33. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Landa Garapenerako Programa 2014-2020ko dirulaguntza honen 2023-2024rako deialdia: "Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak". DDBN identifikazioa: 672528.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Eskumen horien artean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea eta, bereziki, haien produkzioak sustatzeko ekintzak bultzatzea, kontsumitzaileak produkzio horien ezaugarri eta balioei buruzko informazioa izan dezan eta haien balio erantsia hobe dadin; horrek operadoreen alde jokatzen du, produktu horiek lehentasuna lortzen dutelako bide komertzialetan.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen agirien bitartez, hala produktuek berez dituzten ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkioten erreferentziengatik, hori guztia kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta haren balioak nabarmentzeko modu bat delakoan.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen den landa garapenerako laguntza arautu zuen, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua. Haren 16. artikuluan "Nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideak" izeneko neurria ezarri zen, eta 2. puntuan zehazten da neurri horretako laguntzak ematen ahal zaizkiela, orobat, produkzio taldeek barne merkatuan egindako informazio eta sustapen jardueren ondoriozko kostuei, produktuek kalitate araubide bat dutenean; alegia, 16. artikulu horren 1. puntuan garatzen den "Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza" deituriko azpineurriaren araberako laguntza jasotzen dutenean.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak 2014-2020 aldirako neurri hori osorik jasotzen du, bi azpineurritan bereizita: "Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea" eta "Informazio eta sustapen jarduerak". Ebazpen honen asmoa da bigarren azpineurria ezartzea.

Azpineurriaren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Aipatu helburuak bilatzen ditu neurri honek, kalitate figuren bidez babestuta dauden nekazaritzako elikagaiak sustatzeko pizgarriak emanez; figura horiek kudeatzen dituzten entitateek bultzatu beharko dituzte sustapen ekintzak, eta Nafarroako Foru Komunitatean, zehazki, kontseilu arauemaileek.

Jatorri Deitura Babestuen (JDB) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) kontseilu arauemaile horiek eta Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN-NNPEK), babesten dituzten produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeaz eta haien ospea zaintzeaz gain, babestutako ekoizpenak sustatu, haien balioa nabarmendu eta haiei buruzko informazioa emateko eginkizunak dituzte. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da erakunde horiei laguntza instituzionala ematea, finantza ahalmen handiagoa izan dezaten eta, hala, gauza izan daitezen beren helburuak betetzeko beharrezkoak eta osagarriak diren ekintzak burutzeko. Sustapen hori gabe, segur aski, alferrikakoak izanen dira ekoizpen sistemak, kalitate kontrola eta produktuaren ziurtapena hobetzeko ahaleginak.

Laguntza horiek funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako nekazaritzaren sektorerako; izan ere, sektore horrek kalitate figurek babestutako nekazaritzako elikagai ugari ekoitzi eta prestatzen ditu, eta merkatuan jarri behar ditu kontsumitzaileak behar adina ezagutu eta baloratzeko. Gainera, merkaturatze sistema eta erronka berriei erantzuten die, hala banaketa handiaren esparruan, nola nitxo espezializatuen eta zirkuitu laburren esparruan, elikagai kate osoa barne hartuta, bereziki sektore ekoizlea eta eraldatzailea; eta, aldi berean, lanerako aukerak mantentzen ditu, eta aukera berriak sortzen ditu landaguneetan.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena, Nafarroako testuinguruan, "Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak" lortzeari begira eta haietan parte hartzeari begira. Lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, hazkundea zentzuzkoa, jasangarria eta bateratzailea izateko, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den "Esparru Estrategiko Komunari" dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Azpineurri hau, bereziki, Batasunaren landa garapenerako lehentasunari egokitzen zaio, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.3.a) artikuluari jarraikiz, honako helburu hau duena: "lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integra daitezen, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan".

Beraz, esparru juridikoa da 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen 2014ko martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko (EB) 2020/2220 Erregelamendua, zeinaren bidez, alde batetik, zenbait xedapen iragankor ezartzen baitira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) laguntzarako, 2021. eta 2022. urteetan, eta, bestetik, aldatzen baitira 1305/2013, 1306/2013 eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, baliabideei eta 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeari dagokienez, eta 1308/2013 (EB) Erregelamendua, baliabideei eta laguntza hori 2021. eta 2022. urteetan banatzeari dagokionez.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, arauak ezartzen dituena Europar Batasuneko estatuek, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak), egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruz –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen da–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dituena. 2021/2115 (EB) erregelamendu horrek aukera ematen du, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/2220 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, 1305/2013 (EB) Erregelamendua baldintza berberetan aplikatzen jarraitzeko, landa garapenerako programak gauzatzean, 2025eko abenduaren 31ra arte landa garapenerako programa horien esparruan onuradunek egindako eta erakunde ordaintzaileak ordaindutako gastuei.

