29. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Udal ordenantza, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2022ko urriaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen udal ordenantza (2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 8an).

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2022ko abenduaren 23an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTENENDAKO APARKATZEKO TXARTELAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela arautzen duen martxoaren 7ko 52/2022 Foru Aginduko aurreikuspenak jasota.

2. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidearen titular izanen dira, Orkoienen erroldatuta egonik, honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonak:

1.–Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki aitortua duten pertsona fisikoak, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta, horretaz gainera, ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera, (Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko Errege Dekretua). Mugikortasun murriztua dutela iritziko zaio honako kasu hauetan:

–Gurpil-aulkia nahitaez erabili behar badu.

–Ibiltzeko makila-parea nahitaez erabili behar badu.

–Ibil badaiteke ere, kontrolatzen zailak diren jokabide oldarkor edo jasangaitzak baditu, garraioko baliabide normalizatuak erabiltzea galarazten dioten desgaitasun psikiko astunak dituelako.

–Mugitzeko mugak baditu, eta gutxienez 7 puntukoak badira 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskineko mugikortasun murriztuko baremoan.

b) Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua izatea, desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak hala erabakita.

2.–Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, mugikortasuna modu larrian mugatzen duten laguntza-produktuak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) etengabe behar dituztenak, aparatu horiek ezinbestekoak badira beren bizi-funtzioetan. Egoera hori aitortu behar du desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak eta egoera hori deklaratu behar da, desgaitasunaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenaren bidez.

3.–Desgaitasuna izan eta mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako soilik egokitutako ibilgailuen titularrak, pertsona fisikoak zein juridikoak izan, baldin eta norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira Norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna dutenei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori–).

3. artikulua. Aparkatzeko txartelak non balio duen.

Txartelak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan balioko du, eta Europar Batasuneko estatu guztietan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

4. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

1. Pertsona bati, bere ibilgailuan joan-etorriak egiteko, modu partikularrean ematen zaion aparkatzeko txartela izanen da bakarra, pertsonala eta besterenezina, eta titularrak berak gidatzen duenean edo beste norbaitek bera bertan eramaten duenean soilik erabiltzen ahalko da.

2. 2.3. artikuluan aipatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izenean emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izanen da, eta mugikortasun murriztuko pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egonen da eta eraginkorra izanen da soilik ibilgailuak 2. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak benetan garraiatzen dituenean.

3. Aparkatzeko txartelak balioko du eta erabiliko da txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.

5. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, Orkoiengo Udalari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, epigrafe honen bigarren paragrafoan ezartzen diren baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, epigrafe honen bigarren paragrafoan ezarritako baldintzetan, eragozpenik sortzen ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.

Orkoiengo udalerrian zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzen ahalko da, betiere agintari eskudunek emandako jarraibideak betetzen badira, hala nola alkateak, zinegotziek, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako langileek edo, ekitaldiak antolatuz gero, unean uneko gaikuntza duten beste batzuek.

e) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritza-agenteek emandako jarraibideak betez betiere.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoendako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibilgailuen pasabideak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan ("bigarren ilarak").

6. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularra behartuta dago:

a) Txartela behar bezala erabiltzera, 6. artikuluan ezarritako erabilera-baldintzen arabera eta betiere ordenantza honetan ezarritako txartel-formatua erabiliz.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean paratzera edo aurreko haizetakoaren barnean itsastera, txartelaren aurrealdea kanpotik argi ikusteko moduan utziz.

c) Bere burua identifikatzera agintaritza-agente batek hala eskatzen dionean, bere nortasuna frogatzeko erakutsiz, hartara, nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskalaren zenbakia, bizileku-txartela edo bestelako identifikazio-agiri ofizialen bat. Halakorik ez badu, ez du aparkatzeko txartela erabiltzen ahalko. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna froga dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.

d) Agintaritza-agenteekin eta bestelako agintari eskudunekin lankidetzan aritzera –hala nola alkatearekin, zinegotziekin, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako langileekin edo, ekitaldiak antolatuz gero, unean uneko gaikuntza duten beste batzuekin–, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztera aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizilekua aldatu izana, edo txartela hondatu, galdu edo lapurtu izana. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du.

Halakoetan, Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, aparkatzeko txartela aldi baterako kendu ahal izanen da, 6 hilabeterako, hain zuzen ere. Betebeharrak behin eta berriz ez betetzeak berekin ekar dezake aparkatzeko txartela baliogabetzea, ordenamendu juridikoak ezarritako zehapenak galarazi gabe.

