28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Tudela I eta Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egiten duena, energia elektrikoa Tudela transformazio azpiestaziora (REE) eramateko azpiegiturak barne.

Ebazpen honen bidez Tudela I eta Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten da, energia elektrikoa Tudela TAEra (REE) eramateko azpiegiturak barne, EDP Renovables España SLk eskatuta, Ablitasko udalerrian. Energia azpiestaziora eramateko azpiegiturak Ribaforada, Fontellas eta Tuterako udalerriak ere ukitzen ditu.

Proiektuen ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen dira (ingurumen ebaluazio sinplifikatua bete behar duten proiektuak). Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaie sustatzaileak eskatzen badu, eta horixe gertatu da kasu honetan.

Era berean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatu behar da, horren bidez arautzen baitira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak.

1. Ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura garatzea.

1.1. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen honako proiektu hauek eta beren ingurumen eraginaren azterketak (2021eko otsailaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 43. zk.), eta haiei buruzko kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei: "Tudela I" eta "Tudela II" eguzki-instalazio fotovoltaikoak, eta sortzen duten energia elektrikoa Tudela TAEra (aurrez Tudela Promotores TAEtik igarota) eramateko azpiegitura partekatua. Proiektuen sustatzailea EDP Renovables España SLU da.

1.2. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera.

Sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak jaso ondoren, 2021eko azaroaren 26an EDP Renovables España SLUk ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazio guztia helarazi zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedienteak aztertu eta ingurumen eraginaren adierazpena egin zezan.

Gero EDP Renovables España SLUk aurkeztutako proiektuak hobetzea proposatu zuen, ingurumen hobekuntzak sartzeko, eta 2022ko martxoaren 14an ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta behin-behinean etetea eskatu zuen.

2022ko ekainaren 9an sustatzaileak eskatu zuen berriz ere abian jartzeko proiektuen ingurumen eraginaren ebaluazioa, eta dokumentazio osagarria aurkeztu zuen, azaltzen zuena energia ateratzeko linea lurpean jartzen ahal zela tentsio baxuagoan eta trazadura aldatzen ahal zela, laburtzeko. Gainera, zenbait neurri proposatzen zituen estepako hegaztiak babesteko.

2022ko azaroaren 11n sustatzaileak bi instalazioetatik energia ateratzeko lurpeko linea partekatuaren trazadura zehatza aurkeztu zuen (Tudela TAEtik Tudela Promotores TAEra), eta adierazi zuen lineako tentsioa 30 kV izanen dela.

2. Proiektuen deskribapena.

Tudela I instalazioak zenbait laborantza-sail hartuko ditu; lurrak lauak dira batik bat.

Tudela II instalazioa Tollo sakanako bi aldeetan egonen da. Horren ekialdean, Coscojar ordokia iparraldetik inguratuta, zenbait lehorreko labore-sail hartuko ditu; sail horiek nahiko lauak dira, baina malda geroz handiagoa da ordokira igo ahala. Ordokian laborantzako terraza zaharrak daude. Sakanaren mendebaldean hiru esparru daude: bata, txikia, Tudela I instalazioaren mugakidea da, eta horko lurzati batzuekin esparru bakarra izanen litzateke; beste bat, txikia bera ere eta bakartua, lehorreko labore-saila da, eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEaren mugakidea da; hirugarrena luzea da eta sakanaren inguruan dago, eta hau ere aurreko KBE beraren mugakidea da. Lur horiek bisitatu direnean ohartu gara Tollo sakanaren mendebaldeko hirugarren esparruko lurzati batzuetan ureztatutako laborantzan ari direla, baina ingurumen administrazio honek dakienaren arabera ez da egin lehorreko laborantza-sailak ureztatutako laborantza-sail bihurtzeko beharrezkoa den ingurumen eraginaren ebaluazioa. Beraz, espedientearen azterketa teknikorako sail horiek lehorreko laborantzakotzat joko dira.

Tudela I eta Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoen proiektuak elkarren ondoan dauden esparruetan eginen dira, eta eguzki-modulu fotovoltaikoek ia hutsarterik utzi gabe okupatuko dituzte lurrak. Instalazioek sarbide eta tentsio ertaineko zirkuitu berak erabiliko dituzte, eta azpiestazio elektriko bera (Tudela TAEa) eta energia ateratzeko goi-tentsioko (30 kV) linea bera ere (Tudela TAEtik Tudela Promotores TAEra). Goi-tentsioko linea osoa lurpean egonen da, Lodosako ubidearen gurutzagunean izan ezik, Tudela Promotores TAEra iritsi baino apur bat lehenago. Hortik aurrera bi instalazioek egiteko asmoa dagoen Tudela Promotores TAEa erabiliko dute, bai eta hortik Tudela TAEra (REE) doan goi-tentsioko lurpeko eta aireko 220 kV-eko linea ere (izan ere, horra bideratzen da Red Eléctrica de Españaren garraio-nodoan sortzen den energia guztia).

Tudela I instalazioak bost esparru lokabe edukiko ditu; guztira 85,06 hektarea hartuko dituzte. Tudela II instalazioak 95,13 hektarea hartuko ditu, eta zazpi esparru edukiko ditu, denak ere lokabeak, bat izan ezik, horretan Tudela I instalazioko lurzati batzuk ere sartuko baitira. Esparruetako sarbideak egun dauden bide publikoak izanen dira. Bide horiek NA-3042 errepidetik abiatzen dira.

Instalazio bakoitzean silizio kristalbakarrez egindako 92.568 eguzki-modulu fotovoltaiko egonen dira, batean 1.179 jarraitzaileren gainean eta bestean 1.193 jarraitzaileren gainean, lurrean zuzenean finkatuta. Inbertsoreek modulu taldeek hornitutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bihurtuko dute, eta hori instalazio bakoitzean egonen diren zortzi transformazio zentroetara eramanen da eta erdi-tentsiora (30 kV) igoko da. Transformazio zentroak Tudela TAEarekin lotuko da lurpeko linea batez. Trazadura, ahal dela, bideekiko paraleloa izanen da. Tudela TAEtik 30 kV-eko linea elektrikoa eginen da Tudela Promotores TAEraino (lurpean, Lodosako ubidearen gurutzagunea izan ezik) eta hortik 220 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoa Red Eléctrica de Españaren 220/400 kV-eko Tudela TAEraino.

