28. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

354E/2022 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen 2022ko bigarren deialdia onesten duena: "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean, doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako dirulaguntzak (SEM)". DDBN identifikazioa: 668621.

COVID-19ak eragindako epidemiaren agerpenak aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta soziala ekarri du mundu osoan. Arlo ekonomikoan atzeraldi handia gertatu da herrialde gehienetan.

Pandemiak Europan eragindako kalte ekonomiko eta sozialak ahal den neurrian arintzeko, Europako Batzordeak, Parlamentuak eta Kontseiluak suspertze plan bat adostu dute, finantza-pizgarrien pakete batean oinarrituta, krisiari erantzuteko eta krisitik ateratzeko bidea errazteko. Suspertze planaren finantza-baliabide gehienak «Next Generation» suspertze funts berrian biltzen dira, zeinaren elementu nagusia baita «Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa».

Espainiak 2021-2023 urteetarako aurreikusitako inbertsio eta berrikuntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotzen dira, mekanismo horren esparruan finantza-laguntza jaso ahal izateko. Plan hori Kontseilu Europarrak berretsi du, 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana hamar politika eragileren inguruan egituratzen da. Politika horien artean 1. zenbakia duena hauxe da: «Hiri- eta landa-agenda, despopulazioaren aurkako borroka eta nekazaritzaren garapena». Era berean, politika horren barnean, 3. osagaia hauxe da: «Nekazaritzako elikagaien sektorearen eta arrantza sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala».

Azaroaren 2ko 948/2021 Errege Dekretua, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko Planaren (III) barruan inbertsio proiektuak gauzatzeko estatu-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, zehazki planaren 3. osagaiaren 4. inbertsioan sartzen da, eta doitasunezko nekazaritzan, efizientzia energetikoan eta ekonomia zirkularrean egindako inbertsioei buruzkoa da, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean.

Nafarroako Foru Komunitateak errege dekretuaren 36. artikuluan jasotako bigarren mugarria bete zuenez, autonomia erkidegoen arteko lurralde banaketaren proposamena baimentzen zuen erabakia onetsi zen Ministroen Kontseiluak 2022ko urriaren 11n egindako bileran. Bigarren banaketa horren arabera, eta jada aurkeztutako eskaerei erantzuteko, bidezkoa da bigarren deialdia onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea.

2022ko ekitaldirako laguntzen bigarren deialdia onesten da, ebazpen honetako eranskin hauei loturik: I. eranskina (Oinarri arautzaileak), II. eranskina (Inbertsio diruz lagungarrien zerrenda), III. eranskina (Moduluak) eta IV. eranskina (Konpromisoen adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez).

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 5.800.000 euroko gastua baimentzen da 2025eko ekitaldian, partida honen baliokide den partidaren kargura: "720004-72200-7700-412110 [PEP: E-21-000458-04]: Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritza eta 4.0 teknologiak ezartzeko laguntzak (SEM)". Horretarako baldintza izanen da aski kreditu egokia izatea.

Aurrekontu-zuzkidura horri 10.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko, hilabeteko epea izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

6. Argitalpena.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritzan eta 4.0 teknologian inbertitzeko laguntzen oinarri arautzaileak 2022ko laguntzen bigarren deialdirako, 948/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 4. atalean ezarritakoarekin bat

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da 948/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 4. atalean aurreikusitako laguntzak onestea eta Nafarroako Foru Komunitateak garatu beharreko alderdiak jasotzea, zehazki, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean doitasunezko nekazaritzan eta 4.0 teknologietan inbertitzeko laguntza-programari atxikitzeko laguntza eskaerak aurkezteko prozedura.

2. oinarria.–Onuradunak. Baldintzak eta betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke 948/2021 Errege Dekretuaren 22. artikuluko 1. puntuan jasotakoak.

2. Laguntza hauek emanen zaizkie laguntza eskatzen duten egunean 948/2021 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 1. puntuan jasotako baldintzak betetzen dituzten onuradunei.

3. Laguntzen onuradunek betebeharrak bete beharko dituzte, 948/2021 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 2., 3. eta 4. puntuetan ezarritakoaren arabera.

Era berean, eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileek, laguntzaren azken onuradun izanez gero, berariazko konpromisoa hartzea behar diren eskubideak eta sarbideak emanen dituela Europako erakundeek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatzearren, honako arau hauekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 129. artikulua, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua, 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indargabetzen baita 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak. Onartzeko eta hautatzeko irizpideak.

1. Kostu diruz lagungarriak hautatzeko irizpide komunek erantzun beharko diete 948/2021 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan jasotakoari eta 29. artikuluko bateragarritasun irizpideei. Ondorio horietarako, kostuak edo inbertsioak ez dira hautagarriak izanen beste edozein araubideren esparruan laguntzak eman bazaizkie eta onuradunak horiei uko egin ez badie, deialdi honetan laguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2. Gainera, deialdi honen ondorioetarako, jarduera diruz lagungarriak eta inbertsio hautagarriak aipatutako errege dekretuaren 23. artikuluan jasotakoak izanen dira, betiere III. eranskinean ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badituzte.

4. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntzen gehieneko intentsitatea, oro har, kostu hautagarriaren %40koa izanen da.

Laguntza hori %20 handituko da baldin eta onuradunak nekazari gazteak badira, edo onuradunak 22.1.d) artikuluan jasotakoari jarraikiz, edo inbertsio kolektiboak.

2. Gutxieneko inbertsioa eta laguntzaren gehieneko zenbatekoa Errege Dekretuaren 24. artikuluaren 2. puntuan jasotakoak izanen dira.

5. oinarria.–Lehenespen irizpideak.

1. Laguntzak emateari begira, lehenespen irizpide hauek ezartzen dira eskaera bakoitzerako:

a) Proiektu motaren arabera:

–Baterako inbertsio plana: 5 puntu. Puntuazio hori gehituko zaio plana osatzen duten inbertsio proiektuen azken onuradun bakoitzak hurrengo b) apartatuaren arabera lortzen duen puntuazioari.

–Inbertsio kolektiboak: 5 puntu.

–Gehienez 6 puntu inbertsio-proiektu bakoitzeko: 2 puntu gehituko dira doitasunezko nekazaritzarako ekipamendu oso bakoitzeko edo existitzen zen ekipamendu bakoitzeko, doitasunezko nekazaritza-teknologietara egokitutakoa.

b) Eskatzaile motaren arabera:

–Titulartasun partekatuko ustiategiak: 2 puntu

–Nekazari gazteak: 2 puntu.

–Lehentasunezko elkarte bateko kide izatea: 1 puntu

–22.1 artikuluaren b) eta d) letretan jasotakoak: 2 puntu.

–22.1 artikuluaren a) letran jasotakoak eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 artikuluaren arabera nekazaritzako kooperatibaren definizioa betetzen dutenak: 3 puntu

Berdinketa gertatuz gero, 948/2021 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

6. oinarria.–Laguntza eskatzea, dokumentazioa eta jakinarazpenak.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

Eskaera horretan, 948/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako gutxieneko informazioa, konpromisoak eta betebeharrak jaso beharko dira, bai eta 2. oinarriaren 2. eta 3. puntuetan jasotako alderdi guztiak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere, onuradunen konpromisoei eta betebeharrei dagokienez; eta, horrez gain, deialdi honetan laguntza eskatzen den kostu edo inbertsio beretarako laguntzarik eman ez zaiola dioen adierazpena.

Onuradunaren baimena ere jasoko da, instrukzio organoak laguntza tramitatzeko beharrezkoa den informazio guztia kontsultatu eta eskuratu dezan. Onuradunak ez badu kontsulta egiteko baimenik ematen, beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko du, hurrengo puntuan adierazitakoaren arabera.

Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan xedatutakoa betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta erregelamendu horren 22. artikuluan aipatzen diren organo guztiek zilegi dute Benetako Titulartasunen Erregistroan jasotako informazioa eskuratzea (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortu zen erregistro hori), bai eta administrazioaren beste datu base batzuetan sartzea ere, benetako titularren datuei buruzko datuak jasotzearren. Zilegi izanen dute, orobat, informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

2. Jarduketa deialdiaren helburuekin bat datorrela egiaztatzeko, eskaerarekin batera 948/2021 Errege Dekretuaren IV. eranskineko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Era berean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketak gauzatzeari buruzko konpromisoa sinatuta aurkeztu beharko da, deialdi honen IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

3. Baldin eta laguntzaren xedeko inbertsioak baterako inbertsio plan batean integratzen badira, 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuaren a) letran definitzen den bezala, gutxienez bost laguntza eskaera aurkeztu beharko dira, bost ustiategi indibiduali dagozkionak, eta horietako bakoitzean adierazi beharko da baterako inbertsio plan batean sartua dagoela. Plan horrek justifikatuta egon beharko du ikuspuntu tekniko-ekonomikotik eta koherentziaren ikuspuntutik, plana aurkezteko oinarri diren inbertsioei dagokienez. Ondorio horietarako, eraginkortasun ekonomikoaren irizpidea ez da justifikatutzat joko ustiategiek inbertsio desberdinak egiten dituztenean, nahiz eta enpresa hornitzaile bera izan. Gainera, plana aurkezten duen erakundearen edo taldearen ordezkaria identifikatu beharko da planean, eta hura arduratuko da laguntza eskaerak tramitatzean baterako planari dagokionez egin beharrekotzat jotzen diren errekerimenduei erantzuteaz.