Barne merkatuko informazio eta sustapen jardueretarako laguntzak 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikuluan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritako xedapenen menpe daude, baita Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluaren menpe ere (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta); izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, laguntza honen berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi zuen, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.43469 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Ebazpen hau ematen da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onestea, 2023-2024 aldirako.

Onestea Nafarroako Landa Garapenerako Programa 2014-2020ko laguntza hauen 2023-2024rako oinarri arautzaileak eta deialdia: "Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak", ebazpen honen I., II. III. eta IV. eranskinetan jasoak dauden moduan.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hemezortzigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 810.000 euroko gastua baimentzen da 2024rako, 2023ko gastu-aurrekontuaren 720003 72200 4459 413105 "PDR FEADER 2014-2020. Elikagaien kalitate-figuren sustapena" partidaren baliokidea den kargura; horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

Baimendutako kreditua gehienez 200.000 euro bitarte handitzen ahalko da, 2024ko Aurrekontu Orokorretako 720004 72200 7700 412102 "PDR FEADER 2014-2020. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak" partidaren baliokidea den 2023ko Aurrekontu Orokorretako partidaren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, baldin eta aurrekontuan krediturik badago.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2023-2024ko ekitaldiko deialdian.

Eskabideak 45 egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdea, goi mendialdea, eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2022 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egin ziren 2022ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean edo hura ordezten duen xedapenean erregistra dadin.

6. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDBS) erregistratu beharko dira.

7. Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 26an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafe Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako "Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak" azpineurrirako laguntzak emateko

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako "Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak" azpineurrirako laguntzak arautzea, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.2 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren –LGENF– bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua) eta, bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 49. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza bat jaso duten enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

3. Krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso. Horretarako, aintzat hartuko da nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa (2014/C 204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da pizgarriak ematea elikagaien kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateei, babesten dituzten produktuak barne merkatuan susta ditzaten eta haien gaineko informazioa eman dezaten; izan ere, horrela, kontsumitzaileek hobeki ezagutu eta balioetsiko dituzte eta aukera hobeak egonen dira produkzioak merkaturatzeko eta haien balio erantsia handitzeko; hori guztia, kontsumitzaileei kalitate berme handiagoa eskainiz eta produktuaren berezko ezaugarriak mantenduz.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balioa erantsiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Hurrengo kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateak (Kontseilu Arauemailea, Kontseilua edo kudeaketarako elkartea) izanen dira deialdi honetako onuradunak:

–"Lodosako pikillo piperra" JDB

–"Erronkari gazta" JDB

–"Idiazabal gazta" JDB

–"Nafarroako olioa" JDB

–"Nafarroa" JDB

–"Errioxa" JDK

–"Cava" JDK

–"Hiru Erribera" AG

–"Queilesko Erribera" AG

–"Nafarroako patxarana" AGB

–"Nafarroako zainzuria" AGB

–"Tuterako orburua" AGB

–"Nafarroako aratxea" AGB

–"Nafarroako bildotsa" AGB

–Nekazaritza ekologikoaren ekoizpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduan jasoa; erregelamendu hori produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzkoa da, eta Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

2. Entitate horiek Ekintza Plan bat aurkeztu beharko dute, eta hartan jasoko dituzte kalitate figura horiek babesten dituzten nekazaritzako elikagaien gaineko informazioaren eta sustapenaren esparruan garatu beharreko jarduketak.

3. Aurreko 1. puntuan jasotako kalitate figura baten esparruko laguntzak eskuratzeko, kalitate figura horretarako laguntza-deialdia izan beharko da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako "Kalitate araubideetan lehen aldiz parte hartzea" izeneko azpineurriaren esparruan.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

Onuradunek, onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte eskaera egiten den egunean:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

5. oinarria.–Ekintza Plana.

1. Eskaerarekin batera, Ekintza Plana aurkeztu beharko da, horrek sortuko baitu laguntzarako eskubidea. Ekintza plan horretan adierazi beharko da zer jarduketa programa garatu nahi den entitate eskatzaileak kudeatzen duen kalitate figurak babestutako nekazaritzako elikagaien gaineko informazioaren eta sustapenaren esparruan.

2. Azpineurri honen ondorioetarako, deialdiaren ekitaldi osoan Europar Batasunaren barne merkatuan egiten diren sustapen ekintzen multzoak osatzen du Ekintza Plana, baldin eta kalitate figurek babestutako produktuak kontsumitzera bultatzen badute kontsumitzaileek produktu horiei buruz duten informazioa, onarpena eta lehentasuna handituta. Ekintza horiek behar bezala deskribatu eta programatuta egon beharko dute, aurrekontu eta guzti.

