268. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2071E/2023 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) gehienez 20 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 16ko 95/2020 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2020. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2020ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Abenduaren 14ko 116/2022 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Foru dekretu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi da, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean aurreikusitako ordezte-tasari eta berariazko tasari dagokie.

Deialdi honen xedeko lanpostuak lehendik deitutako lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen direnak izanen dira.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) gehienez 20 lanpostu sarrera-prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa sistema erabiliz betetzea, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) gehienez 20 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2023ko azaroaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

ERANSKINA.–DEIALDIA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO OBSTETRIZIA-GINEKOLOGIAKO ERIZAIN ESPEZIALISTEN (EMAGINA) GEHIENEZ 20 LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostuak.

Deialdi honen xedea da Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emagina) gehienez 20 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, zehazki, lekualdatze-lehiaketan hutsik geratzen direnak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deitutako lanpostuak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:

–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, txanda irekian...

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, igoera txandan...

Txanda irekitik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, igoera txandakoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken lanpostua.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) Gehienez 8 lanpostu txanda irekian.

b) Gehienez 7 lanpostu igoera txandan.

c) 2 lanpostu desgaitasuna duten pertsonen txandan.

d) 3 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan.

Igoera txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero txanda horretako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekira igaroko dira.

Era berean, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, bidezko den txandakoei gehituko zaie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Halaber, baldin eta igoera txandan, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandan probak gainditzen dituzten izangaiak gehiago badira gelditzen diren lanpostu hutsen kopurua baino, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, igoera txandako izangaiak, desgaitasuna duten pertsonen txandakoak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako txandakoak, kasuan-kasuan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, txanda irekian onartuko dira, betiere txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte eta kontrakoa adierazten ez badute berariaz.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena (III. eranskina).

103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publikotasuna.

Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina)".

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdi honetako lanpostua B maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan estamentu eta espezialitateetako izendapenetarako indarrean den "Osasun diplomadunak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina)" espezialitatean dago sailkaturik (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina).

1.7. Ordainsariak.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Lotura organikoa.

Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.11. Hizkuntzak.

Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara, edo hizkuntza komunitarioren bat, jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako gradudun/diplomadun titulua eta Obstetrizia eta Ginekologiako Erizaintza espezialitatea (emagina) izatea, edo balio berekoa den beste bat, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.

2.1.3. Erreserba-txanda desgaitasuna dutenentzat.

Txanda irekirako adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Erreserba-txanda genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

Txanda irekirako adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan direla egiaztatu beharko dute.

2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzioa egiteko epea.

Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Inskripzio-eskaera eta tasak.

Inskripzio-eskaeraren aurkezpena eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, hots, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidearen bidez, "Oposizioak" erlaitzean, "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina)", eta gero "Inskripzioa" sakatuz.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori frogatzeko, baimena eman dakioke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren lan eskatzaile gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.3. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inskripzioa telematikoki egiten denean, tasa ordaintzetik salbuesteko dokumentazioa eskaneaturik erantsi beharko da, bai eta jarraian adierazten dena ere, kasuen arabera.

3.3.1. Baldin eta igoera txandan parte hartzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko badira:

–Ziurtagiri bat, zeinean agertuko baitira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

3.3.2. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan parte hartzen duten emakumeek agiri hauetakoren bat aurkezten ahalko dute egoera hori frogatzeko:

–Kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena badirela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak.

–Gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena.

