31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Aldaketa, Landabide publikoen erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2022ko urriaren 27an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Landabide publikoen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Baztanen, 2023ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

ALDAKETA, LANDABIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, arautuko du landabide publikoen sarearen erabilera Baztango mugartean.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Baztango landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak: gehienbat herritar talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituztenak, sartzeko baserrietan eta haien inguruko ustiategietan.

c) Pista nagusiak, batez ere daudenak herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora, erabiltzen direnak mendiko zona handietara ailegatzeko eta inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza etab.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri dira, eta aukera ematen dute ailegatzeko mendietara, baso berrietara, belardietara eta beste zenbait tokitara.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan egurra ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Askotan, noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2. Bide meharrak, 2 metrotik beherako zabalera dutenak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Ibilgailu motordunetan zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metrotik beherako zabalera duten pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin.

Halaber, debekatuta dago ibilgailu motordunetan zirkulatzea Aritzakungo eta Urritzateko pistan, baita ere Urritzateko baserrietarako sarbideetan, Gorramendiko, Izpegiko, Meakako eta Bidegorrietako bideetan.

4. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako bideetan zirkulatzeko baimen orokorra.

Lehenengo bi bide-motetan (2. artikulua, 1. puntua, a eta b apartatuak), motozikleta eta ibilgailu motordunekin ibiltzea baimentzen da, salbu eta Aritzakungo eta Urritzateko pistan eta Urritzateko baserrietarako sarbideetan, Gorramendiko, Izpegiko, Meakako eta Bidegorrietako bideetan.

5. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Baztango gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

6. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Alkateak emanen du Baztango pista eta bideetan barna ibiltzeko baimena.

Baimenak izaten ahal dira denbora tarte baterako eta alde jakin batzuetan ibiltzeko.

Baztango bizilagunek, udalerrian ibilgailuren bat erregistratuta badute, ez dute inolako baimenik beharko landabideetan zirkulatzeko. Bidarraiko biztanleek ere ez dute baimenik beharko Aritzakungo pistan ibili ahal izateko, betiere ibilgailuaren gidaria Ipar Euskal Herriko Nafarroa Behereko udalerri horretan erroldatuta badago.

7. artikulua. Zuraren aprobetxamenduak garraiatzea.

Zuraren aprobetxamenduen kasuan, adjudikazioduna behartua egonen da fidantza bat uztera, pistetan haren ondorioz eragin ditzatekeen kalte-galeren ordaina bermatzeko adinakoa.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

9. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da, salbu eta ordenantza honetako 2. artikuluko 1. puntuko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren bideetan.

10. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, arriskutsuak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisara, Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko, aldez aurretik fidantza utzita.

12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek izanen dute pistetan eragiten dituzten kalteen erantzukizuna.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da.

14. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; isunaren zenbatekoak ez du gaindituko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoa.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Baztan NA-10.061 ehiza-barrutian ehizatzeko baimena dutenek, baldin eta kuota ordainduta badute, ez dute berariazko baimenik beharko ehiza-denboraldian bi metro baino gehiagoko landabideetan zirkulatzeko. Agintari eskudunen aurrean egiaztagiri gisa balioko du Baztango Ehiza eta Arrantza Klubaren kuotaren indarreko ordainagiriak.

Iragarkiaren kodea: L2301700