28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA, enpresen topaketa batean parte hartzeko, Nafarroako Nazioarteko Planak antolatutako merkataritzako misio inbertsoa dela-eta Nafarroara bisitan etorriko diren Querétaroko (Mexiko) automobilgintzako sektoreko enpresekin.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako laugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak eta bertako enpresek kanpoko merkatuetan duten posizionamendua hobetzeko asmoz.

Mexiko lehentasunezko herrialdeetako bat da Nazioarteko Planaren barnean, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Automobilgintzaren sektorea da merkatu horretan aukera gehien dituenetako bat.

Automobilgintza handitzen eta zabaltzen ari da Mexikon, bereziki Querétaron eta El Bajíon. Sektore hori eragilea izan da Mexikoko ekonomia pandemiaren ondoko aldian suspertzeko. Kanada eta Estatu Batuekin izenpetutako merkataritza itunak agertoki egonkorra sortu du epe ertainean eta luzean, eta horrek hurrengo urteetako hazkundearen ideia sendotzen du. Salgaien garraiobideen garestitzea dela eta, berriz, Mexiko indarra hartzen ari da Ipar Amerikako merkatuaren hornitzaile nagusia izateko.

Egoera horrek aukera sorta zabala jartzen du Nafarroako eta Querétaroko enpresa eta gobernuen eskura, abaguneaz baliatzen ahal baitira elkarlanean aritzeko eta baterako nahiz banakako ekintzak konpartitu eta garatzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, Querétaroko Automobilgintzaren Klusterrarekin eta ACAN Nafarroako Automozioko Kluster Elkartearekin batera, merkataritzako misio inbertso bat antolatu du, zeinaren baitan Querétarako automobilgintzako sektorearen enpresak bisitan etorriko baitira Foru Komunitatera. Misioa 2023ko apirilaren 17ko astean eginen da.

Automobilgintzaren sektorearen balio-kateko enpresa nafarrak gonbidatuta daude parte hartzera Querétaroko automobilgintzako sektoreko enpresekin eginen den topaketa honetan. Querétaroko Gobernuak Nafarroara eginen duen bisita instituzional eta enpresarial baten parte da aipatutako misioa.

Sektorea.

–Automobilgintza.

Ekintzaren helburua, Nafarroan automobilgintzaren sektorea bultzatzeaz gain, topaketak erraztea da, automobilgintzako osagaien eremuan eta zehazki honako alor hauetan ari diren Nafarroako eta Mexikoko enpresen artean (fabrikatzaileak eta ingeniaritzakoak), harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikoa sustatzeko:

–Industria prozesuen automatizazioa.

–Piezen mekanizatua.

–Sistema elektronikoak eta ingeniaritza ibilgailu elektrikoetan.

–Ibilgailu elektrikorako bateriak eta hornidurak.

–Osagai elektronikoak.

–Bibrazioaren aurkako sistemak.

–Esekidura eta direkzioa.

–Txasisa eta metalezko osagaiak.

–Doitasunezko estanpazioa.

–Ponpa hidraulikoak.

–Mihiztatze mekanikoak.

–Galdaketa eta mekanizazio osagaiak.

–Forjaketa eta torlojugintza.

–Doitasunezko malgukiak.

–Plastikozko injekzioa.

Helburua da aztertzea zein aukera dauden produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, teknologia transferitzeko akordioak egiteko, lankidetzarako aliantzak sortzeko, ezagutza trukeak egiteko, etab.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Querétaroko automobilgintzaren sektorea eta haren enpresa-sarea aurkeztea.

–Online katalogoa egitea Nafarroako enpresa parte-hartzaileekin.

–Online katalogoa egitea Mexikoko enpresa parte-hartzaileekin.

–Banakako enpresa topaketak Nafarroako eta Mexikoko enpresen artean, bazkaria eta networking-eko ekitaldia barne.

Elkarrizketak esleituko dira Mexikoko enpresekin beraiekin koordinatuta eta bai Nafarroako bai Mexikoko enpresen interesen eta lan-arloen arabera.

Erakunde parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Zentro teknologikoak edo automobilgintzaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak izatea.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita martxoaren 10eko 14:00etara bitarte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/participacion-en-el-encuentro-empresarial-con-empresas-del-sector-de-automocion-de-queretaro-mexico-que-visitaran-navarra-en-mision-comercial-inversa

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Gehienez ere 20 enpresak parte har dezakete. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte. Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora.

Eskaera onartzen bada, entitate parte-hartzailea beharturik egonen da ekintza gauzatzera, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik edo gerora sortutako ezintasunagatik.

Eskatu eta onartuta dagoen ekintza batera joan ezean, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuak ez badira, aurrerago antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko itxaron-zerrendan sartuko da entitatea.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2301330