31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ordenantza, laguntzak arautzen dituena jaiotza-tasa handitzeko eta haurren hazkuntzarako. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2022ko azaroaren 7ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jaiotza-tasa handitzeko eta haurren hezkuntzarako laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Aipatu onespena 2022ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Muetzen, 2023ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Raquel Muñoz Lamoneda.

GESALAZKO UDALAREN ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA JAIOTZA-TASA HANDITZEKO ETA HAURREN HAZKUNTZARAKO

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Gesalazko Udalak jaiotza-tasa handitzeko eta adopzioa sustatzeko emanen dituen dirulaguntzen baldintzak eta araubide juridikoa arautzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Ordenantza honetan araututako laguntzak jaso ahal izanen dira, baldin eta gurasoetako bat Gesalatzen erroldatuta badago, erditu edo adoptatu den eguna baino urtebete lehenagotik. Haurra jaio edo adoptatu eta hurrengo bi urteetan erroldatuta jarraitzeko baldintza bete beharko da.

3. artikulua. Jaiotza.

Jaiotza bakoitzak emanen du dagokion dirulaguntza jasotzeko eskubidea. Erditze anizkoitzen kasuan, ordainketa bana aitortuko da bakoitzeko. Haur bat adoptatzen denean, ordenantza honetako laguntzak jasotzeko eskubidea sortuko da baldin eta haurraren bizitzako lehenbiziko hamabost urteen barnean egiten bada adopzioa.

4. artikulua. Erroldatzea.

Dirulaguntzaren iturburua diren haur sortu berriak Gesalatzen erroldatu beharko dira lehenbiziko aldiz. Dirulaguntza ordaintzeko unean, ibarrean jaiotako edo adoptatutako haurrek erroldatuta egon beharko dute.

5. artikulua. Zenbatekoak.

1000 euro emanen dira haur bakoitzeko.

Laguntza %50 haziko da baldin eta:

–Familia-unitateko kide bakoitzeko diru-sarrera propioak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.

Laguntza honi dagokionez, ondokoak dira familia unitateak:

a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimenarekin, haiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko ataletan aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

Familia-unitateko kide kopurua zehaztuko da jaiotzaren edo adopzioaren unean dagoen egoeraren arabera.

Artikulu honetan aipatzen diren errenta-mailak zehazteko kontuan hartu beharreko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetan, soldata-diru-sarreretan eta abarretan.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz Udalak aurrekontuko ekitaldi bakoitzean gehienez ere har ditzakeen obligazioek badute muga; horretarako gaitutako aurrekontu-izendapena, alegia. Nolanahi ere, Udalak partidak handitzeko erabakia har dezake, egoki iritziz gero.

6. artikulua. Baldintza ekonomikoak betetzea.

Hala gurasoek nola sortu berriek edo adoptatuek Gesalazko Udalaren Toki Ogasunarekin izan ditzaketen betebehar ekonomiko guztiak eguneraturik beharko dituzte izan dirulaguntza ordaintzen den unean.

7. artikulua. Dirulaguntza onartzeko prozedura.

Dirulaguntza eskaera Gesalazko Udalean aurkeztu beharko da, erditze- edo adopzio-unetik zenbatzen hasita gehienez ere zazpi hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren eskabidea bi alderdiek sinatu beharko dute, halakorik balego. Horrekin batera, dirulaguntza zer haurrendako eskatzen den, haren edo haien jaiotzaren ziurtagiria edo adopzioa frogatzen duen legezko dokumentazioa aurkeztuko da.

Udalaren administrazio zerbitzuek ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak ofizioz erantsiko dizkiote espedienteari:

a) Gurasoen erroldatze-agiria eta Gesalatzen benetan bizi direla egiaztatzen duen agiria.

b) Dirulaguntza zer haurrarendako eskatzen den, haren errolda-agiria.

c) Bai gurasoek bai haurrak Gesalazko Udalarekin zerga arloko betebehar guztiak eguneratuak dituztela egiaztatzen duen agiria edo, edozein arrazoi tarteko, toki ogasunarekiko betebeharren bat bete gabe dutela egiaztatzen duena.

Espedientea bete ondoan eta behar diren txostenak ebaluatuta, osoko bilkuran horren gaineko txostena eman beharko da.

Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio dirulaguntza onestea.

Era berean, ordainketa egin aurretik, dirulaguntza onesteko eta edozein iruzur edo abusu saihesteko ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzea helburu duen beste edozein inguruabar ere hartu ahal izango da kontuan.

8. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

AZKEN XEDAPENAK

1. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

2. Ordenantza honen indarraldiak ez du mugarik.

Hala ere, bai Udalak onura ekonomikoak onartzeko bai interesdunek eskatzeko, ezinbestekoa izanen da ekitaldi bakoitzaren aurrekontuetan horretarako behar den diru-kopurua izatea.

Iragarkiaren kodea: L2301661