1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
7/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko burua eta batzordekide bat, bai eta horien ordezkoak ere. Batzordekidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen artean aukeratuko da.
Azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren bidez (urtarrilaren 27ko 15/1997 Foru Dekretuak aldatua zuen), Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea eratu zen.
Foru dekretu horren 4. artikuluan xedatuta dago Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak buru bat eta lau kide izanen dituela, eta horiek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamenduko titularrak izendatuko dituela.
Batzordeburuak Zuzenbidean lizentziaduna izan beharko du, eta bai burua bai bi batzordekide Administrazioko langileen artean izendatuko dira. Guztiek izan behar dute, orobat, batzordearen eskumenekoak diren gaien gaineko ezagutza.
511/1991 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarrita dago ordezko kideak izendatzen ahalko direla, bai batzordeburuarentzat bai batzordekideentzat.
Bestalde, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 58.f) artikuluan xedatuta dago Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari dagokiola Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordearen burutza.
Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du aldaketak izan direla atal horretako langileen artean, eta hortaz Garraioaren Arbitraje Batzordearen osaera berritu behar dela. Hain zuzen, burua eta kideetako bat izendatu behar dira, bai eta horien ordezkoak ere. Kide hori Administrazioko langileen artean aukeratuko da.
Horregatik, Garraioaren Arbitraje Batzordea osatzeko azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetariko lehenean ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. Raquel Remírez Barragán andrea izendatzea Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko buru. Administrazio publikoko teknikaria da (arlo juridikoa), eta Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.
2. Administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) Leire Iribarren Gil andrea izendatzea Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko kide, eta haren ordezko izendatzea Administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) José Enrique Zabalza Lucea jauna. Biak daude atxikita Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari.
3. Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko buruaren kargua hutsik dagoenean, edo kanpoan edo eri dagoenean, edo arrazoi pertsonalengatik aritzerik ez duenean, haren ordez honako hauek arituko direla ezartzea, ordena honetan:
a) Leire Iribarren Gil andrea, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
b) José Enrique Zabalza Lucea jauna, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
4. Honako ebazpen hauek indargabetzea: 307/2011 Ebazpena, irailaren 5ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko burua izendatzekoa; 610/2016 Ebazpena, uztailaren 22koa, Herri-lanen zuzendari nagusiarena, batzorde horretan Administrazioaren ordezkari gisa arituko den kide titularra izendatzen duena; eta 599/2016 Ebazpena, uztailaren 22koa, Herri-lanen zuzendari nagusiarena, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko burua ordezteko araubidea aldatzen duena.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari eta interesdunei.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko urtarrilaren 17an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
Iragarkiaren kodea: F2301089