3. Hurrengo taulan jaso eta xehakatzen diren informazio eta sustapen neurrietako edozein hartzen ahal dira ekintzatzat.

Sustapen ekintzak.

EKINTZAK

JARDUERAK

Azoka eta erakusketetan parte-hartzea

Nazio barreneko edo nazioarteko azokak EBn, berariazkoak sektorean edo orokorrak.

Erakusketa eta ikuskizunak produktua erakusteko eta aintzat hartua izan dadin.

Misio komertzialak.

Produktuaren aurkezpena.

Sustapeneko produktuak.

Informazioa eta sustapena, hainbat komunikabide baliatuz

Askotariko sustapen kanpainak (TB, irratia, prentsa, ikuskizunen antolaketa, babesletzak, etab.).

Web atariak, kalitate figurak eta babestutako produktuak sustatu eta zabaltzeko.

Argitalpenak: liburuak, liburuxkak, kartelak, etab., formatu fisikoan edo digitalean.

Sustapeneko produktuak.

Informazio eta sustapenerako harreman publikoak, aditzera emateko produktuen kalitatea, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta horiek bermatzen dituen ziurtapena.

Sustapena saltokian.

Produktuaren aurkezpenak.

Sustapeneko produktuak.

Alderantzizko misioak eta misio komertzialak.

Lehiaketak.

Produktuen erakustaldi eta dastaketak.

Jardunaldi eta mintegi teknikoak, kalitate figurei eta haien produktuei buruz.

Merkatu azterketak eta analisiak

Merkatu analisiak egitea, kanpainen eragina ebaluatzea, etab.

4. Ekintza Planak II. eranskinean zehaztutako informazioa eduki beharko du, gutxienez ere.

5. Ekintza Planean aurreikusitako ekintzek honako hau beharko dute bete:

a) Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela bermatzea informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

b) Merkataritza marken izenak aipatzen diren informazio eta sustapen jarduerak bazter uztea.

6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Ez dira diruz lagungarriak izanen eskabidea aurkeztu aurreko gastuak, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren (deklaratzen duena zenbait laguntza-kategoria nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan barne merkatuarekin bateragarriak direla, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz) jarraibideetako I. zatiko III. kapituluko 3.4 puntuaren arabera eta 6. artikuluaren arabera.

2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira laguntza eskabidea aurkezten den egunetik hasi eta 2024ko urtarrilaren 31 bitarte egiten diren gastuak, baldin sail hauetakoren batean sartzen badira:

a) Zerbitzuak kontratatzea komunikazioko agentzia eta aholkularitza enpresekin, prentsa bulegoekin eta informazio eta sustapen kanpainak edo ikuskizunak sortzea, garatzea, gauzatzea eta baloratzea bultzatzen duten beste entitate edo enpresa batzuekin.

b) Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea. Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

c) Ekipamenduaren, espazioen eta arreta emateko zerbitzuen alokairuak, sustapenak egiteko azoka, erakusketa, lehiaketa edo ikuskizunak antolatzen direnean.

d) Argitalpenak editatu, inprimatu eta banatzea edozein diseinutan (kartela, liburuxka, liburua, etab.) eta formatutan (fisikoa edo digitala).

e) Bistaratzeko materialak, euskarriko materialak eta aurkezpenetarako erakustokiak.

f) Entitatearen web-orriak sortu eta egokitzea, informazioa eta sustapena egiteko bai kalitate figurei eta produktuen ezaugarriei buruz, bai planaren barreneko sustapen jarduerei buruz.

g) Sustapena komunikabideetan (TB, irratia eta prentsa, fisikoa eta/edo digitala). Ekintza horiek ezin izanen dute inoiz aipatu merkataritza markarik.

h) Sustapen ekitaldietako adituak eta profesionalak (ikertzaileak, teknikariak, sukaldariak, blogariak, etab.) kontratatzea.

i) Kabineteak edo adituak kontratatzea, merkatu azterketak egiteko edo sustapen ekintzen eragina ebaluatzeko.

j) Sustapen jardueretarako produktuak.

k) Sustapeneko materiala.

l) Lehiaketetako sariak eta babesak.

m) Entitate onuraduneko langileen dietak eta joan-etorriak, sustapen jarduerei ezinbestean lotuak daudenenak.

n) Langile berekien gastuak, zuzenean informazioarekin eta sustapenarekin lotuak; Ekintza Planeko guztirako kostuaren %15, gehienez ere. Beti aurkeztu beharko da pertsona horiek Ekintza Planeko jarduera hauetan izan duten dedikazioaren egiaztagiri bat, emandako denbora edo zereginak adierazteko.

