31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2022ko azaroaren 7ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza aldatzea.

Aipatutako aldaketa argitaratu zen 2022ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Muetzen, 2023ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Raquel Muñoz Lamoneda.

EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Helburua

Euskara ikasteko laguntzak ematea da ordenantza honen helburua; hartara, Gesalazko Udalak bere gain hartzen du euskalduntze prozesuan duen erantzukizunaren zati bat.

Onuradunak

Laguntza hauen onuradun izanen dira eskaera egiten den egunean Gesalazko udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonak, eta eskatuko zaie gutxienez urtebetez erroldatuta egotea dirulaguntza ordaintzen den egunetik. Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegietako ikastaro trinkoak egiteko emanen dira laguntzak. Ikastaroek 10 eguneko iraupena izan beharko dute gutxienez ere.

Baldintzak.

Dagokion ekitaldirako Udaleko aurrekontuetan onesten den zenbatekoa emanen da. Zenbateko hori mugatzailea eta gehienekoa izanen da.

Klase ordu guztietatik gutxienez ere %75era joan izana frogatzeko eskatuko da.

Dirulaguntzaren portzentajeak

Gehieneko portzentajea ikastaroaren edo ikastaroen kostuaren %40 izanen da, eta gehienez ere 350,00 euro. Kostu horretan ez dira beste kontzeptuak sartzen, hala nola ostatua, bidaiak eta abar.

Dokumentazioa

a) Eskabidea, Gesalazko Udalari zuzendua.

b) Gesalatzen erroldatuta izatearen gaineko ziurtagiria.

c) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (egunak, eskola-orduak, maila eta eskatzailearen errendimendua), eta matrikula ordaindu izanaren banku transferentziaren ziurtagiria.

d) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.

Aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea izanen da urte bakoitzeko abenduaren 15a arte, data hori baino lehen matrikulatutako ikastaroetarako. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bestela, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bideetako bat erabiliz.

Laguntzen zenbatekoaren muga aurrekontu-kreditua izanen da. Eskatutako laguntzen zenbatekoak aurrekontuan agertzen den gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, osoko bilkurak baloratutako du ordainduko den laguntzaren zenbatekoari dagokion beharrezko aldaketa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2301660