1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
430E/2023 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Artaxoako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuak konpostatzeko eta kudeatzeko planta baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa, egiten duen jarduerari datxekion ingurumen erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermeari dagokionez. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Desarrollos Medioambientales La Coya da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 1180E/2016 Ebazpenaren bidez emana.
2021eko martxoaren 25ean, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, finantza-bermea kontratatzetik salbuesteko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, ingurumen arloko arriskuak ebaluatzeko txosten bat erantsi zuen, aplikatu beharreko araudiarekin bat ez zetorrena. Titularrak, halaber, eskatu zuen fidantza bat eratua eta Nafarroako Gobernuaren Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan gordailuan utzia izateko betebeharretik salbuets dezaten; izan ere, fidantza hori ezarrita dago hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren ondorioz Administrazioaren aurrean sortzen diren betebehar guztiei erantzuteko.
Eskaera oinarritzen da titularrak, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honi 2021eko urriaren 20an igorri zion erantzukizunpeko adierazpenean, haren arabera uste baitu nahitaezko finantza-bermea eratzetik salbuetsita dagoela, kalteak konpontzeko kalkulatu den zenbatekoa 300.000 eurotik beherakoa delako.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partez garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, jarduerari datxekion ingurumen erantzukizunari aurre egiteko bide emanen dion finantza-bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzeari buruzkoak.
Alabaina, zerbitzu honek uste du ez dela bidezkoa titularra fidantza bat eratua izateko betebeharretik salbuestea, fidantza hori ezartzen baita hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren ondoriozko betebehar guztiei erantzuteko.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Artaxoako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuak konpostatzeko eta kudeatzeko planta baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa, egiten duen jarduerari datxekion ingurumen erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermeari dagokionez. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Desarrollos Medioambientales La Coya da.
Bigarrena.–Ukatzea Artaxoako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuak konpostatzeko eta kudeatzeko planta baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren ondoriozko betebehar guztiei erantzuteko fidantzari dagokionez. Instalazioaren titularra Desarrollos Medioambientales La Coya da.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Desarrollos Medioambientales La Coyara eta Artaxoako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2316534