4. Laguntzaren xedeko inbertsioa inbertsio kolektibo bati badagokio, 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuaren e) letran definitzen den bezala, laguntza-eskaera bakarra aurkeztu beharko da. Eskaera horretan inbertsio kolektibo bat dela adierazi beharko da, eta planaren ordezkaria izendatu, deialdi honetatik eratorritako betebehar eta erantzukizun guzti-guztiak bere gain hartuko dituena.

5. Onuradun bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, laguntza eskaerak ezin izanen dira aldatu. Aurkezteko epea zabalik dagoen bitartean aldaketak egiteko, interesdunak aurkeztua duen eskaera baliogabetu beharko du, eta beste eskaera bat irekiko da.

7. Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta erakunde eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

8. Aurreko deialdian laguntza eskaera aurkeztu zuten onuradunek haren edukia oso-osorik mantendu nahi badute, adierazi egin beharko dute eskaera honetan. Kasu horietan soilik, ez dago laguntza-agiria osatzen duen dokumentazioa erantsi beharrik.

Eskaera horiek gainerakoen tratamendu bera izanen dute aurkezpen datari dagokionez.

7. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, kostuak moderatzeko prozedura bat aplikatu beharko da.

2. Prozedura horretatik kanpo geratzen dira ezaugarri bereziak dituzten gastu diruz lagungarriak, baldin eta ezaugarri horiek direla-eta merkatuan ez badago haiek hornitu edo emateko behar adina entitate. Salbuespen hori laguntza eskaeran justifikatu beharko da.

3. Prozedura honen arabera:

a) "Inbertsio moduluak" izeneko III. eranskinean jasotako inbertsioen kasuan, honako hau izanen da zenbateko diruz lagungarria: onuradunak aurkeztutakoaren eta III. eranskinean jasotakoaren arteko txikiena. Konparazio hori egiteko, aurrekontua edo proformako faktura aurkeztu beharko da eskaerarekin batera.

b) "Inbertsio moduluak" izeneko III. eranskinean jasotzen ez diren inbertsioen eta gastuen kasuan, eskatzaileak hiru faktura edo aurrekontu aurkeztu beharko ditu laguntza eskaerarekin batera. Zenbateko diruz lagungarritzat hartuko da onuradunak aurkezten dituenetatik txikiena.

c) Inbertsioaren ezaugarriak direla-eta aurreko kasu horietako bakar batean ere sartu ezin diren inbertsioen kasuan, onuradunak proformako faktura edo aurrekontua aurkeztu beharko du inbertsioaren zenbatekoa justifikatzeko. Balorazio batzorde batek aztertuko du zenbatekoa. Batzorde hori instrukzio organoaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi teknikarik osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, ordezko aurrekontua aurkeztu.

4. Kostuen moderazioa aplikatu izanari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu baino lehen eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin baino lehen, onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

5. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, fakturak, etab.) bere laguntza eskaerari edo azken ordainketaren eskaerari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak.

6. Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira ondorio horietarako, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

8. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

9. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, eskaera 10 egun naturaleko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

Aurreko deialdiko beren laguntza eskaera oso-osorik mantendu nahi dutela adierazi duten onuradunen kasuan, aurretik erantsi zuten dokumentazioa berreskuratuko du unitate kudeatzaileak.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

a) Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

b) 948/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren b) letran jasotako definizioaren arabera, "nekazari gaztearen" izaera egiaztatzeko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak emandako informazioa erabiliko da, ezarpen datari dagokionez, eta onuradunak aurkeztutako dokumentazioa, gaitasunari dagokionez.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

–Erdi edo goi mailako ziklo baten pareko prestakuntza arautua izatea, edo unibertsitateko prestakuntza, denak ere nekazaritzaren adarrekoak.

–Nekazaritzako ustiategiak kudeatu eta gobernatzera bideratutako ikastaroak eginak izatea, 250 ordutik gorakoak guztira.

–"Nekazaritzako ustiategietan hasteko" ikastaro espezifiko bat egina izatea, gutxienez 200 ordukoa, homologatutako prestakuntza erakundeek emana.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, argibideak gehienez 10 egun naturaleko epean aurkez ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua hartuko da kontuan, eta, hala badagokio, baita aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak ere, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta dirulaguntzak emateko espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

10. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabetean ebatziko da laguntzak eman edo ukatzen diren. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Ebazpenean berariaz adieraziko da ordaintzeko erabiltzen diren funtsak Estatuko Aurrekontu Orokorretatik datozela, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

6. Prozedura ebazteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

8. Onuradunen batek laguntzari guztiz edo partzialki uko egiten badio dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasi eta hurrengo bi hilabetean, instrukzio organoak erabakiko du dirulaguntza ematea aurrekontu faltagatik ezetsiak izan diren eskatzaileei, lehentasun-ordenaren arabera. Hori guztia baldin eta ukoarekin kreditu nahikoa liberatu bada ukatutako eskaeretako bati, gutxienez, erantzuteko.

11. oinarria.–Dirulaguntza aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik erakunde onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako inbertsioetan aldaketak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Nolanahi ere, eskaera hori ondasun edo konpromiso berriak eskuratu aurretik aurkeztu beharko da.

