269. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Aldaketa, honako ordenantza honetan: ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu berezietarako, ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak jartzeko eta beste aprobetxamendu berezi batzuetarako. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2023ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea honako ordenantza honen aldaketa: ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu berezietarako, ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak jartzeko eta beste aprobetxamendu berezi batzuetarako.

Iragarkia argitaratu zen 2023ko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 17an, eta igaro egin da jendaurreko epea inongo alegazio, kexa edo oharrik jaso gabe. Beraz, ordenantza fiskalaren aldaketa behin betiko onetsi da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da osorik, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoari.

Lekunberrin, 2023ko azaroaren 13an.–Alkatea, Arkaitz Goikoetxea Arriola.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, LURGAINAREN ETA LURPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIETARAKO, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINAK JARTZEKO

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Legeari, hain zuzen ere lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

2. artikulua. Zerga-egitateak dira tokiko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

1. Erabilera publikoko lurpea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurzatiak okupatzea salgai, eraikuntza material, obra-hondakin, material bilketa (legarrak, zementuak, egurra, etab.), hesi, eskora, aldamio, obra etxola, edukiontzi eta antzeko instalazioekin.

3. Erabilera publikoko lurzatiak okupatzea industrialdean energia berriztagarriak sortu, bildu, banatu eta/edo garraiatzeko plaka, bateria edo beste sistema batzuekin.

4. Honako hauek instalatzea: pisuetako burdin sareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak, herriko edozein bide publikotako lurzorua edo lurpea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei emateko argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.

5. Toki-erakundeko bide publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien lurgainean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, –argindarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko–; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, errailak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

6. Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.

7. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzea edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailuak jartzea (automobilak, patineteak, bizikleta elektrikoak eta gisakoak).

8. Banku entitateen kutxazain automatikoak eta bideo denden eta gainerakoen saltzeko makinak, erosleak kaletik erabiltzen dituenak.

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe ere hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, sortuko dira zerga jasan beharra eta ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharra. Ordaintzeak, baina, ez ditu legeztatuko eginiko erabilera edo aprobetxamenduak, eta agindu daiteke kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko, zigorrak ere ezarrita, kasua bada.

Ordenantza honen xedeko erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena eskatzen duenean, hura urtarrilaren 1ean sortuko da, urtero, eta zergaldia izanen da urte naturala edota dena delako urte sasoia, kasua bada, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta, berdin, kuota hainbanatuko.

Elkarteen Erregistroan inskribatuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta gizarte- eta/edo hezkuntza-erakundeek lurzorua okupatzen badute, ez dute tasarik ordaindu beharko kontzeptu horrengatik, beren jarduerak direla-eta.

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten erakundeak, baldin eta egiten badute tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, edo hari onura ateratzen badiote.

Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak loturik egonen dira dagokien ordenantza fiskalari edo aplikagarri diren udal erabakiei.

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren arabera eta okupatutako bide publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna behartuta egonen da, dagokion tasaz gain, berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukitu daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, aurretik Udalak txosten teknikoa eginda, hura zenbakietara ekartzeko.

Indarrean dagoen araudia ez betetzeagatik edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenek gordailuari eragiten ahal diote. Fidantza berreskuratu ahal izateko, aldeko txostena beharko da, indarreko araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, suntsitutako gauzek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak baldin interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

10. artikulua.

1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa urtean behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epeetan eta baldintzetan.

2. Likidazioa dagokion bulegoan eginen da, eta ordaindu beharko da lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehen, erabileraren edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenetan.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke mugaeguneratutako urteen arabera.

Lizentzia eskuratu ondotik eskatzaileak uko egiten badio, horrek ordaindu beharko du zenbat denboratarako eskatu duen huraxe.

Aldamioekin, plataformekin, edukiontziekin eta abar egindako okupazioen kasuan, tasa behin-behineko likidatuko da okupazio aldiaren aurreikuspenaren arabera, eta behin betiko, hura amaitzen denean. Okupazioari uko egin edo hura etetearen ondoriozko aldaketak kontuan hartuko dira baldin soilik ezarritako epearen barnean egiten badira, eta ez dute atzeraeragineko ondoriorik izanen. Beraz, ez dira kontuan hartuko horiei buruz epez kanpo egiten diren komunikazioak.

ERANSKINA.–IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINAK JARTZEKO TASAK

I. epigrafea.–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak jartzeko lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak.

Tasa kalkulatuko da honako kontzeptu hauek batuz:

–Baimen bakoitzeko edo aprobetxamendu baimengarri bakoitzeko: 50,87 euro.

–Herriko jabari publikoaren benetako erabileragatik: 0,09 euro metro koadroko eta eguneko.

II. epigrafea.–Lurzoruko erabilera edo aprobetxamendu bereziak egitea aldamioak instalatzeko, materialak edo egurra biltzeko eta antzeko beste instalazioak egiteko.

–Baimen bakoitzeko, urtean: 100 euro.

III. epigrafea.–Tokiko jabari publikoko erabilera edo aprobetxamendu bereziak egitea instalatzeko energia berriztagarriak sortu, bildu, banatu eta/edo garraiatzeko plakak, bateriak edo beste sistema batzuk.

–Herriko jabari publikoaren benetako erabileragatik: 0,01 euro metro koadroko eta eguneko.

Iragarkiaren kodea: L2316058