Iragarkia
263. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1015E/2023 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez ematen da Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren Ingurumen adierazpen estrategikoa. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua da.
I.–Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitazioa.
Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, egiaztatu ondoren dokumentazioak betetzen dituela bai legeria sektoriala bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24. artikuluan ezarritakoa, 2023ko urriaren 20an aurkeztu zuen, Biodibertsitate Zerbitzuan, Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Plana, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatu duena.
Lehenago, izapide substantiboaren barruan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2022ko apirilaren 1ean, planaren zirriborroa parte-hartze publikoko prozesu batean jarri zuen; Nafarroako Ekologistak Martxan erakundeak egin zuen ekarpen bat, hainbat alderdiren inguruan, eta haietatik, hauek hartu dira aintzakotzat:
–Planari ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura aplikatuko zaio.
–Neurri berri bat erantsi da, M.10 delakoa, zaintza sarea hobetzeari buruzkoa, estazio berriaren ekarpenarekin.
–Dokumentuan jarraipen eta berrikuspen atal bat erantsi da.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2022ko abenduaren 19an, Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta hasteko eskatu zuen. Horretarako, planaren zirriborroa aurkeztu du Biodibertsitate Zerbitzuan, hasierako dokumentu estrategikoarekin batera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 18. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, planak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin dakien eta irismen txostena egin dadin.
Urtarrilaren 17an, 22 erakunderi kontsultak egin zitzaizkien: autonomia erkidego mugakideei, enpresaburuen elkarteei, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturi, eta beste hainbat administrazio publiko, unibertsitate eta talde ekologistari, eta 45 egun balioduneko epea ezarri zen iradokizunak jasotzeko. Aurretiazko kontsulten epealdian, Iruñerriko Mankomunitatearen, Ekologistak Martxan elkartearen eta Landazuria elkartearen (Nafarroako Ekologistak Martxan) erantzunak jaso dira, azken biak epez kanpo eta antzeko edukiekin.
2023ko martxoaren 3an, Biodibertsitate Zerbitzuak irismen txostena eman zuen, Iruñerriko Mankomunitatearen erantzuna erantsita. Ondoren, martxoaren 24an, gainerako bi erantzunak bidali ziren.
Irismen txostenak aipatzen du ingurumen ebaluazio estrategikoaren gutxieneko edukia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean xedatutakoarekin bat. Gainera, beste plan, programa eta proiektu batzuekin ezarri behar den lotura ere adierazten du; esate baterako, urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretua, airearen kalitatea hobetzeari buruzkoa, gaur egun urtarrilaren 24ko 34/2023 Errege Dekretuak aldatuta dagoena, eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industria emisioen erregelamendua onesten duena eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002ko Legea garatzen duena.
Aurkeztutako iradokizunetan oinarrituta, planaren hasierako bertsioa idatzi da eta han jaso da 5. atala, Planaren jarraipena eta berrikuspena, eta eranskin moduan, kontsulten eta parte-hartze publikoaren izapideen emaitza.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. eta 22. Artikuluak betez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean eta planak ukitzen dituen administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsultarako jartzen du Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Plana, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera. Iragarkia 2023ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an, eta egun horretan berean, dokumentazioa jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian, 45 egun balioduneko epea ezarrita. Epe horretan alegazio bat jaso zen Nafarroako Gobernuko erregistroan, 2023ko abuztuaren 16an, Landazuria elkartearen (Nafarroako Ekologistak Martxan) izenean.
Aurretiazko kontsulta eta jendaurreko informazio prozesuen emaitzaren laburpena ingurumen adierazpen estrategikoa ematen duen ebazpen honen I. eranskinean jaso da.
Jendaurreko aldia bukatuta, sustatzaileak, 2023ko urriaren 20an, espediente osoa (planaren behin betiko bertsioa, ingurumen azterketa estrategikoa eta informazio publikoko prozesuaren emaitza) bidali zion Biodibertsitate Zerbitzuari, ingurumen ebaluazio estrategikoari hasiera emateko.
II.–Planaren deskribapena.
Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, eta haren helburua da urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzea (Errege Dekretu hori aldatu zen Airearen kalitatea hobetzeari buruzko martxoaren 24ko 34/2023 Errege Dekretuaren bidez); han ezartzen baita, eremu edo aglomerazio zehatz batean, airean dauden gai kutsagarriak muga balioen edo helburu balioen gainetik edo kasuan kasuko tolerantziaren mugen gainetik daudenean, autonomia erkidegoek airearen kalitatea bermatzeko planak abiaraziko dituztela, eremu eta aglomerazio horietarako, dagozkien muga balioak eta helburu balioak errespetatu daitezen. Bestalde, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2021eko abenduaren 23an emandako 410/2021 epaia betez prestatu da plana; epai hura eman zen 2019 arte betetzen ez zelako Nafarroako Komunitateko Erriberan landarediaren babesaren helburu balioa.
Tramitatzen ari den planaren helburua airearen ozono maila murriztea da, zehazki ekintza zuzenduz haren eragile nagusien aurka, NOx eta COVNM (metanozkoak ez diren konposatu organiko lurrunkorrak) eta, zehazkiago, Erriberako airearen kalitate eremuan erregistratutako ozono mailak; han mailak altu samarrak direla esan daiteke, bereziki udan, eguzki erradiazio gehien eta aldeko baldintza meteorologikoak daudenean, bigarren mailako kutsatzaile hori sortzeko. Nolanahi ere, planak adierazten du ez diola ekarpen handirik egiten Nafarroan ozonoa murrizteari, arazoa lurraldeen mailaren gainetik dagoelako, Departamentuak 2019an egin zuen azterketan agerian geratu zenez, eta ondoren berretsi denez Ozonoaren Plan Nazionala 2022 prestatzeko Oinarri Zientifikoen dokumentuan eta planaren aurrean jarritako alegazioei sustatzaileak (Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) emandako erantzunetan.
Dokumentuak adierazten du, halaber, azken 6 urteetan ez direla gainditu, neurketa estazio bakar batean ere, osasuna babesteko ezarritako muga balioak, legez araututako kutsatzaile bakar baten kasuan ere, ozonoa barne. Bai gainditu da, ordea, Erriberako landaredia babesteko helburu balioa, 2019an, (2015-2019 urte bitarteko bost urteko batez bestekoarekin kalkulatutako balioa) eta Osasunaren Mundu Erakundearen gidalerroek gomendatzen dituzten gida-balioak gainditu dira. Nolanahi ere, ondorioztatzen da landaredia ozonoaren kaltetik babesteko ezarritako helburu balioak gainditzeagatik landaredian aurreikusten den eragina, aipatutako erregistro horretatik 2023ra arte ez baitira berriro gainditu, oso mugatuta dagoela, hango labore, larre eta habitat naturalen ezaugarriengatik, eta kutsatzaile horrekiko esposiziorik handiena gertatzen den urte sasoiagatik ere bai.
Planak ozonoaren gai eragileen iturri nagusiak eta azken hamarkadan izan duten bilakaera identifikatzen ditu. Horren arabera, Nafarroako Nox emisioak %0,8 igo ziren 2019an, 2018koekin alderatuta, eta oinarri urteko (1990) emisioak baino %35,9 gutxiago izan ziren. 2019an emisio guztien konputuan ekarpen handiena egin zuten sektoreak "Errepideko garraioa" eta "Errekuntza instalazio industrialak" izan ziren, bien artean emisio guztien %50 baino gehiago sortzen baitute.
Bestalde, MEKOL (COVNM) emisioak %2,1 jaitsi ziren Nafarroan 2019an, 2018koekin alderatuta, eta oinarri urteko (1990) emisioak baino %29,2 gutxiago. "Disolbatzaileen eta beste produktu batzuen erabilera" sektoreak eragin du gehien 2019an, eta, haren atzetik, "Nekazaritza" sektoreak, bien artean, urte horretako emisioen %60 gainditu baitute.
Hala ere, txostenaren arabera, tokiko emisioek ekarpen txikia egiten dute, %10etik behera, Nafarroan erregistraturiko funtsaren aldean, eta iparraldeko nahiz ipar-mendebaldeko lurraldeetatik (Kantauri aldea, EAE eta, batzuetan, Frantziako hegoaldea) eta penintsulako erdialderik eta isurialde mediterraneotik jasotakoen aldean. Tokiko ekarpenak, dirudienez, Nafarroako erdigunetik, Iruñerritik eta haren ingurutik heldu dira, batez ere ibilgailuen trafikotik eta Iruñerriko hiriguneak sortzen dituen emisioetatik.
