31. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

3/2023 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 25ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Elkarteen Erregistroa eta haren eskumeneko prozedurak.

ZIOEN AZALPENA

1

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren (LORAFNA) 44.19 artikuluarekin bat, Nafarroak eskumen esklusiboa du irakaskuntza, kultura, arte, ongintza, laguntza eta gisako eginkizunetan batik bat Nafarroan ari diren elkarteei dagozkien gaietan.

Elkartzeko eskubideak, Konstituzioaren 22. artikuluan funtsezko eskubidetzat jotzen denak, bere oinarrizko ahalmenak eta berari dagozkion funtsezko mugak elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ditu, eta elkarteentzat hori da erreferentziazko arau esparrua.

Aipatutako 1/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak xedatzen duenez, haren babesean eratutako elkarteak dagokien erregistroan inskribatu behar dira, publikotasunaren ondorioetarako soilik. V. kapitulu osoa elkarteen erregistroei buruzkoa da, eta ezartzen du elkartzeko eskubideak barne duela elkarteen erregistroan inskribatzeko eskubidea (24. artikulua) eta gainera zehazten du elkarteen erregistro desberdinen arteko bidezko lankidetza mekanismoak ezarriko direla (27. artikulua). Halaber, autonomia erkidego bakoitzean elkarteen erregistro autonomiko bat izanen da, eta erregistro horren helburua izanen da beren eginkizunak nagusiki erkidegoen lurralde eremuan garatzen dituzten elkarteak inskribatzea (26.1 artikulua). Ildo horretatik, azaroaren 28ko 1497/2003 Errege Dekretuaren bidez, bere garaian onetsi zen Elkarteen Erregistro Nazionalari eta hark gainerako elkarte erregistroekin dituen harremanei buruzko Erregelamendua, eta ondoren indargabetu zen, orain indarra duen urriaren 23ko 949/2015 Errege Dekretuaren bidez (azken honek ez ditu barne hartzen araubide erkideko autonomia erkidegoetako elkarteak, aurrekaria duen den 2002/1 Lege Organikoaren 25. artikuluarekin bat etorriz.

2

Nafarroan elkarteen erregistro autonomikoaren erregulazio propiorik ez zegoenez, elkarteak foru komunitatean inskribatzeko prozedurak Estatuko araudi ordezkatzaileak arautzen zituen; logikoa denez, hark ez ditu kontuan hartzen Nafarroak dituen berezitasunak, ez alternatiba teknologiko berriek eskaintzen dituzten aukera gehienak, ez eta lege modernoenek, estatukoek nahiz autonomikoek, jasotzen dituzten prozedura eta araubide arauak ere; interesgarria da, beraz, erreferentziazko legedi organikoa gauzatuko duen erregelamenduzko arau bat prestatzea, Nafarroako Elkarteen Erregistroak ahal den eraginkortasun eta efizientzia handienak izan ditzan bere eskumenak betetzeko, betiere helburua dela zerbitzu hobea ematea, bai erregistroarekin erlazionatzen diren elkarteei, bai herritar guztiei ere, haien eskura jarriz erregistroak elkarteei ematen dien publikotasuna.

Kontuan hartuta asoziazionismoak garrantzi handia duela Nafarroako Foru Komunitatearen bizitzan, herritarren parte-hartzea garrantzitsua dela elkarteen bidez politika publikoak diseinatzean, eta, azkenik, Nafarroako Elkarteen Erregistroan elkarte eta erakunde askok eman dutela izena, nahitaezkoa da hemengo araudi propioa egitea, erregistro horren funtzionamendua eta horren aurrean tramitatuko diren prozedurak arautzeko. Alde horretatik, proiektuaren helburua, erregistroaren egitura, antolaketa eta funtzionamendua ezartzea ez ezik, bere eskumeneko prozedurak eta inskribatutako entitateen gainean egin behar duen erregistro publikotasuna arautzea ere bada.

Foru dekretuaren xedea da, halaber, bere araudian jasotzea, bai erregistroaren ardura duen unitateak tramitatzeari dagokionez bildu duen esperientziari esker lortutako hobekuntzak, bai Nafarroako elkarteen erregistroaren kudeaketaren berezitasunak, bai eta tramitazio elektronikoaren ondoriozko eskakizunak ere.

3

Foru dekretua 37 artikulutan egituratu da, bost kapitulutan banatuta, eta horiei gehitzen zaizkie bi azken xedapen.

I. kapituluak zenbait xedapen ditu, eta haietan ezartzen da zein diren arauaren eremu objektiboa eta subjektiboa, eta orobat, Nafarroako Elkarteen Erregistroaren araubide juridikoa, izaera, printzipioak eta adskripzioa.

II. kapitulua erregistroaren barne araubideari buruzkoa da. eta bi ataletan banatzen da: lehena, antolaketa administratiboari eta funtzionamenduari buruzkoa, eta bigarrena elkarteen beste erregistro batzuekiko lankidetza harremanei buruzkoa, bai beste administrazio publiko batzuetakoekin, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako erregistroekin ere.

III. kapituluak Nafarroako Elkarteen Erregistroaren eskumeneko prozedurak arautzen ditu. Horretarako, hiru atal erabiltzen ditu: lehena, inskribatzeko prozedura guztietarako xedapen komunak ezartzeko; bigarrena, prozedura bakoitzaren xedapen espezifikoetarako; eta hirugarrena, onura publikoaren deklarazioarekin zerikusia duten prozeduren espezialitateetarako.

IV. kapituluak erregistro publiko bati dagokion publikotasun formalaren erabilera arautzen du. Horretarako, ziurtagiriak, ohar sinpleak eta beste publikotasun mota batzuk ematea aurreikusten da, bai eta onura publikoaren deklarazioa duten entitateen kontuen publikotasunaren araubidea ere.

Bukaeran, azken xedapenek araua aplikatu, garatu eta betearazteko gaitasuna ematen dute, eta araua indarrean sartzeko epea finkatzen dute.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.–Eremu objektiboa.

Hauek dira foru dekretu honen xedeak:

a) Nafarroako Elkarteen Erregistroaren eskumeneko prozedurak arautzea, zehazki:

a.1) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera, haren eskumenekoak diren elkarte, federazio, konfederazio edo elkarteen batasunen inskripzioak.

a.2) Inskribatutako elkarte, federazio, konfederazio edo elkarteen batasunen erregistro publikotasuna, indarreko araudian ezarritako ondorioetarako.

b) Nafarroako Elkarteen Erregistroaren egitura, antolaketa eta funtzionamendua ezartzea.