3.3.3. Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.6. Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) aldi baterako kontratazioetarako ondoren osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskaera-orrian adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitara dadila aginduko du.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartzen duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu automatikoan esleituko zaiona parte hartzeko eskaera-orria aurkezten dutenean, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela foru agindu honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio-eskaera bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak ebazpen bidez izendatuko dira, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda onestearekin batera. Epaimahaikideen kopurua bakoitia izanen da, hiru kide gutxienez, eta ordezko kide kopuru bera izendatuko da, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2024ko urrian hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiaren barruan ariketa hau egin beharko da: test motako hainbat galderaz osatutako galdetegi bat erantzutea idatziz, I. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzunez gero, penalizazioa aplikatuko da. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 10 egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orriaren bidez, "Oposizioak" estekan, eta gero "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" ataletan sartuz, behar den kategoria aukeratuta. Merezimenduak deialdiaren baremoan adierazitako atalei jarraikiz aurkeztuko dira, hamar egun balioduneko epean, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hasita.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik O-NOZeko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun arloko diplomadunak" estamentuan eta "Obstetrizia eta Ginekologia (emagina)" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 10 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, prozesua gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroa izendapen proposamena argitaratu baino lehen hautatu eta esleituko da, hautapen prozesua gainditu eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaerei jarraikiz, parte hartzeko txandaren arabera eta lortutako hurrenkeraren arabera, eta betiere oinarri hauetan lanpostu horiek eskuratzeko ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

8.2. Lehenik eta behin, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek hautatuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek, horren barnean direla genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematikoki eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, 10 egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, zer lanpostu hautatu nahi dituzten adierazi beharko dute, lehentasun ordenari jarraikiz.

8.5. Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza, eta emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua lortzen duten izangaien alde. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.

9.2. Proposatutako izangaiek 30 egun naturaleko epea izanen dute, izendapen proposamena argitaratzen denetik hasita, kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek aurkezteko O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertu beharko baita funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera.

9.2.4. Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, ebazpen bidez, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emagina) lanpostuetan jardun dezaten.

10.2. Lanpostuaz jabetzeko epea hilabetekoa izanen da, izendapena jakinarazi eta biharamunetik. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Izendatzen diren izangaietako bat lehendik montepio baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: sartzen den Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek uko egiten badu, baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu dagokion epean eta moduan, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostuen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo haren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoei buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11.–Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko. (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.

11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

11.4.1. Titulazioa.

Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

11.4.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak lan eremu guztietako zerrendetan egonen dira, kontratazio luzeko zerrendetan, salbu eta eskatzen badute eremu/aukera batetik edo batzuetatik ateratzea.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak iraupen laburreko zerrendetan badaude, hasierako eskabidean egindako aukera zabaltzen ahalko dute, eta nahi dituzten eremu/aukera guztiak hautatzen ahalko dituzte.

11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.5. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetarako, euskararen ezagutzaren betebeharra edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.7. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte mantendu: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gaindituta izatea.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea erabiliz.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gai-zerrenda orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua eta lehen titulua. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: atariko titulua eta II. tituluko 53. eta 54. artikuluak.

2. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

3. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

4. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.

5. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa: I. titulua eta II. titulua.

6. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: I. titulua, II. titulua eta III. titulua.

7. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

8. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, zeinaren bidez arautzen baitira gaixoen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituzten eskubide eta betebeharrak.

Gai-zerrenda espezifikoa.

1. gaia.–Bioetikaren funtsezko printzipioak: dilema etikoak. Espainiako Erizaintzaren Kode Deontologikoa, eta Emaginen Nazioarteko Konfederazioaren Kode Etikoa. Lanbideko sekretua: kontzeptua eta araudi juridikoa.

2. gaia.–Ikerketaren metodologia. Ikerketa lan baten diseinua: helburua eta hipotesia, plangintza, kostuak, etika eta legezkotasuna. Laginaren tamaina eta baliozkotasuna. Laginketa-teknikak. Errore motak. Emaitzen komunikazioa. Artikulu zientifikoa eta komunikazio zientifikoa: prestaketa, aurkezpena eta argitalpena. Ebidentzian oinarritutako praktika klinikoa.

3. gaia.–Osasun demografia. Informazio iturriak eta adierazle demografikoak. Datuen azterketa. Osasun adierazleak: sailkapena eta erabilgarritasuna. Osasun beharren azterketa. Adierazle demografikoak: hilkortasuna, morbilitatea, prebalentzia, intzidentzia. Osasunarekin zerikusia duen bizi-kalitatearen (OZBK) definizioa.

