268. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2060E/2023 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita fisioterapeuten 20 lanpostu huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.

Abenduaren 16ko 95/2020 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2020. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2020ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Abenduaren 15eko 110/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako egonkortzearen arabera. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio.

Abenduaren 22ko 115/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Abenduaren 14ko 116/2022 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Foru dekretu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi da, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako berariazko tasari dagokio.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egin dituen proposamenak, fisioterapeuten lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez bete daitezen.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea fisioterapeuten 20 lanpostu huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.

2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2023ko azaroaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio), "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategorian.

1.3. Deialdi honen xedea da fisioterapeuten 20 lanpostu huts betetzea, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako. Hona hemen lanpostu horien destinoak:

–2 Oinarrizko Osasun Laguntzan:

  • Lanpostuen zenbakiak: 60793 eta 62495.

–15 Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan:

  • Lanpostuen zenbakiak: 60236, 60440, 60744, 60843, 60908, 61432, 64449, 65368, 66742, 70679, 70680, 72227, 72229, 72381* eta 72382*.

(*) Lanaldi partzialeko lanpostuak.

–2 Tuterako Osasun Barrutian:

  • Lanpostuen zenbakiak: 70768 eta 72295.

–1 Osasun Mentalean:

  • Lanpostuaren zenbakia: 68293.

1.4. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze-lehiaketa eta Estatuko lekualdatze-lehiaketa.

Estatuko lekualdatze-lehiaketan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan publikoaren eskaintzan (LPE) sartutako lanpostu hutsen %10 (zenbaki osoetan) eskainiko dira eta hautatzen ahalko dira. Bestalde, LPEko lanpostuen kopurua hamar baino txikiagoa bada, lanpostu hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira Estatuko lekualdatze-lehiaketan, bakar-bakarrik, metatutako lanpostu hutsak hamar baino gehiago badira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuz, 20 lanpostu sartu dira lan publikoaren eskaintzan. Aurretik 4 lanpostu daudenez metatuak, lekualdatze-lehiaketa honetan 2 lanpostu eskaintzen dira Estatuaren esparrurako, eta 4 lanpostu geldituko dira metatuak hurrengo deialdietarako.

1.5. Deialdi honen xede diren lanpostu hutsen kopurua aurrerago handitzen ahalko da; izan ere, kalifikazio epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

1.6. Lehiaketa honen barrenean lanpostu huts hauek sartzen dira: hasieratik deialdian iragartzen diren lanpostu hutsak eta lekualdatze-lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere O-NOZen plantillakoak badira.

Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.

1.7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Xedapen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

Lekualdatze-lehiaketaren bidez Osasun Sistema Nazionaletik O-NOZera pasatzen diren langileek aukera izanen dute Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario bihurtu eta bertako Langileen Estatutuan sartzeko, eta bi hilabeteko epea izanen dute aukera horretaz baliatzeko, lanpostuaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

1.8. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan-kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako administrazio publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile izatea, zein diren ere haren araubide juridikoa eta egoera administratiboa:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun finkoa izatea, B maila edo taldekoa.

b) "Osasun arloko diplomadunak" estamentuko eta "Fisioterapia" espezialitateko lanpostu batean aritzeko izendatua izatea (estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinekoa).

c) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo O-NOZi baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko langileak:

a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea, eta hartan jardunean aritzea edo lanpostua erreserbatua izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileentzat 2.1.1.b) eta c) ataletan aipatzen diren baldintzak betetzea.

2.2. Parte hartzen duten pertsona guztiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.

2.3. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera euskarazko jakite maila zehatz bat frogatzeko betebeharra duten eta arau bidez ezarrita dauden lanpostu elebidunak eskuratu nahi izanez gero, jakite maila hori 1.10 oinarrian adierazitakoaren arabera egiaztatuko da.

2.4. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko epean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lortutako lanpostua esleitzen den arte, kasua bada.

2.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.

2.6. Beren estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

–Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orriaren bidez, "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategoria hautatu eta "Inskripzioa" sakatuta.

Merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako web-orriaren bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu-basean daudelako.

3.2. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

3.2.1. Lehenago frogatu ez bada, 2.1.1.c) atalean eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da O-NOZi baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabidean dagoen atala beteko da), edo bide telematikotik dagokion ziurtagiria bidaliz.

3.2.2. Eskatzen den euskara maila, hala dagokionean, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da.

3.2.3. Estatuko lekualdatzearen bidez parte hartzen duten langileek deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatzen diren betebeharren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, horretarako ere prozedura telematiko bera erabiliz.

3.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Merezimendu eta baldintza guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako kalifikazio epaimahaia:

Epaimahaiburua: M.ª Teresa Fauste Angos andrea, Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Eva María Vidarte Uriarte andrea, Lizarrako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Laura Boneta Goñi andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoa.

Ordezko epaimahaikidea: Sergio Arrondo Garrido jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoa.

Idazkaria: Enrique Amoztegui Hermoso de Mendoza jauna, Osasun Mentaleko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko burua.

Ordezko idazkaria: Jose Manuel García Arguiñano jauna, Lizarrako Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzuko burua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 8. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arteko merezimenduak baloratuko dira, eta ez geroago lortutakoak.