2. artikulua.–Eremu subjektiboa.

1. Foru dekretu honen aplikazio eremuak barne hartzen ditu elkarteen, federazioen, konfederazioen edo elkarteen batasunen gaineko erregistro eskumenak, baldin eta elkarte horiek, egoitza edonon dutela ere, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratzen badira, eta haien jarduerak nagusiki Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen badira, eta betiere irabazi asmorik gabeak badira eta elkarte araubide berezirik bete ez badute.

2. Ez dira foru dekretu honen aplikazio eremuan sartzen, indarra duen araudiari jarraikiz:

a) Atzerriko elkarteak, Nafarroan dituzten ordezkaritzak ireki eta ixteari dagokionez izan ezik.

b) Sozietate kontratuari buruzko xedapenek arautzen dituzten erakundeak, hala nola sozietate zibilak, merkataritzakoak, kooperatibak eta mutualitateak, enpresen aldi baterako batasunak, interes ekonomikoko taldeak eta, oro har, onura ekonomikoak lortu eta elkartekideen artean banatzeko helburua duten erakunde guztiak.

c) Legez eratutako hiru pertsona fisiko edo juridikoren edo gehiagoren akordioz eratzen ez diren entitateak. Gutxieneko kopuru hori mantendu behar da, eta konpromisoa lotuko dute ezagutzak, bitartekoak eta jarduerak bateratzeko, interes orokorreko edo partikularreko helburu legezkoak eta komunak lortzeko.

d) Alderdi politikoak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, eta horien arteko batasunak, koalizioak edo federazioak.

e) Elkarteak, federazioak eta gainerako kirol entitateak.

f) Elizak, konfesioak eta komunitate erlijiosoak, haiek erlijio xedeetarako modu esklusiboan eratzen dituzten elkarteak barne.

g) Zuzenbide publikoko korporazioak, hala nola merkataritza, industria eta zerbitzu ganberak edo lanbide elkargoak edo lanbide erakundeak, baita haien kontseilu, erakunde, batasun edo federazioak ere.

h) Ondasunen eta jabeen komunitateak.

i) Erregistroari buruzko legedi espezifikoa dutelako erregistrotik kanpo utzitako beste edozein entitate arautu.

3. Foru dekretu honetan elkarteei buruz egiten diren aipamenak ulertuko da hedatzen direla elkarteen federazio, konfederazio eta batasunetara ere, horiei buruz espresuki jasotzen diren zehaztapenak deusetan ukatu gabe.

4. Foru dekretu honetan elkarteen federazioei buruz egiten diren aipamenak konfederazioei eta elkarteen batasunei buruzkoak ere badirela ulertuko da.

3. artikulua.–Araubide juridikoa.

Nafarroako Elkarteen Erregistroa arautuko da Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan, hura aplikatu eta garatzeko emandako xedapenetan eta foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.–Izaera eta printzipioak.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroak izaera administratiboa du eta publikoa da, eta biltzen dituen idazpenak egiazkoak eta zehatzak izan behar dira, foru dekretu honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.

2. Inskripzio eta publizitate eginkizunak betez, Nafarroako Elkarteen Erregistroak printzipio hauek izanen ditu:

a) b) Legitimazioa: erregistroaren edukia zehatz eta baliozkotzat hartzen da. Erregistroko idazpenak epaitegien zaintzapean daude eta ondorioak izanen dituzte harik eta inskribatu arte haien zehaztasun ezaren edo baliogabetasunaren gaineko adierazpen judiziala edo, kasua bada, ebazpen administratiboa. Inskripzioak ez ditu baliozkotzen antolamendu juridikoaren arabera baliogabeak diren egintzak eta kontratuak.

b) Fede publikoa: Erregistroko idazpenen zehaztasun edo balio ezaren gaineko deklarazioak, bai eta inskribatu behar diren baina inskribatu ez diren egintzek ere, ez dituzte kaltetuko hirugarrenek fede onez eskuratutako eskubideak. Hirugarrenen fede ona dagoela uste izanen da egintza horien berri bazutela frogatzen ez den bitartean.

c) Gailentasuna: titulu bat erregistroan inskribatu ondoren, ez da inskribatzen edo idazten ahalko data bereko nahiz lehenagoko beste titulurik, haren kontrakoa edo bateraezina bada.

d) Lehentasuna: erregistroan aurrena sartzen den agiriak lehentasuna izanen du ondoren sartzen direnen aurretik, eta kasuan kasuko erregistro eragiketak agiriak aurkezten diren hurrenkeran bete beharko dira.

e) Hasierako egintzarekiko segidako traktua: elkarte bati dagozkion egintzak inskribatzeko, aurretik hura inskribatu behar da.

f) Aurreko egintzarekiko segidako traktua: aurretik emandako egintzak aldatu edo azkentzen dituzten egintzak inskribatzeko, aurretik horiek inskribatu behar dira.

g) Publikotasuna: Erregistroa publikoa da eta erregistroaz arduratzen den organoari dagokio erregistro idazpenen edukiaren tratamendua, haren zuzeneko publikotasuna gauzatu dadin eta idazpenetan manipulazio edo okerreko sarbiderik ezinezkoa izatea bermatzeko.

5. artikulua.–Adskripzioa.

Nafarroako Elkarteen Erregistroa atxikiko zaio Nafarroako Gobernuan lehendakaritza gaietan eskumena duen departamentuari, eta haren funtzioak horretarako ezarriko den edo diren administrazio unitateak edo unitateek beteko dituzte, departamentu horretarako unean-unean ezartzen den egitura organikoaren arabera.

II. KAPITULUA

Nafarroako Elkarteen Erregistroaren barne araubidea

1. ATALA

Antolaketa eta funtzionamendua

6. artikulua.–Funtzioak.