4. gaia.–Estatistika osasun zientziei aplikatua. Kontzeptu orokorrak. Estatistika deskriptiboa. Estatistika inferentziala. Estatistika ez-parametrikoa. Ikerketa kuantitatiboa: definizioa. Biztanleria, lagina eta aldagaia kontzeptuak. Epidemiologia. Kontzeptua. Ikerketa motak. Ikerketa kualitatiboa. Ikerketa kualitatiboko diseinu eta metodo nagusiak. Ikerketa kualitatiboko teknikak, datuen analisia eta interpretazioa.

5. gaia.–Diagnosi metodoen baliozkotasuna: neurtzeko tresnen baliozkotasuna eta fidagarritasuna. Sentsibilitatea, espezifikotasuna. ROC kurbak. Aurresate-balio positiboa eta negatiboa.

6. gaia.–Osasun arazoen nazioarteko sailkapenak: CIE 10. Zaintzak sailkatzeko sistemak (NANDA, NIC, NOC).

7. gaia.–Osasungintzako kostuak. Kontzeptua. Kostu motak. Kostuen kalkulua: osasun produktua. Osasun zerbitzuen finantzaketa, kudeaketa eta hornidura. Ekitatea, efikazia, efizientzia eta efektibitatea kontzeptuak.

8. gaia.–Prozesu asistentzial integratuetan oinarritutako kudeaketa. Prozesu asistentzialen mapak. Euskarri prozesuak. Zainketa planak. Prozesua: haurdunaldia, erditzea, erdiberriaroa.

9. gaia.–Zainketen kalitatea: kontzeptua, metodologia eta programak. Kalitatea ebaluatzeko egungo joerak.

10. gaia.–Osasun zerbitzuak kudeatzeko sistemak. Gaur egungo joerak. Erizaintzako zerbitzuen kudeaketa. Erizaintzako produktua: kontzeptua eta neurketa. Zerbitzuen zorroa: kontzeptua. Osasun produktua neurtzeko sistemak.

11. gaia.–Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Jakinarazpen eta Ikaskuntza Sistema Pazientearen Segurtasunerako (SINAPs). Segurtasun gorabeherak jakinaraztea. Gertaera kaltegarrien saihesgarritasuna eta inpaktua.

12. gaia.–Irakaskuntza, lanbide garapenerako ezinbesteko jarduera. Emaginak gradu aurreko, gradu ondoko eta BAEE prestakuntzan parte hartzea. Etengabeko prestakuntza.

13. gaia.–Komunikazio eta aholkularitza teknikak.

14. gaia.–Generoa eta osasuna. Genero-indarkeria. Tratu txarrak. Emakumeen genitalen mutilazioa. Hautematea, prebenitzea, jardutea. Genero-ikuspuntuak gaixotzeko eta hiltzeko moduetan. Gaixotze-tasa diferentziala, biologia, ingurumena, pobrezia, indarkeria, laneko osasuna. Tratu txarren biktimentzako arreta integrala.

15. gaia.–Giza genetika: herentzia, geneak eta kromosomak. Mapa genetikoa eta kariotipoa. Herentzia patroiak: menperatzailea, errezesiboa eta poligenikoa. Alterazio kromosomatikoak eta herentziazkoak. Malformazio genetikoak: motak, sailkapena, zergatiak eta prebentzioa. Jaio aurreko diagnostikoa. Proba inbasiboak eta ez-inbasiboak. Aholkularitza eta jarduketa. Aholku genetikoa.

16. gaia.–Giza ugalketa. Gametogenesia: obogenesia eta espermatogenesia. Kontzeptu orokorrak. Gizonezkoen eta emakumezkoen ugalketa-sistemaren egitura eta eginkizuna. Kanpoko organo genitalak. Hezur-pelbisa. Pelbis biguna. Barneko organo genitalak. Histologia. Baskularizazioa. Lotailuak. Inerbazioa. Emakumezkoen ugalketa zikloa: ziklo obarikoa eta ziklo endometriala.

