1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
416E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira honako programa honen deialdiaren 3. eta 4. oinarriak eta I., II. eta III. eranskinak: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN identifikazioa: 574654; 597225; 597302; 597306.
Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 51E/2021 Ebazpenaren bidez, izen hau duen dirulaguntzarako deialdia onetsi zen: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan".
Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 58E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 12. oinarria aldatu zen.
Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 114E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 4.5 oinarria aldatu zen.
Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) MP enpresa-erakunde publikoko presidentearen ebazpen baten bidez, handitu egin zen mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programarako (MOVES III programa) aurrekontua, hots, apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen programarena. Ebazpen horretan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua handitzea onetsi zen, hain zuzen ere 17.840.000,00 euroan.
Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 175E/2022 Ebazpenaren bidez, aurrekontua handitu zen eta deialdiaren 8. eta 10. oinarriak aldatu ziren, laguntzen deialdi honetan: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN: 574654; 597225; 597302; 597306.
Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) MP enpresa-erakunde publikoko presidentearen 2023ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, bigarrenez handitu zen mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programarako (MOVES III programa) aurrekontua, hots, apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen programarena. Ebazpen horretan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua handitzea onetsi zen, hain zuzen ere 5.347.300,00 euroan.
Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiaren urriaren 2ko 318E/2023 Ebazpenaren bidez, bigarrenez handitu zen aurrekontua eta deialdiaren oinarriak aldatu ziren, laguntzen deialdi honetan: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN: 574654; 597225; 597302; 597306.
2023ko azaroaren 15ean, Estatuko Aldizkari Ofizialaren 273. zenbakian argitaratu da 821/2023 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren indarraldia luzatu eta hura estatu-laguntzen esparrura egokitzen duena, errege dekretu horren bidez onetsi baitzen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), betiere Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Horrenbestez, eta adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea 3. oinarriko (Aurrekontuko zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea) 3. apartatua, uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko da idatzita:
"3.3. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2024ko uztailaren 31n bukatuko.
Eskaerak aurkezteko epealdia amaitutakoan ez da eskaera gehiago onartuko.
Aurrekontu erabilgarria ahitzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus)".
2. Aldatzea 4. oinarriko (Jarduketa diruz lagungarriak) 2. apartatua, uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko da idatzita:
"4.2. 11.1 artikuluko 1. zenbakian aipatzen diren azken hartzaileentzat, eta 4. zenbakian sartzen diren enpresa txiki eta ertainentzat, betiere berariaz hautatu baldin badute birkargatzeko azpiegitura ezartzeko laguntza programako eskaeretan, dagokion laguntzak ematerakoan, bete beharko dira, bereziki, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako betekizunak eta mugak, une bakoitzean aplikagarriak direnak, laguntza programak indarrean diren artean, eta geroago dituen aldaketak kontuan izanik, alde batera utzi gabe horri buruz ezar daitekeen araubide iragankorra eta aplikagarriak gerta daitezkeen gainerako xedapenak, Espainiako zein Europar Batasuneko zuzenbidekoak, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eta kudeatzeko onesten direnak.
Errege dekretu horren bidez onetsitako pizgarrien programen bidez diruz lagun daitezkeen jarduketak apartatu honetan zehaztutako de minimis araubideari lotuko zaizkio, eta jarduketak onartzeko hautagarritasun aldia 2021eko apirilaren 10etik deialdien indarraldia bukatu arte izanen da, edozein dela ere horiek justifikatzeko eta egikaritzeko aldia".
3. Aldatzea 4. oinarriko (Jarduketa diruz lagungarriak) 3. apartatua, uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko da idatzita:
"4.2. 11.1 artikuluko 4. zenbakian aipatzen diren azken hartzaileentzat, aurreko apartatuan jasotakoentzat izan ezik, bai eta merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzen dituzten 5. zenbakian sartutakoentzat ere, errege dekretu horren bidez onetsitako programen laguntzak ematerakoan, bete beharko dira Europako Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduan –zeinaren bidez aldatzen baita 651/2014 (EB) Erregelamendua– ezarritako betekizunak eta mugak, ingurumena babesteko laguntzen kategoriari (7. atala) dagokion salbuespena aplikatuta, 36 bis eta 36 ter artikuluak, alde batera utzi gabe aplikagarriak gerta daitezkeen Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenak, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eta kudeatzeko onesten direnak.