3. Pertsonako eta eguneko mugak ezartzen dira dieta eta mantenurako, joan-etorrietarako eta sarietarako, IV. eranskinaren arabera (Gastu diruz lagungarrien mugak). Muga horiek erakundeko langileek edo entitateko kideek egindako gastuei aplikatuko zaizkie.

4. Jatetxe zerbitzu bat kontratatzeko Ekintza Planean sartutako ekitaldietarako, menu eta jankide bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa ezartzen da, IV. eranskinaren arabera (Gastu diruz lagungarrien mugak).

5. Ez dira diruz lagungarriak izanen 5.000 euro baino gutxiagoko gastua duten Ekintza Planak, eta 400.000 eurotik gorako gastuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

6. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, Ekintza Planaren gastu diruz lagungarria, aurreko puntuaren arabera ezarri dena, gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

7. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, ez balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), ezta beste zerga batzuk ere, salbu eta, foru araudiarekin bat, balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunen kasuan. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza-eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

8. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, entitate onuradunek hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko dituzte dirulaguntzaren xedeko jardueren %100 arte, aipatu artikuluan adierazten den bezala.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza gisa, zuzeneko dirulaguntza bat emanen da, entitate onuradunek benetan egin eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

2. Ekintza Planaren gastu diruz lagungarrien %60 adinakoak izanen dira laguntzak.

3. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

4. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da haren baliokidea den dirulaguntza gordina.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta lehenespen irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera prestatzeko, honako balorazio-irizpide hauek aplikatuta lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean, kalitate figurari atxikitako ustiategi ekoizleek Nafarroaren barruan duten kokapen geografikoaren arabera, 10 puntu gehienez.

  • Ekoizleen %75 baino gehiago dira Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 10 puntu.
  • Ekoizleen %50 baino gehiago dira Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 5 puntu.
  • Ekoizleen %25 baino gehiago dira Nafarroako mendialdean eta goi-mendialdean daudenak: 2 puntu.

b) Koherentzia eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak, beste kalitate figura batzuetako jarduerekin konbinatuak: 5 puntu.

–Urte anitzeko kanpaina edo programa baten parte diren Ekintza Planeko jarduerak: 4 puntu.

–Ekintza Planeko jarduerak, deialdi honetan sartzen ahal diren beste kalitate figura batzuetako jarduerekin batera: 3 puntu.

c) Ekintza Planaren aurrekontutik zenbateko portzentajea aurreikusi den jarduerak autonomia erkidegoen lurralde eremutik kanpo garatzeko (horretarako, kalitate figuraren baldintza-agirian zehaztutakoa hartuko da aintzat), 20 puntu gehienez:

  • %30etik gora: 20 puntu.
  • %20tik gora %30era arte: 15 puntu.
  • %10etik gora %20ra arte: 10 puntu.
  • %2tik %10era arte: 5 puntu.

d) Programaren hedadura, estaldura eta ebaluazioa, 45 puntu gehienez, atal hauen arabera:

  • I) Programaren jarduerak: 5 puntu arte.
    • Ekintza Planak lau jarduera edo gehiago baditu: 5 puntu.
    • Ekintza Planak hiru jarduera baditu: 3 puntu.
    • Ekintza Planak bi jarduera baditu: 2 puntu.
    • Ekintza Planak jarduera bakarra badu: 1 puntu.
  • II) Ekintza Planaren estaldura (sustapenaren hartzaile nagusia den taldea): 15 puntu gehienez.
    • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak preskriptoreak, komertzialak, banatzaileak eta antzekoak badira, 15 puntu.
    • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzailea publiko orokorra bada: 10 puntu.
    • Planaren aurrekontuaren zati handienaren azken hartzaileak adituak, prestatzaileak edo berariazko taldeak badira: 6 puntu.
    • Planaren aurrekontuaren zatirik handiena bakar-bakarrik sare sozialetara, online baliabideetara (Internet) edo tokiko komunikabideetan iragarki soilak jartzera bideratuta badago, azken hartzailea zehaztu gabe: 3 puntu.
  • III) Merkatuaren eta eraginaren ebaluazioa: 5 puntu gehienez.
    • Ekintza Planean aurreikusten bada –diruz lagungarriak diren jardueren artean– emaitzen adierazleak dituen ebaluazio metodo bat edo merkatu azterketak edo analisiak egitea: 5 puntu.
  • IV) Ekintza Planean aurreikusitako gastuaren portzentajea, entitate onuradunak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta, gehienez 20 puntu:
    • %30etik gora: 20 puntu.
    • %20tik gora %30era arte: 15 puntu.
    • %10etik gora %20ra arte: 10 puntu.
    • %5etik gora %10era arte: 5 puntu.
    • %2tik %5era arte: 2 puntu.

e) Oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean integratuta dauden operadoreen kopurua, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidego batzuetan erregistratuak bereiziz, gehienez 20 puntu:

  • 500 operadore baino gehiago Nafarroan: 20 puntu.
  • Operadoreak, 200etik gora 500era arte Nafarroan: 15 puntu.
  • Operadoreak, 50etik gora 200era arte Nafarroan: 10 puntu.
  • Operadoreak, 10etik 50era arte Nafarroan: 5 puntu.