17. gaia.–Enbriologia. Enbrioi-egoeraren aurreko aldia: ernalketa, garraioa eta ezarpena. Enbrioi-egoeraren aldia: hosto germinalen bereizketa. Plazentaren ezaugarri morfologiko eta funtzionalak. Fetu garaia: Garapena. Fetu zirkulazioa.

18. gaia.–Ernalezintasun arazoak dituzten bikoteak: zergatiak, balorazio klinikoa, alternatibak; tratamenduak. Antzutasuna/Ernalezintasuna. Jaio aurreko/Jaio ondoko diagnostikoa.

19. gaia.–Laguntza bidezko ugalketa teknikak.

20. gaia.–Haurdunaldia. Anatomia eta fisiologia. Emakumeak izaten dituen aldaketa estrukturalak, funtzionalak, emozionalak eta psikologikoak. Diagnostikoa. Norberaren zainketa: elikadura, kanporaketa, ariketa/deskantsua, sexualitatea, garbiketa eta jantziak.

21. gaia.–Emakume haurduna eta bikotekidea jaiotzarako, amatasunerako/aitatasunerako eta hazkuntzarako prestatzea. Metodologia. Legedia: lana eta amatasuna. Laneko eskubideak.

22. gaia.–Haurdun gelditu aurreko kontsulta: Osasunerako hezkuntza. Jaio aurreko kontsulta: emakume haurdunari arreta ematea. Haurdunaldiaren kontrola. Historia klinikoa eta obstetrikoa. Azterketa orokorra eta obstetrikoa. Ohiko analitika eta proba diagnostikoak: adierazleak, prestaketa eta arriskuak. Haurdunaldiko arrisku faktoreak identifikatzea.

23. gaia.–Zoru pelbikoa: erditu aurreko balorazioa. Masaje perineala eta Kegel-en ariketak. Osasunerako hezkuntza.

24. gaia.–Infekzioen prebentzioa eta arreta haurdunaldian zehar. Immunizazio aktiboa edo pasiboa. Toxoplasmosia, listeriosia, errubeola, zitomegalobirusa, herpesa, hiesa, sifilisa, B eta C hepatitisa, estreptokokoa. Zika, Chagas-en gaixotasuna, COVID-19a. Gernubideetako infekzioak. Zainketak haurdunaldian, erditzean, erdiberriaroan eta edoskitze aldian. Osasun hezkuntza.

25. gaia.–Drogamenpekotasunetik eratorritako arazoak dituen haurduna. Esku-hartzeak.

26. gaia.–Arriskuko haurdunaldia: kontzeptua. Arrisku egoerak. Sailkapena, deskripzioa, zainketen planifikazioa. Ondorioak amarengan eta fetuarengan. Esku-hartzeak eta egoeraren balorazioa kasu hauetan: nahasmendu kardiobaskularrak, arnas aparatuarenak eta digestio aparatuarenak, tuberkulosia, listeriosia, toxemiak (hiperemesia, preeklanpsia, eklanpsia), nahasmendu hematologikoak, anemia, muskuloeskeletikoak, neurologikoak, diabetesa, obesitatea, hipertentsio prozesuak, isoimmunizazioa. Fetuaren heriotza. Arreta haurdunaldiko eta jaiotza inguruko doluari. Jarduteko jarraibideak. Osasunerako hezkuntza. Arreta eta zainketak.

27. gaia.–Odoljarioak haurdunaldian. Abortu mehatxua, abortua, haurdunaldi ektopikoa, mola, plazenta prebioa, plazenta-askatzea. Alarma seinaleak. Ondorioak amarengan eta fetuarengan. Berariazko esku-hartzeak.