2. Unitate kudeatzaileak, azken ordainketaren unean, behar den doikuntza eginen du inbertsioetan eta emandako laguntzan.

12. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez.

2. Jarduketa deialdiaren helburuetara egokitzen dela egiaztatzeko, ordainketa eskaerarekin batera fakturak, ordainagiriak, ingurumen baimenak, erregistroak eta deialdi honetan ezarritako gainerako dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

Onuradunak erabakitzen badu bere dirulaguntza enpresa hornitzaileari edo banku erakunde bati lagatzea, lagapen hori justifikatzen duen agiria aurkeztu beharko du ordainketa eskaerarekin batera. Agiri horretan, laguntza zer erakunderi lagatzen zaion, haren datuak jasoko dira, baita lagatako zenbatekoa ere.

3. Inbertsioak 2025eko urtarrilaren 31n bukatuko dira, beranduenik. Data hori baimenak lortzeko eta/edo erregistroak egiteko mugaeguntzat hartzen da.

4. Ordainketa eskaera aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2025eko urtarrilaren 31n bukatuko.

13. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Oro har, dirulaguntzak ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituela bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasuneko informazio betebeharra.

Ondorio horietarako, inbertsioa egin izana ez da egiaztatutzat joko harik eta instrukzio organoak inbertsioa bukatu dela ziurtatu arte eta, ordainketa-frogagirien eta gainerako agirien arabera, inbertsioa egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

5. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

6. Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

7. Laguntza jaso dezaketen egiazko gastuei oinarri hauetan ezarritako portzentajea aplikaturik aterako da ordaindu beharreko zenbatekoa, betiere hasiera batean onartutako kopurua gainditu gabe.

8. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketa eta bazterketa irizpideak aplikatuko dira.

14. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak ordainketetan. Itzulketak.

1. Ordainketa eskaera epe barruan aurkezten ez bada, edo gardentasun betebeharra betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da. Ezarritako epean bukatzen ez diren inbertsioek ez dute laguntzarik jasoko.

2. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada ez direla bete eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

3. Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH) betetzeari dagokionez ezarritako betebeharren konpromisoa ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

4. Errege Dekretuaren 6.4 puntuan jasotako gutxieneko aldiari eusteko betebeharra betetzen ez bada, laguntza osoaren %50 galduko da ez-betetzea lehen urtean gertatzen bada, laguntzaren %40 bigarrenean gertatzen bada, %30 hirugarrenean, %20 laugarrenean eta %10 bosgarrenean, eta horretarako legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu beharko dira.

5. Aurreko murrizketa eta bazterketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

Honako hauek hartuko dira ezinbesteko arrazoitzat:

a) Laguntzaren onuradun izan den pertsona fisikoaren edo erakunde onuraduneko kide baten heriotza.

b) Laguntzaren onuradun izan den pertsona fisikoaren edo erakunde onuraduneko kide baten lanerako ezintasuna, iraupen luzekoa.

c) Erakunde onuraduna osatzen duten ustiategietako baten zati handi bat edo ustiategi osoa desjabetzea.

d) Hondamendi natural larria, erakunde onuradunetako baten lurrei eta/edo instalazioei nabarmen eragiten diena.

e) Erakunde onuradunetako baten eraikinak eta/edo instalazioak istripuz suntsitzea.

f) Epizootia edo landareen gaitza, erakunde onuradunaren azienda edo laboreak partez edo osorik kaltetu dituena.

Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, erakunde onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

6. Dagokion espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela adierazpen faltsu bat, ondoriorik gabe utziko dira emandako laguntzak, eta haiek ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkeztean iruzurraren aurka borrokatzeko indarrean dauden prozeduretatik eratorritakoak.

Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, proformako faktura edo aurrekontu faltsuak aurkeztea nahita egindako adierazpen faltsutzat hartuko da.

15. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

948/2021 Errege Dekretuaren 29. artikuluak ezartzen duenaren arabera, errege dekretu horren bidez onesten diren laguntza-programetako laguntzak bateragarriak izanen dira Espainiako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, baita minimis laguntzekin ere, baldin eta azken onuradunei emandako laguntzak ez badu gainditzen errege dekretu horretan eta estatuen laguntzei buruz kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasunaren araudian ezarritako gehieneko ehunekoa edo zenbatekoa.

II. kapituluan jasotako laguntza-programekin bat datozen laguntzak bateragarriak izanen dira elkarren artean, eta onuradun berak zilegi du laguntza-programetako bati baino gehiagori dagozkion laguntzak jasotzea, betiere bermatzen bada finantzaketa bikoitzik ez dagoela inbertsio hautagarri bererako edo kostu diruz lagungarri bererako.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen arabera emandakoari gehituko zaio. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, betiere laguntza horrek kostu edo inbertsio hautagarri bera estaltzen ez badu. Era berean, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatzen dituen jarduketak argi eta garbi bereizi beharko dira beste iturri batzuen bidez finantzatzen direnetatik, eta jarduketa horiei dagozkien mugarri edo helburuak identifikatu beharko dira.

16. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakundeak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru lege horren 3. artikuluko c) letran aipatutako erakundeen kasuan, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, ebazpen honen ebazpen zatiko 3. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea; lansari gordinak eta erakundeak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuak; eta urteko kontuak, jendaurrean jarri ahal izateko.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako zenbatekoa konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria.–Publizitatea.

Onuradunek adierazi beharko dute, Errege Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz, inbertsioak Europar Batasuna-Next Generation EU bidez finantzatu direla, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak aurkeztutako planaren arabera.

Publizitate hori edozein motatako eta euskarritako dokumentazio edo argitalpenetan agertu beharko da, baita komunikazio- edo ikusgarritasun-jarduketa, sari eta publizitate guztietan ere.

II. ERANSKINA

Laguntza jaso dezaketen inbertsioen zerrenda

1.–MAKINERIA, DOITASUNEZKO NEKAZARITZA-TEKNOLOGIA INTEGRATUAREKIN

Teknologia/makina mota

Teknologiak/makinek izan behar dituzten gutxieneko baldintzak*

Ongarritzeko makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Lurra lantzeko eta prestatzeko makineria

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Bazkarako autokargatzaileak

Lan aldakorra, komunikazioa

Uzta biltzeko makinak eta biltzeko beste ekipamendu batzuk

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Fardo-makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Simaur hedatzaileak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Zurezkoetarako makineria (aihenak inaustekoak, hostoak kentzekoak, birringailuak)

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Produktua lokalizatzeko sistemak dituen minda banatzeko tanga

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Orga nahaslea, anoaren NIR analisiarekin

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Bazka txikitzaileak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Nekazaritzako atoiak

Lan aldakorra, komunikazioa

Sega-makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Ereiteko eta landatzeko makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Traktoreak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Makina eramangarriak

Komunikazioa

Jorratzeko robot autonomoa eta jorratzeko beste makineria batzuk

Lan aldakorra, mapaketa

Datuak hartzeko robota

Lan aldakorra, mapaketa

Xede askotarako robota

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

Maneiatzaile teleskopikoak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

LAN ALDAKORRERAKO TEKNOLOGIAREN XEHETASUNA

Piten kontrola

Sekzioen/tarteen kontrola

Dosien erregulazioak, aurrerapenaren proportzioan

Dosifikagailuen itxieraren kontrola (ongarritzeko makina)

Diskoen biraketa-abiaduraren erregulazioak (ongarritzeko makina)

Elikatze-sistema automatikoak (robotak)

Fumigazio-sistemak (dronak)

Pisatze-sistema

Harriak eta oztopoak detektatzeko sistemak (sega-makinak)

Banaketako/laneko altueraren doikuntza

Banaketako/laneko zabaleraren doikuntza

Autonibelatzeko, egonkortzeko sistemak

Landaredia eta/edo belar txarrak hautematea (ikuspen artifizialeko teknika, LIDAR sentsoreak, NIR, LAI kalkulua, NDVI...)

Hezetasun-sentsoreak

Errendimendu-sentsoreak

Eroankortasun elektrikoa

Laborearen egoerarako sentsoreak

Produktua aztertzeko sentsoreak

Abiadura-sentsoreak

Fardoaren presioa kontrolatzeko sentsoreak (fardo-makinak/fardo zilindrikoak egiteko fardo-makinak)

Fardoa betetzean dentsitate-sentsoreak (fardo-makinak/fardo zilindrikoak egiteko fardo-makinak)

Lotzean akatsak hautemateko sentsoreak (fardo-makinak/fardo zilindrikoak egiteko fardo-makinak)

Fardoaren luzeraren sentsoreak (fardo-makinak/fardo zilindrikoak egiteko fardo-makinak)

Angelu- eta presio-sentsoreak (maneiatzaile teleskopikoa)

Sentsore fotoelektrikoak

Laborera hurbiltzea hautemateko sentsoreak

Ereiteko kontrolatzaileak (aitzinamendu-abiadura, lan-gaitasuna, ereite-dentsitatea, hazi bikoitzak, anomaliak haziak ematean...)

Emariaren, abiaduraren eta presioaren kontrola

Buruen/inguruneen kontrola

Norabidea, abiadura, potentzia eta segurtasun-blokeoa kontrolatzea (TDFtik deskonektatzea)

Nibelazio kontrola

Gidatze-kontrola (haztagailua)

Jitoa aurreikustea eta kalibratzea

Sakoneraren kontrola

Airearen bolumena eta abiadura erregulatzea (atomizagailua)

MAPAKETA EGITEKO TEKNOLOGIAREN XEHETASUNA

Landaredia eta/edo belar txarrak hautematea (ikuspen artifizialeko teknika, LIDAR sentsoreak, NIR, LAI kalkulua, NDVI...)