Instalazio bakoitzak barneko bideen sarea edukiko du. Bideen trazadura inbertsore fotovoltaikoen eta horiei lotutako eguzki-egituren eta topografiaren araberakoa izanen da. Bideak 4 metro zabal izanen dira; zorua zagor artifizialezkoa izanen da, 40 cm-koa, eta bi norabideetan %2ko zeharkako malda edukiko du. Guztira, sarbideak eta barneko bideak 2.797,7 metro luze izanen dira. Gainera, euri-urak drainatzeko sistema bat diseinatu da; instalazioen inguruan zein barneko bideetan ezarriko da.

Azkenik, esparruen inguruan hesia jartzeko asmoa dago: hesi zinegetikoa, 2 m garai gehienez. Hesi horrek ez ditu eragotziko ehizatzen ez diren animalia basatien joan-etorriak, eta plaka batzuk paratuko dira hegaztiek haren kontra jo ez dezaten. Gainera, tokirik ezkutuenetan "katazuloak" eginen dira, 20 cm-ko diametrokoak gehienez, animaliek hesia errazago zeharkatzeko.

3. Espedientearen azterketa teknikoa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 37.2 artikuluan ezartzen duena aplikatuz, Ingurumen Eraginaren Atalak aginduzko txostena egin zuen proiektuen eraginpeko administrazioen kontsulten fasean. Txosten hartan ohartarazten zen ingurumen organo honek bi proiektuen baterako ingurumen ebaluazioa egin behar zuela, eta sustatzaileari aholkatzen zitzaion ingurumen eraginaren azterketa (IEA) bakarra egitea, bi instalazioak batera hartuta, organo substantiboaren aurrean ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren eskaera egiten zenean. Hala ere, izapidetutako espedientearen eskaeran bi IEA aurkeztu dira, bat eguzki-instalazio fotovoltaiko bakoitzeko. Bi IEA horiekin batera eranskin batean 30/220 kV-eko Tudela transformazio aspiestazioaren eta hortik Tudela Promotores TAEra doan goi-tentsioko 220 kV-eko aireko eta lurpeko linearen IEA aurkeztu zen. Beste alde batetik, beste sustatzaile batzuekin energia sareratzeko egin nahi diren azpiegituren IEA aurkeztu da: 33/66/220 kV-eko Tudela Promotores TAEa eta hortik Tudela TAEra (REE) doan 220 kV-eko goi-tentsioko aireko eta lurpeko linea.

Proposatutako jarduketek ingurumenean sortuko dituzten ondorioak identifikatzeko, azaltzeko, aztertzeko eta zenbatzeko zenbait IEA egiteak zaildu egiten du proiektuetako ekintza guztien bigarren mailako ondorioak zehaztea, metagarriak eta sinergikoak baitira, bai eta alternatibak behar bezala aztertzea ere. Hori Sustrai Erakuntza fundazioak, Roberto Pascual Orcajok eta Gurelur elkarteak aipatu dute beren alegazioetan. Hala ere, informazioa aurkezteko moduak ingurumen eraginen ebaluazioa zailtzen badu ere, uste da aurkeztutako dokumentazioa aski dela ingurumen ebaluazio egokia egiteko.

3.1. Alternatiben azterketa.

Sustatzaileak alternatiben azterketa aurkeztu du eguzki-instalazio fotovoltaiko bakoitzaren IEAri erantsitako dokumentu banatan (I. eranskina.–Alternatiben azterketa). Bi azterlanetan, lehen fasean Ebro ibaiaren hegoaldeko Nafarroako 8 udalerritako lurralde-gaitasuna ikertzen da, eta zenbait irizpide eta baldintza aplikatuz eguzki-instalazio fotovoltaikoak egiten ahal diren eremuak zehazten dira. Bigarren fasean lurraldearen egokitasuna aztertzen da. Hain zuzen ere, lehen fasean zehaztutako eremuak eremu txikiagoetan zatitzen da, eta horietako bakoitza instalazio fotovoltaikoa hartzeko egokia denez zehazten da; horren arabera eremuak honetara sailkatzen dira: interes handiko eremuak, interes ertaineko eremuak, interes txikiko eremuak, eta interes gabeko eremuak. Eremuok hiru multzo handitan banatzen dira: Tutera-Castejón, Corella-Cintruénigo, Murchante-Cascante eta Ablitas-Tutera. Sustatzaileak Ablitas-Tutera hautatu du. Adierazten du energia bideratuko den azpiestaziotik hurbilen dagoen eremua dela, eta hori garrantzitsua dela besteen aldean lehenesteko. Eremu honetan 5 zona zehazten dira eta alternatibatzat jotzen dira. Fitxa banatan instalazioa hartzeko egokitasuna azaltzen (0 alternatiba ezer ez egitea da). Hirugarren fasean alternatiba bakoitzaren ingurumen balorazioa eta balorazio teknikoa egin dira, eta 1-5 bitarteko puntuazioa eman da aztertutako irizpide bakoitzaren arabera. Alternatibarik egokiena puntuazio txikiena lortu duena da. Punturik gutxien 4. alternatibak (16 puntu) eta 5. alternatibak (17 puntu) lortu dituzte. Tudela I instalazioaren IEAri erantsitako alternatiben azterketan 4. alternatiba hautatu da, puntuaziorik txikiena daukana. Hala ere, Tudela II instalazioaren alternatiben azterketan 5. alternatiba hautatu da, nahiz eta 4. alternatibak puntuazio txikiena eduki eta eremua bi instalazioak (361,72 ha) hartzeko behar bezain handia izan. Tudela II instalazioa dela-eta, adierazten da ez dela hautatu puntuazio txikieneko alternatiba: "kontuan harturik 4. alternatiba EDPRk sustatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko hautatu dela, 5. alternatiba hautatu da".

Instalazioa non eginen den hautatu ondoren 3 alternatiba aztertu ziren linea elektrikoa jartzeko, bakoitza bere azpiestazioarekin. Hiru kasuetan ingurumen egoera konplexua da. Hasieran 3. alternatiba hautatu zen, nahiz eta laburrena ez izan, ingurumenean eragin txikiena zuelako. Hala ere, energia sareratzeko azpiegiturak ingurumenean ahalik eragin txikiena edukitzeko, sustatzaileak geroago proposatu zuen Tudela TAEtik Tudela Promotores TAErainoko linea lurpean egitea, Lodosako ubideko gurutzagunean (TAE horren inguruan) izan ezik, tarte horretan linea airetik joatea proposatu baitzuen.

Sustrai Erakuntza fundazioak eta Roberto Pascual Orcajok beren alegazioetan adierazi zuten alternatiben azterketan kontuan eduki behar zela hiri-lurretan zein industria-lurretan plakak jartzeko aukera, are eraikinetan ere.

