265. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

423/2023 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Girgillaoko udalerriko muga-lerro batzuk berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanen hasiera xedatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal-mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal-mugartearen mugaketa zehatza, "muga-lerro jurisdikzionalak" izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Are gehiago, muga-lerro horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitate handikoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.

Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu dokumental eta kartografiko multzo batean oinarritzen da. Datu horiek Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean gordetzen dira.

Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, hori ere udal jatorria duena eta haren eskumenean dagoena: Nafarroako katastroetako datuak. Horiek ere udalen muga-lerroen kartografia ematen dute, baina beste helburu batekin, helburu fiskalarekin, alegia.

Maiz, bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, arrazoi askorengatik: batean edo bestean nahiz bietan datu zehaztugabeak izatea, eskala eta lan metodologia desberdinak erabili direlako, garai desberdinetan jaso direlako edo erakunde desberdinek egin dutelako bilketa.

Egoera hori dela eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.

Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan-programa bati heltzea, pixkanaka helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan arau eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofizialaren batasun erabatekoa lortzea.

Testuinguru horretan, 2023ko urtarrilaren 12an, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskaera egin zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari, lehentasuna eman ziezaien lurzatiak biltzeko eremu berrietan udalerrien muga-lerroak ezartzeko prozedurei. Horretarako, lehentasun handieneko eremu gisa aipatu zuen Girgillaoko udalerriaren mugak hartzen dituena, Etxarrentxuloko eta Girgillaoko kontzejuen mugei dagokienez.

Lan-programa horren esparruan ematen da ebazpen hau, Girgillao-Gares, Gesalatz-Girgillao eta Zirauki-Girgillao jurisdikzioko muga-lerroak berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanen hasiera xedatzeko.

Izapide horiek ukitzen dituzte ondoko beste udalerri batzuk ere, aurrekoekin partekatzen baitituzte lerro horien hasierako edo amaierako mugarriztatze-puntuak, hala nola Artazu, Beraskoain, Mañeru eta Jaitz.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko geografoak aldez aurreko lan teknikoa eta administratiboa egin du, 2023ko urriaren 23ko txosten teknikoan adierazten den bezala.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hasiera eman diezaiela udalerrien arteko muga-lerro jurisdikzional hauek berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei:

1) Girgillao - Gares.

2) Zirauki - Girgillao.

3) Gesalatz - Girgillao.

2. Artazu, Beraskoain, Zirauki, Gesalatz, Girgillao, Mañeru, Gares eta Jaitzeko udalei eskatzea mugaketarako udal-batzordeak izenda ditzatela, lankidetzan aritzeko eta aipatutako lanak berresteko. Batzorde horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

3. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei, modu egokian, gaur egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatu daitezen.

4. Jendaurrean jartzea ebazpen honen 1. zenbakian adierazitako udal muga-lerroak zuzentzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko oinarrizko proposamenak, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, lanen xedeari buruzko informazioa edo ekarpenak jasotzeko. Hori helburu, dokumentazioa aztergai egonen da Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren bulegoetan (Arrieta kalea 12, 4. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-046.23.000

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukituriko udaletara igortzea, baita Institutu Geografiko Nazionaleko Eskualdeko Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren unitate hauetara ere: Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzua; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia Atala; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atala; Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atala; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

6. Ebazpen honen 4. zenbakian xedatutako ondorioetarako, ebazpen hau Etxarrentxulo, Girgillao eta Garisoaingo kontzejuei ere igortzea.

Iruñean, 2023ko azaroaren 13an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2316386