268. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

302/2023 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, zeinaren bidez zehazten baitira epeen zenbaketarako baliogabeak izanen diren egunak, Nafarroako Foru Komunitatean, 2024. urtean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.7 artikuluak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei epeen zenbaketarako egun baliogabeen egutegia zehazteko, bakoitzak bere lurraldean. Epeen zenbaketarako baliorik gabeko egunak ezartzerakoan, lan egutegi ofizialari jarraitu beharko zaio. Halaber, autonomia erkidego bakoitzeko toki entitateen egun baliogabeak ere sartuko dira egutegian.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 250/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 168/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehaztu ziren, 2024rako; horiek ere ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren egunak dira.

Aipatutako xedapenak ikusirik eta aldez aurretik Toki Araubideko Foru Batzordeak 2023ko abenduaren 19an egindako bilkuran aldeko txostena emanda, bidezko da, epeen zenbaketarako, 2024. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehaztea.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abenduaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Egun baliogabeak Foru Komunitatearen esparruan.

2024. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean, honako egun hauek izanen dira baliogabeak epeen zenbaketarako: larunbat eta igande guztiak, eta 2024ko urtarrilaren 1a, martxoaren 28a eta 29a, apirilaren 1a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, azaroaren 1a, eta abenduaren 3a, 6a eta 25a.

2. artikulua. Egun baliogabeak Nafarroako Toki Administrazioko entitateen esparruan.

Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateen esparruan, aurreko artikuluan aipatutako egunez gain, bertako jaiegunak gehituko dira; jaiegunok Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 168/2023 Ebazpenaren bidez ezarri ziren.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2023ko azaroaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2318434