3.2. Proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

3.2.1. Hidrologia.

Bi instalazioen konfigurazioan kontuan eduki dira Tollo eta Malpisa sakanak, pasabide ekologikoak izanik ingurumen balio handikotzat jotzen dira eta. Horregatik, sakanen eta instalazioen hesien artean ibai-eremua babesteko behar bezain handia den tartea utzi da.

Aurkeztu diren IEAen arabera eraginik handiena obren fasean gertatuko da: lur-mugimenduek eta azaleko isurketen ondoriozko arrasteek urak narriatzen ahal, dituzte, eta isurketek azaleko urak kutsatzen ahal dituzte. Hala ere, IEA batean adierazten da horien eragina "ez dela nabarmena", eta bestean "bateragarria" dela.

Gainera, Tudela TAEra iritsi baino lehen Tudela I instalazioko tentsio ertaineko lineak Malpisako sakana zeharkatzen du lurpetik, eta gero aurrera egiten du 16 metro harekiko paraleloan. Gurutzagunea bide baten azpian dagoenez, IEAn adierazten da aski dela neurri soil batzuk ezartzea eragina bateragarria izateko. Tudela II instalazioaren tentsio ertaineko lineak lurpetik zeharkatzen ditu Tollo sakana eta Malpisa sakana. IEAren arabera linearen eragina moderatua izanen da, eta bateragarri bihurtuko da neurri zuzentzaileak aplikatuz gero trazaduran eta sakaneko lurpeko tartearen akaberan.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (EKH) txostena egin du egin nahi diren jarduketei buruz, eta obretan kontuan eduki beharreko baldintza tekniko batzuk ezartzen ditu. Eranskin bat gehitu da, jabari publiko hidraulikoan jarduketak baimentzeko irizpide teknikoak jasotzen dituena.

3.2.2. Lurzoruak, landaretza naturala eta Europar Batasunaren intereseko habitatak (BIH).

IEAn ez dago eraikuntza-proiektua zehazten duen plano topografikorik, hau da, eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko lurretan egin beharreko aldaketak erakusten dituen planorik (hasierako egoera eta azken egoera islatzen dituzten oin-planoak eta profil-planoak), ingurumen organo honek proiektuen eraginpeko administrazioen kontsulten fasean egin zuen txostenean adierazi zuen bezala, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduak (honen bidez arautzen dira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak) 5.b artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz. Halaber, Gurelur-ek ere gauza bera adierazi zuen bere alegazioetan. Gainera, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Roberto Pascual Orcajok adierazi dute lurzoruak narriatzeko eta betiko galtzeko arrisku handia dagoela.

Hori kontuan edukiko da ingurumen eraginaren adierazpen honetan (IEAd), eta ingurumenaren aldetik honako hauek baizik ez dira joko bideragarritzat: lurzatien orografiaren, lurrean zuzenean finkatutako jarraitzaileen eta IEAetan proposatzen diren gainerako neurrien arabera eta IAEd-an ezartzen diren baldintzen arabera lurzoruaren gaineko eragina bateragarria den lurrak.

Proiektatutako jarduketa gehienek lehorreko eta ureztatutako sailak (landare belarkarak eta zurezkoak) ukitzen dituzte. Tudela I eguzki-instalazio fotovoltaikoak eragin oso txikia edukiko du landaretza naturalean. Hala ere, Tudela II instalazioa paratu nahi den labore-sailetan landaretza naturala dago zapalden arteko ezpondetan eta mendoitzetan.

Instalazioetan sortzen den energia sareratzeko egin nahi den tentsio ertaineko linearen zangak Tollo eta Malpisa sakanak gurutzatuko ditu. Sustatzaileak adierazi du Tollo sakaneko tartean obrek eragin puntuala izanen dutela landaretzan ur-ibilgua perpendikularki zeharkatzean. Malpisa sakanean, lineak sakana zeharkatzen duen tokian bertako ur-ibilgu nagusia ez ezik sakonunea ere badago, eta bertan halako ur lasterren inguruan sortu ohi diren landareak daude. IEAren arabera eragina moderatua izan liteke, eta bateragarri bihurtzen ahal litzateke proposatutako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuz gero. Neurri horien funtsa honako gomendio hau da: baliabide teknikoen arabera aukera egonez gero, tentsio ertaineko lineak ez zeharkatzea ur laster horiek, eta, zeharkatuz gero, landaretzari kalte gutxien egiten zaion tokian zeharkatzea, ahal dela lehendik badauden bideen azpitik edo labore-sailen mugetatik.

IEAn adierazten da lehorreko sailetan lineak "ezponda-egitura zaharrei" eraginen dietela eta ez dagoela asmorik horiek kontserbatzeko, honako toki hauetan izan ezik: "esparrutik kanpo eta jarraitzailerik paratuko ez diren eremuetan", azpiegitura horiek eragin handia baitute animalietan.

EDPRk hasieran sustatutako energia sareratzeko azpiegituraren IEAn adierazten da landaretza naturala oso urria dela, eta batez ere labore-sailak daudela, lehorrekoak edo ureztatuak.

Tudela Promotores TAEaren eta hortik Tudela TAEra (REE) doan 220 kV-eko aireko eta lurpeko linearen IEAn adierazten da aztertutako eremuko landare gehienak lehorreko eta ureztatutako belar-laboreak direla; gainera, Alepo pinuak eta larre eta sasi mediterraneoak daude. Laborantza-sailetatik eta bideetatik kanpo, eragin ia bakarra Cabezo Mallako pinuek jasanen lukete.

Gainera, ingurumen eraginaren azterketetan adierazten denaren arabera, instalazioak eta energia sareratzeko azpiegiturak eginen diren eremuetan ez dago intereseko landarerik, ez katalogaturik, eta ez dago Batasunaren intereseko habitatik, ez lehentasuneko habitatik (inguruan bai). Hain zuzen ere, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak (NGEBA) adierazi du aztertutako eremuaren inguruan Astragalus clusianus eta Sideritis spinulosa espezieak daudela, biak ere zaurgarritzat jotzen direnak Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (onespena: 94/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Flora Espezie Mehatxatuen Katalogoa sortzen duena eta katalogatutako flora espezie basatiak babesteko neurriak ezartzen dituena).