Nafarroako Elkarteen Erregistroak funtzio hauek izanen ditu:

a) Izena emateko eskaerak tramitatu eta ebaztea, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko emandako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Erregistroan gordetako agiriak artxibatzea eta zaintzea.

c) Erregistroaren publikotasuna.

d) Txosten teknikoak eta estatistikoak ematea, beste organo edo erakunde publiko batzuek beren eskumenak betez eskatzen dituztenean.

e) Elkarteen Erregistro Nazaionalari komunikatzea elkarteak eratzeko inskripzioak edo, kasua bada, elkarteak azkentzekoak, baita beste edozein inskripzio ere, baldin indarreko araudiaren arabera horiek komunikatzea nahitaezkoa bada.

f) Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako elkarteen onura publikoa deklaratzeko espedienteen instrukzioa.

g) Nafarroako Elkarteen Erregistroan onura publikoaren deklarazioa duten elkarteen kontuak gordetzea eta, hala badagokio, aitorpen hori baliogabetzeko espedienteak tramitatzea.

h) Inskripzioa oinarritzeko aurkezten diren dokumentuen kanpoko formen legezkotasunaren kalifikazioa eta haien edukiaren balioa.

i) Inskripzioa oinarritzeko aurkezten diren dokumentuak eman dituzten edo izenpetzen dituzten pertsonen gaitasunaren eta legitimazioaren egiaztapena.

j) Web zerbitzu bat mantentzea, non erregistro publikotasuna errazteaz gain, elkarteei buruzko informazio orokor garrantzitsua eskainiko den, eta ziurtagiri eta dokumentu nagusien ereduak herritarren eskura jarriko diren, haiek libreki kontsultatu eta deskargatzeko.

k) Indarreko araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

7. artikulua.–Erregistroaren egitura.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroa atal hauetan egituratzen da:

a) 1. atala: elkarte arruntak.

b) 2. atala: federazioak, konfederazioak eta elkarteen batasunak.

c) 3. atala: gazte elkarteak.

d) 4. atala: asoziazionismoaren beste adierazpen batzuk.

2. Erregistroa orri pertsonalaren sistemaren bidez eramanen da, euskarri elektronikoan eginen da, eta edozein idazpen mota egiteko beharrezkoak diren eremuak izanen ditu.

3. Orri pertsonala irekiko dute elkarteak, federazioak, konfederazioak edo elkarteen batasunak eratzeak eta entitate horietako bat, haren lurralde eremua aldatu delako edo haren araubide juridikoa aldatu delako, lehen aldiz inskribatzeak.

4. Orri berri bakoitzari zenbaki bat emanen zaio, modu korrelatiboan esleituko zaiona erakunde bakoitzari.

5. Orri pertsonal bakoitzak atal bakoitzean jasotako erakundeen identifikazio datuak eta egiten diren idazpenak izanen ditu, eta haietako bakoitzerako, harekin lotutako dokumentazioa gordeko da, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 28. artikuluarekin bat etorriz.

8. artikulua.–Idazpen motak.

1. Honako egintza hauek inskribatuko dira:

a) Elkarte bat eratzea martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoren arabera.

b) Federazioak, konfederazioak eta elkarteen batasunak eratzea martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera.

c) Beste erregistro nazional edo autonomiko batzuetan inskribatutako elkarteen transformazioa, ondoren haien estatutuak aldatzen badituzte, beren jarduerak nagusiki Nafarroako lurralde esparruan egiteko.

d) Elkarteen erregistro berezietan inskribatutako elkarteen transformazioa, ondoren haien estatutuak aldatzen badituzte, beren araubide juridikoa martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikora egokitzeko, betiere beren jarduerak nagusiki Nafarroan egiten badituzte.

e) Zuzendaritza batzordeetako edo ordezkaritza organoetako pertsona titularren nortasuna aldatzea.

f) Estatutuak aldatzea.

g) Sozietatearen helbide soziala aldatzea, estatutuetan beste aldaketarik egin gabe.

h) Estatutuak indarra duten arauetara egokitzea.

i) Elkartearen likidazioa gauzatzea, ondasunak nora bideratu diren adierazita.

j) Likidazio fasea ireki gabe desegitea, gerakinik ez dagoelako.

k) Elkarte bat federazio batean sartzea edo/eta handik ateratzea.

l) Elkarteen bat egitea.

m) Onura publikoaren deklarazioa eta hura ezeztatzea.

n) Egindako idazpenen edukia aldatzen duen beste edozein egintza, edo legeek inskribatu beharra agintzen dutena.

2. Ohar bidez jasoko dira honako hauek:

a) Desegitea, likidazioa egiteko dagoenean.

b) Inskribatu beharreko egintzei eragiten dieten ebazpen judizialen mota, data, agintaritza eta edukia, organo judizial batek agindutako inskripzioak ukatu gabe.

c) Beste erregistro batzuek egindako inskripzioak, behar bezala egiaztatuak, inskribatutako entitateen jarduketarako erabakigarriak direnean.

d) Erregistroan inskribatuta dauden eta onura publikoaren deklarazioa duten elkarteen urteko kontuak ematea.

e) Aurrekoen antzeko beste ebazpen publiko batzuk.

3. Orri bazterreko oharrean jasoko dira inskribatutako edo idatzitako egintzei edo erregistroan sartutako agiriei buruzko oharrak edo inguruabarrak, eta orobat, inskribatutako elkarte bat ez egotea egokituta elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren xedapenetara.

9. artikulua.–Nola eginen diren idazpenak.

1. Idazpenak laburrak izanen dira, eta zer egunetan egin diren jasoko dute.

2. Idazpenetan jasoko dira, bakar-bakarrik, erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak diren datuak. Horretarako, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun neurriak ezarriko dira.

10. artikulua.–Inskripzioaren ondorioak.

1. Foru dekretu honi atxikitako elkarteak erregistroan inskribatuko dira publikotasunaren ondorioetarako bakarrik.

2. Deklarazio izaera hutsa izanda ere, erregistroko inskripzioak elkarteen eraketa eta estatutuak publiko egiten ditu, eta bermea da bai haren bazkideentzat, bai erakunde horiekin harremanak dituzten hirugarren pertsonentzat ere.

3. Inskripzioa egin ondoren, elkarteak hartuko du bere gain oraingo eta geroko ondasun guztiekiko duen erantzukizuna, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera.

11. artikulua.–Prozedura elektronikoak.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroak behar diren programa eta tresna informatikoak ezarriko ditu prozedurak kudeatzeko, erregistro idazpenak egiteko, informazioa biltegiratzeko eta esleituta dituen gainerako eginkizunak betetzeko; hori guztia bat etorrita administrazio-prozedura arautzen duen legerian eta datu pertsonalen babesa arautzen duen legerian ezarritakoarekin. Horren bidez, paperik ez erabiltzeko estrategia bat garatzea sustatuko du bere eremuan.