Hori dela-eta, kategoria horretako (7. atala) laguntzetara bideratzen ahalko den urteko batez besteko aurrekontua, 1. apartatuan zerrendatutako jarduketa edo programa edo pizgarri-araubide bereizi bakoitzerako, ezin izanen da 150 milioi euro baino gehiago izan, eta laguntzek muga bat izanen dute azken hartzaileko eta deialdiko; oinarrien III. eranskinean ezartzen da muga hori.
Apartatu honetan aurreikusitako azken hartzaileentzat, errege dekretu horrek onetsitako pizgarri programen eragin pizgarria mantentze aldera, dagokion laguntza eskaera erregistratu ondoren eginiko jarduketa diruz lagungarriak baino ez dira onartuko, edozein dela ere horiek justifikatzeko eta egikaritzeko aldia".
4. Aldatzea I. eranskineko (Dirulaguntzarako onartzen diren jarduketen baldintzak) "2. pizgarri-programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea" epigrafearen 1. apartatuko bigarren eta hirugarren paragrafoak, "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko dira idatzita:
"Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura sarbide publikokoa zein erabilera pribatukoa izan daiteke. Elektrizitate transferentzia 22 kW edo gutxiagoko potentziarekin egitea ahalbidetzen duten birkarga azpiegituren inbertsioetarako laguntza eskaerek, baldin eta atxikitzen bazaizkie Europako Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduari –zeinaren bidez aldatzen baita 651/2014 (EB) Erregelamendua–, egiaztatu beharko dute birkarga adimenduneko funtzionalitateak onartzeko gai direla, Europako Batzordearen eta Kontseiluaren 2023ko irailaren 13ko 2023/1804 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 65) apartatuko definizioaren arabera (erregelamendu hori erregai alternatiboetarako azpiegitura ezartzeari buruzkoa da, eta haren bidez 2014/94/EB Zuzentaraua indargabetzen da).
Kostu hauek dira diruz lagungarriak: proiektua; obra zibila; ingeniaritzak eta obra-zuzendaritzak eragiten dituzten kostuak; kargatzeko azpiegiturak eragiten duen kostua; elementu elektrikoak (transformagailua barne) instalatzea edo aldatzea; banaketa-sarera konektatzea; kargatzeko azpiegitura sarera edo elektrizitatea bertan sortzeko edo biltegiratzeko unitatera konektatzeko behar diren mozketa eta transformazio zentroak eta tentsio ertaineko hargunea; lurrak edo errepideak egokitzeko lanak; instalazioaren kostua; beharrezko baimenen kostua. Energia elektriko berriztagarria bertan sortzeko edo biltegiratzeko unitaterik egonez gero, hautagarriak izanen dira bakar-bakarrik baldin eta birkarga punturako baino ez badira erabiltzen eta birkarga estazioaren osagaitzat har badaitezke. Elektrizitatea bertan sortzeko instalazioaren ekoizpen gaitasun nominalak ez ditu gaindituko hari loturiko birkarga azpiegiturak dituen potentzia nominal maximoa edo birkargarako gaitasun maximoa. Beraz, sarera konektatutako energia berriztagarriko unitateak ez dira hautagarriak izanen, nahiz eta ibilgailuak kargatzeko puntuarekin partez lotuta egon. Honako hauek ere diruz lagungarriak izanen dira, egonez gero: birkarga estazioko ordainketa sistema, seinaleztapena, eta kudeaketa, kontrol eta segurtasuneko sistema".
5. Aldatzea III. eranskineko (Laguntzen zenbatekoa) "2. pizgarri-programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea" epigrafea, uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko da idatzita:
"Laguntzak zortziehun mila euroko (800.000 euro) muga izanen du espediente bakoitzeko, salbuespen hauekin: 11.1 artikuluko 1. zenbakian definitutako azken hartzaileentzat eta beren laguntza eskaera de minimis araubidera atxikitzea nahiago duten enpresa txiki eta ertainentzat, eskatzaile bakoitzeko muga bat izanen da, aplikagarria zaien Europar Batasuneko araudian finkatutakoa; eta 11.1 artikuluko 2. zenbakian definitutako azken hartzaileentzat, aldiz, espediente bakoitzeko muga bat, bost mila eurokoa (5.000 euro).