Gurelur elkarteak instalazioek dagoen landaredi naturalean edukiko duen eragina azaldu du, eta gogorarazi du aurreko Nafarroako energia planetako ingurumen eraginaren adierazpenetan landaretza naturala dagoen lurren gaineko eraginaz adierazitakoa.

Hori kontuan edukiko da ingurumen eraginaren adierazpen honetan, eta ingurumenaren aldetik honako hauek baizik ez dira joko bideragarritzat: IEAetan proposatzen diren gainerako neurrien arabera eta IAEd-an ezartzen diren baldintzen arabera landaretzaren gaineko eragina bateragarria den lurrak.

3.2.3. Fauna.

IEAetan hegaztiak aztertu dira, batez ere espezie zaurgarrienak eta kontserbazio-balio handiena dutenak (estepako hegaztiak, hegazti harrapariak, eta abar).

Tudela I eta II eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta haietan sortuko den energia Tudela TAEra (REE) eramateko azpiegituraren proiektuen eraginpeko hegaztien inbentario bibliografikoa egin da UTM koordenatu-sistemako 10 km-ko aldeko proiekzio kartografikoaren lauki-sarean. Halaber, berariazko azterlana egin da hegaztiek eremua nola erabiltzen duten argitzeko. Urte oso bat ikertu da, 2020ko urritik 2021eko irailera arte. Laginketak egiteko behaketa-puntuak erabili dira, eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBE eta NAEAKIE (Nafarroako Estepako Abifauna Kontserbatzeko Intereseko Eremua) eremuaren barnean 12,6 km-ko trantsektua eta zenbait kontrol-gune ezarri ziren estepako hegaztirik bat ote zegoen aztertzeko, haien joan-etorriak behatzeko, eta proiektuak egin nahi diren eremuekin dituzten elkarreraginak argitzeko. Gainera, aztertutako eremuan (5-10 km) bizi diren haitzetako hegazti harraparien, basoko hegaztien eta gaueko hegazti harraparien ugaltze-tokiak, etzalekuak eta jan-leku garrantzitsuak non dauden argitzeko lanak egin ziren.

Jarraipen-lanetan 93 hegazti-espezie antzeman ziren, eta 39.400 kontaktutik gora aztertu ziren. IEAren arabera, hesia jotzeko moduko altueran hegaka ikusi diren espezie gehienak hegazti txikiak izan dira (paseriformeak); hegazti harrapari gutxi ikusi dira, eta ikusi direnak ez zebiltzan egiteko asmoa dagoen hesia jotzeko moduko altueran.

Eraikuntza-fasean baliteke animalia batzuen habitatak aldatzea, ugaltze-prozesua eragoztea, eta are animalia batzuen heriotza-tasa handitzea ere eragozpenengatik alde egin behar izateagatik edo obretako makinek jota. Tudela I eta Tudela II instalazioen eragina bateragarritzat jotzen da.

Ustiapen-fasean honako hauek izanen dira eragin handienak: habitata aldatzea, talka-arriskua, eta lurralde-konektagarritasuna galtzea. Nolanahi ere, IEAetan ustiapen-fasearen eragina bateragarritzat jotzen da, eta instalazioak desegiteko fasearen eragina ere bai.

Estepako hegaztiak direla-eta, instalazioak egiteko asmoa dagoen tokitik hurbil garrantzi handiko "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBE eta NAEAKIE eremua dago. Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak egindako txostenaren arabera, eremu horretan estepako hegazti populazio oso garrantzitsua bizi da: ganga iberiarrak, ganga azpibeltzak, Dupont hegatxabalak eta Naumann belatzak daude, besteak beste. Sustatzaileak hegaztien urteko ziklo osoari buruzko azterlana aurkeztu du, eta bertan gauza bera adierazten da: ganga iberiar asko ikusi dira (128), bai eta Naumann belatz (58) eta ganga azpibeltz asko ere (46); lehen bi espezieak desagertzeko arriskuan daude, eta besteari eragin handia egiten ahal dio habitata aldatzeak, Nafarroako katalogoaren arabera.

Tudela I instalazioa ureztatutako laborantza-sailetan egin nahi da, eta estepako hegaztiak ezin dira bizi lur horietan. Gainera, parke eoliko batetik gertu egonen da, bertako bi lerrokadura artean, eta horrek ere are gehiago eragozten du estepako hegaztiak instalazioa egonen den eremuan bizitzea.

Tudela II instalazioa ez da batere egokia, KBE eta NAEAKIE eremuaren mugakidea baita; gainera, instalazioa ezarri nahi den eremua garrantzitsua da estepako hegazti espezie horientzat, egokia baita bertan bizi daitezen. Tarteko eremu bat egotea oso garrantzitsua da estepako hegazti askorentzat, kalte handia egiten baitiete bizi diren inguruan egiten diren jarduketek eta proiektuek. Izan ere, sarritan hegaztiok alde egin behar izaten dute jarduketen inguruko eremu zabal batetik.

Eremu batean eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezartzen denean, eremu hori ez da baliagarria estepako hegazti espezie gehienentzat, eta horrez gainera zeharkako beste ondorio batzuk ere jasaten dituzte: instalazioaren inguruko eremu zabal bateko habitatetatik alde egitea, langa-efektua, konektagarritasuna galtzea, eta abar).

Hori guztia are larriagoa da kontuan hartuz gero azken hamarkadetan estepako hegaztiak asko urritu direla Nafarroan, batez ere lehorreko laborantza-sail asko ureztatzen hasi direnetik; izan ere, nekazaritzaren intentsifikazioak landaredi naturala eta ertzetako landaretza suntsitu ditu, geroz eta ongarri eta produktu fitosanitario gehiago erabiltzen dira, azpiegiturak daude inguruan, eta horien guztien eraginpean dauden espezieak mehatxatuta daude.

Harraparietan honako hauek dira ugarienak: sai arrea (367), miru gorria (76), miru beltza (43), mendebaldeko zingira mirotza (95), Naumann belatza (58) eta belatz gorria (51). Miru gorria eta Naumann belatza ez beste guztiak galtzeko zorian daude Espainiako eta Nafarroako katalogoen arabera. Uretako hegazti ugarienak zikoina zuria (1.369), interes berezikoa, eta antxeta mokogorria (803) eta kaio hankahoria (824) izan dira.

IEAn honela azaltzen da horrenbeste sai egotea: eremutik hurbil dauden harkaitzetan eta pinudietan ugaltze-koloniak eta etzalekuak daude, lurrak abeltzaintza estentsiborako erabiltzen dira eta abeletxeak daude (batez ere txerri hazkuntzakoak), eta Culebreteko HHSen hondakindegiak hegazti sarraskijaleak erakartzen ditu, bai eta bestelako espezie batzuk ere, esaterako zikoina zuriak eta kaioak.

