28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Berako herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2022ko apirilaren 27an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Berako herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Erabakia 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 17an, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jo eta aldaketaren testu osoa ematen da argitara, uztailaren 2ko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Beran, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

BERAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

–30. artikuluari, luberriei buruzkoari, 5. puntua gehitua.

5. Onuradunek ezin izango dituzte luberriak esleitu zitzaizkien xederako ez beste ezertarako erabili. Edozein erabilera aldaketa egiteko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da, eta Udalak aprobetxamendu berrirako ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

–64. bis artikulua gehitua (IV. tituluko –Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua– V. kapituluaren –Aziendak gordetzeko borden aprobetxamendua herri-lurretan– 1. atala –Herri-lurren gaineko antzinako bordak–).

64. bis artikulua. Berako Udalak bere garaian behar bezala baimendutako luberritzeen ondorioz herri-lurretan eraiki ziren bordei honako arau hauen arabera aterako zaie probetxua:

1.–Pertsonak luberritzearen aprobetxamenduaren onuradun izaten jarraitzen badu, eraikuntzaren aprobetxamenduak luberritzeari lotuta jarraituko du.

2.–Hala ere, metro koadroko urteko kanon bereizi bat ordaindu beharko du eraikuntza horiek aprobetxatzeko; kanon horren zenbatekoa borda zaharrei dagokiena izango da.

3.–Eraikuntza horiek Berako Udalak baimendu behar izan zituen bere garaian edo, bestela, legeztatzeko eskatu beharko da.

–4. eta 5. atalak gehituak (86. bis eta 86. ter artikuluak) IV. tituluko –Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua– VI. kapituluari –Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak–.

4. Atala

Baratzak herri-lurretan

86. bis artikulua.

1.–Berako Udalak baratzeen aprobetxamendua esleitu ahal izango die herri-lurretan ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei.

2.–Esleipen-prozedura zuzeneko esleipena izango da, eta honela garatuko da:

–Interesdunak herri-lurra aprobetxatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, kokapen zehatza azaltzen duena (poligono, partzela, UTM koordenatuak), eta landu nahi dituen metroak.

–Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Udalaren osoko bilkurak erabaki ahalko du aprobetxamendua arautzen duen agiria hasiera batez onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

–Jendaurrean egoteko aldia iraganik, eta alegazioak izanez gero, haiek ebatzita, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

3.–Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.

4.–Baratze bat abandonatutzat hartuko da, ezarritako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean, edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

5.–Baratze bat abandonatua dagoenean, adjudikaziodunak abisua jaso eta 15 egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, esleipena baliogabetuko da, osoko bilkuraren erabaki arrazoitu baten bidez.

6.–Libre geratzen diren baratzak ordenantza honen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera esleituko dira.

7.–Gainerako gaiei dagokienez, ordenantza honetako 20. artikulutik 28. artikulura (biak barne) ezarritakoa aplikatuko da.

5. atala

Araututako motetan sartzen ez diren aprobetxamenduak

86. ter artikulua. Ordenantza honetan edo aplikatu beharreko araudian araututako motetan sartu ezin diren aprobetxamenduak Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza agirien bidez arautuko dira. Baldintza agiri horietan, besteak beste, aprobetxamenduaren epea eta ordaindu beharreko urteko kanona ezarriko dira. Gainera, beharrezkoa izanen da gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onartzea.

Iragarkiaren kodea: L2301369