Azken hartzaile berari ez zaio inola ere bi milioi eta erdi euro (2,5 M euro) baino gehiago ematen ahalko dagokion deialdi autonomikoaren indarraldi osoan, eta enpresa berari ez zaio ematen ahalko kasuan kasuko deialdiaren aurrekontuaren %40 baino gehiago.
11.1 artikuluko 1., 2., 3. eta 5. zenbakietan azaltzen diren laguntzen azken hartzaileen kasuan, azken horren kasuan baldin eta azken hartzaileak ez badu merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzea dakarren jarduera ekonomikorik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura instalatzeko laguntza eta, halaber, jabeen erkidegoetan birkarga jartzeko aurreinstalazio jarduketetarako laguntza kostu diruz lagungarriaren %70 izanen da, betiere aurreko paragrafoko mugak gainditu ezean. Kostu diruz lagungarriaren %80ra ere iristen ahalko da, 5.000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta daudela justifikatzen duten jarduketetarako.
11.1 artikuluko 4. zenbakian sartzen diren azken hartzaileentzat eta, halaber, merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzea dakarren jarduera ekonomikoren bat duten 5. zenbakiko azken hartzaileentzat, kostu diruz lagungarrien %20ko laguntza emanen da, baldin eta birkarga azpiegitura sarbide publikokoa bada eta 50 kW edo gehiagoko potentzia badu.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren laguntzei 20 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkie onuraduna enpresa ertaina izanez gero; onuraduna enpresa txikia bada, laguntzaren ehunekoari 30 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkio.
11.1 artikuluko 4. zenbakian sartzen diren azken hartzaileentzat eta, halaber, jarduera ekonomikoa duten 5. zenbakikoentzat, birkarga azpiegitura erabilera pribatukoa edo sarbide publikokoa bada, baina 50 kW-etik beherako potentzia badu, kostu diruz lagungarrien %20ko laguntza emanen da, eta ehuneko horri beste 10 puntu gehitzen ahalko zaizkio enpresa txiki eta ertainei emandako laguntzen kasuan. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, laguntzaren ehunekoari 10 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkio, inbertsioak 5.000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta badaude.
4. zenbakian enpresa txiki edo ertainen kasuan, aukeratzen baldin badute 2. jarduketako laguntzarako bere eskaera de minimis araubidera (13. artikuluko 2. apartatuan zehazten da) atxikitzea, sarbide publikoa eta 50 kW edo gehiagoko potentzia duten birkarga azpiegituren inbertsioetarako, kostu diruz lagungarrien %45eko laguntza emanen zaie enpresa ertainei, eta %55ekoa enpresa txikiei. Ehuneko horiei 5 puntu portzentual gehitzen ahalko zaizkie, inbertsioak 5.000 bizilagunetik beherako udalerrietan kokatuta badaude".
6. Aldatzea II. eranskineko (Egindako jarduketak frogatzeko eskatzen den dokumentazioa) "2. pizgarri-programa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea" epigrafeko 8. apartatua, 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa) 2021" laguntzen deialdian. Honela geldituko da idatzita:
"8. Autonomia erkidegoko organo eskudunak instalazio elektrikoaz egindako ziurtagiriaren kopia. Jarduketak egiteko nahitaezko lizentziarik edo administrazio baimenik behar izanez gero, horiek lortu direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da. Sarbide publikoko birkarga instalazioetan, frogatu beharko da ez dela erabiltzailerik diskriminatzen, eta ibilgailuak kargatzeko ez dela behar birkarga puntuaren operadorearen eta erabiltzaileen arteko kontraturik. Birkargaren potentzia 22 kW-ekoa edo gutxiagokoa bada eta Europako Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamendura –zeinaren bidez aldatzen baita 651/2014 (EB) Erregelamendua– atxikitzen bazaizkio, ekipamenduaren zehaztapen teknikoen agiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena birkarga adimenduneko funtzionalitateak onartzeko gai dela, 2023/1804 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 65) apartatuko definizioaren arabera".
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2317325