Gainera, Gurelur elkarteak bere alegazioetan adierazi duenaren arabera, eremu honetan harrapakin asko daude, eta horregatik ehiza-leku modura erabiltzen dute harrapari ertain eta handi askok (asko babestutako espezietakoak dira), eta horregatik ikusi dira hainbeste. Ia aztertutako eremu osoan harrapakin ugari dagoenez gero, eguzki-energiako instalazioek harraparietan edukiko duten eragina txikia da.

Beste alde batetik, hegaztien urteko zikloaren azterlanean ez da aurkitu Bonelli arranorik; espezie hau galtzeko zorian dago Nafarroako katalogoaren arabera. Nafarroako Gobernua bi LIFE proiekturekin ari da: "LIFE Bonelli" - LIFE 12 NAT/ES/000701 eta "Aquila a-LIFE"-LIFE 16 NAT/ES/000235). Proiektu horien helburua Nafarroan Bonelli arranoaren ugaltze-eremurik ez egotea konpentsatzea da, espezia biziberritzeko; horretarako Bonelli arranoak askatzen dira, heriotza-arrazoiak aztertzen dira, habitatak hobetzen dira, arazoaren berri zabaltzen da, eta akordioak egiten dira lur-jabeekin. Nafarroan bi arrano askatu dira: 2018an "Bartullero" askatu zen, eta 2020an "Mulgar". Gainera, Araban arrano bat askatu zen 2020an, "Mahasti". Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak arrano horiek nondik ibili diren azaldu du, irrati bidezko jarraipena egin baitie GPS geolokalizatzaileen bitartez. Datuen arabera, hiru arranoak maiz ibili dira aztertu den eremuan.

Energia sareratzeko azpiegitura dela-eta, aurkeztutako IEAen arabera, ezarri nahi diren linea elektrikoen inguruan bizi diren 48 hegazti espezieetatik 33 hariak jotzeko eta elektrokutatzeko moduko altueretan ikusi dira hegaka, eta ikusi diren hegaztien %41 hari elektrikoak jotzeko moduko altueran ibili dira.

Hari elektrikoak paratuko diren tokietan 18 hegazti harrapari espezie ikusi dira; horietatik ugarienak honako hauek izan dira: sai arrea, miru gorria, miru beltza, zingira mirotza, zapelatza eta belatz gorria. Hariak jotzeko moduko altueran gehien ikusi diren harrapariak honako hauek izan dira: miru gorria, sai arrea eta arrano txikia. Aldiz, espezie guztien artean arriskuko altueran gehien ikusi direnak antxeta mokogorria, zikoina zuria eta sai arrea izan dira. Ikusi diren estepako hegaztien artean ganga iberiarra eta mirotz zuria ibili dira hariekin talka eginen luketen altueran.

Orobat, instalazioetan sortuko den energia sareratzeko ezarriko diren lineen inguruan hegazti asko ibiltzen dira joan-etorrian; hona ugarienak:

–Kaioak; egunero egiten dute Ebro ibaian gora neguko etzalekuetatik El Culebreteko HHSen hondakindegira jatera joateko.

–Sai arreak eta beste hegazti oportunista eta sarraskijale batzuk nagusi izaten dira hondakindegi horretan, eta, estepako hegaztiekin batera, "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" eta "Errege Bardea" KBEen artean ere ibiltzen dira.

Hegazti ertain eta handien (estepako hegaztiak eta hegazti sarraskijaleak) hegaldi-tasa handienak hezeguneetatik (Cardete eta Lorreko aintzirak) eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEtik dauden kontrol-puntuetan gertatu dira.

Azaldu diren datuen arabera, IEAetan adierazten da energia Tudela TAEtik Tudela Promotores TAEra eramateko lineak talka-arrisku larria sortuko diela hegaztiei, eta prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuz gero moderatua izanen dela. Tudela Promotores TAEtik Tudela (REE) TAErainoko lineak sortuko duen talka-arriskua bateragarria izanen da IEAren arabera.

Sustrai Erakuntza fundazioak, Roberto Pascual Orcajok, Gurelur elkarteak, Eduardo Navascués Santosek, bere izenean eta Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearen eta Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan elkartearen ordezkaritzan, beren alegazioetan adierazten dute bi instalazioek eta haietan sortzen den energia sareratzeko azpiegiturak kalte handia eginen dietela estepako hegaztiei, bai eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEaren kontserbazio-egoerari ere. Gainera, azken biek azpimarratzen dute energia sareratzeko aireko lineek kalte eginen dietela harrapariei, eta orokorrean hegazti guztiei.

Ingurumen Eraginaren Atalak uste du Tudela II instalazioko Tollo sakaneko eskuinaldeko esparruek kalte handia egiten ahal dietela estepako hegaztiei. Halaber, atal horren iritziz lehen proposameneko energia sareratzeko aireko lineak ere kalte handia egiten ahal die hegaztiei, orokorrean. Nolanahi ere, sustatzaileak geroago proposatu zuen lurpean egitea energia Tudela Promotores TAEra eramateko linea, eta hala eginez gero azpiegiturak espezie horietan edukiko duen eragina murriztu eginen da eta bateragarria izanen da.

3.2.4. Naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko eremu babestuak.

Aztertutako proiekturako hartu nahi diren lurzatiak ez daude Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ez Natura 2000 Sarean, baina "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBE eta NAEAKIE eremutik hurbil daude (batzuk mugakideak dira), eta hor interes handiko ekosistemak daude, eta lehentasunarekin babestu beharreko landareak eta animaliak.

Bi instalazioen IEAen arabera, eraikuntza-fasean ez zaie kalterik eginen eremuko funtsezko habitatei. Estepako fauna KBEko funtsezko elementua da. IEAen arabera, Tudela I instalazioan eta Tudela II instalazioko Tollo sakaneko ezkerraldeko lurzatietan ezin da estepako hegaztirik bizi eta instalazio horiek ez diete kalterik eginen KBEko estepako hegaztiei. Tudela II instalazioko Tollo sakaneko eskuinaldeko lurrak direla-eta, aspaldion ez da ezer egin sailak ureztatzeko, eta oraindik gelditzen dira lehorreko belar-laboreak lantzeko erabili ziren terrazak, baina, hala ere, IEAren arabera ez da egokia estepako hegaztiak bizitzeko (noizean behin hegaztiren bat sartzen ahal bada ere), eta instalazioak ez die kalterik eginen KBEko estepako hegaztiei. Azkenik, Tudela I instalazioaren IEAren arabera naturaguneek eta 2000 Natura sareko eremuek jasanen duten eragina bateragarria izanen da, eta Tudela II instalazioaren IEAren arabera ez da nabarmena izanen.