3. Entitate onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer baremazio irizpideren arabera nahi duen aplikatzea aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat hartuko da Ekintza Planean aurreikusitako jarduerei dagokienez.

4. Baremazio puntuak justifikatzeko, Ekintza Planeko informazioan eta/edo justifikazioetan oinarrituko da kudeaketa unitatea. Informazio hori eta/edo aurkeztutako informazioa ez bada aski, eskatutako puntuak ez dira aintzat hartuko.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, betiere deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, hurrenez hurren, b), c), d) edo e) ataletan lortzen den puntuazioa hartuko da aintzat, aurrekontua agortu arte. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, dirulaguntza emanen zaio entitateak onetsi duen azken urteko aurrekontuarekin alderatuta Ekintza Planean aurreikusitako gastuak portzentaje handiena hartzen duen espedienteari.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza ematen zaien deialdian adierazten den epean gauzatzea Ekintza Plana.

b) Egindako gastuak eta ordainketak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan justifikatzea, baita jasotako funtsak dirulaguntza emateko arrazoi izan zen helbururako erabili direla ere, ezarritako moduan eta epeetan.

c) Laguntza behar bezala eman dela, jarduerak behar bezala gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea. Horri dagokionez, entitate onuraduna behartua dago komunikatzera, auditoretzarako arrasto bat utz dezakeen edozein bide erabiliz (posta elektronikoa, eskabide orokorra, etab.), non eta noiz egin diren informazio eta sustapen ekintzak, egin aurretik betiere, instrukzio organoak tokian bertan kontrolatu ahal izan ditzan.

d) Entitatearen alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azkeneko ordainketan frogatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Ekintza Plana gauzatzean, eta burutzen diren informazio eta komunikazio ekintza guztietan, LGENFk eta Nafarroako Gobernuak ekintzari emandako laguntza aitortu beharko du onuradunak, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak agertuz eta LGENFren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari buruzko aipamena eginez honako honen arabera:

–Onuradunak erabilera profesionalerako webgunerik badu, hartan ekintzaren deskripzio labur bat aurkeztuz, loturarik ezartzen ahal bada webgunearen xedearen eta ekintzari emandako laguntzaren artean; zenbaterainoko laguntza den eta helburuak eta emaitzak adieraziko dira, Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioa nabarmenduta.

–LGENFrekin batera finantzatutako neurri eta jarduerei buruzko argitalpenetan (liburuxkak, eskuorriak eta buletinak), argi adieraziko da Europar Batasunaren parte-hartzea azaleko orrialdean, eta haren ikurra agertuko da Nafarroako Gobernuarenarekin batera. Argitalpenek edukiaren arduraduna den erakundeari eta Nafarroako Gobernuari aipamen eginen diete.

Nafarroako Gobernuaren ikurra bat etorriko da Agenda 2030eko logoan dagoen sinbolo ofizialarekin, helbide honetan jasota dagoenari jarraikiz: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala).

Europar Batasunaren ikurra honako orrian aurkezten diren arau grafikoen arabera agertuko da: http://europa.eu/abc/symbols/emblem/download_en.htm. Leman deklarazio hau eginen da: «Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du».

i) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

j) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean jasotzen diren itzultzeak ekarriko ditu.

k) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, ebazpen honetako 18. oinarrian eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

2. "Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak" izeneko neurrian laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan jasotako laguntza eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

2. Ekintza Planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira eskaerak.

3. Laguntza eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira, eta eredu hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da.

4. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia.

b) Ekintza Plana, 5. oinarrian eta II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

c) Entitatearen ziurtagiri bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean erregistratutako operadore kopurua adieraziko duena, Nafarroan erregistratuak eta beste autonomia erkidegoetan erregistratuak bereizita.

d) Ustiategi ekoizleen kokapen geografikoagatik puntuak eskatzen badira, zerrenda bat, oinarri arautzaile hauek argitaratzen den datan eguneratuta, JDB/AGBan izena emanda dauden nekazaritza ekoizle operadoreekin, ustiategia gure komunitatean dutena. Azken hori NAN edo IFKren bidez identifikatu beharko da.

e) Entitate onuradunak onetsi duen urteko azken aurrekontua.

f) Nafarroako Foru Komunitatearena baino esparru handiagoko figuren kasuan, ekoizpenean Foru Komunitateari dagokion portzentajeari buruzko ziurtagiria.

g) III. eranskinaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, bertan jasotzen diren betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

h) Ebazpen honen seigarren oinarriko 6. puntuan ezarritako salbuespenari heldu nahi izanez gero, BEZaren subjektu pasibo ez izatearen ziurtagiria, edo, izatekotan, entitateak jasandako BEZa ezin duela berreskuratu egiaztatzen duen agiria.

i) Hala badagokio,12.1.a) oinarrian aurreikusitako dokumentuak, kostuak moderatzeko.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute egiazta daitezela proposatutako kostuen moderazioa eta hori ebaluatzeko metodologia. Horretarako, eta onuradunak proposatzen duen Ekintza Planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, sistema hauek erabiliko dira:

a) Hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztea, zein den ere gastuaren zenbatekoa, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarriak direla-eta merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori egiteko behar adina entitate.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, zerbitzuak kontratatu nahi badira, baldintzen agiri bat prestatu beharko da eskaintzak alderagarriak izan daitezen ziurtatzeko, betiere 6.2. oinarriaren a) letran ezarritakoarekin bat. Proposamenak baldintzen agiri horri lotu beharko zaizkio, eta garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza eginen da bertan.

b) Beren ezaugarriengatik aurreko kasuan sartzen ez diren elementuak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori kudeaketa atalaren arduradunak eta gaian adituak diren bi lagunek osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo, bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Batzorde horren erabakia justifikatua izanen da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa merkatu logiko batean.

2. Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, onuradunak aurkeztutako aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa hartuko dira, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.

3. Kostuen moderazioa aplikatu izanari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu baino lehen eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin baino lehen, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Egiaztapenak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketa nabarmenen bat eskatzen badu jarduera bati dagokion ordainketa egin aurretik.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu (proformako fakturak, fakturak, aurrekontuak, baldintzen agiriak, etab.), legez eskatzen ahal den informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, gauzatu beharreko jardueraren ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz azalduta.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien jarduerak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

14. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, aurrekontu diruz lagungarria hartuko da kontuan, ebazpen honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako mugak gainditu gabe.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 4. oinarriaren arabera.

Dena dela, konkurrentzia prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa dela-eta ematen dela dirulaguntza, LGENFrekin batera finantzatuta, "Nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate araubideak elikakatea hobetzeko" deituriko neurria dela medio.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, onuradunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, berariazkoa bada, eta egintza berariazkoa ez bada, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da edozein unetan, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunak ondorioak sortu eta hurrengo egunetik aurrera.

16. araua.–Ekintza plana aldatzea.

1. Arrazoi justifikatuak direla-eta onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketa nabarmenak egitea hasieran onetsitako Ekintza Planean, aldaketarako eskaera aurkeztu beharko du gastu eta/edo jarduera zaharrak ezabatu edo ordeztu eta berriak hasi aurretik, betiere bi hilabete baino gehiago igaro ez badira Ekintza Plana gauzatzeko epea bukatzen denetik.

2. Honako hauek joko dira aldaketa nabarmentzat:

–Onetsitako planean aurreikusitako ekintzak kentzea, edo ekintza berriak sartzea.

–Planeko ekintzen artean gehikuntza edo murrizketa dakarten aldaketak, baldin eta balio absolutuan planaren aurrekontu onartuaren %20 gainditzen badute eta gutxienez 5.000 euro badira.

–Ekintza baten barnean, planean onartutako jardueren aurrekontua handitzea edo murriztea dakarten aldaketak, baldin eta balio absolututan ekintzarako onartutako aurrekontuaren %40 gainditzen badute, eta gutxienez 5.000 euro badira.

3. Proposatzen diren aldaketek behar adina arrazoituta egon beharko dute. Gainera, eskaeren hurrenkera ezartzeko aplikatu ziren balorazio irizpideak urratzen ez direla bermatu beharko da, eta dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla.

4. Hasierako planeko irizpide tekniko-ekonomiko eta kostuen moderazio irizpide berei jarraituz onetsi beharko dira Ekintza Planeko aldaketak, eta, behar izanez gero, laguntza doituko da. Doituta ere, hasiera batean onartutako laguntzak ez dira handituko.

17. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, Ekintza Plana bukatuta dela, ordainketa eskaera bat aurkeztu beharko du 2024ko otsailaren 10a baino lehen.

