263. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskola bereziko irakaslearen 1 lanpostu, piano espezialitatekoa, oposizio bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritze aldera

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2023ko azaroaren 20an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da musika eskola bereziko irakaslearen 1 lanpostu, piano espezialitatekoa, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa, oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostua, Hezkuntza, Berdintasuna eta Kultur Aniztasuna Alorrari atxikia eta plantilla organikoan 202902-5 zenbakiarekin identifikatua, honako txanda honetan banatuko da:

–1 lanpostu txanda irekian

Lanpostu hori aldatzen ahal da musika-eskola bereziko piano espezialitateko 1 irakasle-lanposturako lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera, zeina Iruñeko Udaleko Pertsonen Kudeaketako zuzendariak ebazpen bidez onetsi baitzuen 2023ko azaroaren 3an.

1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2. Baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko Diplomatura- edo Gradu-titulua, Ingeniaritza Teknikoko titulua, Arkitektura Teknikoko titulua edo baliokidea, eta erdi-mailako musika-ikasketetako lanbide titulua piano-espezialitatean edo goi-mailako Ikasketen titulua piano-espezialitatean edo, hala badagokio, espezialitate horretako erdi-mailako musika-ikasketen Irakasle titulua, Musika Kontserbatorioen Araudi Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuarekin bat emana, edo hura eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Interneten bidez, www.pamplona.es/eu helbidean, honako nabigazio bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.

Desgaitasuna duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskaeran, eta zehaztu, horretarako prestatutako espazioan, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskaera aurkezteko unean, 3.4 puntuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzeko unean, telematikoki ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Unibertsitateko Diplomatura- edo Gradu-titulua, Ingeniaritza Teknikoko titulua, Arkitektura Teknikoko titulua edo baliokidea, eta erdi-mailako musika-ikasketetako lanbide titulua piano-espezialitatean edo goi-mailako Ikasketen titulua piano-espezialitatean edo, hala badagokio, espezialitate horretako erdi-mailako musika-ikasketen Irakasle titulua, Musika Kontserbatorioen Araudi Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuarekin bat emana edo horietako baten baliokidea den titulua, edo hura eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Pertsonen Kudeaketako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiz, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Pertsonen Kudeaketako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ana M.ª Góngora Urzaiz, Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: José Manuel Santana Toledo, Iruñeko Udaleko pedagogoa.

Epaimahaikidea: Luis Notario Ibarrola, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Musikako irakasle bat, pianoko espezialitatekoa.

Epaimahaikidea: musikako irakasle bat, piano espezialitatekoa.

Epaimahaikide ordezkoa: Musikako irakasle bat, pianoko espezialitatekoa.

Epaimahaikidea: María José Elverdin Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Jesús Lecumberri Rada, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Álvaro de Santiago Goñi, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko idazkaria.

Idazkari ordezkoa: María Arratibel Aramburo, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko ikasketaburua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2024ko irailetik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu, horiek denak baztertzaileak:

6.3.1. Lehen proba.

Probak 2 ariketa ditu. Izangaiak 4 ordu izanen ditu guztira atal hau egiteko, eta ezinen du inolako materialik ekarri.

–A ariketa: I. eranskinean agertzen diren espezialitateko gaien artetik Epaimahaiak ausaz ateratako bi gairen artean izangaiak bat aukeratu eta idatziz garatu beharko du.

Honako alderdi hauek baloratuko dira: izangaiaren originaltasuna eta ekarpen pertsonala; laburtzeko gaitasuna; gaiaren enuntziatuko puntu guztiak garatzea, edukia, argitasuna eta ideien ordena, eta idatzizko adierazpena; edukien aplikazioa ikasgelan eta erabili beharreko baliabide didaktikoak, bai eta epaimahaiak egoki jotzen dituen beste zenbait alderdi ere.

–B ariketa: Izaera teoriko-praktikokoa, izangaiek Lan-plan bat eginen dute espezialitate honetako instrumentuko laugarren urteko mailako obra bat irakasteko eta ikasteko. Obra hori Epaimahaiak proposatuko du, eta honako alderdi hauek garatu beharko dira:

  • Gidoi bat azaltzeko aurrez zer alderdi landu behar izan dituzten ikasleek egungo ikasketetan obra horri heldu ahal izateko.
  • Irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako baliabideak, estrategia metodologikoak eta jarduerak, baita erabili beharreko baliabide didaktikoak ere: izangaiak beharrezkotzat jotzen dituen estudioak, ariketa teknikoak, eta abar.
  • Izangaiak kontuan hartu nahi dituen beste alderdi batzuk.

