31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Lixura Baztan SL enpresaren Estatutuen aldaketa.
Hasierako onespena

Baztango Udalak, 2023ko urtarrilaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Lixura Baztan SL udal-merkataritzako sozietatearen estatutuen 19. artikuluaren aldaketa hasiera batez onestea. Artikulua horrela geratuko da:

19. artikulua.

Kontseiluak bilkura arrunta sei hilean behin eginen du gutxienez, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukide bakoitzari jakinarazi behar zaio idatziz (gutuna edo posta elektronikoa), bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez, eta bilkura egiteko eguna, ordua eta lekua zehaztuta, bai eta gai zerrenda ere.

Ez da deialdirik egin beharko, Kontseiluko kide guztiak bildurik badaude eta aho batez bilkura egitea erabakitzen badute.

Kontseilua balio osoz eratuko da kontseilu-kideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseiluko kideek bere botoa kontseiluko bertze kide baten esku utzi ahal izanen dute idatziz, lehenengo deialdian, dagokion bilera hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilu kideen gehiengo osoz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

2.–Tokiko Merkataritza Sozietate bat eratzeko Estatutuen proiektua eta memoria jendaurrean paratzea, hogeita hamar egun naturaleko gutieneko epean, alegazioak eta oharrak egin daitezen.

3.–Akordio hau Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzea.

4.–Erreklamaziorik izanez gero, Osoko Bilkurak horien eta aldaketaren behin betiko onespenaren gaineko akordio zehatza hartuko luke. Erreklamaziorik ez balego, aldaketak behin betiko onartutzat emanen dira, jendaurreko epea igaro ondoren.

Baztanen, 2023ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Iragarkiaren kodea: L2301668