Halaber, Tudela I instalazioaren IEAren arabera ustiapen-fasearen eragina bateragarria izanen da, eta Tudela++ II instalazioaren IEAren arabera ez da nabarmena izanen. Bi instalazioak desegiteko fasean lanen eragina ez da nabarmena izanen.

Energia sareratzeko azpiegitura dela-eta, IEAren arabera linearen trazadura KBEtik hurbil dagoen tokietan ez dago habitat egokirik estepako hegaztirik bizitzeko, baina baliteke inoiz funtsezko espezie batzuetako hegazti batzuen eguneroko joan-etorriak eragoztea. Horrenbestez, distantzia eta habitata kontuan hartuz, energia sareratzeko linearen obrek ez die kalterik eginen KBEko estepako espezieei, eta eragina bateragarritzat jotzen da.

IEAren arabera, ustiapen-fasean gerta liteke KBEan bizi diren estepako funtsezko espezieetako hegaztiek linea elektrikoaren kontra jotzea. Aurreko puntuan aipatu den bezala, urteko jarraipen-azterketan agerian jarri da sai arreak eta beste hegazti sarraskijale batzuk eta, seguruenik, estepako hegaztiak ere eremu horretako tarte batean zehar joaten direla "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEtik "Errege Bardea" KBEra. Aurkeztu den urteko ziklo osoari buruzko azterlanaren arabera, funtsezkotzat jotzen diren espezieetako hegaztien ia hegaldi guztiak linea egiteko asmoa dagoen tokietatik kanpo ikusi dira. Arrisku handiena ganga azpibeltzak dauka: %28. Eragina moderatutzat jotzen da, eta talken kontrako neurriak ezartzen badira eta linea lurpetik egiten bada, bateragarria izanen da. Instalazioak desegiteko lanen eragina ere bateragarritzat jotzen da.

3.2.2 apartatuan azaldu den bezala, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du Tudela II instalazioko Tollo sakaneko eskuinaldeko esparruek kalte handia egiten ahal dietela estepako hegaztiei. Halaber, atal horren iritziz lehen proposameneko energia sareratzeko aireko lineak ere kalte handia egiten ahal die hegaztiei, orokorrean. Nolanahi ere, sustatzaileak geroago proposatu zuen lurpean egitea energia Tudela Promotores TAEra eramateko linea, eta hala eginez gero azpiegiturak espezie horietan edukiko duen eragina murriztu eginen da eta bateragarria izanen da. Hala ere, Tudela II instalazioko Tollo sakaneko eskuinaldeko esparruek kalte egiten ahal diete estepako hegaztiei, bai eta "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEaren kontserbazio-egoerari ere.

3.2.5. Paisaia.

Eguzki-energia sortzeko bi instalazioak Ebroko Ardatza LAP-5 lurralde antolamenduko planean mugatzen den Monte de Peñadil, Montecillo eta Monterrey arreta bereziko paisaiaren barnean daude. Estepako paisaia da; Ebro ibaiaren inguruko terrazetara lerratzen diren igeltsu-lurrak eta glazisak daude, eta zereal-estepak, mendi mediterraneoa eta zereal-sailak tartekatzen dira.

Aldaketa topografikoak, lurrak (aldi batez behintzat) landare-geruzarik gabe uzteak, eta paisaia tradizionalekoak ez diren elementuak (kolorearengatik, testurarengatik...) sartzeak goitik behera eraldatuko dute ingurua. Arreta bereziko paisaia horretarako proposatzen diren jarduketetako bat gehien ikusten diren tokietan azpiegiturak murriztea da

Aurkeztutako IEAetako paisaiari buruzko azterlanetan Ebroko Ardatza LAP-5 lurralde antolamenduko planean zehazten diren paisaia-unitateak hartu dira erreferentziatzat hizpide dugun eremuko paisaia-unitateak deskribatzeko.

Paisaiaren kalitatea eta hauskortasuna aztertzen da, eta hala lurraldearen kalteberatasuna zehazten da. Tudela I instalazioa egin nahi den eremuaren kalitatea baxua-ertaina da eta hauskortasuna ertaina, eta horien konbinazioaren ondorioz kalteberatasuna 2. mailakoa da, hau da, eremuan ingurumenerako oso egokiak ez diren jarduerak, edo eragin handia-moderatua dutenak, egiten ahal dira, eta eragin hori murrizteko neurriak ezartzen ahal dira. Tudela II instalazioa egin nahi den eremuaren kalitatea ertaina da eta hauskortasuna ertaina, eta horien konbinazioaren ondorioz kalteberatasuna 3. mailakoa da, baina eguzki-planta 2. kategoriakoa izan daiteke, zeren eta azpiegiturak ez baitira oso ikusgarriak eta, gainera, ez baitute narriatzen paisaia-elementu positiborik, ez kalitate handiko ikuspegirik.

Beste alde batetik, jarduketaren ikusgarritasuna zehazten da behaleku bakoitzeko ikus-eremuaren ikusmenarekiko esposizioa eta distantzia kontuan hartuz. Tudela I instalazioaren ikusgarritasuna %59koa izanen da, eta Tudela II instalazioarena %53koa. Ikusgarritasuna ertaina izanen da batez ere. Energia sareratzeko azpiegituraren ikusgarritasuna, 10 metroko ingurunea hartuta, %41,91koa izanen da. Ikusgarritasuna baxua izanen da batez ere.

Azkenik, Tudela I instalazioak bere eremuaren %25,55ean edukiko du ikusmen-kalitatearen gaineko eragina, eta Tudela II instalazioak bere eremuaren %22,56an. Instalazio bakoitzaren azalera kontuan hartuta, Tudela I instalazioak azaleraren %87,55ean edukiko du eragina, eta Tudela II instalazioak azaleraren %88,12an. Bi instalazioetan eragin nagusia bateragarria izanen da. Energia sareratzeko azpiegiturak eremuaren %41ean edukiko du ikusmen-kalitatearen gaineko eragina. Azalera kontuan hartuta, azaleraren %92an edukiko du eragina. Eragin nagusia bateragarria izanen da.

