33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

Berriozarko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2023ko urtarrilaren 25eko bilkuran, deialdi bat onetsi zuen Berriozarko Udalean Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.

Deialdiak ondotik ematen diren oinarriak izanen ditu.

Berriozarren, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Raúl Maiza González.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriozarko Udalean Giza Baliabideetako kudeatzaile izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketaren bidez betetzea; plantilla organikoan 117 zenbakia duen lanpostua alegia.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak A mailako lansariak izango ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, jarraikiz xedatutakoari uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Berriozarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan.

1.4. Lanpostuari dagozkion eginkizunak, oro har, honako hauek dira:

–Giza Baliabideetako kudeatzaile lanpostuaren eginkizunak:

  • Proposatzea eta garatzea giza baliabideen arloko politika berekiak honako gai hauetan: langile beharren plangintza eta aurreikuspena, hautaketa, harrera, prestakuntza planak, komunikazioa, arrazoiak, etab. Langile arloko aurrekontu proposamena egitea.
  • Honako hauen prestaketaren ardura bere gain hartzea: langileen plantilla, lanpostuen zerrenda, eta hura eguneraturik mantentzea.
  • Langileen zuzendaritza lanak egitea: oporren kudeaketa, absentziak, baimenak, lizentziak, lanaren berrantolaketa, diziplina espedienteen kudeaketa, etab.
  • Langileen sarbiderako jarduerak planifikatzea, prestatzea eta horien ardura hartzea, hots, honako hauena: lan eskaintzak, hautapen prozesuak arautzeko oinarriak prestatzea, deialdien kudeaketa, hautapen epaimahaietan parte hartzea, eta behar den espedientea ebaztea.
  • Aholku ematea arduradun politikoei negoziazio kolektiboaren arloan eta parte hartzea sindikatu-ordezkaritzarekin lan baldintzei buruz egiten diren negoziazioetan, bai eta bilerak egitea kideekin ere, haien eskaera eta kontsultei erantzuteko.
  • Antolaketa egitura aztertzea eta hobekuntzak proposatu eta ezartzea antolaketan.
  • Langileen eginkizunen liburuxka prestatu eta eguneraturik edukitzea.
  • Hileroko Langileria Batzordean aztertu behar diren gaiak prestatzea, eta Batzordeari laguntzea gaian aditua den aldetik eta akta egitea.
  • Sindikatuen ordezkariekin egiten diren bileretan landu behar diren langileei buruzko gaiak prestatzea eta bileran parte hartzea gaian aditua den aldetik.
  • Arloekin koordinatzea udalaren langile guztien lan egutegiak prestatzeko.
  • Udalaren langile guztien lan egutegiak berrikustea.
  • Nominak eta gizarte aseguruak egitea, bai udalarenak berarenak, bai sozietate publikoenak (Berrikalan eta Usalanda).
  • Langileen fitxaketa, lizentzia, eszedentzia eta oporrak kudeatzea, esparru bakoitzeko arduradunek koordinatuta.
  • Langileei aholku ematea lan kontuei buruz.
  • Udalaren arloko arduradunei aholku ematea beren arloko langileen kudeaketari buruz.
  • Langileek egindako prestakuntza ikastaroen eskaerak kudeatzea eta administrazio publikoetako langileendako prestakuntza eskaintzen berri ematea.
  • Koordinazio bilerak udal langileekin lana antolatzeko eta optimizatzeko, antolaketari buruzko gatazkak konpontzea arlo guztietan (bajak, baimenak, eszedentziak, etab.)
  • Txostenak prestatzea alkatetzak edo osoko bilkurak eskatuta, eta legeak nahitaezkotzat ezartzen dituenak, langileen arloan.
  • Udalaren gai judizialez arduratzen diren lan arloko abokatuekin koordinatzea.
  • Alkatearekin biltzea (aholkuak ematea, erabakitzen dena izapidetzea eta kudeatzea, etab.) beharrezkoa denean.
  • Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdiak prestatzea, langileak kontratatzea dakartenak berekin.
  • Deialdiak prestatzea, langileak hautatzeko udal arlo guztietako aldi baterako kontratazio zerrendetarako.
  • Deialdiaren testua idaztea, sindikatuen ordezkariei berri ematea, epaimahaikideak aukeratzea, azterketak egitea, bertan egotea azterketak egin bitartean, azterketak zuzentzea, epaimahaiak egiten duen bilera bakoitzaren aktak idaztea eta dokumentuak prestatzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren testuak prestatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera bidaltzea, epeak kontrolatzea (behin-behineko zerrenda/behin betikoa), izangaiek jarritako erreklamazioak ebaztea, izendapenak eta kontratazioak.
  • Udal langileen hitzarmena/akordioa negoziatzea eta proposamenak egitea beste akordio eta hitzarmen batzuk sinatzeko.
  • Funtzionarioendako eta lan kontratudunendako hauteskunde sindikalei buruzko espedienteak kudeatzea.
  • Berrikilan SL sozietate publikoari eta Usalanda SL sozietateari laguntza juridiko eta teknikoa ematea langile gaietan.
  • Udaleko, Berrikilaneko eta Usalandako langileen nominak, gizarte aseguruak eta kontratuak ikuskatzea.
  • Zerbitzu kontratuen, kontratazio pleguen eta abarren jarraipenaz arduratzea, haren arlokoak direnean.