2. Nafarroako Elkarteen Erregistroak elkarteen espediente jakin batzuen kudeaketa sinplifikatua eta azkarra sustatuko du, eta horrek betiere tramitazio epeak murriztea ekarriko du. Tramitazio hori foru agindu bidez arautuko da, eta funtsekoak izanen ditu honako hauek: aplikatuko diren espediente zehatzak zehaztea, horretarako onesten den dokumentazio normalizatuaren borondatezko erabilera elkarteen aldetik, eta norabide horretan zehazten ahal diren gainerako betebeharrak onartzea. Elkarte guztiek beren eskura jarritako sinplifikazio neurriak hartu ala ez erabakitzeko duten askatasuna errespetatuko du foru aginduak.

2. ATALA

Lankidetza harremanak

12. artikulua.–Lankidetza harremanak Elkarteen Erregistro Nazionalarekin eta beste administrazio publiko batzuetako elkarteen beste erregistro batzuekin.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroak, bere eskumenak eta eginkizunak gauzatzeko, informazioa edo laguntza eskatu ahal izanen die Estatuko Administrazio Orokorrean nahiz beste administrazio publiko batzuetan elkarteen erregistroaren funtzioak betetzen dituzten organo eta erakundeei.

2. Era berean, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz beste administrazio publiko batzuetako organo eta erakunde horiek, beren eskumenak baliatuta, informazioa edo laguntza eskatzen ahalko diote Nafarroako Elkarteen Erregistroari.

3. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuak, lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuaren bitartez, beharrezkoak diren neurriak hartu eta behar diren prozedura elektronikoak ezarriko ditu erregistroen arteko interkonexioa ahalbidetzeko, elkarrekin lanean aritzeko eta segurtasunerako eskema nazionalen baldintzak eta preskripzio teknikoak beteta.

13. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko beste erregistro eta errolda batzuekiko lankidetza harremanak.

Nafarroako Elkarteen Erregistroak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko beste erregistro eta errolda batzuekiko interkonexiorako bideak ezarriko ditu, eta komunikazio eta kudeaketa koordinatuak izateko bide iraunkorrak ezarriko ditu, herritarren onerako eta Foru Administrazio Publikoaren funtzionamenduaren efizientzia, arrazionalizazio, arintasun, sinpletasun eta argitasun printzipioak betetzeko.

III. KAPITULUA

Nafarroako Elkarteen Erregistroaren eskumeneko prozedurak

1. ATALA

Xedapen komunak

14. artikulua.–Hasiera.

1. Inskripzio eskaerak administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian ezarritako moduan eta lekuan aurkeztuko dira. Eskaerarekin batera aurkeztuko dira kasu bakoitzean eta foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoak diren dokumentuak.

2. Eskaeran honako alderdi hauek adieraziko dira beti:

a) Elkartearen izena, helbidea eta harremanetarako datuak.

b) Eskaerarekin batera aurkeztutako agirien zerrenda.

3. Elkarteen izena bakarra izanen da, eta gehitzen diren sigla edo izen laburtuak izen horren osagarriak izanen dira. Atzerriko hizkuntzan hitzen bat sartuz gero, erregistroak gaztelaniara edo euskarara itzultzeko ziurtagiria eskatzen ahalko dio elkarteari. Izenetan honako hauek dituzten elkarteak ez dira inskribatzen ahalko:

a) Beren kointzidentzia edo antza fonetiko nabarmenagatik elkartearen identitateari, klaseari edo izaerari buruz okertzea edo nahastea eragiten ahal duten hitzak edo esapideak, batik bat, beste pertsona juridikoren bati dagozkion hitz, kontzeptu, akronimo eta antzekoak erabiltzen badira, pertsona juridiko horiek elkarte izaerakoak izan ala ez, hitz horien ordena, genero edo kopuruak desberdinak izanda ere, edo gehitu edo ezabatzen badira ere esanahi gutxiko termino, artikulu, preposizio, juntagailu, gidoi, puntuazio marka edo bestelako adierazpide edo partikulak.

b) Aldez aurretik Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatuta dagoen edo izendapenen fitxategian sartuta dagoen beste erakunde baten izenarekin, edo beste edozein pertsona juridiko publiko edo pribaturekin, edo lehendik dauden entitateekin, haien nazionalitatea edozein dela ere, edo pertsona fisikoaren izenarekin edo izengoitiarekin okertzea edo nahastea eragiten ahal duten terminoak edo adierazpideak, interesdunak edo haren ondorengoek espresuki baimena eman ezean, edo marka erregistratu nabaria izan ezean, salbu eta titularrak eskatu edo baimentzen badu.

c) Ez dira onartuko legeen kontrako adierazpideak dituzten izenak edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen ahal dituztenak.

d) Latinezko alfabetoaz besteko letrak, arroba, portzentajea, kuxina, eragile matematikoak edo antzeko ikurrak.

e) Zenbaki arabiar edo erromatarretan ez dauden zifrak.

f) Balio instituzionala duten terminoak, hala nola «estatu», «foru», «ofiziala», «publiko», «errege» edo, izendapenaren gainerako hitzen testuinguruan, erakundearen izaera juridiko-pribatuari buruzko nahastea eragiten ahal duen beste edozein, non eta ez duen horretarako baimenik.

g) Interneteko domeinuei dagozkien terminoak, hala nola «.es», «.eus», «.com», «.net», «.org» edo «.eu».

h) Unean-unean indarrean dagoen legeriak erreserbatutako terminoak, erakundearen forma juridikoarekin bat ez datozenak, hala nola «gazte elkartea», «federazioa», «konfederazioa», «elkarteen batasuna» edo «fundazioa».

15. artikulua.–Dokumentazioa.

1. Erregistroan dauden datu edo dokumentuetan edozein aldaketa eginez gero, eguneratu egin beharko da, dagokion elkarteak Nafarroako Elkarteen Erregistroari eskaera egin ondoren, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

2. Eskaerak epez kanpo aurkezten direnean, erregistroak elkarteari eskatzen ahalko dio ziurtagiri bat aurkezteko, datuetan izandako aldaketa indarrean dela berresteko.

3. Pertsona interesdunak izanen dira Nafarroako Elkarteen Erregistroan aurkezten dituzten dokumentuen egiazkotasunaren erantzule.

4. Inskripzioetarako jatorrizko dokumentazioa aurkeztu behar da, foru dekretu honetan araututako edozein erregistro prozeduratan. Tramitazioan kopia eskaneatuak onartuko dira, baina behin dokumentazioa zuzentzat jotzen denean, inskripzioa egiteko aldez aurretik interesdunek jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5. Arestian esandakoak esanda, inskripzioa egiteko, jatorrizko agirien kopia eskaneatuak baliozkoak izanen dira, baldin eta jatorrizko agiriarekin batera elkartean ahalmen hori duen pertsonak eman eta sinatutako jatorrizko ziurtagiria aurkezten bada, edo elkartea lehendakari gisa ordezkatzen duen pertsonak sinatutakoa, bertan adieraziz, sinatzailearen erantzukizunpean, aurkeztutako agiriak elkartearen esku dauden jatorrizkoen kopia zehatzak direla.