Helburuak lortzeko, planak zehazten ditu gai aitzindarien emisioei eta ozonoaren mailari aurre egiteko dauden planak eta, horrez gain, beste hainbat neurri ere proposatzen ditu:
1. Nafarroan aurreikusitako edo gauzatzen ari diren neurriak eta planak, gai aitzindarien emisioak murrizteko eta, beraz, ozono mailak murrizteko eragina izan dezaketenak: Nafarroako Mugikortasun Jasangarrirako Gidaplana, Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailea, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana, Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria, KLINA, Nafarroako Energia Plana, Mugikortasun Jasangarrirako Tokiko Ituna eta Ziklabilitate Plana 2017-2022, azken biak Iruñekoak.
2. Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren neurri gehigarriak:
a) Gai aitzindarien emisioen murrizketa orokorra iturri nagusietan; zehazki: hirigune eta komunikazio bide nagusietan ibilgailuen zirkulazioa murriztea (M.01etik M.03ra bitarteko neurriak); industriako errekuntza murriztea, optimizazioaren bidez eta elektrifikazio eta autokontsumo elektrikorako aukerak lehenetsiz; eta metanozkoak ez diren konposatu organiko lurrunkorren (MEKOL-COVNM) emisioak murriztea disolbatzaileak erabiltzen diren jardueretan (M.04 eta M.05 neurriak).
b) Administrazioen arteko koordinazioa neurriak sustatzeko. (M.06).
c) Zeharkako informazio, kontzientziazio, azterketa eta prebentzio neurriak: azterlan epidemiologikoak diseinatzea (M.07), landarediaren eta nekazaritzaren gaineko ukipenen azterketak (M.08), intereseko eremuetan ozonoa neurtzeko kanpaina berriak (M.09) eta sareen bidezko kanpainak indartzea (M.10).
Ozonorako plana betetzen den baloratzeko, dokumentuak planaren jarraipenari eta berrikuspenari buruzko atal bat jasotzen du.
Planari ingurumen azterketa estrategiko bat (IAE) erantsi zaio. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eskatzen den gutxieneko edukiari dagokionez, azterketa osoa da, eranskineko 2. puntuan izan ezik, horren arabera, nahitaezkoa baita jasotzea ingurumenaren egoera eta haren bilakaera, plana aplikatzen ez bada. Horri dagokionez, sustatzaileak jakinarazi du dagoen teknologiak ez duela aukerarik ematen ozonoa modelizatzeko planaren helmuga-urtera begira, ezta eskualdeko/tokiko mailan lor litezkeen eszenatokietan ere, emaitza bermagarriekin. Hori guztia Ozonoaren Plan Nazionala egiteko Oinarri Zientifikoen Txostena eta eskualdeko kontribuzio ehunekoak aintzat hartuta, %10etik beherako ekarpenekin kalkulatuta.
Ingurumen Azterketa Estrategikoaren laburpena ebazpen honen II. eranskinean dago.
III.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulta prozesuaren emaitzak kontuan hartzea.
Jendaurrean jarri eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin ondoren, Landazuria elkartearen (Nafarroako Ekologistak Martxan) alegazio idazki bat jaso da. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, proiektuaren sustatzailea izanik, alegazioan azaldutako gai bakoitzari erantzuten dio eta amaieran ez onartzea azaldu du.
Sustatzailearen iritziz, dagokion araudi sektorialean erregelamenduz ezarritakora egokitzen da plana, eta planarekin lotura estua duten beste planen helburuekin bat egiten du. Gainera, urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan eta kontsultatutako jurisprudentzian oinarrituta, ondorioztatu du plana ez dela erregelamendu mailakoa, eta, beraz, ez duela behar lege mailako xedapen baten gisako onespenik. Bestalde, alegazioan Ozonoaren Plan Nazionalari buruz egiten den aipamenari dagokionez, erantzunak dio Plan hau idazten ari den unean Ozonoaren Plan Nazionalik ez dela existitzen, ez eta zirriborro forman ere.