–Arriskuen prebentzioaren arloan:

  • Laneko arriskuen prebentzioko koordinatzaile lanetan aritzen da.
  • Laneko Arriskuen Prebentzio Plana, horren ondoriozko dokumentazioa eta prozedurak egitea eta horien jarraipena egitea, baita Kanpoko Prebentzio Zerbitzuarekin sinatutako kontratuarenak ere, Kanpoko Prebentzio Zerbitzuaren eta Udalaren arteko bitartekotza-lanak egitea eta udal arloko arduradunekin koordinatzea
  • Segurtasun eta Osasuneko Batzordera deitzea, hura kudeatzea eta haren bileretan parte hartzea.
  • Jarduteko protokoloak, txosten teknikoak eta prebentzioari buruzko araudiaren azterketak egitea, Udalean aplika daitezen. Problema zehatzen konponketak bilatzea, enpresen edo instituzio publikoen bitartez.
  • Lanpostuak prestakuntza aldetik dituen beharrak aztertzea, eta horrek dakar prestakuntza planifikatzea, lehentasunak ezartzea arriskuen arabera eta egutegiak adostea kanpoko prebentzio zerbitzuarekin.
  • Planifikatu, aztertu eta datuak biltzea Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak larrialdietako planak egin ditzan.
  • Istripuen kasuak sistematikoki aztertzea arrazoiak ezagutzeko, neurriak proposatzeko, zuzendaritzei jakinarazteko eta jarraibide zehatzak emateko etorkizuneko jarduketetan.
  • Langile berrien egoera eta baldintzak kontrolatzea eta azterketen emaitzak kontrolatzea, beharrezko txostenak eginez.
  • Prebentzio jarduna planifikatzea, prozedurak prestatuz eta egokituz (harrera egiteko, erosteko, enpresa jarduerak koordinatzeko eta abar).
  • Enpresa jarduerak koordinatzeko prozedura egitea eta betetzen dela bermatzea, aldian behingo kontrolaren eta zaintzaren ondorioz zuzendu gabe dauden gorabeherak konponduz.

Agintzen zaion beste eginkizun edo lan oro, lanpostuarekin lotura badu eta haren mailaren eta kategoriaren barnean badago.

2.–Betekizunak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete behar dira, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Berriozarko Udaleko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) A mailakoa izatea.

c) Euskara maila hau frogatzea: C1.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden langile finkoek zilegi izango dute deialdian parte hartzea baldin eta arestian eskatutako baldintzak betetzeaz gain, gutxienez urtebetez egon badira egoera administratibo horretan.

Lanpostua hautatzen dutenak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, Berriozarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es/eu/carpeta-ciudadana/), eta badago aukera NAN elektronikoaren/ Ziurtagiri elektronikoaren bidez, edo Cl@veren bidez ere aurkezteko.

Eskabideek deialdiaren I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute, eta 2. oinarrian zehazten den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira.

3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala bete ondotik:

a) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) 2.1. oinarriko b) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Euskarazko C1 mailaren ziurtagiri ofiziala edo euskara maila horren proba egiteko eskabidea.

d) 9. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

e) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpena emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzirik, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira II. eranskineko proba psikoteknikoa eta proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua; azken proba hori baztertzailea izanen da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Mahaiburua: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko alkatea.

2.–Epaimahaikidea: Amaia Zalba Martínez, Berriozarko Udaleko berdintasun-teknikaria, Berriozarko Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen batzordeak proposatuta.

3.–Mahaikide-idazkaria: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez ere.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi apartatuei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, baloratuko da norbera nola egokitzen zaien deialdiko lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu gehienez. Baztertzailea da, eta, beraz, gutxienez 12,50 puntu lortu behar dira gainditzeko.

Lanpostuaren gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaien puntuazioa gehituko zaio lehiaketako ataletan lortutakoari, jakiteko zenbatekoa den guztira izangai bakoitzaren puntuazioa.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak Berriozarko Udaleko iragarki-taulan paratuko ditu parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Berdinketak jarraitzen badu, proba praktikoan lortutako puntuazioaren alde ebatziko da.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan.

8.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki baten bidez, lanpostua esleituko dio puntuazioaren arabera hala dagokion lehiatzaileari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Izangaiak esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du esleitutako lanpostuaz, non eta organo deitzaileak, ebazpen horretan, ez duen data jakin bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.–Datuen babesa.

Bat etorriz ezarritakoarekin 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Berriozarko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10.–Errekurtsoak.

10.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarritakoarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan: urte bakoitzeko 1,50 puntu.

2. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan: urte bakoitzeko 0,37 puntu.

b) Prestakuntza, irakasle eta ikerketa lana eta beste merezimendu batzuk:

1. Parte hartzea erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta 10 puntu gehienez.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, Espainiakoa edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5. Doktore maila, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: 2 puntu gehienez.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 4 puntu gehienez.

Oharrak:

a) apartatua:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Gehienez 35 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

b.1) apartatua:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei emanen zaie kreditu bateko balorazioa.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean berariaz sartzen dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

Oharrak b) apartatu guztirako:

1. Apartatu honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zuzeneko zerikusirik badute deialdiko lanpostuarekin.

2. Gehienez ere 25 puntu emanen dira b) apartatu honetan.

Iragarkiaren kodea: L2301554