143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2499E/2026 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Trafiko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak, 2026ko abuztuaren 12an izanen den eguzki-eklipse osoa dela-eta.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean trafikoa arautzeko neurri berezi osagarriak ezartzea zenbait ibilgailuri eta ibilgailu-talderi, 2026ko abuztuaren 12an izanen den eguzki-eklipse osoa dela-eta.

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluak trafiko agintaritzari esleitzen dio trafikoa arautzen duten neurri bereziak hartzeko ahalmena, gomendagarria denean zirkulazioaren segurtasun edo arintasun arrazoiengatik edo ingurumen arrazoiengatik. Besteak beste, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak onetsitako Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluek neurri horietako batzuk zehazten dituzte, eta haiek hartzeko prozedura arautzen dute. Nafarroako Foru Komunitatean, Barne Zuzendaritza Nagusiak neurri horiek hartuko ditu, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuak, Estatuko Administrazioak trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzekoak, xedaturikoaren arabera, zehazki B) apartatuko 7. puntuan.

2026ko abuztuaren 12an izanen den eguzki-eklipse osoa dela-eta, aurreikusten da ibilgailuen joan-etorriak eta zirkulazioa nabarmen areagotuko direla Nafarroako Foru Komunitateko errepideetan. Hori horrela, litekeena da trafiko handia egotea, eta, ondorioz, zirkulazioaren arintasuna larriki oztopatzea. Hortaz, ebazpen honen eranskinean zehazten diren zirkulazio-murrizketa osagarriak justifikatuta daude; izan ere, horien xedea da Nafarroako Foru Komunitateko bide-segurtasun bermatzea eta trafikoaren arintasuna hobetzea.

Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Kontseilu Nagusiak txostena egin du ebazpen honen gainean, bat etorriz lehen aipatutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 8.5 artikuluaren d) letran ezarritakoarekin.

Aurrekoagatik guztiagatik, bat etorriz, batetik, Barneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 267E/2024 Ebazpenean xedaturikoarekin, horren bidez eskuordetzen baitzaizkio Trafikoko Zerbitzuko zuzendariari langileen, kontratazio publikoaren eta trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko zenbait eskudantzia, eta, bestetik, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa arautzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ebazpen honetako eranskineko zerrendan agertzen diren zirkulazio-murrizketa osagarriak ezartzea.

Bigarrena.–Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedaturikoari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, baina, hala ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Laugarrena.–Zehapen araubidea eta ibilgailua eramatea eta gordailutzea.

Ebazpen honetan jasotako neurriak ez betetzea, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedaturikoaren arabera arau-haustetzat jotzen bada, arau horretan aurreikusitako moduan zehatuko da.

Trafikoa kudeatzeaz arduratzen diren agintaritzako agenteek, horretara behartua dagoenak egin ezean, ibilgailua bidetik kendu eta esleituriko lekuan gordailutzen ahalko dute, baldin eta ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari arrisku larria badakarkio edo eragozpen larriak sortzen badizkio, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 105. artikuluan ezarritakoaren arabera (urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina).

Bosgarrena.–Murriztapenak kentzeko salbuespenezko kasua.

Salbuespen gisa, Trafiko Zerbitzuak, zirkulazioaren baldintzen arabera, baimena ematen ahalko die ebazpen honetan ezarritako murriztapenek ukituriko ibilgailuei zirkulatzeko, ezarritako data horretan. Horretarako, behar diren jarraibideak emanen dizkie trafikoa kudeatzeaz eta neurria egoki hedatzeaz arduratzen diren agintaritzako agenteei. Eranskin honetan jasotzen diren arauak betetzen ez badira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoaren araberako zehapenak ezarriko dira.

Trafikoa arautu eta zaintzeaz arduratzen diren agenteek, bideen eta trafikoaren egoeraren arabera, egoki jotzen dituzten beste neurri batzuk hartu ahalko dituzte trafikoa arautzeko.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Trafiko Zerbitzuko zuzendaria, José Javier Boulandier Herrera.

ERANSKINA.–Zirkulazio-murrizketa osagarriak

Debekatuta dute Nafarroako Foru Komunitateko bide publikoetan zirkulatzea gehieneko masa baimendua (GMB) edo multzoaren gehieneko masa (MGM) 7.500 kilogramo baino gehiagokoa duten salgaien garraiorako ibilgailuek edo ibilgailu taldeek, 2026ko abuztuaren 12ko 17:00etatik 23:59ra. Salbuespena izanen da bide hauetan zirkulatzea:

ERREPIDEAREN IZENA

ERREPIDEA

ERREPIDE TARTEA

(kilometro-puntuak)

AZALPENA

Bilbo-Zaragoza

AP-68

162,56 - 166,85

Bi noranzkoetan

Errioxako mugatik Errioxako mugaraino

Bilbo-Zaragoza

AP-68

201,62 - 236,98

Bi noranzkoetan

Errioxako mugatik Zaragozako mugaraino

Debeku hau ez zaie aplikatuko Trafiko Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 31n emandako 24E/2025 Ebazpenaren IV. eranskinean zehazten diren salgaien garraiorako ibilgailuei (ebazpen horren bidez ezartzen dira 2026an Nafarroako Foru Komunitatean trafikoa arautzeko neurri bereziak).

Iragarkiaren kodea: F2609495