3. Pertsona fisikoek zein juridikoek aparkatzeko txartela erabiltzen badute iruzur eginez, hura baliogabetuko da, ordenamendu juridikoan ezarritako zehapenak galarazi gabe.

4. Txartela baliogabetzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, baliogabetzen den egunetik hasita urtebeteko epean.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela eman eta egiteko prozedura.

1. Espedientea hasiko da interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskatuta, betiere interesduna Orkoienen erroldatuta badago.

Eskaera eginen da aurrez aurre, udal honetako administrazioan, edo telematikoki, egoitza elektronikoaren bidez, ordenantza honen I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Titularraren bi argazki, nortasun agirikoaren neurrikoak, koloretan.

–Nortasuna frogatzen duten agiriak.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskabidea desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean, egiaztagiri ofiziala, zeinetan adieraziko den desgaitasuna duen pertsona dela, mugikortasuna murriztua duela edo begirik hoberenean ikusmen zolitasuna 0,1ekoa edo gutxiagokoa duela zuzenketarekin edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua duela. Egiaztagiri hori desgaitasun-maila kalifikatu eta aitortzeko talde multiprofesionalek emanen dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, baliozkotu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Txartela eskatzen dutenean pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboa egiteko, behar den agiria aurkeztu beharko dute, frogatzen duena gizarte-zerbitzuak ematen dituztela autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko.

Ez da beharrezkoa izanen udalerrian erroldatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiririk aurkeztea; Udalak ofizioz egiaztatuko du.

2. Hasierako eskaera horrek ez baditu betetzen eskaturiko baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, iritziko zaiola eskaeran atzera egin duela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori eman beharko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan.

3. Txartela eman aurretik, udalak egokitzat jotzen duenean, arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari txosten bat eska diezaioke, zeinean egiaztatuko baita eskatzaileak betetzen dituela txartela izateko eskubidea ematen duten baldintzak; bai eta, orobat, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.

4. Udalak eskabidea ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera udal erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori beti eskabidea ontzat emateko izanen da.

5. Eskabideari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen, eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

6. Aparkatzeko txartela eman ondoren, hura eman dela adieraziko zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari, aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan I. eranskinean ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan. Txartelarekin batera, hura Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzeko baldintzen laburpena emanen da.

8. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarraldia eta berritzea.

1. Mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartel iraunkorrak eta garraio kolektiborako egokitutako ibilgailuetako aparkalekuetako txartelek bost urteko balioa izanen dute.

Epe hori bukaturik, txartela berritu beharko da, desgaitasunaren balorazioan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera (aldaketa horiek berekin ekar dezakete txartelak indarra galtzea).

2. Aparkatzeko txartela berritzeko eskaera aurkezten bada haren indarraldiaren barnean, aurretik emandakoaren baliozkotasuna luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

3. Betiere, aparkatzeko txartela berrituko bada, titularrak betetzen segitu beharko ditu txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak.

9. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

1. Arrazoi humanitarioak tarteko, salbuespenez emanen zaie ibilgailu automobilak aparkatzeko behin-behineko txartela mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –kontuan harturik haien adinerako arruntzat jotzen den bizi-itxaropena eta gainerako egoera pertsonalak–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskabide arrunta izapidetzeko.

2. Aurreko apartatuan adierazitako egoerak frogatu beharko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko mediku fakultatiboek emandako ziurtagiriaren bitartez; eskatzailearen bizilekuari dagozkion osasun-zerbitzuetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.

3. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

4. Aparkatzeko behin-behineko txartela duten titularrek arau honetako eskubideak, betebeharrak eta erabilera-baldintzak izanen dituzte, kontzesioak dirauen bitartean.

5. Aparkatzeko behin-behineko txartela gehienez sei hilabeterako emanen da, eta luzatzeko aukera egonen da, urtebeterako gehienez.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ordenantza honen 7. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan jasotako aurreikuspenez gain, txartelen titularrek beren betebeharrak betetzen ez dituzten kasuetarako, honako hauek ere administrazioko arau-hausteak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.

Arau-hausteak 600 eurotik 1.000 eurora arteko zehapena izanen du.

Datuak faltsutu edo ezkutatu dituztenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

Arau-hausteak 1.000 eurotik 2.000 eurora arteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

c) Eskubidearen titularra ez den hirugarren batek erabiltzea txartela.

Arau-hausteak 2.000 eurotik 3.000 eurora arteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

2. Zehapenak ezarriko dira alkatetzaren ebazpen bidez, aldez aurretik zehapen espedientea irekita; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Espediente hori izapidetuko da jarraikiz xedaturik dagoenari administrazio publikoek zehatzeko ahala erabiltzearen gaineko legean eta erregelamenduan.