GPS seinale-hargailuak

GPSa gidatze automatikoko kontrolatzailearekin (elektrohidraulikoa edo hidraulikoa)

Ikusmen artifizialeko autogida-sistemak

Terminala eta kontsola

Landaredia eta/edo belar txarrak hautematea (ikuspen artifizialeko teknika, LIDAR sentsoreak, NIR, LAI kalkulua, NDVI...)

Estazio meteorologikoa

Hezetasun-sentsoreak

Errendimendu-sentsoreak (fluxu bolumetrikokoak eta masa-fluxukoak)

Tenperaturaren kontrola

Eroankortasun elektrikoa

Labore-egoerarako sentsoreak (3D kamerak, sentsore optikoak, NIR...)

Produktua analizatzeko sentsoreak (hezetasuna, proteina, olioa, azukreak, materia organikoa, zuntza, N, P, K... zenbait teknologiarekin, hala nola NIR)

Abiadura-sentsoreak

Uzta-sentsoreak (aitzinamendu-abiadura, buruaren posizioa, pasatzeak saihesteko sentsore optiko-elektronikoak, garbiketa-kargaren sentsorea...)

Izurriteak kontrolatzeko sentsorea (robotak)

Kudeaketako eta errendimenduko softwarea

Errendimendu-monitoreak

Agrokimikoen eta/edo ongarrien aplikazioaren monitoreak

Doitasunezko ereitearen monitoreak

ISOBUS konexioa

Zuzenketak

Mapaketa (lurreko eta aireko robotak: dronak)

Telemetria (telemetriako eta RTK doitasunezko softwarea erabiltzeko lizentzia)

Telemetria (hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, telemetria ataria eta/edo mugikorrerako app-a: AFS Connect, My Case IH, Telematics, JDLink, My John Deere, PLM Connect...)

KOMUNIKAZIOAK

RTK oinarri-estazioa

GPS seinale-hargailuak

GPSa gidatze automatikoko kontrolatzailearekin (elektrohidraulikoa edo hidraulikoa)

Ikusmen artifizialeko autogida-sistemak

Landa-lanean datuak biltzeko gailu eramangarriak (dendrometroak, penetrometroak, etab.)

Terminala eta kontsola

ISOBUS konexioa (terminala, elementu gehigarriak, hala nola joysticka, kableatua, konexio azkarra, datuak esportatzean hodeiarekin konektatzeko softwarea).

Beste terminal batzuk: AUX-N, AUX-O, TC-BAS, TC-GEO, TC-SC, TECU, UT, LOG...

CANBUS konexioa

TIM lanabesen kudeaketa

Softwarea kudeatzeko, atazak antolatzeko eta dokumentazioa kontrolatzeko plataforma gisa

Datuak hodeira transmititzeko softwarea

Telemetria (telemetriako eta RTK doitasunezko softwarea erabiltzeko lizentzia, eta hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, telemetria ataria eta/edo mugikorrerako app-a)

Elikatze-sistema hibridoak/elektrikoak (ingurumena)

Trazabilitatea (konektibitatea)

Flotak kudeatzeko eta komunikatzeko programa (CANBUS sistema, CTM modulua, erabilera-lizentzia, hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, ataria eta/edo mugikorrerako app-a)

Urruneko laguntza teknikoa eta softwareak eguneratzea (tenperatura, funtzionamendu-erregimena, lanorduak, prebentziozko mantentze-lanak, matxuren prebentziozko diagnostikoa, gorabeherak, kokapena)

Konektibitatea (hirugarrenekin datuak trukatzea, hodeien arteko konexioa, nekazaritzako ustiategiarekiko konexioa, trazabilitatea)

2.–ERABILTZEN DIREN EKIPOAK/MAKINAK EGOKITZEKO OSAGAIAK

Teknologia/makinak/osagaiak/softwarea

ANOA AZTERTZEA ETA KUDEATZEA ORGA NAHASLEAN

NIR sentsoreak

Sentsoreetako beste teknologia batzuk

Pisatze-sistema

Kudeaketarako softwarea

Hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, ataria eta/edo mugikorrerako app-a

MANTENUGAIEN NIR SENTSOREA

NIR sentsoreak

Instalazioa eta funtzionamendua

MAPAKETARAKO EKIPAMENDU AUTONOMOA, EDOZEIN EKIPAMENDURI GEHITZEKO

ERRENDIMENDU- ETA HEZETASUN-SENTSOREAK DITUEN EKIPAMENDUA

Errendimendu-sentsoreak – Bolumetria-fluxuaren sistema

Errendimendu-sentsoreak – Masa-fluxuaren sistema

Beste errendimendu-sentsore batzuk uzta-makinetan (aitzinamendu-abiadura, buruaren posizioa, ilarak zehazteko optiko-elektronikoak, garbiketa-kargakoak...)