2. Ordainketa eskaera hori horretarako prestatu den inprimakiaren bidez aurkeztu beharko da; inprimaki hori laguntza honi dagokion tramiteen katalogoan dago, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian (www.nafarroa.eus).

3. Onartzeko modukoak izan daitezen, ordainketa eskaerari honako hauek erantsi beharko zaizkio gutxienez:

a) Ekintzen gaineko laburpen txostena, jardueratan xehakatuta, zeinek bere aurrekontua eta azken kostua adierazita dituela, eta lortutako emaitzen balorazioa, garatzen den ekimenarentzat ekintza planean ezarritako adierazleen arabera. Txosten hori Nafarroako Gobernuaren Internet atariko tramiteen katalogoan dagoen ereduari jarraikiz eginen da (www.nafarroa.eus)

b) Fakturak eta/edo froga gisa balio bera duten dokumentuak, eta gastu diruz lagungarri guztiak ordaindu izanaren frogagiriak. Ekintzak gauzatzeko, azpikontratazioa egiten denean zerbitzu hornitzaileekin, hornitzaile horren faktura eta ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko dira.

c) Orobat, sustapen ekintzak egin izana egiaztatzen duten frogabideak aurkezteko eskatzen ahalko zaio onuradunari.

18. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/9498732/Declaracion+transparencia_eus.pdf/223c2481-a0e1-4f9e-b34e-f3ded3a69fb0?t=1652089688241

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas%E2%80%93eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

19. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntzak ordainduko dira horiek ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren, eta laguntzaren onuradunak aurreko oinarrian ezarritako gardentasunaren gaineko informazio betebeharra bete duenean.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzearren Ekintza Plana gauzatu dela aurkeztutako proiektuaren arabera. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egin daitezke Ekintza Planean jasotako jardueretara, behar bezala gauzatu direla edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko. Orobat, exekuzioaren memoria osatzeko argazkiak, itzulpenak, exekuzioaren gaineko txostenak eta abar aurkezteko eskatzen ahalko da.

4. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian (20.ean) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

20. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Ekintza Plana gauzatu ondoren gastu diruz lagungarria onetsitakoa baino txikiagoa bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu garatu den planak teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izaten segitzen duela.

2. Ordainketa ziurtatzean egiaztatzen bada laguntzak emateko prozeduraren barruan eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioan aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak aldatu direla eta frogatzen bada puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, ez zela onuradun aterako, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Hasierako eskaeran –edo gerora eskatutako aldaketetan– aurreikusten ez diren jarduera berrien ondoriozko gastuek ez dute laguntza eskubiderik sortuko. Gainera, aldaketa nabarmenak eginez gero, eta horien berri ematen ez bada 16. oinarriko 2. puntuko bigarren eta hirugarren ataletan ezarritakoaren arabera, ekintza edo jardueretan egindako gastu soberakinak ez du laguntza eskubiderik sortuko, dirulaguntza ematean aurreikusitako gastuarekin alderatua.

Onuradunak ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa (behin kendurik aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioz lagungarria ez den zenbatekoa) eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen onuradunak frogatzen badu ez dela diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanaren erantzulea.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onartutako laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

21. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako foru araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

3. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a) Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b) Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c) Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

d) Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

e) Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f) Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

4. Laguntza hauen entitate onuradunek, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, betiere Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman eta/edo ordaindu zuen dirulaguntza, baita haren zenbatekoa ere.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

1. Oinarri arautzaile hauen esparruan ematen diren laguntzen publizitateari dagokionez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan eta Europar Batasuneko, Espainiako eta eskualdeetako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Horretarako, entitate onuradunek Batasunaren laguntza finantzarioaren berri eman beharko dute.

2. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

3. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin.

4. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

II. ERANSKINA

Ekintza Planaren edukia

I.–Entitate eskatzailea.

Izena, helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefonoa, faxa, programaren arduraduna harremanetarako.

II.–Sustatu beharreko produktuak.

–Zehaztu produktuak, baldintza agiriak uzten dituen aukeren artean.

III.–Xedeko merkatuak.

Zehaztu xedeko herrialde, eskualde, hiri edo herriak, eta adierazi zergatik aukeratu diren eta zer aukera dauden produktuak aukeratutako merkatuetan saltzeko, eskatu den ekintza bakoitzean.

IV.–Helburua.

Helburuak zehaztuta eta, ahal dela, zenbatekoak adierazita.

V.–Estrategia.

Zehaztu zer tresna erabiliko diren marketin eta komunikazio aldetik programaren helburuak lortzeko.

VI.–Ekintzak.

–Ekintza bakoitzaren deskribapen xehatua, bai eta ekintza bakoitzaren barnean garatutako jarduerena ere.