Alegazioan adierazten da eskas direla jarraipen adierazleen zehaztapena eta ozonoak Erriberako laboreetan eta landaretza naturalean dituen eraginen balorazioa, eta airearen kalitatearen modelizaziorik ez dela planteatzen, eta horiei erantzunez, sustatzaileak dio ezen, Ozonoaren Plan Nazionala egiteko Oinarri Zientifikoen txostenean oinarrituta, ozonoaren gai aitzindarien emisioen eta berotegi efektuko gasen emisioen bilakaera urtero kontrolatu eta zaintzeko, planean nahiz Ingurumen Eraginaren Azterketan aurreikusitako neurriak aski direla. Gainera, erantzunean adierazten da ez dagoela teknologia aski modelizazioaren bidez emaitza baliozkoak lortzea bermatzeko.
Era berean, ez da uste espedientearen tramitazioan akatsik dagoenik, alegatzaileak parte hartzeko duen eskubidea urratzeari dagokionez, alegatzailea kontuan hartu baita parte-hartzeko, jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko izapide guztietan, eta haren zenbait ekarpen, gainera, onartu baitira.
Tramitatzen ari den planaren edukia eskasa delako aipamenari dagokionez, sustatzaileak adierazi du ozono troposferikoa mundu mailako arazoa dela, tokiko eta eskualdeko mailaren oso gainetik. Nafarroa R2/R1 eskualdean dago (Ozonoaren Plan Nazionala egiteko Oinarri Zientifikoak dokumentuan ezarritako sailkapena. https://www.miteco.gob.es/content/dam/miteco/es/calidad-y-evaluacion-ambiental/temas/atmosfera-y-calidad-del-aire/bases_cientificas_para_un_plan_nacional_del_ozono_tcm30-561360.pdf), ozono ekarpen gehienak kanpokoak diren eremu batean. Azkenean hartzen diren neurriak bat datoz Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuarekin 2021-2030, eta Kutsadura Kontrolatzeko Programa Nazionalarekin, eta haien helburuak lortzen laguntzea beste helbururik ez dute. Tokiko edo eskualde mailako plan batek ia ez du eraginkortasunik. Horregatik, planaren edukia aski dela uste du.
Bestalde, alegazioei eman dien erantzunean, sustatzaileak uste du metanoaren (CH4) ekarpenak, ozonoa sortzea eragiten duten gai aitzindarien artean, eragina izanen lukeela mundu mailan, ez eskualdean, eta gauza bera karbono monoxidoa (CO), biak ere nekazaritzako erreketa masiboen eta abeltzaintza intentsiboen jardueretatik eratorritako konposatuak izanik eta jarduera horiek eragin eskasa dutelarik helburu balioak gainditzeko arazoan.
Amaitzeko, eta alegazioan egiten den proposamen bati dagokionez, epe laburrera ekintza plan bat prestatzea jaso dadin, 102/2011 Errege Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 24ko 34/2023 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, sustatzaileak dio epe laburreko ekintza planak prestatzen direla soilik I. eranskineko kutsatzaileen alerta atalaseak gainditzen direnerako, gainditzeko arriskua dagoen eremuetan edo aglomerazioetan. Nafarroan ez da hauteman ozonoak eragindako alertaren atalasea gainditu denik, eta ez da espero etorkizunera begira gaindituko denik; beraz, ez da egokia era horretako ekintza planik prestatzea, horien azken helburua baita egoera horren arriskua edo iraupena edo larritasuna murriztea, inguruak dituen berezko zenbait baldintza kontuan hartuta, eta ozonoa gai aitzindari horien aurka modu eraginkorrean ekinez murrizteko aukera kontuan hartuta, baina egoera hori ez da gertatzen Nafarroan.
IV.–Ingurumen zehaztapenak eta ondorioak.
Espediente osoa aztertu ondoren, eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramitearen ondoriozko dokumentazioa aztertu ondoren, aditzera eman da Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta behar bezala egin dela.
Biodibertsitate Zerbitzua, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, bat dator ingurumen azterketa estrategikoaren ondorioekin, planak ozonoak kaltetutako airearen kalitatean eragin positiboa duela adierazten duenean. Aintzat harten diren eragin kaltegarri bakarrak, munta txikikoak, gainera, faktore ekonomikoaren gainekoak dira, Planak berak proposatutako prebentzio eta konpentsazio neurrien ezarpenagatik.