6. Aurreko atalean deskribatutako kasuan, jatorrizko dokumentuak erregistroaren eskura egonen dira, eta hark eskatzen ahalko du edozein unetan aurkez daitezela espedientean jasotzeko, egoki irizten badio, erregistroen osotasun, segurtasun edo koherentziagatik.

7. Prozeduretan, pertsona fisiko ororen nortasuna (sustatzailea, likidatzailea, ordezkaria edo ordezkaritza organoetako kidea), egiaztatuko da haren izen-deiturak, nazionalitatea, helbidea eta legezko nortasun agiriaren zenbakia emanda, eta haren kopia ere erantsita, edo datuak egiaztatzeko administrazioari emandako baimena, aktan, eskaeran edo eskaerarekin batera doan beste agiriren batean adierazia.

8. Aurreko ataleko kasu berberetan, pertsona juridiko oro identifikatzeko, sozietatearen izena, nazionalitatea, helbide soziala eta identifikazio fiskaleko zenbakia adieraziko dira, zerga araudiaren arabera lortu behar duenean.

16. artikulua.–Tasak.

1. Inskripzioek kasuaren araberako tasak sorraraziko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Inskribatu beharreko egintzak legezko tasak ordaindu behar baditu, inskripzio eskaerarekin batera tasa horiek ordaindu izana egiaztatu behar da, ordainketa gutuna aurkeztuta.

17. artikulua.–Tramitazioa.

1. Erregistroak eskaerak eta erantsitako dokumentazioa aztertuko ditu, inskribatu beharreko dokumentuen kanpoko formaren legezkotasuna eta haien baliozkotasun materiala kalifikatuko ditu, haietatik eta erregistroko idazpenetatik, kasua bada, ondoriorik sortzen bada ere, eta egiaztatuko du elkartzeko eskubideari buruzko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta foru dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla.

2. Eskaerek baldintzak betetzen ez badituzte, interesdunei akatsa hamar eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaie, edo aurkeztutako dokumentazioarekin aurkeztu beharrekoak erantsi edo zuzentzeko.

3. Zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, transexualak, transgeneroak eta intersexualak beren sexu identitatearen arabera tratatuko direla bermatuko da. Gainera, sexu edo genero identitateari buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatuko da.

18.–Ebazpena eta errekurtsoak.

1. Erregistroa administrazioko zer organotara atxikita dagoen, organo horren titularrak emanen du inskripzioa onesten edo ukatzen duen ebazpen arrazoitua, ukatu gabe prozedurari bukaera emateko beste ebazpenen bat ematea.

2. Inskripzioa ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera Foru Administrazio Publikoaren Erregistro batean sartzen den egunetik hasita. Epealdi horretan ebazpen espresurik eman ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

3. Idazpena gauzatzea erabakitzen duen ebazpenean erregistroan jaso beharreko egintzaren adierazgarria izanen da, eta dagokion idazpena egiteko beharrezkoak diren datu guztiak izanen ditu.

4. Inskripzio prozeduren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari.

19. artikulua.–Jakinarazpenak

1. Inskripzio prozeduretan ematen diren ebazpenak inskripzioa eskatu duten pertsonei jakinaraziko zaizkie.

2. Ebazpenak jakinaraziko zaizkie haien ezagutza izan behar duten administrazio publikoei, erakundeei edo organo judizialei.

2. ATALA

Xedapen espezifikoak

20. artikulua.–Eratzea.

Elkarte baten eratzea inskribatzeko, Elkarteen Erregistroari zuzendutako eskaera aurkeztuko da, dokumentazio honekin batera:

a) Sortzeko egintzaren akta, indarra duen araudian aurreikusitako edukia jasota eta elkartearen sustatzaileek edo haien ordezkariek sinatua.

b) Estatutuak, indarra duen araudian aurreikusitako edukiarekin.

c) Elkartearen egoitza edo helbide soziala ez bada pertsona sustatzaile baten jabetzakoa, elkarte buruak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, elkarteak higiezin hori egoitza gisara erabiltzeko zuzenbidean askietsitako titulua baduela adieraziz.

d) Titularraren ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik baldin badago. Nolanahi ere, pertsona juridiko sustatzaileen ordezkariek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, pertsona juridikoa identifikatuz eta elkartea eratzeko borondatea egiaztatuz, eta ordezkariek beren nortasuna egiaztatu beharko dute, foru dekretu honen arabera.

21. artikulua.–Transformazioa

1. Erregistro berezietan inskribatutako entitateek Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eska dezakete, haien estatutuak aldatzeko erabakia hartu ondoren, haien araubide juridikoa aldatzeko eta elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren araubide orokor eta erkideari heltzeko.

2. Aurkezteko epea, hilabetekoa, estatutuak aldatzeko erabakia hartzen denetik hasiko da.

3. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Batzar orokorraren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan ziurtagiria emateko eta elkartea ordezkatzeko ahalmena dutenek sinatuak, eta han jasoz estatutuak aldatzeko erabakia, araubide juridikoaren adierazgarria, erakundeak martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa bete behar duela dioena. Aldatutako artikuluen zerrenda jasoko da, eta haien onespenaren data, eta aldaketa estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera onetsi dela adieraziko da.

b) Onetsitako estatutu berrien testu osoa.

4. Erregistroan inskribatuta dagoen Zuzendaritza Batzordearen osaera aldatu bada, berritze hori inskribatzeko eskatuko da, eta aldi berean izapidetuko da.

22. artikulua.–Elkarteak batzea.

1. Bat egitea erabakitzen duten elkarteek inskripzioa egiteko eskaera aurkeztu behar dute. Aurkezteko epea, hilabetekoa, bat egiteari buruzko azken erabakia hartzen den egunetik hasiko da.

2. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Erabakiak ukitzen dituen elkarte guztien batzar orokorren ziurtagiriak edo aktak, bi kasuetan ere ziurtagiria emateko eta elkartea ordezkatzeko gaitasuna dutenek sinatuak. Bertan, bat egiteko erabakiak eta haiei onespena emateko datak jasoko dira. Era berean, bat egitea estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera onetsi dela adieraziko da.

b) Elkarte berri bat eratzea bada kasua, elkartea eratzen duen batzar orokorraren erabakiaren ziurtagiria edo akta aurkeztu beharko da, bi kasuetan ere ziurtagiria emateko eta elkartea ordezkatzeko gaitasuna dutenek sinatuak, eta haiekin batera, elkarteen eraketa inskribatzeko foru dekretu honetan eskatzen diren agiri guztiak, sorreraren akta izan ezik.

c) Kasua bada elkarte bat atxikitzen zaiola lehendik eratuta dagoen beste elkarte bati, atxikitzen den hori iraungitzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3. Parte hartzen duten elkarteetako zuzendaritza batzordeen osaera aldatu bada erregistroan inskribatuta daudenen aldean, bidezko diren berritze inskripzioak eskatu eta tramitatuko dira aldi berean.

4. Elkarte xurgatzaileak edo fusioaren ondorioz sortutako elkarte berriak bategitearen ondorioz iraungitzen den elkartearen izena har dezake, eta gainerako izendapenak baliorik gabe geratuko dira.

23. artikulua.–Zuzendaritza Batzordearen titularrak.

1. Elkarteek beren Zuzendaritza Batzordearen edo ordezkaritza organoaren osaera inskribatu behar dute, unean-unean batzordeko kide diren pertsonen berri eta bakoitzak dituen karguen berri emateko. Inskripzioaren eskaera hautapen edo izendapen prozesuaren ondoren eginen da, baina ordezkaritza organoaren osaeran aldaketa nabarmena eragiten duen edozein gorabehera inskribatzeko ere eskatu beharko da.

2. Aurkezteko hilabeteko epea hautapen edo izendapen erabakitik hasiko da kontatzen, edo organo ordezkatzailearen osaeran funtsezko aldaketa gertatu zenetik.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Batzar orokorraren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan ziurtagiria emateko eta elkartea ordezkatzeko gaitasuna dutenek sinatuak. Bertan, honako hauek jasoko dira: hautaketa edo izendapenaren erabakia, data, estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera onartu dena, sartzen diren pertsonak eta, hala badagokio, irteten direnak, eta beren gain hartzen dituzten karguak. Dokumentazio horretan honako hauek jasoko dira:

a.1) Sartzen diren pertsonei dagokienez, haien nortasunaren eta helbidearen datuak, pertsona fisikoak badira, eta sozietatearen izena, pertsona juridikoak badira, haien izenean ariko diren pertsona fisikoen nortasunaren datuekin batera. Halaber, haien onarpena ere jasoko da, dagozkion sinaduren bidez egiaztatua.

a.2) Ateratzen diren pertsonei dagokienez, haien sinaduraz frogatu beharko da beren eginkizunen benetako uztea. Batzordea uzten duen pertsona baten edo guztien sinadura ezin bada aurkeztu, egoera horren justifikazioa aurkeztu behar da.

b) Zuzendaritza Batzordeko kide berrien legezko nortasun agiriaren kopia, salbu eta kontsultarako eta nortasuna egiaztatzeko baimena eman badute.

4. Kargua uzten duen Zuzendaritza Batzordea edo horren aurrekoak ez badaude inskribatuta, eta erregistro publikotasunaren koherentzia bermatzeko asmoz, ziurtagiri bat aurkeztuko da, non jasoko baita erregistratu zen azkeneko Zuzendaritza Batzordetik orain erregistratzeko eskatzen denaren aurreko batzordera arte izandako batzorde guztien zerrenda, bakoitzaren osaera eta batzar orokorrak zein datatan hautatu zituen azalduta.

24. artikulua.–Estatutuen aldaketa.

1. Elkarteek noiznahi aldatzen ahal dute beren estatutuen edukia.

2. Aurkezteko hilabeteko epea aldaketa batzar orokor berezian erabakitzen denetik hasiko da.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Estatutuak aldatzeko erabakia hartu duen batzar orokor bereziaren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan ziurtatzeko eta elkartea ordezkatzeko gaitasuna dutenek sinatua, eta aldatutako artikulua edo artikuluak adierazita. Aldaketaren onespenaren data eta aldaketa estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera onetsi dela adieraziko dira.

b) Estatutu berrien testu osoa, aldatutako artikuluak jasotzen dituena.

4. Zuzendaritza batzordearen osaera aldatu bada erregistroan inskribatuta dagoenaren aldean, berritze hori inskribatzeko eskatuko eta izapidetuko da aldi berean.

25. artikulua.–Helbide soziala aldatzea.

1. Elkarteek beren batzar orokorrak erabakitako helbide sozialaren aldaketa inskribatzen ahalko dute, estatutu aldaketa baten inskripzioa tramitatu beharrik gabe, betiere ezarritako egoitza berria estatutuetan ezarritako jarduketarako lurralde eremuaren barruan badago.

2. Aurkezteko hilabeteko epea batzar orokorrak erabakia hartzen duenetik hasiko da.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Batzar orokorraren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan ziurtatzeko eta elkartea ordezkatzeko gaitasuna dutenek sinatua, helbide soziala aldatzeko erabakia eta helbide berriari buruzko datuak jasotzen dituena. Onespenaren data eta aldaketa estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera onetsi dela adieraziko da.

b) Elkarte buruaren erantzukizuneko adierazpena, non adieraziko baita elkarteak titulu aski baduela zuzenbidean, higiezina helbide sozial gisa erabiltzeko.

4. Erregistroan inskribatuta dagoen zuzendaritza batzordearen osaera aldatu bada, berritze hori inskribatzeko eskatuko eta izapidetuko da aldi berean.

26. artikulua.–Indarrean dagoen araudira egokitzea.

1. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa indarrean sartu aurretik inskribatuta zeuden elkarteek, araudi horretara egokitu ez badira, egokitzapena inskribatzeko eskatu beharko dute.

2. Aurkezteko hilabeteko epea batzar orokor bereziak egokitzapenaren erabakia hartzen duenetik hasiko da.

3. Nolanahi ere, foru dekretu honetan estatutuak aldatzeko aurreikusitako tramiteak eginen dira, berezitasun hauekin:

a) Ziurtagirian edo aktan espresuki adierazi behar da elkartea jarduera eta funtzionamendu egoeran dagoela.

b) Ziurtagirian edo aktan zehaztu behar da egokitzapena gauzatzeko beharrezkoa ote den estatutuen aldaketa; beharrezkoa ez bada, ez da haien testu osoa aurkeztu beharko.