Behin bi ariketak amaitutakoan, izangaiak gehienez 45 minutu ditu gaiaren garapena eta Lan-plana irakurtzeko, aurrez idatzi ez duen ezer erantsi gabe. Epaimahaikideek egoki jotzen dituzten azalpenak eskatzen ahalko dituzte.

Atal honetan gehienez ere 40 puntu eskura daitezke. Proba gaindituko dute gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.3.2. Bigarren proba.

izangaiak aukeratutako kontzertu-programa bat aurkeztu beharko du, piano-literaturako gutxienez hiru garai edo estilo esanguratsuenetako obrak biltzen dituena. Obra guztiek argitaratuta egon beharko dute. Baldintza hori betetzen duten obratzat joko dira lege-gordailua duten partiturak eta, hura ezarri aurretik edo atzerrian agertutakoen kasuan, argitaletxe ezagunek argitaratutakoak.

Aniztasuna, interes artistikoa eta aurkeztutako programan trebetasun ezberdinak eta/edo estiloak menderatzen direla erakusteko aukeratutako errepertorioaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: egituraren gaineko kontzientzia musikala, testuaren doitasuna, erritmo-sentimendua, agogikak, dinamikak, fraseatzea, soinu-planoak, soinuaren oreka pasarte bakoitzari egokitua, soinuaren kalitatea erregistro eta dinamika desberdinetan, interpretazio estilistikoa, pedalak egoki erabiltzea, komunikazioa, adierazkortasuna, sentikortasuna, soinu-irudimena, kontrol psikologikoa, presentzia eszenikoa, memoria, eta epaimahaiak egoki jotzen dituen beste zenbait alderdi.

Izangaiak aurkeztutako programatik epaimahaikideek aukeratutako obrak jo beharko ditu izangaiak, gutxienez 20 minutuz eta gehienez 30 minutuz. Epaimahaikideek mugimendu zehatzak jotzeko eskatzen ahalko dute, obrek adierazitako denbora-muga gainditzen dutenean.

Izangaiek aurkeztutako obren partitura orokorren hiru kopia emanen dizkiete epaimahaikideei, baita gidoi bat ere, aurkeztutako obra bakoitzaren minutajea eta horien mugimenduak adierazita, Kopiak eta deskribatutako gidoia ez aurkezteak epaimahaiaren zigorra ekarriko du.

Bigarren atal honetan gehienez ere 20 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute gutxienez 10 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.3.3. Hirugarren proba.

20 minutuko eskola bana eman beharko die, maila ezberdineko bi ikasleri.

Proba honetarako, izangaiak egoki irizten dituen material guztiak ekartzen ahalko ditu.

Bi eskoletan honako alderdiak baloratuko dira: ikasleekiko komunikazioa eta harremana; ikasleen arazoak hauteman eta konpontzeko gaitasuna; hainbat baliabide eta estrategia erabiltzea eduki bat barneratzea lortzeko eta alderdi tekniko eta musikalak hobetzeko; egokitasuna, koherentzia, sekuentziazioa eta epaimahaiak egoki iritzitako beste zenbait alderdi.

Hirugarren atal honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Proba gaindituko dute gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.4. Proba bakoitza amaituta, tribunalak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko du izangaiek erdietsitako puntuazioa eta 5 egun baliodunetako epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Pertsonen Kudeaketako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde ebatziko da eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Alfabetoko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta. Ondorio horietarako, "ZZ" letren ondoren "AA" letrak joanen dira. Haren lehen abizena hasierako bi hizkiekin hasten den izangairik ez badago, kontuan hartuko da zer abizen dagoen hurrengoa hurrenkera alfabetikoan. Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

8. Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Pertsonen Kudeaketako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori bete ostean, Pertsonen Kudeaketako zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak– eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. zenbakian ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie, erabaki bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie zuzenean.

10.5. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11. Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz Epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan.

12. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Pertsonen Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.