Planak bere aplikazio eremuaren, alegia, Nafarroako Foru Komunitatearen, ingurumen ezaugarrietan duen eraginaren ebaluazioari dagokionez, eta haren bilakaera, klima aldaketa kontuan hartuta, egiaztatu da aurreikusitako neurrietako batzuk zehazki planteatzen direla klima aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik, esate baterako, berotegi eragineko gasen emisioen kontrola, garraioaren eta mugikortasunaren inguruan (M01, M.02 eta M.03); alternatiba energetikoen sustapena industrian eta COVNM emisioen kontrola (M.04 eta M.05) edo landaredia babesteko ingurumen baldintzak hobetzea (M.06); horrenbestez, sustatzaileak uste du planak, alderdi horri dagokionez, ez duela ondorio kaltegarri handirik eraginen, aitzitik ere, plana berez tresna bikaina da, klima aldaketa arintzeko eta haren aurrean egokitzeko jardueretan laguntzeko.
Planak ingurumen zaintzarako programa bat ere jasotzen du, haren helburuak direla aurreikusi gabeko inpaktuak detektatzea, proposatutako prebentzio eta konpentsazio neurriak behar bezala betetzen direla kontrolatzea eta inpaktuen bilakaeraren jarraipena egitea, adierazle sistema egoki eta aski baten bidez.
Hori guztia ikusita, Biodibertsitate Zerbitzuak Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa ematea proposatu du, ondorioztatu baitu hura aplikatu eta garatuz gero onura eta alderdi positibo garrantzitsuak ekarriko dituela, airearen kalitaterako eta, beraz, biodibertsitaterako eta giza osasunerako.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/183/10).
EBAZTEN DUT:
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatu duen Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa ematea.
2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo substantiboa izaki, programa aplikatzean edo gauzatzean ingurumenean gertatzen diren efektuen segimendua egin beharko du urtero, aurreikusi gabeko aurkako efektuak identifikatzeko eta programan aurreikusitako neurriak gauzatu ahal izateko, efektu horiek saihesteko edo murrizteko.
3. Ingurumen adierazpen estrategiko honen aurka ezin da errekurtsorik jarri baina, hala badagokio, bide judizialean jar daitezke, plana onesten duen xedapen orokorraren aurka, edo, bestela, plana onartzeko edo onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean edo auzibidean jar daitezkeen xedapen orokorren aurka.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ETA INTERESDUNEN KONTSULTARAKO PROZESUEN LABURPENA
1.–Aldez aurreko kontsultak.
Biodibertsitate Zerbitzuak 2023ko urtarrilaren 17an abiarazi zuen aurretiazko kontsulten prozesua, 21/2013 Legearen 19. artikuluarekin bat. Planaren eta hasierako dokumentu estrategikoaren zirriborroa erakunde hauei bidali zaie:
–Nafarroako Gobernuaren instituzioak.
- Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.
- Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.
- Lurraldearen Antolamenduaren Atala.
- Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia.
- Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia.
- Osasun Zuzendaritza Nagusia. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.
–Nafarroako Gobernutik kanpoko erakundeak:
- Eusko Jaurlaritza.
- Errioxako Gobernua.
- Aragoiko Gobernua.
- Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioa.
- Nafarroako Unibertsitatea.
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
- Ekologistak Martxan Iruñea.
- Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa.
- Lurraren defentsaren aldeko elkartea-Lurra.
- ANEL (Nafarroako Lan Enpresen Elkartea).
- Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa.
- Greenpeace.
- Sustrai Erakuntza Fundazioa.
- Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.
- Iruñeko Udala.
- Iruñerriko Mankomunitatea.
Iruñerriko Mankomunitatearen, Ekologistak Martxan elkartearen eta Landazuria elkartearen (Erriberako Ekologistak Martxan) erantzunak jaso dira. Hona hemen laburpena:
Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Sailak jakinarazi du erakunde horrek aurrera eramaten dituen ekimen garrantzitsu batzuk baliagarriak izaten ahal direla "Ozonoak kutsatutako airearen kalitatea hobetzeko Nafarroako plana" ezartzen laguntzeko, hala nola:
–Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (PMUSCP), mugikortasunaren arloko zenbait estrategia planteatzen dituena, besteak beste, airearen kalitatea nabarmen hobetzera bideratuak.
