268. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

4382/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Iván Azcona Vicuña jauna izendatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario, Nafarroako Foruzaingoko agente lanpostua betetzeko, eta lanpostua esleitzen baitzaio.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 20ko 754/2017 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko foruzain izateko hogeita hamazazpi lanpostu oposizio bidez betetzeko. Ebazpen hori 2017ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28koan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 1370/2017 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori 2017ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ekoan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 1812/2017 Ebazpenaren bidez, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen (2017ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28koan).

Bestalde, Iván Azcona Vicuña eta Iñaki Armendáriz Gainza jaunek 8179/2019 kasazio-errekurtsoa jarri zuten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 30eko 230/2019 Epaiaren aurka (180/2018 prozedura arruntari dagozkion autoak). Horren harira, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalak 74/2022 Epaia eman zuen 2022ko urtarrilaren 27an, eta bertan agindu zuen atzera eramateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Foruzaingoko hogeita hamazazpi lanpostu oposizio bidez betetzeko hautapen prozesuaren jarduketak (Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 20ko 754/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako prozesua), hain zuzen, oposizioaldiko hirugarren proba egin aurre-aurreko unera arte, helburu honekin: kalifikazio organoa berriz bildu ondoren, eta profila eta baremazio eta zuzenketa irizpideak ezarri eta aditzera eman ondoren, proba hori berriz egitea eta kalifikatzea, eta hautapen prozesuari jarraipena ematea deialdian ezarritako tramite guztiak betez, harik eta prozesua bukatu arte, betiere izangaiak gai deklaratuz gero.

Horretan oinarrituta, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 11ko 933/2022 Ebazpenaren bidez, aipatutako epaia bere horretan betetzeko agindu zen, eta jarduneko epaimahaia eratu eta proba psikoteknikoak egin ondoren, bi izangaiek gai kalifikazioa jaso zuten eta, beraz, oposizioaren lehenengo fasea gainditu zuten.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 1476/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxiki zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzura Nafarroako Foruzaingoko agente lanpostuan aritzeko izangaiak, baita Iván Azcona Vicuña eta Iñaki Armendáriz Gainza jaunak ere, deialdian ezarritako oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko, eta praktiketako funtzionario izendatu ziren.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 2220/2023 Ebazpenaren bidez, amaiera eman zitzaion Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitzeari eta Iñaki Armendáriz Gainza jauna praktiketako funtzionarioaren izendapenari.

Deialdiaren 9. oinarriak ezartzen du kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko dituela, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko duela (oposizioaldian ateratako guztirako puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko diola.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren abenduaren 20ko 106/2023 Ebazpenaren bidez, "Polizien Oinarrizko Prestakuntza (2023)" ikastaroko azkeneko kalifikazioak onetsi dira.

Aurrekoaren ondorioz, kalifikazio epaimahaiak Iván Azcona Vicuña jauna izendatzeko proposamena igorri dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, oinarrizko prestakuntza ikastaro hori gainditu baitu.

Jarraian, deialdiaren 10. oinarriak ezartzen duenez, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatuko ditu proposatuko izangaiak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iván Azcona Vicuña jauna izendatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario, Nafarroako Foruzaingoko agente izateko, eta 8216 lanpostu hutsa esleitzea, Altsasuko Herritarren Babes eta Arretarako Unitateari atxikia.

2. Nafarroako Foruzaingoko agente lanpostuaz jabetzeko eguna 2023ko abenduaren 30a izanen dela xedatzea, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik ez bada.

Aipatutako datan ez baldin badu lanpostuaren jabetza hartzen, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Barneko zuzendari nagusiari, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura eta Araubide Juridikoaren eta Gizarte Aurreikuspenaren Zerbitzura, eta interesdunei jakinaraztea. Interesdunei aditzera ematen zaie ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

4. Izendapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2318291