28. gaia.–Fetuaren konplikazioak haurdunaldian. Fetuaren hazkundearen, garapenaren eta heldutasunaren balorazioa. Fetu anexuetatik eratorritako arazoak: plazenta, zilbor-hestea, mintzak eta likido amniotikoa. Haurdunaldiaren iraupenarekin lotutako arazoak. Erditze goiztiarra izateko mehatxua. Haurdunaldi luzea.

29. gaia.–Haurdunaldi anizkoitza eta erditze anizkoitza. Balorazioa eta zainketak. Berariazko esku-hartzeak.

30. gaia.–Balorazioa, arreta eta zainketak erditzean: zantzuak eta sintomak. Azterketak ospitalera iristean. Barneko eta kanpoko monitorizazioa. Amniorrexia. Erditze lanaren etapak: erditzearen fisiologia, amaren organismoa erditze lanetara egokitzea, fetua erditze-kanalera egokitzea. Fetuaren kokapena eta aurkezpena: nomenklatura. Amaren eta fetuaren balorazioa. Monitorizazioa. Erditzegrama.

31. gaia.–Zilbor-hesteko odol emateak. Definizioa. Prozedura. Lege alderdiak.

32. gaia.–Larrialdi obstetrikoko egoerak erditzean. Zilbor-hestearen prolapsoa; umetokiaren haustura; sorbalden distozia; umetokiaren atonia; likido amniotikoaren enbolia. Erditzearen odol-jarioak. Alarma-sintomak eta jarduketa-ildoak. Definizioa, sailkapena, etiopatogenia, arrisku faktoreak, adierazpen klinikoak eta esku-hartzea. Amaren BBB oinarrizkoa eta aurreratua.

33. gaia.–Erditze distozikoa. Tresneria bidezko erditzeak. Zesarea.

34. gaia.–Fetuaren ongizatearen balorazioa. Amaren eta fetuaren monitorizazio bioelektronikoa eta biokimikoa. Erregistro kardiotopografikoak interpretatzea. Fetuaren sufrimenduaren zantzuak. Emaginaren jarduna.

35. gaia.–Arreta-estrategia erditze normaletan. Emakumearentzako zainketak eta arreta erditzean. Erditze eta jaiotze plana. Ospitalez kanpoko erditzea. Episiotomia, indikazioa eta prozedurak. Perineoko urraduren sailkapena eta horiek konpontzeko prozedura. Konplikazioak eta sekuelak.

36. gaia.–Farmakoterapia haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan. Farmakoterapia erditzean: induktoreak, analgesia eta anestesia obstetrikoa.

37. gaia.–Mina arintzeko metodo ez-farmakologikoak.

38. gaia.–Dolua artatzea eta zainketak fetua umetokiaren barnean edo erditze ondoan hiltzean. Ezaugarriak eta dolu motak. Doluaren faseak. Dolua nola eraman. Heriotzaren ondoko arreta.

39. gaia.–Jaioberriaren balorazioa eta eman beharreko arreta. Apgar-en testa. Arrisku faktoreak eta arrisku egoerak identifikatzea. Jaioberria umetokiz kanpoko bizitzara egokitzea. Zainketak: oxigenoa ematea, termoerregulazioa, ongizatea eta segurtasuna. Balorazioa eta zainketak ospitaleratze aldian zehar: elikadura, kanporaketa, jarduera, loa. Jaioberrien baheketa metabolikoa eta hipoakusiakoa. Osasun hezkuntza. Haurrarekin lo egitea. Gurasoentzako orientazioa zainketei buruz. Jaioberriaren identifikazioa.

40. gaia.–Kontzeptua, esku-hartzea eta arreta honako honetan: garapenean eta familian zentratutako zainketak. Larruazala larruazalarekin, lotura afektiboa eta atxikimendua. Kanguru metodoa.

41. gaia.–Emakumeari arreta ematea erdiberriaroan. Erdiberriaro normala. Aldaketa fisiko eta psikologikoak. Balorazioa, zainketak, prebentzioa, hezkuntza, norberaren zainketak. Kontrola eta jarraipena: etxeko bisita; ama berria eta jaioberria kontrolatzeko programak. Erditu ondoko azterketa(k).