–Iruñerriko garraio publikoan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. Plana, propultsio energia garbiko autobusak erosteko ekimena sustatzen duena.
–Klima aldaketari eta energiari buruzko estrategia; ekimen horren bitartez Iruñerriko bizi kalitatea hobetzen laguntzeko erronka eta proiektu multzo bat biltzen dira, Ura, Garraioa, Hondakinak eta Ibai Parkearen zerbitzuen kudeaketari begira. Helburu guztien artean, aipagarria da Iruñerriko Mankomunitatea 2030ean karbono aldetik neutroa izatea lortzeko erronka.
Ekologistak Martxan eta Nafarroako Ekologistak Martxan; bien ekarpenak 2023ko martxoaren 20an sartu ziren Nafarroako Gobernuan, eduki berdinarekin, eta hau iradokitzen dute:
1 Baieztatzen dute 2022ko apirilean Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Planaren zirriborroari egin zizkioten ekarpenen zati bat onartu dela. Hala ere, berriro arrazoitu dute airearen kalitatea hobetzeko planak erregelamendu mailakoak direla.
2 Adierazi dute airearen kalitatea hobetzeko planen gutxieneko edukia ez dela behar bezala bete planaren zirriborroan: landaretza babesteko eta osasuna babesteko epe motzerako eta luzerako helburuak ez dira kuantifikatu; beharrezkotzat jotzen dute txostenak ematen duen informazioa zabaltzea jasotzeko ozonoaren iturri aitzindariak, karbono monoxidoa (CO) eta metanoa, eta gai aitzindarien emisio iturri nagusien zerrenda ematea; ez da aipatzen airearen kalitatean norainoko hobekuntza lortzea espero den, ez eta kalitate helburuak lortzeko aurreikusten den epea ere; neurri orokorrak jasotzen dira, batez ere, garraioaren arloari edo disolbatzaile organikoen erabilerari lotuak; planean nekazaritza eta abeltzaitzaren sektorea sartzeko proposatzen dute, Nox,COVNM, metano eta karbono monoxidoaren emisioak sortzen baititu.
3. Planaren ingurumen azterketa estrategikoaren (IAE) irismen zehatzari dagokionez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia aintzat hartuta, uste dute azterketa ez dela aski, eta hura hobetzea proposatzen dute, era honetan: planaren helburu kuantitatiboak zehaztea; ingurumenaren egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak aztertzea, eta plana aplikatzen ez bada izan dezakeen bilakaera aztertzea; eta kasu horretan, airearen kalitateak 2030erako izanen lukeen bilakaera modelizatzea; Plana aplikatu ondorengo egoera aztertzea, laboreen gainean eta ozonoarekiko sentiberak diren ekosistemen gainean saihestu diren kalteak kuantifikatuz, eta saihestutako heriotza goiztiarrak ere bai; ozonoaren ondorioz Nafarroako Erriberan airearen kalitateak duen bilakaera aztertzea, klima aldaketa kontuan hartuz; planerako garrantzia duen ingurumen arazo nagusitzat jotzea ozonoak Nafarroako Erriberako laboreetan eragindako kalteak, eta orobat, gai kutsagarri horrek ingurumen garrantzi bereziko eremuetako berezko landaredian duen inpaktua ere; ahaztu gabe, ozonoaren ondorioak pertsonen osasunean, eritasun karga batekin epe motzera.
4. Planaren barruko ingurumen zaintzako programaren jarraipena egiteko arreikusten diren neurriak gehiago zehazteko eskatu dute; adierazleen zerrenda bat ezarri beharko luke, haren barnean jasoz Nafarroako Foru Komunitatean eta, bereziki, Erriberan ozonoaren aitzindari diren gaien emisioen urteroko murrizketa.
2.–Jendaurreko informazioa eta ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdunekiko kontsulta.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean eta ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdunekiko kontsultarako jartzen ditu Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Planaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen azterketa estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. eta 22. artikuluekin bat. Iragarkia 2023ko ekainaren 16ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta egun horretan bertan, dokumentazioa jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian, 45 egun balioduneko epea ezarrita (2023ko ekainaren 17tik abuztuaren 22ra).