Hezetasun-sentsoreak (kapazitiboak, akustikoak, mikrouhinak, NIR...)

AUTOGIDATZEA

GPSa gidatze automatikoko kontrolatzailearekin (elektrohidraulikoa edo hidraulikoa)

Ikusmen artifizialeko autogida-sistemak

Terminala eta kontsola

PISATZEKO ETA DOSIFIKATZEKO SISTEMA

Pisatzeko eta dosifikatzeko sistemak (ongarritzeko makinak, uzta biltzeko makinak, sega-makinak, fardo-makinak, kargagailuak, traktoreak, siloak, lainoztagailuak, etab.)

Ibilgailuetarako pisatze-sistema eramangarriak

Laboreen eta hazien pisatze-sistemak

Animalien pisatze-sistemak

LAN ALDAKORRA OSATZEKO ZUZKIDURA

ISOBUS EGOKITZEKO KITA

ISOBUS konexioa (terminala, elementu gehigarriak, hala nola joysticka, kableatua, konexio azkarra, datuak esportatzean hodeiarekin konektatzeko softwarea).

SEINALE-HARGAILUAK

GPS seinale-hargailuak (Antenak)

RTK ESTAZIO FINKOAK

RTK oinarri-estazioa

PNEUMATIKOAK

Komunikazioa: presioa erregulatzeko sentsoreetan oinarritutako pneumatiko adimendunak

Komunikazioa: pneumatikoen presioa kontrolatzeko sistemak (kudeaketa-softwarea traktorearen terminalean, atarian eta/edo app-ean)

MAKINERIARI TELEMETRIA JARTZEKO KOMUNIKAZIO-OSAGAIAK

Telemetriako eta RTK doitasunezko softwarea erabiltzeko lizentzia

Hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, telemetria ataria eta/edo mugikorrerako app-a: AFS Connect, My Case IH, Telematics, JDLink, My John Deere, PLM Connect...)

Beste terminal batzuk: AUX-N, AUX-O, TC-BAS, TC-GEO, TC-SC, TECU, UT, LOG...

CANBUS konexioa

TIM lanabesen kudeaketa

Urruneko laguntza teknikoa eta softwareak eguneratzea (tenperatura, funtzionamendu-erregimena, kontsumoa, lanorduak, prebentziozko mantentze-lanak, matxuren prebentziozko diagnostikoa, gorabeherak, kokapena)

Softwarea kudeaketako, atazak antolatzeko eta dokumentazioa kontrolatzeko plataforma gisa

Datuak hodeira transmititzeko softwarea

Konektibitatea (hirugarrenekin datuak trukatzea, hodeien arteko konexioa, nekazaritzako ustiategiarekiko konexioa, trazabilitatea)

FLOTAK KUDEATZEKO PROGRAMA

Komunikazioa: flotak kudeatzeko programa (CANBUS sistema, CTM modulua, erabilera-lizentzia, hodeian oinarrituriko web-aplikazioa, ataria eta/edo mugikorrerako app-a)

AZIENDA KUDEATZEKO DOITASUNEZKO SISTEMAK

Azienda geolokalizatzeko sistemak edo gailuak (lepoko adimendunak)

Aziendarentzako itxitura sistema adimendunak (Virtual fencing)

Aziendaren jarraipena edo monitorizazioa egiteko sistemak (ugalketa-zikloak, gorputz-tenperaturak, antibiotikoak murriztea, etab.)

Infragorrien kamera termografikoa, aziendarentzako infragorrien termometroa

Antibiotikoak murriztea

Araldia detektatzea

JARDUKETA KOLEKTIBOETAN HEDATZEKO LPWAN

Konektibitatea: potentzia handiko eta txikiko sareak, gutxienez 15 km-ko diametroko konektibitaterako eta jarduketa kolektiboetan hedatzeko. Haririk gabeko komunikazioa, datuak gailu batetik estazio batera igortzeko. IoT (Internet of Things)

SENTSORE MOTAK

Komunikazioa: baldintza klimatikoak hautemateko sentsoreak (tenperatura, hezetasuna, eguzki-erradiazioa, plubiometria, etab.)

Komunikazioa: mantenugaien sentsoreak (NIR sentsoreak...)

Komunikazioa: uzta-sentsoreak (aitzinamendu-abiadura, buruaren posizioa, pasatzeak saihesteko sentsore optiko-elektronikoak, garbiketa-kargaren sentsorea...)

Komunikazioa: errendimendu-sentsoreak

Komunikazioa: produktua analizatzeko sentsoreak (hezetasuna, proteina, olioa, azukreak, materia organikoa, zuntza, N, P, K... zenbait teknologiarekin, hala nola NIR)

Komunikazioa: lurzoruaren konposizioaren sentsoreak

Komunikazioa: laborearen egoeren sentsoreak (3D kamerak, sentsore optikoak, NIR...)

