33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 1ean hartua, N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belate eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presazkotzat jotzen duena, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren maiatzaren 18ko 35/2021 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz onetsi zen N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko lanen trazadura proiektua.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 1eko 88/2022 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko lanen eraikuntza proiektua.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak jakinarazten du Iruña-Behobia N-121-A errepidea Foru Komunitateko garrantzitsuenetako bat dela, Iruñearen eta Nafarroa iparraldearen (Bidasoa eskualdea) arteko komunikazio nagusiak egituratzen baititu, eta, aldi berean, Frantziarako komunikazio-bide nagusia baita. N-121-A errepideko Belate eta Almandozko tunelen tarteak ez ditu betetzen segurtasunaren arloan indarrean dauden Europako araudiek eskatzen dituzten baldintzak, noranzko biko trafikoa duten tunelak direlako. Horregatik, Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jotzen du hodi berri bana eraikitzea horietako tunel bakoitzerako, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 2004/54/EE Zuzentarauarekin, non Europako errepide sareko tunelen gutxieneko segurtasun baldintzak ezartzen baitira. Aukeratu den alternatibak egungo errepidearen ezkerreko aldean (mendebaldean) kokatuko den galtzada berria egitea aurreikusten du, 27+040 k.p.tik hasi eta 34+647 k.p.ra arte, guztira 7.647 metrokoa.

Obra horiek bide segurtasuna hobetzen dute, eta horregatik beharrezkoa da obrei ahalik eta lasterren ekitea. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, N-121-A errepidean (Iruña-Behobia) Belate eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presazkotzat dela deklaratzea.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko estimatzen den gastua 1.509.211,91 eurokoa da, modu honetan egotziko dena: 529.043,92 euro, 2023ko gastu-aurrekontuko "Belate eta Almandozko tunelen obrak" izeneko 220002 22100 6010 453233 (E-18/000215-01 PEP elementua) partidaren kargura, eta gainerakoa, 980.167,99 euro, 2027ko gastu-aurrekontuko partida baliokidearen kargura; horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2023ko otsailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2301688