4. Erregistroan inskribatuta dagoen Zuzendaritza Batzordearen osaera aldatu bada, berritze hori inskribatzeko eskatuko eta izapidetuko da aldi berean.

5. Egokitzapena inskribatu eta orri bazterrean jasotako oharra deuseztatzen ez den bitartean, elkarteek ez dute inongo egintzarik inskribatzen ahalko erregistroan.

27. artikula.–Desegitea eta likidazioa.

1. Elkarteek beren desegitea inskribatzeko eskaera aurkeztuko dute erregistroan, eta, likidazio eragiketak bukatu ondoren, erregistroko idazpenen deuseztapena.

2. Likidazioa burutu ondoren, haren ondasunei emandako erabilera jasota utziz, behin betiko baja gauzatuko da, erregistro orria deuseztatuta. Deuseztapenak aurreko edozein idazpen behin betiko kentzea ekarriko du. Entitatea desegiteko unean ondarerik ez badu, bi egintzak prozedura bakar batean gauzatuko dira.

3. Aurkezteko epea, hilabetekoa, elkartea desegitea dakarren egintza edo erabakia gertatzen denetik hasiko da.

4. Desegiteak berarekin dakar gobernu eta ordezkaritza organoetako titularrak kargutik kentzea eta, hala badagokio, likidazio aldia irekitzea eta ondoriozko ondarea estatutuetan aurreikusitako destinoan ematea. Desegitea kargua uzten duen gobernu organoak sustatuko du, eta ondorengo likidazioa horretarako izendatutako pertsonek.

5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Batzar orokor bereziaren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan ziurtatzeko eta elkartea ordezkatzeko ahalmena zutenek sinatua. Bertan, desegiteko erabakia jasoko da, erabakiaren arrazoia, onespenaren data eta desegitea estatutuetan erabakiak hartzeko ezarritako baldintzen arabera erabaki dela adieraziz. Era berean, bi inguruabar hauetako bat gertatu dela adieraziko da:

a.1) Ondarea izatea; kasu horretan, honako hauek aipatuko dira: likidatzaileen izendapena eta identitatea, likidazio aldiaren irekiera eta gerakinarentzat adostutako destinoa, estatutuek hala xedatzen badute.

a.2) Ondarerik ez izatea likidazioaren balantzea onetsi ondoren; kasu horretan, ez da beharrezkoa likidazio aldia irekitzea.

b) Likidazio aldia irekiz gero, hura bukatzean likidatzaileek erregistroko idazpenak deuseztatzeko eskatuko dute, eta likidazioaren balantzea eta ondare gerakina estatutuen arabera aplikatu izana justifikatzen duen agiria aurkeztuko dituzte.

6. Erregistroan inskribatuta dagoen Zuzendaritza Batzordearen osaera aldatu bada, berritze hori inskribatzeko eskatu eta izapidetuko da aldi berean.

28. artikulua.–Federazio baten inskripzioa.

1. Erregistroan inskribatuko da elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren mendeko edozein elkarte erregistrotan inskribatutako elkarte-federazio berrien eraketa, haien jarduera batez ere Nafarroako Foru Komunitatean gauzatu behar badute.

2. Federazio baten eraketa inskribatzeko, eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Sorrerako akta, indarrean dagoen araudian aurreikusitako edukia jasoz, erakunde sustatzaileen ordezkari guztiek sinatua. Bertan, gainera, entitate sustatzaile bakoitzaren izena, inskripzio zenbakia eta helbidea jaso beharko dira, bai eta foru dekretu honen arabera haiek ordezkatzen dituzten pertsonen nortasun datuak ere.

b) Estatutuak, indarra duen araudian aurreikusitako edukiarekin.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, lehendakariak sinatua, non adieraziko baita federazioak baduela titulu aski zuzenbidean higiezina egoitza edo helbide sozial gisa erabiltzeko.

d) Elkarte sustatzaileen ordezkarien nortasuna frogatzen duen dokumentazioa, foru dekretu honen arabera.

e) Egikarituko duen ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

f) Ordezkari bakoitzaren erantzukizuneko adierazpena, ordezkatuak federazioa eratu nahi duela frogatzen duena.

29. artikulua.–Federazio batean sartzea edo hartatik banantzea.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako federazioek haietan alta edo baja eman duten entitateen erregistroko inskripzioa sustatuko dute, elkarte horien izen zehatza, helbidea eta inskripzio zenbakia adierazita.

2. Aurkezteko hilabeteko epea federazioan sartzeko edo banantzeko erabakia hartzen denetik hasiko da.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Federazioaren batzar nagusiaren ziurtagiria edo akta, bi kasuetan federazioaren ziurtapena egiteko eta ordezkari izateko gaitasuna duten pertsonek sinatua, non egiaztatuko baita entitate bat sartzea onetsi edo banantzea ebaztea erabaki dela.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, elkarte bakoitzeko buruak sinatua, entitateak federazioan sartu nahi duela edo federaziotik banandu nahi duela adierazten duena.

4. Edozein unetan, erregistroak ziurtagiri bat aurkezteko eskatzen ahalko du, non, agiri bakar eta finkatuaren bidez, federazioak bera osatzen duten entitate guztien zerrenda eguneratua jasoko duen, hori beharrezkoa denean erregistro publikotasunaren koherentzia bermatzeko.

5. Federazioen edo elkarteen indarreko zuzendaritza batzordeak ez badaude erregistratuak, aldi berean edo aldez aurretik abiarazi behar dituzte haien inskripzioak.

3. ATALA

Onura publikoaren adierazpena duten entitateak

30. artikulua.–Onura publikoaren deklarazioa.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako elkarteek onura publikoaren deklarazioa eskatzen ahalko dute, erregistrora zuzendutako eskaera eginez.

2. Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako federazioek onura publikoaren deklarazioa eskuratzen ahalko dute, baldin eta legez aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte, hala federazioek, nola federazio horiek osatzen dituzten entitate guztiek ere.

3. Espedientea tramitatzeko, onura publikoko elkarteei buruzko prozeduren gaineko araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Nolanahi ere, onura publikoa deklaratzeko prozeduraren instrukzioa elkarteen erregistro eta araubide funtzioak betetzen dituen zerbitzuari dagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan zehazten denaren arabera.

5. Instrukzioaz arduratzen den zerbitzuak, bere eginkizunak betetzeko, lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuan ekonomia gaietan ardura duen organoaren eta Foru Administrazio Publikoaren barruan elkartearen estatutuetan eta jardueretan eskumenak dituzten organoen laguntza izanen du.

