1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
19/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Maite Ezcurra Mata andrea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari atxikitako aholkulari juridikoa, ordezko batzordekide izendatzen duena, zerbitzu horren ordezkari gisa, Gloria Arancón Largo andrearen ordez.
Abenduaren 1eko 104/2021 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duenak, 4.1 artikuluan ezartzen du Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea honako hauek osatuko dutela:
a) Nafarroako Foru Komunitateko abokatuen elkargo guztiak ordezkatzen dituen abokatuen elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen letradua.
b) Iruñeko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen prokuradorea.
c) Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat, zerbitzua atxikia duen departamentuko titularrak izendatua.
d) A mailako funtzionario bat, zuzenbideko graduduna, justiziaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusikoa, zuzendaritza nagusi hori atxikia duen departamentuko titularrak izendatua.
Artikuluaren laugarren apartatuak dioenez, batzordearen lanen jarraitutasuna eta funtzionamendu ona bermatze aldera, izendapenen ardura duten erakunde eta organoek beste ordezko bat ere izendatuko dute batzordeko kide bakoitzeko, batzordeko buruarena barne.
Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren azaroaren 2ko 17/2022 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen osaera ezarri zen, eta Gloria Arancón Largo andrea ordezko batzordekide izendatu zen, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren ordezkari gisa.
Duela gutxi, Gloria Arancón Largo andrea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzuko zuzendari izendatu dute, eta horrek berekin dakar automatikoki kendu beharra batzordeko ordezko kide izatetik, aipatutako foru dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, gaur egun ez baitago Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari atxikita.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak Maite Ezcurra Mata andrea proposatu du batzorde horretako ordezko kide izan dadin, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren ordezkari gisa, Gloria Arancón Largo andrearen ordez.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarria den Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 1eko 104/2021 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Maite Ezcurra Mata andrea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari atxikitako aholkulari juridikoa, ordezko batzordekide izendatzea, zerbitzu horren ordezkari gisa, Gloria Arancón Largo andrearen ordez.
2. Foru agindu hau interesdunei, Nafarroako abokatuen elkargoei eta Prokuradoreen Elkargoari jakinaraztea.
3. Foru agindu hau Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari eta Justiziako Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 10ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.
Iragarkiaren kodea: F2317434