28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTIKAKO KONTZEJUA

Deialdia, mugikortasun jasangarria sustatzeko 2023ko dirulaguntzena. Laburpena

DDBN (identifikazioa): 673049.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan xedatutakoarekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/673049).

2030 Agendan, Garapen Jasangarrirako 17 Helburu (GJH) biltzen baititu, honako hau aipatzen du 11. zenbakiak: "Hiri eta komunitate jasangarriak". Mugikortasun sistemek izan behar dute eskuragarriak, ekonomikoki bideragarriak, pertsonei zuzenduak eta ingurumena errespetatu behar dute eta, horretarako, Nazio Batuek diote ikuspegi integrala eta integratua behar dela politikak formulatzeko eta erabakiak hartzeko. Horregatik, bizikletaren alde egin behar da, garraiobide ezin hobea delako hirian ibiltzeko –batzuetan hirien artean ibiltzeko ere bai–, kutsadura eta soinu gutxi sortzen duelako, bai eta espazio publiko txikia okupatzen duelako ere. Beraz, Artikako Kontzejuak egoki jotzen du Iruñerriko Mankomunitatearen hiri-garraioa ordaintzeko dirulaguntzen deialdi bat sustatzea 2023rako, hiriko garraio publikoaren erabilera sustatzeko, auto bidezko garraioaren ordezko alternatiba gisa, eta bizikleta eta patinete bidezko garraioaren osagarri gisa.

Diruz lagungarriak diren kontzeptuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Diruz lagunduko da Iruñerriko Mankomunitatearen eskualdeko hiri garraiorako txanpon-txartela kargatzea, gizarte-bazterketako egoeran daudenendako, desgaitasuna dutenendako eta 65 urtetik gorakoendako tarifetan. Ez da diruz lagunduko erabilera orokorreko txanpon-txartelak kargatzea.

Gizarte-bazterketako egoeran daudenendako tarifetan, %100eko laguntza emanen da txartela kargatzeko, 20 euroko gehieneko muga ezarrita onuradun bakoitzeko, hilean.

Desgaitasuna dutenendako tarifetan, %100eko laguntza emanen da txartela kargatzeko, 50 euroko gehieneko muga ezarrita onuradun bakoitzeko, hilean.

65 urtetik gorakoendako tarifetan, %50eko laguntza emanen da txartela kargatzeko, 20 euroko gehieneko muga ezarrita onuradun bakoitzeko, hilean.

–Diruz lagunduko da Iruñerriko Mankomunitateak duen eskualdeko hiri garraioko 30 eguneko abonua, tarifa orokorrean, 31 urtetik beherako tarifan, eta familia ugariendako tarifan. Gobernu zentralak, foru-komunitateko gobernuak eta udalak ezarritako laguntzen osagarri izanen da laguntza (baldin halakorik badago); dena dela, ez du inola gaindituko abonuaren kostua, lehen aipatu laguntzak aplikatu ondoren. Gehienez 10 euroko laguntza emanen da onuradun bakoitzeko, hilean.

Artikan, 2023ko urtarrilaren 30ean.–Kontzejuko burua, Cristina Recalde Vallejo.

Iragarkiaren kodea: L2301567