6. Inskribatutako elkarte baten onura publikoaren aldeko deklarazioa argitaratu ondoren, Nafarroako Elkarteen Erregistroak dagokion idazpena eginen du eta Elkarteen Erregistro Nazionalari jakinaraziko dio egintza.

31. artikulua.–Errebokatzea.

1. Onura publikoko elkarteei buruzko prozedurei buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, bidezkoa denean, elkarteen erregistro eta araubide eginkizunak betetzen dituen zerbitzuari dagokio onura publikoaren deklarazioa deuseztatzeko prozedura hastea eta instruitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan zehazten den moduan.

2. Prozedura hasi eta instrukzioaren ardura duen zerbitzuari laguntza emanen diote lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuan ekonomia gaietan ardura duen organoak eta Foru Administrazio Publikoaren barruan elkartearen estatutuetan eta jardueretan eskumenak dituzten organoek.

3. Inskribatutako elkarte baten errebokatzea argitaratu ondoren, Nafarroako Elkarteen Erregistroak idazpena eginen du eta Elkarteen Erregistro Nazionalari jakinaraziko dio egintza.

32. artikulua.–Onura publikoko elkarteen urteko kontu ematea.

1. Onura publikoaren deklarazioa duten entitateek aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta egindako jardueren memoria deskribatzailea aurkeztuko dituzte. Betebehar hori entitate bakoitzari dagokion adierazpena egin eta hurrengo ekitaldian aplikatuko da.

2. Espedientea tramitatzeko, onura publikoko elkarteei buruzko prozeduren gaineko araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Nolanahi ere, kontuak gordailutzeko prozeduraren instrukzioa elkarteen erregistro eta araubide eginkizunak betetzen dituen zerbitzuari dagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan zehazten denaren arabera.

4. Instrukzioaz arduratzen den zerbitzuari laguntza emanen diote, bere eginkizunak betetzeko, lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuan ekonomia gaietan ardura duen organoak eta Foru Administrazio Publikoaren barruan elkartearen estatutuetan eta jardueretan eskumenak dituzten organoek.

5. Kontuak emateko azken egunaren ondoko sei hilabeteetan, kontuak emateko betebeharra bete ez duten entitateen zerrenda ziurtatua eginen du erregistroak. Zerrenda hori, bai eta ikusitako inguruabarrak frogatzen dituen dokumentazioa ere, organo instruktoreari igorriko zaio, aurreko artikuluan aipatutako errebokatze prozedura has dezan, hala badagokio.

IV. KAPITULUA

Erregistroaren publikotasuna

33. artikulua.–Publikotasun formala.

1. Nafarroako Elkarteen Erregistroa publikoa da haren edukia ezagutzeko interesa duten pertsona eta entitate guztientzat; erregistroaren publikotasuna gauzatzeko, idazpenen edukia ziurtatuko da, egindako inskripzioekin lotura zuzena duten idazpenen eta agiri gordailutuen gaineko informazio ohar soil baten bidez edo kopiaren bidez, bai eta zerrenden bidez ere, ahal dela bitarteko informatikoak edo telematikoak erabiliz.

2. Erregistroak une oro zainduko du betetzen direla datu pertsonalak babesteari buruzko araudia eta administrazio erregistroetarako sarbideari buruzko araudi espezifikoa.

3. Nafarroako Elkarteen Erregistroak web zerbitzu bat izanen du. Haren bidez, kontsultatu ahal izanen dira inskribatutako elkarteen erregistroko datu nagusiak.

4. Publikotasun formalaren eskaerei erantzuteko, normalean, ziurtagiriak eta informazio ohar sinpleak eginen dira.

34. artikulua.–Ziurtagiriak

1. Ziurtagiri bidez egiaztatuko dira, modu fede-emailean egiaztatu ere, gordailututako dokumentuen eta idazpenen edukia.

2. Ez da ematen ahalko, inola ere, beste elkarte-erregistro batzuetan inskribatutako elkarteen datuei buruzko ziurtagiririk.

3. Eskaeran argi eta garbi zehaztu beharko da zer eduki izan behar duen lortu nahi den ziurtagiriak, bai eta eskatzailearen identitatea eta helbidea ere. Eskaerarekin batera aurkeztuko da dagozkion tasak ordaindu izanaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen arabera.

4. Ziurtagiriak, horretarako eskumena duen pertsonak behar bezala sinatuta, hamar eguneko epean emanen dira, gehienez ere, eskaera aurkeztu zen egunetik hasita.

35. artikulua.–Informazio ohar sinpleak.

1. Erregistro datuei buruzko ohar sinpleek informazio balioa besterik ez dute.

2. Eskaeran argi eta garbi zehaztu beharko da zer eduki izan behar duen lortu nahi den informazioak, bai eta eskatzailearen identitatea eta helbidea ere.

3. Ohar sinpleak, erregistroaren ardura duen unitatearen titularrak behar bezala sinatuta, hamar eguneko epean emanen dira, gehienez ere, eskaera aurkeztu zen egunetik hasita.

4. Interesa duten pertsona guztiek erregistroan alta emanda dauden elkarteen inskripzioari buruzko eta erregistratutako azken zuzendaritza batzordea osatzen duten pertsonei buruzko informazio ohar sinpleak eskuratu ahal izanen dituzte web zerbitzuan, salbu eta, azken kasu horretan, elkarteak oraindik ez badira egokitu elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikora.

61. artikulua.–Publikotasunaren beste era batzuk.

1. Salbuespenez, gordailututako idazpenen eta dokumentuen kopia emanez eginen dira publikoak erregistroko datuak, baldin eta idazpen eta dokumentu horiek lotura zuzena badute egindako inskripzioekin. Ez da eskatu beharko dagoeneko publikotasun formalaren ohiko bideetatik ematen den informaziorik.

2. Erregistro publikotasuna eskaerarik gabe ere gauzatuko da, Nafarroako Elkarteen Erregistroaren web zerbitzuaren bidez, inskribatutako entitateei buruzko erregistroko datu nagusiak kontsultatuz.

37. artikulua.–Onura publikoaren deklarazioa duten erakundeen kontuen publizitatea.

Onura publikoaren deklarazioa duten entitateen kontu ematea osatzen duten agiriak eskuratu ahal izateko, aldez aurretik eskaera egin behar da. Edonork eskuratu ahal izanen du gordailututako dokumentuei buruzko informazioa eta haien kopia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean aurreikusitako tasa ordainduta.

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Nafarroako Gobernuan lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta sei hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2301292