6.2. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak "Osasun arloko diplomadunak" estamentuan eta "Fisioterapia" espezialitatean sailkaturik daudela (estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena, O-NOZi atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinekoa). Balorazioa egitean, izangaiaren lanpostuaren izena ez badator bat aipatutako eranskinean agertzen den izendapenarekin, tratamendu bera emanen zaio, baldin eta, deialdian iragarritako lanpostuekin alderatuta, titulazio bera eskatu bazen, sartzeko probak berdinak izan baziren, eta eginkizunak, antzekoak.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

6.3. Merezimenduen balorazioan (2. atala), lanbide karrerako maila 2.9 atalean ezarritakoaren arabera baloratzea aukeratzen dutenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen baten bidez frogatu beharko dute maila hori, deialdia argitaratzen den datakoa.

6.4. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiaketan parte hartzen duten izangai guztien merezimenduak kalifikatuko ditu, eta deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien behin-behineko zerrenda, osotara lortu duten puntuazioarekin. Bi zerrenda argitaratuko dira, merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzen duen esparru bakoitzerako bat (barnekoa eta Estatukoa).

Puntuazioetan berdinduz gero, lehentasuna izanen du administrazio publikoetan aitortutako antzinatasun handiena frogatzen duen izangaiak, deialdia argitaratzen den uneko antzinatasun denbora aintzat hartuta.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako bideen bitartez.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:

a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Lanaldi arrunt edo osoa duen lanpostu batetik lanaldi partziala duen lanpostu batera joateko eta alderantziz.

8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, aukeratzen ahal diren zentroen zerrenda (edo, hala badagokio, lanpostu zenbakiena) jarriko da parte-hartzaileen eskura, hasieran iragarritakoak eta lekualdatzearen ondorioz izan daitezkeenak sartuta. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

b) Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak 10 egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer lanpostu zenbaki eta/edo zentro nahi duten, hasieran deitutakoak izan edo lekualdatzearen ondoriozkoak.

c) Destino berria lortu nahi duten guztiek eginen dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze-lehiaketakoak izan, edo Estatuko lekualdatze-lehiaketakoak.

d) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

Hautatzeko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuko izangaiek lehentasuna dutela Estatuko lekualdatze prozesuko izangaien aldean.

e) Emaitzaren informazioa deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

8.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko ezarritako epean, Espainiako lekualdatze prozesuko izangaiek beren administrazio egoera azaltzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean, kasuan kasuko jatorrizko administrazioak luzatua.

9.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

9.1. Organo eskudunak, ebazpen baten bitartez, lehiaketan eskuratutako lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du ebazpena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Unitate organiko batean aldi baterako beteak dauden ezaugarri bereko lanpostu hutsen kopurua handiagoa bada unitate horretan lanpostua eskatu duten izangaiena baino, deialdian sartutako lanpostuetatik, esleituko da bete beharreko lanpostuan kontrataturik denbora gehien daraman langileak betetzen duena, zein den ere plantillan lanpostu horri dagokion zenbakia eta, kasua bada, lehiatzaileak egindako hautua.

9.2. Izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute lortutako lanpostuaren jabetza hartzeko, lanpostua esleitzeko ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Hala ere, izendatutako izangai asko izateagatik eta administrazio eraginkortasunerako beste arrazoi batzuengatik egokia denean, deialdia egin duen organoak lanpostuaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du.

9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada edo aurkeztu bada, merezimendu-lehiaketaren deialdia, nondik norakoak edo ebazpena aurkaratzeko, esleipena ez da irmoa izanen. Errekurtso horiei buruz administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ematen den ebazpenaren zain geldituko da, haren mende egonen baita.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 2 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,3 puntu.

1.3. Egoiliar gisa edo egonaldia bitartean egindako zerbitzuak: Urte bakoitzeko, 0,9 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 50 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa, horren bidez arautu baitzen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko modua.

2.3, 2.5 eta 2.6 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira, ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo "abstract" direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Hirugarren zikloko edo graduatu ondoko ikasketak.

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma edo unibertsitateko aditua: 2 puntu.

b) Doktore gradua: 5 puntu.

c) Cum laude: 2 puntu gehituko dira.

a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

2.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,10 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatutakoak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 7 puntu emanen dira.

2.3. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

2.4. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 1 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,3 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.5. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea: Lehen hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

2.6. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko: 0,2 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirien egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

2.9. Izangaiek, 2.2 azpiataletik 2.7 azpiatalera bitartean ezarritakoari jarraikiz egokitzen zaien puntuazioaren ordez, lanbide karreraren mailari dagokion puntuazioa aukeratzen ahalko dute, honen arabera:

–0. maila: 0 puntu.

–I. maila: 15 puntu.

–II. maila: 25 puntu.

–III. maila: 40 puntu.

–IV. maila: 50 puntu.

Lanbide karrerako maila Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen baten bidez frogatu beharko da, eta deialdia argitaratzen den datakoa izanen da.

Atal honetan, osotara, gehienez ere 50 puntu emanen dira.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2316963