–Aurreikusten diren egutegia eta tokiak.

–Ekintzaren helburu den jendea

Zehaztu norentzat den: kontsumitzailearentzat, banatzaileentzat (supermerkatuak, handizkariak, txikizkari espezializatuak, hornitzaileak, jatetxeak), inportatzaileentzat, iritzi liderrentzat (kazetariak eta aditu gastronomikoak), gastronomia eskolentzat eta jatetxeentzat, etab.

VII.–Mezuak.

(Jatorria, kalitatea, segurtasuna, osasuna, ingurumena, etab.).

VIII.–Aurreikusten den eragina eta hura neurtzeko modua.

Eskaeraren bilakaerari, produktuaren ospeari eta irudiari edo helburuei lotutako beste edozein alderdiri dagokienez.

Zehaztu emaitzak edo ondorioak neurtzeko erabiliko diren metodoak (kuantitatiboa eta/edo kualitatiboa) eta adierazleak, halakorik bada.

IX.–Aurrekontua.

Prestatu laburpen taula bat ekintza bakoitzeko. Aurrekontua aurkezteko, jardueren deskribapenak duen egitura berari eta ordena berari jarraituko zaie.

X.–Finantzaketa plana.

FINANTZAKETA

EUROTAN

%

Eskatzailea

Azp. Nafarroako Landa Garapenerako Programa (2014-2020)

Guztira

XI.–Entitatearen urteko aurrekontua.

AURREKONTUA

EUROTAN

%

Ekintza Planaren aurrekontua, guztira

Entitatearen aurrekontua, guztira

100

XII.–Laburpen taula.

Ekintza planaren laburpen gisa, sartu eskatutako ekintza eta jarduerak laburbiltzen dituen taula bat, 5. oinarriaren 3. puntuko definizioen arabera.

EKINTZA

JARDUERAK

AURREKONTUA

URTE ANITZEKO PROGRAMA

BESTE KALITATE FIGURA BATEKIN KONBINATUA

LURRALDE EREMUA

XEDEKO TALDEA

ADIERAZLEAK

1

1.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zein

1.2

...

...

1.n

2

2.1

Bai/Ez

Bai/Ez

Adierazi zein

NFK/Beste batzuk

Adierazi zein

Adierazi zein, modu proportzionalean

Bai/Ez

Adierazi zein

...

.....

....

2.n

GUZTIRA

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Onuradunak erantzukizunpeko adierazpen hau egiten du, alderdi hauei buruz:

1. Finantzaketa bikoitzaren eza.

Ez dela hartzen ari Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko abenduaren 22ko 1144/2014 EB Erregelamenduaren 3. artikuluan jasotako laguntzarik; erregelamendu hori barne merkatuko eta hirugarren herrialdeetako nekazaritzako produktuen informazio eta sustapen ekintzei buruzkoa da.

2. Materialaren egokitasuna.

Europar Batasuneko zer estatutan egiten diren informazio eta sustapen jarduerak, hartan aplikatzen den legeria nazionala errespetatzen dela informazio eta sustapen jardueretarako prestatzen den material guztian.

3. Merkataritza markak baztertzea.

Ekintza Planetik baztertu direla merkataritza marken sustapenarekin zerikusia duten jarduerak.

4. Legez kanpoko laguntzak jasotzea.

Ez dela baliatu Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko inolako laguntzaz, harik eta enpresa horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

5. Krisian dauden enpresak.

Ez dela krisian dagoen enpresa bat. Horretarako, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioa hartuko da aintzat (2014/C 204/01).

6. Azoka eta erakusketetan inskribatzea eta parte hartzea.

Ekoizleen parte-hartze indibiduala aurreikusten duten azoka eta erakusketetan, ekoizle guztiek izanen dute parte hartzeko aukera, baldintza berdinetan.

IV. ERANSKINA

Gastu diruz lagungarrien mugak

1. Pertsona eta egun bakoitzeko muga hauek ezartzen dira dietetarako, mantenurako eta joan-etorrietarako.

a) Ostatu hartzea: 90 euro Espainian eta 120 euro Espainiatik kanpo.

b) Mantenua: 50 euro Espainian eta 60 euro Espainiatik kanpo.

c) Autoan egindako kilometrajea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat kasuan kasuko ekitaldirako ezartzen dena.

d) Jatetxe zerbitzua kontratatzen den ekitaldietarako, menu eta jankide bakoitzeko gehieneko zenbatekoa: 60 euro menu eta jankide bakoitzeko.

2. Honako muga hau ezartzen da sari sinbolikoetarako:

a) Lehiaketetan emandako sari sinbolikoak: gehienez ere 300 euro sari bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2301454