1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
8E/2023 FORU AGINDUA, urtarrilaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, Biologoen Elkargo Ofizialari lanbide karreraren sistema aplikatzearen gaineko zenbait eginkizun eskuordetzen dizkiona.
ATARIKOA
Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak, zeinak lanbide karreraren sistema arautzen baitu, banakako aitorpen ekonomiko eta administratiboa egiteko sistema bat ezartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko fakultatiboentzat eta Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiko langile jakin batzuentzat, jarduera horretan aritu eta segitzea eta, aldi berean, lanbide hobekuntzaren eta eguneratzearen bidez eta osasun laguntzako lanetan lortutako merezimenduak aintzatesteko.
Sistema horren oinarrizko elementua norberaren ebaluazioa da, profesionalen beraien iritziari bide emanez eta aintzat hartuz. Horrez gainera, alegatzen diren merezimenduak egiaztatu behar dira, batez ere prestakuntza eta ikerkuntza arloetakoak, deusetan galarazi gabe ebaluazio batzordeei dagozkien eginkizunak.
Hain zuzen, eta azken xedapenetako bigarrenean xedatuta dagoena betetzeko, abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren 11/1999 Foru Legea garatzeko arauak. Zehazki, hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen da Osasuneko kontseilariak baimena eman ahalko duela prestakuntza eta ikerketa arloko merezimenduen erregistroa profesionalak biltzen dituzten entitate publikoen bitartez egin dadin. Horrela, maila-igoera eskatzeko orduan, entitate horien ziurtagiriak aurkeztu ahal izanen dira arau horretan aipatutako frogabideen ordez, eta entitateok erantzun beharko dute ziurtagiriaren edukiaren egiazkotasunaz.
Nafarroako Biologoen Elkargo Ofizialak eskatu egin du 376/2000 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatuta dagoen eskuordetzea gauza dadila. Eskumenak eskuordetzeko sistema hori egituratzeak aukera ematen du lan-kargetan oreka lortzeko, esleitutako eginkizunak eraginkortasunez eta efizientziaz bete ahal izateko, eta horrek guztiak departamentu honek ematen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko du.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. e) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa–Biologoen Elkargo Ofizialari eskuordetzea elkargokideek prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloan dituzten merezimenduak erregistratu eta egiaztatzeko eginkizunak, lanbide karreraren sistema aplikatzearen ondorioetarako, borondatez hala eskatzen duten profesionalentzat.
Bigarrena.–Biologoen Elkargo Ofizialak luzatzen dituen egiaztagirien bidez egiaztatuko da horietan agertzen diren merezimenduak behar bezala dokumentatuak eta erregistratuak daudela elkargoan eta egiaztatutako merezimenduak aski justifikatuak daudela.
Hirugarrena.–Ebaluazio batzordeek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organoek interesdunaren espediente osoa ikusteko ahalmena izaten segituko dute, organo horiei aitorturiko eginkizunak eta eskumenak erabiltzeko beharrezkoa den guztietan.
Laugarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea Biologoen Elkargo Ofizialari eta igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Gerentziara, Profesionalen Zuzendaritzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzura eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Gerentziara.
Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2023ko urtarrilaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.
Iragarkiaren kodea: F2301090