eta ekipamenduak garbitzea, antolatzea, konpontzea eta mantentzea

Kamioiaren mantentze-lanak egitea, olio-mailak berrikustea, koipeztatzea, bateria. Tarteka, tailerrera eramatea.

Kartoia paketatzeko eta instalazioak mantentzeko eta garbitzeko beharrei erantzutea.

Ibilgailuak, lanabesak, edukiontziak, erremintak eta laneko espazioak mantendu, garbitu eta konpontzeko lanak behar bezala egitea, baliabideen aprobetxamendu eta iraunkortasun handiagoa lortzeko, enpresak lanposturako ezarritako jarraibideen eta protokoloen arabera.

5. Lanaren eraginkortasuna eta kalitatea

Efizienteak izatea eta egindako lanaren kalitaterik handiena une oro bilatzea, enpresaren helburuak eta emaitzak betetzen laguntzeko eta enpresaren kanpoko eta barruko irudi onena helarazteko.

6. Segurtasuna eta arriskuen prebentzioa

Enpresak ezarritako jarraibideak eta araudiak une oro aplikatzea, jarduerak segurtasun eta osasun baldintza onenetan egiten direla bermatzeko, eta horren inguruko edozein gorabehera une oro minimizatzea.

7. Prestakuntza eta autoprestakuntza.

Prestakuntza jasotzea, enpresaren errendimendua eta emaitza eta helburuekiko ekarpen orokorra hobetzea ahalbidetzen duten ezagutzei, trebetasunei eta gaitasunei buruz, eta horiei buruzko autoprestakuntzako ekimenak hartzea.

8. Barne-lankidetza.

Ahal den neurrian, enpresako lankideei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea, helburuak betetzen direla eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematen zaiela bermatzeko behar den giroa eta eraginkortasuna sortzeko.

–Euskara Zerbitzua eskatzea, barruko eta kanpoko komunikazioak ele bitan daudela bermatzeko.

–Berdintasun Zerbitzua eskatzea, berdintasun-printzipioa eguneroko kudeaketan pixkanaka txertatzeko eta baterako ekintzak garatzen laguntzeko.

Eskakizunak

EZAGUTZAK

TREBETASUNAK

ESKUMENAK

–C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria

–Hondakinen kudeaketa

–Arriskuen prebentzioa

–Ibilgailuen mantentze-lana

–Gidatze efizientea

–Eskorga gidatzeko baimena

–Barne araudia.

–Denboraren kudeaketa

–Idatzizko komunikazioa

–Arriskuen prebentzioa

–Euskara (hizkuntza-eskakizunaren azterketaren arabera)

–Kalitaterako orientazioa

–Emaitzetarako orientazioa

–Moldagarritasuna

KUALIFIKAZIOA

ESPERIENTZIA

Maila akademikoa

Espezialitatea

DBH, Eskola-graduatua edo LH I (erdi mailakoa)

C motako gidabaimena + lanbide gaikuntzaren agiria

Ez da behar

Iragarkiaren kodea: L2301615