33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 16/2019 Ebazpena. Ebazpen horren bidez onetsi zen zenbait eskumen eskuordetzea Nekazaritza Zerbitzuko eta Abeltzaintza Zerbitzuko titularrei.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jo da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko araudiak zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak abuztuaren 28an emandako 16/2019 Ebazpenaren bidez, onetsi zen zenbait eskumen eskuordetzea Nekazaritza Zerbitzuko eta Abeltzaintza Zerbitzuko titularrei.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ekainaren 16an emandako 548/2020 Ebazpenaren bidez, abuztuaren 28ko 16/2019 Ebazpena aldatu zen, beharrezkoa baitzen esperimentaziorako animalien ongizaterako zenbait eskumen Abeltzaintza Zerbitzuaren esku uztea.

Kontuan hartuta animalien ongizatearen arloan espediente ugari sortzen ari direla argitaratu denetik Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta berriki indarrean jarri denetik urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretua, 19/2019 Foru Lege hori garatzeko erregelamendua onesten duena, beharrezkoa da arlo horretako zenbait eskumen Abeltzaintza Zerbitzuaren esku uztea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak abuztuaren 28an emandako 6/2019 Ebazpena aldatzea. Ebazpen horren bidez onetsi zen zenbait eskumen eskuordetzea Nekazaritza Zerbitzuko eta Abeltzaintza Zerbitzuko titularrei.

2. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak Abeltzaintza Zerbitzuko titularrari eskuordetutako eskumenei honako hauek gehitzen zaizkio:

–Albaitariak gaitzea eta baimentzea lagun egiteko animaliak ofizialki identifikatzeko.

–Lagun egiteko animalien zentroak baimentzea eta erregistratzea: altak, bajak eta aldaketak.

–Lagun egiteko animaliak zaintzeko edo maneiatzeko gaikuntza-ziurtagiri ofizialak ematea.

–Prestakuntza-erakundeak baimentzea eta erregistratzea animalien ongizateari buruzko ikastaroak antolatu eta eman ditzaten: altak, bajak eta aldaketak.

–Animalien ongizateari buruzko prestakuntza-ikastaroak homologatzea.

–Txakur-trebatzaileen Erregistroan izena ematea: altak, bajak eta aldaketak.

–Animaliak Babesteko eta Defendatzeko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatzea: altak, bajak eta aldaketak.

–Animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak erakunde laguntzaile gisa aitortzea: altak, bajak eta aldaketak.

3. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Abeltzaintza Zerbitzura.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 17an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2300996