11. artikulua. Datu pertsonalen babesa:

Orkoiengo Udala izanen da txartelen eskatzaileek ematen dituzten datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta erabiliko ditu, soil-soilik, txartelak eman eta berritzeko, eta erabileraren baldintzak eta mugak kontrolatzeko.

Interes publikoa da datuak tratatzea ahalbidetzen duen legezko oinarria (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua –DBEO–), udalerriek aparkatze mugatua arautzeko duten eskumenari loturik (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesteko urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7.b) artikulua).

Datuak gordeko dira adierazitako helbururako beharrezkoak diren bitartean, eta, ondoren, tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunei erantzuteko. Aintzat hartuko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Udalak datuak lagako ditu legezko betebehar baten arabera beharrezkoak diren kasuetan soil-soilik. Datuen hartzaile izaten ahalko dira, halaber, Udalari zerbitzuren bat ematen dioten enpresak edo pertsonak, baldin eta zerbitzu horrek berekin badakar datuen tratamendua. Halako kasuetan, datuak eskuratuko dira kontratu baten arabera, eta azken horretan jasoko dira ukituei dagozkien berme eta eskubide guztiak, DBEOren 28. artikuluarekin bat.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko, eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (delegadoprotecciondatos@orkoien.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat araudiarekin, erreklamazioa aurkezten ahalko diote Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

Lehen xedapen iragankorra.

Ordenantza hau onetsi aurretik emandako txartelek 2023ko martxoaren 24ra arte izanen dute balioa, eta epe horretan eskatu beharko dute ordenantza honetan aurreikusitako txartela.

Bigarren xedapen iragankorra.–Txartelaren ezaugarriak.

Txartelak egiteko eskumena duen organoak funtzioa eskuratu arte, Orkoiengo Udalak segituko du txartelak ematen. Txartel horiek, indarrean dagoen araudiaren arabera, honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

1. Europar Batasuneko ereduaren arabera, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren neurri zehatzak honako hauek dira:

–Luzera: 106 mm.

–Zabalera: 148 mm.

2. Aparkatzeko txartela kolore urdin argikoa izanen da. Aldiz, gurpil-aulkiaren sinboloa zuria izanen da, hondo urdin ilunean jarria. Sinbolo hori esmalte holografikoarekin bernizatuta egonen da.

3. Aparkatzeko txartel guztiak luzatuko dira numerazio korrelatiboarekin eta serie zehatzak esleituko zaizkie egite-hurrenkera korrelatiboetan, txartelaren titularra identifikatzeko xedez.

4. Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela plastifikatua egonen da kapsulatze-teknikaren bitartez.

5. Desgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartelak atzealdea eta aurrealdea izanen ditu eta alde horietako bakoitza erdibituta egonen da, bertikalki.

6. Aurrealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Gurpil-aulkiaren sinboloa, zuriz, hondo urdin ilunaren gainean.

–Aparkatzeko txartela zer egunetan iraungitzen den.

–Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

–Txartela eman duen agintaritzaren edo erakundearen izena.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa.

7. Aurrealdeko eskuineko erdian agertuko dira:

"Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela", hizki larriz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikiz, honako idazkun hau, Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan: "Aparkatzeko txartela".

"Europako Erkidegoen eredua" idazkunaren ordez "Europar Batasuneko eredua" agertuko da.

Atzean, Espainiaren bereizgarria: E letra Europar Batasunaren sinboloaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.

8. Atzealdeko ezkerreko erdian agertuko dira:

–Titularraren argazkia.

–Titularraren deiturak.

–Titularraren izena.

–Titularraren NANa.

9. Atzealdeko eskuineko erdian ohar hauek agertuko dira gaztelaniaz eta euskaraz:

Txartel honek titularrari baimena ematen dio une bakoitzean dagoen Estatu kidean indarrean dauden eskubideak baliatzeko.

Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarri beharko da, txartelaren aurrealdea argi eta garbi ikusteko moduan, kontrolatzeko.

10. Garraio kolektiborako bakarrik erabiltzen diren ibilgailuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoen eredua izanen da eranskin honetako aurreko letretan deskribatutakoaren antzekoa, eta atzealdean "Garraio kolektiboa" eta ibilgailuaren matrikula zehaztuko dira titularraren argazkiaren ordez.

11. Orkoiengo udal-esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren arabera, elebitasun normalizatzailea erabiliko da, hau da, euskarari lehentasuna ematen dion elebitasuna.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza, 2005eko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 6an, argitaratu zena.

Azken xedapen bakarra.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ALOCAL/Local_solicitud_estacionamiento_discapacidad_e.pdf

Iragarkiaren kodea: L2300350