Lanzazuria Elkartearen (Nafarroako Ekologistak Martxan) alegazioen txostena jaso da. Hona hemen jasotako ekarpenen laburpena:
1. Ingurumen azterketa estrategikoaren irismenari buruzko iradokizunak ez jasotzea.
–Helburuei dagokienez. Ez Ingurumen azterketa estrategikoak, ez eta Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Planak ere, ez dute helburu kuantitatiborik.
–Beste plan eta programa batzuetako helburuen berrikuspenari dagokionez. Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan, indarrean dagoen Atmosferaren Kutsadura Kontrolatzeko Programa Nazionalean eta haren berrikuspenean, (gaur egun jendaurreko epearen tramitean) eta Ozonoaren Plan Nazionalean aipatzen diren helburu kuantitatiboak betetzen ari diren berrikusi behar da.
–Airearen kalitatearen modelizazioari dagokionez. Airearen kalitatearen bilakaera modelizatu behar da 2030. urtera arte, planaren neurriekin eta neurririk gabe, eta kontuan hartuta, gainera, klima aldaketak ozono horren sorreran duen eragina, horren helburua dela ozonoaren "abiapuntuko agertokiak" eta "joeren araberako agertokiak" zehaztea eta planak hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatu ahal izatea.
–Ozonoaren arazoak behar den sakontasunez ez aztertzeari buruz. Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak adierazi du ingurumen azterketa estrategikoak ez duela behar bezala sakontzen ozonoak Nafarroako Erriberako laboreetan eragiten dituen kalteak, eta ingurumenean garrantzi berezia duten eremuetako landaretza naturalean duen inpaktua eta pertsonen osasunean duten eragina ere ez.
–Jarraipenerako adierazleak ezartzeari dagokionez: Adierazleen zerrenda bat zehaztu beharko litzateke, honako hauek jasoko dituena: Nafarroako Foru Komunitatean ozonoaren aitzindari diren gaien emisioen urteko murrizketa eta Nafarroako Erriberako eremuaren egoera, landaretza eta osasuna babesteko helburu balioei dagokienez; landaretza eta osasuna babesteko epe luzeko helburuak; eta OMEren eguneroko eta udako gomendioak, ingurumena zaintzeko programan sartu beharreko adierazleak.
–Izapideetan ikusitako akatsei dagokienez: Alegazioa egin duen erakundearen parte-hartze eskubidea urratu dela uste da, aurretiazko kontsulten izapidearen ondoren txostena bidali ez delako (19.2 artikulua) edo espedientea ez zaielako kontsultetara bidali jendaurreko informazioaren izapidearekin batera (22. artikulua).
2. Hobekuntza planaren erregelamendu izaera.
Alegatzaileak uste du airearen kalitatea hobetzeko planak erregelamendu mailakoak direla eta, beraz, lege mailako xedetzat onartu behar direla.
3. Airearen kalitatea hobetzeko planen gutxieneko edukia:
Araudiak ezartzen dituen nahitaezko edukietako batzuk ez dira behar bezala bete, eta proposatzen dute planean jasotzeko Ozonoaren Plan Nazionala prestatzeko Oinarri Zientifikoen aurretiazko jarduketa gomendioak, argitara eman baitziren 2023ko maiatzean, Ozonoaren Kalitatea Hobetzeko Nafarroako Plana prestatu eta ingurumen azterketa estrategikoa tramitatu ondoren. Gainera, metanoa (CH4) eta karbono monoxidoa (CO) Ozonoak Kutsatutako Airearen Kalitatea Hobetzeko Planaren emisio iturrien deskribapenean sartzea proposatu dute. Halaber, landaredia erretzeak ozonoaren aitzindari diren gaien maila handitzeko egiten duen ekarpena ere azpimarratzen dute.
Azkenik, alegazioetan proposatzen da neurri bat sartzea planean, alegia, epe laburrerako ekintza plan bat prestatzea, 102/2011 Errege Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 24ko 34/2023 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Horri dagokionez, alegazioari emandako erantzunean adierazten da epe laburreko ekintza planak soilik aurreikusten direla urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuaren I. eranskinean jasotzen diren kutsatzaileen alerta talaseak gainditzen diren kasuetarako, horretarako arriskua duten zona edo aglomerazioetan.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN AZTERKETA ESTRATEGIKOAREN LABURPENA
Ingurumen Azterketa Estrategikoan jaso dira planaren zirriborroa, helburu nagusiak eta arlo bereko beste plan eta araudi batzuekiko loturak.