12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera. Halaber, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenen izangaien hurrenkera, gainditutako proba-kopuru handienaren arabera zehaztuko da, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, gainditutako probetan guztira lortutako puntuaziorik altuenaren arabera, 12.1 apartatuko c) letran ezarritako kasuan izan ezik, zerrendaren hurrenkera lehen proban lortutako puntuazio altuenari jarraikiz ezarriko baita.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.5. Aurreko atalean ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Zazpigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostuetako lehena erreserbatuko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonentzat, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa eta gainditutako proba-kopurua kontuan harturik.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2023ko azaroaren 20an.–Batzarreko idazkaria, Carlos Casimiro Salvador Armendáriz.

I. ERANSKINA.–GAITEGIA

1. gaia.–Oinarrizko printzipioak (1) Musika Eskola batean pianoaren teknika irakasteko. Gorputzaren kokapena eta jarrera instrumentuarekiko. Besoaren segmentuen eta artikulazioen mekanismoa eta funtzioak. Horietatik eratorritako mugimenduak eta mugimendu-konbinazioak. Hatzen bizkortasuna, indarra eta independentzia garatzea. Eskuen independentzia eta koordinazioa. Metodoak, estudioak eta beste material pedagogiko batzuk aukeratzeko irizpide didaktikoak printzipio horiek barneratzeko eta berariazko arazo teknikoak konpontzeko, hastapen-mailan. Metodologia progresiboa hori irakasteko.

2. gaia.–Oinarrizko printzipioak (2) Musika Eskola batean pianoaren teknika irakasteko. Soinuaren kalitatea kontrolatzea eta ikasleengan entzuteko gaitasuna garatzea. Pedalen eragina pianoaren sonoritatean. Metodoak, estudioak eta beste material pedagogiko batzuk aukeratzeko irizpide didaktikoak printzipio horiek barneratzeko eta berariazko arazo teknikoak konpontzeko, hastapen-mailan. Metodologia progresiboa hori irakasteko.

3. gaia.–Gorputz-kontzientziazioko tekniken didaktika Musika Eskola batean: Erlaxazio fisikoa eta mentala, kontzentrazio mentala, jarrera-ohiturak, arnasketa, kontrol eta bistaratze mentala, beldur eszenikoa, etab. Alderdi anatomiko eta fisiomekaniko garrantzitsuenak, pianoaren teknikari lotuta. Denboralizazioa eta jarduerak prestakuntza-etapa eta adin ezberdinetan.

4. gaia.–Instrumentuaren hastapeneko eskola eta sistema pedagogiko garrantzitsuenen deskribapena eta azterketa konparatua. Metodologia desberdinen aplikazio motibatua Musika Eskola bateko ikasgelan. Metodo, estudio eta bestelako material pedagogikoen hautaketa justifikatua.

5. gaia.–Barrokoko eta Klasizismoko tekla-instrumentuetarako errepertorioaren didaktika Musika Eskola bateko ikasgelan. Errepertorio horren piano-interpretazioaren ezaugarriak eta berariazko arazo teknikoen konponbidea. Errepertorioa hautatzeko irizpide didaktikoak.

6. gaia.–XIX. mendetik XXI. mendera bitarteko musikaren pianorako errepertorioaren didaktika Musika Eskola bateko ikasgelan. Errepertorio horren piano-interpretazioaren ezaugarriak eta berariazko arazo teknikoen konponbidea. Errepertorioa hautatzeko irizpide didaktikoak.

7. gaia.–Pianoa Musika Eskola bateko instrumentu-taldeetan. Pianoko ikasleak piano-akonpainamendu gisa. Pianoaren interpretazioaren ezaugarriak modalitate horietan eta ikasleendako estrategiak. Diziplinartekotasuna gainerako irakasgaiekin eta instrumentu-espezialitateekin. Jardueren proposamena.

8. gaia.–Ikaslearen lan indibidualaren orientazioa: ikasketetan autonomia garatzeko estrategiak. Ikasleak digitazioa arrazionalizatzea eta bilatzea. Lan-metodoak eta ikaslearen gaitasunaren garapena, musika-testuaren zailtasunei irtenbideak aurkitzeko. Oinarrizko mailan aplikatzeko estrategiak.

9. gaia.–Pianoko eskola kolektiboa eta hezkuntza prozesuan duen funtzioa. Maila honetako jarduera kolektiboen programazioa. Irizpide didaktikoak eskola kolektiborako metodoak, estudioak, errepertorioak eta beste material pedagogiko batzuk aukeratzeko.

Iragarkiaren kodea: L2317073