42. gaia-–Zoru pelbikoa: erditu ondoko balorazioa. Prebentzioa, aholkularitza eta bideratzea. Osasunerako hezkuntza.

43. gaia.–Erdiberriaroko arrisku egoerak. Kontzeptua, faktore etiologikoak eta batera gertaturiko faktoreak. Konplikazio orokorrak: odoljarioak, eritasun tronboenbolikoa, erdiberriaroko infekzioa: profilaxia, arreta eta zainketak. Perineoko urradura. Konplikazioak eta sekuelak.

44.gaia.–Ama berriaren egokitzapen psikosoziala. Osasun mentala erdiberriaroan. Erditze ondoko depresioa eta baby blues delakoa hautemateko eskalak eta balorazioa.

45. gaia.–Haurraren elikadura: amagandiko edoskitzea. Osasun hezkuntza eta amagandiko edoskitzea sustatzea. Jaiotzan eta edoskitzean ematen den asistentzia humanizatzeko ekimena (IHAN). Esnearen suzedaneoak merkaturatzeko nazioarteko kodea. Edoskitzea: hastea eta jarraitzea. Edoskialdi bat behatzea. Erregistroa. Arazorik ohikoenak. Edoskitzea egoera berezietan. Amaren esnea eskuz ateratzea eta kontserbatzea. Lanera itzulera. Formula-esnearekin elikatzea.

46. gaia.–Arriskua duten jaioberriak: erditze goiztiarreko jaioberriak, pisu gutxiegikoak eta erditze berantiarrekoak. Arazoen sailkapena. Jaioberrien anoxia. Erditzean gerta litezkeen traumatismoak. Hiperbilirrubinemia, jaioberriaren eritasun hemolitikoa, jaioberrien sepsia: zergatiak eta konplikazioak prebenitzea. Zainketa espezifikoak.

47. gaia.–Jaioberrien bihotz-biriken erreanimazio oinarrizkoa eta aurreratua.

48. gaia.–Osasun hezkuntza familia planifikazioan. Antisorgailuak. Indikazioak eta kontraindikazioak. Segurtasun mailak. Pearl-en indizea. Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Arreta antisorkuntzaren gaineko gaietan, eta arrisku-jokaeren prebentzioa.

49. gaia.–Haurdunaldia borondatez etetea. Legean aurreikusitako kasuak. 103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, identifikazioen antolamendua ezartzen duena.

50. gaia.–Sexu-transmisiozko infekzioak. Sifilisa, gonorrea, herpes genitala, trikomoniasia, kondilomak, kandidiasia. Beste eritasun batzuk: hiesa eta hepatitisa. Diagnostikoa eta tratamendua. Prebentzioa. Kontrola. Osasunerako hezkuntza.

51. gaia.–Emakumeari laguntzeko Plan Integrala. Arreta eta zainketak: nerabezaroan, menarkian, pubertaroan. Arazo ginekologikoak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Egiturazko arazoak. Prozesu inflamatorio eta infekziosoak. Sexualitatea. Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa.

52. gaia.–Erantzun-patroiak. Sexualitatea bizi-zikloaren etapetan. Sexualitatea. Sexualitatea bizitzeko zailtasunak. Sexu-hezkuntzako programak diseinatzea eta garatzea.

53. gaia.–Genitaletako eta bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra. Prebentzio programak. Epidemiologia. Laguntza ildoak. Minbizi ginekologikoa duten emakumeentzako arreta eta zainketak.

54. gaia.–Klimaterioa eta menopausia. Kontzeptu orokorrak. Emakumearentzako zainketak eta arreta ematea klimaterioan. Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa. Osasunerako hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo abstraketan egiten diren txostenak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Graduondoko prestakuntza:

–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

–Doktore gradua: 1 puntu.

–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitate batekoa: 1 puntu.

–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirian egiaztatutako aldia ikasturte akademiko osora iristen ez denean, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2316962