Komunikazioa: landareen izurriteak eta gaixotasunak hautemateko sentsoreak (ikuspen artifizialeko teknika, LIDAR sentsoreak, NIR, LAI kalkulua, NDVI...)

Komunikazioa: sentsore optikoak, magnetikoak, tenperaturarenak, argiarenak, distantziarenak, hurbiltasunarenak, kolorearenak, hezetasunarenak, abiadurarenak, soinuarenak, ureztatzearenak, angeluarenak eta doitasunekoak, etab.

KUDEAKETAKO SOFTWAREA EDO SOFTWARE ANALITIKOA

Komunikazioa: landa-lanean lortutako datuetarako software analitikoa (datu meteorologikoak, kartografia, izurrien detekzioa, ongarritzea, uzta, ureztatzearen kudeaketa, tratamenduen gomendioak, txosten automatizatuak, ekoizpenaren aurresangarritasuna, errendimenduak...)

Komunikazioa: softwarea kudeatzeko, atazak antolatzeko eta dokumentazioa kontrolatzeko plataforma gisa

III. ERANSKINA

Moduluak

KONTZEPTUA

GUTXIENEKO
BETEBEHARRAK

EUROAK/UNITATEA

1.–MAKINERIA, DOITASUNEZKO NEKAZARITZA-TEKNOLOGIA INTEGRATUAREKIN

1.1. Ongarritzeko makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

25.000,00 euro

1.2. Lurra lantzeko eta prestatzeko makineria

30.000,00 euro

1.3. Bazkarako autokargatzaileak

50.000,00 euro

1.4. Uzta biltzeko makinak eta biltzeko beste ekipamendu batzuk

250.000,00 euro

1.5. Fardo-makinak

60.000,00 euro

1.6. Simaur hedatzaileak

20.000,00 euro

1.7. Zurezkoetarako makineria (aihenak inaustekoak, hostoak kentzekoak, birringailuak)

12.000,00 euro

1.8. Produktua lokalizatzeko sistemak dituen minda banatzeko tanga

60.000,00 euro

1.9. Orga nahaslea, anoaren NIR analisiarekin

110.000,00 euro

1.10. Bazka txikitzaileak

300.000,00 euro

1.11. Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduak

30.000,00 euro

1.12. Nekazaritzako atoiak

Lan aldakorra, komunikazioa

20.000,00 euro

1.13. Sega-makinak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

16.000,00 euro

1.14. Ereiteko eta landatzeko makinak

60.000,00 euro

1.15. Traktoreak

150.000,00 euro

1.16. Jorratzeko robot autonomoa eta jorratzeko beste makineria batzuk

Lan aldakorra, mapaketa

150.000,00 euro

1.17. Maneiatzaile teleskopikoak

Lan aldakorra, mapaketa, komunikazioa

80.000,00 euro

2.–ERABILTZEN DIREN EKIPOAK/MAKINAK EGOKITZEKO OSAGAIAK

Mapaketarako ekipamendu autonomoa, edozein ekipamenduri gehitzeko

12.000,00 euro

Autogidatzea

12.000,00 euro

IV. ERANSKINA

Konpromisoen adierazpena, suspertze, eraldatze eta erresilientzia planaren jarduketak gauzatzeari buruzkoa

Konpromisoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruz

(Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan jasotako ereduaren arabera)

................................................................................. jaunak/andreak, ......................................... NANa duenak, ................................................................................................................. erakundearen organoaren titularra/aholkulari delegatua/kudeatzailea den aldetik (IFZ: ........................ , eta helbide fiskala: ....................................................................................................................................................................................), hark SEEPetik datozen baliabideekin finantzatutako laguntzen organo arduradun / organo kudeatzaile/ onuradun izaera duenez eta kontratista / enkarguaren erakunde hartzaile / azpikontratista gisa parte hartzen duenez, «.......................................................................................................................................................................... » osagaian zehaztutako helburuak erdiesteko beharrezko diren jarduketak gauzatzeari dagokionez, adierazten du ordezkatzen duen pertsonak/erakundeak konpromisoa duela, konpromiso zorrotza eduki ere, arau juridikoak, etikoak eta moralak hertsiki betetzeko, eta, horretarako, behar diren neurriak hartuko dituela iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitu eta atzemateko, eta, kasua bada, bidezko den agintariari jakinaraziko dizkiola atzemandako ez-betetzeak.

Horrezgain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukiari kasu eginez, plan horren esparruan egiten diren jarduketak gauzatzean ekonomia zirkularraren printzipioa eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa («DNSH» sigla ingelesez, «do no significant harm») errespetatzeko konpromisoa hartzen du. Gainera, adierazten du ez dagoela finantzaketa bikoitzik, eta, kasua bada, ez duela estatuen laguntzen araubidearekiko bateraezintasun arriskuaren berri.

...........................................(e)n, 202......(e)ko ..................................aren ............(e)(a)n

Stua. ............................................................................................

Kargua: .........................................................................................

Iragarkiaren kodea: F2300217