Gainera, instalazio bakoitzean paisaiaren integraziorako aplikatuko diren neurriak ezartzen dira, bai eraikuntza-faserako, bai ustiapen-faserako.

3.2.6. Ondare historikoa eta kulturala.

Aurkeztutako IEA bakoitzean arkeologiari buruzko eranskin bat dago. Bertan arkeologiako teknikariak egindako txostenak biltzen dira. Txosten horietan eremuan dagoen ondare arkeologikoaren berri ematen da, instalazioek haietan edukiko luketen eragina baloratzeko eta prebentzio-neurriak edo neurri zuzentzaileak proposatzeko.

Instalazioetatik gertu erromatarren "De Italia in Hispanias" galtzada dago, Iberiar penintsulako garrantzitsuenetako bat, eta Tudela II instalazioak eragina eduki lezake bi aztarnategitan (bata 2. kategoriakoa eta bestea 3. kategoriakoa).

Tudela I instalazioaren eragina bateragarritzat jotzen da, eta Tudela II instalazioarena moderatutzat. Tudela II instalazioaren eragina bateragarri bihurtzen ahal da proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuz gero: eremutik kanpo uztea 2. kategoriako aztarnategia, eta 50 metroko lur-zerrenda erromatarren galtzadaren balizko trazaduraren inguruan. Halaber, aldeko potentzial arkeologikoa ikusirik, IEAetan adierazten da obretan jarraipen arkeologiko orokorra egin behar litzatekeela.

3.2.7. Ondorio metagarriak eta sinergikoak.

Tudela I eta Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoek sortzen ahal dituzten ondorio metagarriak eta sinergikoak baloratzeko, haien inguruan 10 Km-ko distantzian dauden proiektuak eta azpiegiturak hartu dira kontuan.

Instalazioen ingurumen eraginaren azterketetan adierazten da haien ondorio sinergiko eta metagarriek ez dutela narriatuko beren bideragarritasuna, ez eta energia sareratzeko azpiegiturarena ere; azterketen arabera, ondorio horien eragin gehienak ez dira nabarmenak edo bateragarriak dira.

Azkenik, IEAetan adierazten da eragina bateragarria izanen dela, baldin eta honako hauek betetzen badira: ezarritako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak, ingurumena zaintzeko plana, eta eremua lehengoratzeko plana.

Sustrai Erakuntza fundazioak eta Roberto Pascual Orcajok adierazten dute kezkaturik daudela aztertutako eremuan pilatzen ari diren proiektuek eta azpiegiturek sortuko dituzten ondorio metagarriak eta sinergikoak direla-eta (langa-efektua, habitatak suntsitzea eta murriztea, heriotzak, odolkidetasuna, eta abar); ondorio horiek batez ere estepako hegaztiek jasanen dituzte. Gainera, uste dute ondorio horiek zuzen ebaluatzeko, bi instalazioak proiektu bakar batean izapidetu behar zirela. Eduardo Navascués Santosek, bere izenean eta Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearen eta Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan elkartearen ordezkaritzan, gauza bera adierazten du: eremuan pilatzen ari diren proiektuek eta azpiegiturek ondorio metagarriak eta sinergikoak sortuko dituztela.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuak adierazten du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura ongi egin dela, eta, ingurumenaren ikuspegitik, honako hau uste du:

1. Tudela I eguzki-instalazio fotovoltaikoa bideragarria da oso-osorik. Beraz, proposatzen da ingurumen eraginaren adierazpena aldekoa izatea, baldintzak ezarrita.

2. Tudela I eguzki-instalazio fotovoltaikoari dagokionez, proposatutako lurzati batzuetan eguzki-instalazioa bideragarria da ingurumenaren aldetik, eta beste batzuetan ez; beraz, proposatzen da ingurumen eraginaren adierazpena aldekoa izatea, baldintzak ezarrita. Hain zuzen ere, proposatzen da adierazpena kontrakoa izatea Ablitasko 11. poligonoko 866. eta 875. lurzatietan eta 12. poligonoko 350. lurzatian, eta aldekoa 11. poligonoko 800. lurzatian, 804. - 816. lurzatietan, 823. - 826. lurzatietan, 828. - 834. lurzatietan, 837. eta 867. lurzatietan eta 869. - 872. lurzatietan, eta 12. poligonoko 351. lurzatian.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena ematen zaie Tudela I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari eta Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari Ablitasko 11. poligonoko 800. lurzatian, 804. - 816. lurzatietan, 823. - 826. lurzatietan, 828. - 834. lurzatietan, 837. eta 867. lurzatietan eta 869. - 872. lurzatietan eta 12. poligonoko 351. lurzatian, haietan sortuko den energia Tudela TAEra (REE) eramateko azpiegitura barne, eta kontrako ingurumen eraginaren adierazpena Tudela II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari Ablitasko 11. poligonoko 866. eta 875. lurzatietan eta 12. poligonoko 350. lurzatian (energia sareratzeko azpiegiturak Ribaforada, Fontellas eta Tutera ere ukitzen ditu). Proiektuak EDP Renovables España SLUk aurkeztu du.

2. Goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko da jarduera, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak urratzen ez badituzte. Hona baldintza horiek:

–Jarduketak onura publikoko mendietan edo zuhaiztietan edukiko duen eragina dela-eta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalaren 2022ko urtarrilaren 2ko txostenean xedatzen dena aplikatuko da (txosten hori ebazpen honi erantsi zaio).

–Ahalik eta landare gutxien kendu beharko da, guztiz ezinbestekoa dena baino ez, eta 15 cm-tik gorako diametro normala (lurretik 1,30 m-ra neurtua) duten zuhaitzak moztu behar izanez gero, Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da. Horretarako, Ingurumena Zaintzeko Atalarekin eta Tuterako koordinazio unitateekin harremanetan jarri behar da (gmatudela@navarra.es (609 90 49 57) baimena eskatzeko, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen bidez aldatua) eta hura garatzen duen erregelamenduak xedatzen dutenari jarraikiz.

Zuhaitz-mozketen hondarrak aprobetxatzen ahal badira, jabearen esku paratuko dira; hark erabili nahi ez baditu, legez ezarritako moduetako baten bitartez ezabatuko dira. Nolanahi ere, azkar atera beharko dituzte handik.

–Konektagarritasuna sustatzeko, Tollo sakaneko mendebaldeko lurzatietan (ebazpen honetan horien aldeko adierazpena egiten da), eguzki-parkearen hesia lurzatien ertzetik 25 metrora egon beharko da, eta sakanaren ondoko lur horiek ukitu gabe utziko dira. Halaber, 11. poligonoko 867. lurzatian, hegoaldeko mugatik 100 metrora dagoen eremua hesitu eta ukitu gabe utziko da.

–Tudela I eguzki-parkeko Malpisa sakanaren ondoko lurzatiak esparrutik kanpo gelditzen dira. Landaretza bere kabuz hazten ahalko da.

–Abelbideen gaineko ukipenei dagokienez, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2021eko maiatzaren 24ko txostenean xedatzen dena bete beharko da (txosten hori ebazpen honi erantsi zaio).

–Eguzki-instalazioetan sortzen den energia Tudela Promotores TAEra eramateko linea lurpean eginen da, sustatzaileak 2022ko azaroan aurkeztutako dokumentazioan adierazten den bezala. Linea horrek abelbideetan edukitzen ahal duen eragina dela-eta, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, 2021eko maiatzaren 24ko txostenean ez baita horretaz ezer azaltzen.

–Tudela Promotores TAEtik Tudela (REE) TAErainoko aireko eta lurpeko linean, zuntz optikoaren bi kableak seinaleztatu beharko dira hegaztiak babesteko baliza birakari islatzaileen bidez. Hain zuzen ere, baliza bat paratu beharko da 10 metrotik 10 metrora, kableak txandatuta.

Tarte berean, abifaunaren gaineko afekzioak (elektrokuzioak) prebenitzeko neurri osagarri gisa, lotura-isolagailuetan bermatuko da metro bat egotea euskarriko pausatzeko tokiaren eta elementu eroalearen artean.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrei ekin aurretik.

Lanak egitean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertuz gero, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak legez horren berri eman beharko dio berehala Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Gainera, honako neurri hauek ezarriko dira estepako hegaztiak babesteko:

  • Eguzki-instalazioen bizitza erabilgarri osoan gutxienez baimendutako zereal-alorren azaleraren %50 kudeatuko da, ahal dela 2-3 hektareako alorretan; alorrak modu uniformean banatu behar dira "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" Nafarroako Estepako Abifauna Kontserbatzeko Intereseko Eremuan (NAEAKIE) eta kontserbazio bereziko eremuan. Lurzati horiek eta berak kudeatzeko modua aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Zerbitzu horri aukeratutako lurzatien zerrenda aurkeztu beharko zaio, onets dezan. Frogatu beharko da lurzati horiek erabiltzen ahal direla edo jabeekin edota nekazariekin horretarako akordioa egin dela. Lurzati horien kudeaketa Jarraipen eta Zaintza Planean zehaztu beharko da, eta lanei ekin aurretik aurkeztu beharko da; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez. Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari egiaztatu beharko zaio aipatutako lurzati horien gaineko erabiltzeko eskubidea baliagarri dagoela, edo nekazariekin lotutako akordioak. Energia berriztagarriak baliatzeko beste proiektu batzuetan konpentsazio-neurri gisa ezarritako ingurumen neurriak dituzten lurzatiak ez dira erabiltzen ahalko.
  • Sustatzaileak aurkeztutako proposamenarekin bat etorriz, belaztegia egin beharko da Biodibertsitatearen Zerbitzuak esaten duen tokian.
  • Gainera, Ablitasko Udalak egokitzat jotzen dituen beste habitat-hobekuntza batzuk ere egin beharko dira; esaterako, aurrean aipatutako NAEAKIE eremuan dauden azpiegitura zaharrak eraitsi, hegaztientzat arriskutsuak direlako. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aldeko txostena eduki beharko da aplikatu beharreko neurriez.

–Jarraitzaileen euskarri egitura lurrean zuzeneko tinkatuaz finkatzeari emanen zaio lehentasuna.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean ukipenak guztiz ezinbestekoak diren zonei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izateko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi-garbitzea eta nibelazioa ez dira eremu osoak ukituz eginen; aitzitik, jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroei bakarrik eraginen diete, erabilera eta ezarpen egokirako behar-beharrezkoa denean, baita bideei, kanalizazioei, transformazio zentroei eta TAEei ere.

–Ahal den neurrian, lurzatien arteko ezpondak eta haietan dagoen landaredia kontserbatu beharko dira. Era berean, makineria eta materialak biltzeko guneak ez dira kokatzen ahalko landaredi naturalak estalitako lekuetan.

–Lanak egin bitartean Estatuan edo autonomia erkidegoan katalogatutako espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta.

–Ingurumen eraginaren azterketan ezartzen den moduan, hesiaren trazadura guztian seinale islatzaileak jarriko dira 10 metroan behin, abifaunak talka egiteko aukera murrizteko.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Argiunerik jartzekotan instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta, ahal den neurrian, talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak, intentsitate baxukoak eta lurrera begira jarriak, erabiliko dira.

–Ingurumen eta paisaia integrazioa:

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.
  • Egin beharreko lur erauzketa eta betelanetarako, gehienez 2H:1B-ko maldak izanen dira onargarriak, bertako espezieekin eginen den landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziok egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Obrak egin bitartean landare lurrezko geruza kendu edo hondatu bada edo halakorik ez badago, erein baino lehen landare lurrezko geruza bat jarriko da, gutxienez 30 cm-koa, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.
  • Ingurumena lehengoratzeko proiektua, IEA guztien 13. apartatuan aipatzen dena, obrak hasi aurretik aurkeztu beharko da, eta bertan zehatz azalduko dira planteatzen diren landaketen kokapena, antolaera eta osaera. Bertako espezieak erabiliko dira, garaiaren arabera egokiak, eta debekatuta dago espezie exotikoak erabiltzea.
  • Lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia. Landaketak garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
  • –Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

–Ustiapen-aldia amaitutakoan eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia lehengoratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira eta landare estalkia lehengoratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.

–Jarraipen, zaintza eta lehengoratze plana: Obrak hasi aurretik, obren faserako eta funtzionamendu faserako jarraipen eta zaintza plana aurkeztu beharko da. Egin beharreko jarduketetarako metodologia azalduko du eta ebazpen honetan aipatutako gainerako informazioa emanen du; batez ere, estepako hegaztien aldeko neurrien azalpen zehatza. Halaber, eguzki-parkearen bizitza baliagarriaren amaieran aurreikusitako lehengoratze lanak gehituko dira, eta lan horiek urtebeteko epea igaro baino lehen egin beharko dira. Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta bestela eguzki-parkea ez da sarera konektatzen ahalko.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako koordinazio unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2300760