Ondoren, aztertutako alternatiben analisi bat egin da, irizpide anitzetan oinarritua, esaterako, legea zenbateraino bete den, ozonoaren mailak murrizteko eraginkortasuna, ingurumen bektore nagusien gaineko eragina, eragin ekonomikoak eta giza osasunari egindako kalteak.
Hiru aukera planteatzen dira; 0 alternatiba: Espainiako ozono plan bat ezartzea, une honetan Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa garatzen ari dena; alternatiba horren oinarria da Nafarroako Foru Komunitatean erregistratutako ozono kontzentrazioak, gehienetan, kanpoko ekarpenetatik eta kontzentrazio hemisferikoetatik sortzen direla, eta beraz, ez dela bidezkoa plan bat aplikatzea toki mailan.
1. alternatiba da dagoeneko abiarazitako neurriak aplikatzen jarraitzea; beste plan eta programa batzuetan jasotakoak dira, gai aitzindarien emisioen gainean eragiteko, eta Nafarroan dagoeneko aplikatzen ari dira. Aternatiba horren arabera, ez litzateke inolako neurri gehigarririk ezarriko, baina dagoeneko abian direnak indartuko lirateke.
2. alternatibak planteatzen du ozono plan bat prestatzea eta ezartzea Nafarroako Gobernuaren aldetik, helburu hauekin: 1) Gobernuak gai aitzindariak murrizteko jadanik gauzatutako neurriak finkatzea; 2) landaredia babesteko helburua etorkizunean betetzen dela ziurtatzea; eta 3) Nafarroako erregistroen arabera ozonoak osasunean eta laborantzetan dituen eraginak minimizatzeko balio izatea. Alternatiba horretan aurreikusten da neurri zehatzak garatu eta aplikatzea, neurriak dibertsifikatuz eta, gainera, indarrean diren gainerako plan eta programetan sartutako neurriei laguntzea.
Alternatiben analisiaren arabera, 2. aukera da ozonoa murrizteko neurririk eraginkorrena, dauden neurri guztiak kontuan hartu eta biltzen baititu, eta jarduera osagarriak eransten baititu, komunitate osoan nahiz toki mailan.
Ingurumen Azterketa Estrategikoak lurraldearen eta ingurumenaren diagnostikoa jasotzen du, orain arte airearen kalitateak izan duen bilakaera aztertzeko plana garatu aurretik. Horretarako, ingurune fisikoaren, biologikoaren, pertzepziozkoaren eta sozioekonomikoaren ezaugarriak zehazten ditu, eta hautatzen ditu planaren aplikazioak nabarmen ukitzen ahal dituen ingurunearen osagaiak.
Ingurumen Azterketa Estrategikoak identifikatzen eta ebaluatzen ditu planak ingurumenean izan ditzakeen ondorio garrantzitsuak. Ebaluazioaren emaitzaren arabera, berresten da plana aplikatu ondoren balorazioa positiboa dela aztertutako ingurunearen osagai guztientzat, salbu eta jarduera ekonomikoaren gaineko eraginari dagokionez, aldaera hauetan: "Baliabide publikoen aplikazioa planaren ezarpenean" eta "Ahalegin finantzarioa azterlanetan eta teknologian", biak ere negatiboak, baina bateragarriak. Horrenbestez, azken ondorioa zera da, planaren helburu nagusia airearen kutsadura murriztea eta, beraz, airearen kalitatea hobetzea izanik, planaren eragin orokorra positiboa dela.
Ingurumen Azterketa Estrategikoak hainbat prebentzio neurri jasotzen ditu, plana aplikatzeak ingurumen bektoreetan dituen eragin positiboak indartzeko, eta inpaktu horiek sor ditzaketen ondorio negatiboak ahal den neurrian arintzeko konpentsazio neurriak ere bai. Hona hemen neurri horien zerrenda:
–Ozono Planaren beraren jarraipena eta monitorizazioa (airearen kalitate mailen monitorizazioa aldizkako txostenen bidez), eta horrez gain, planaren berrikuspen txostenak idaztea.
–Ozono Plana berrikustea eta egokitzea, lortutako emaitzen arabera.
–Ozono Plana berrikusi eta egokitzea, autonomia eta estatu mailako beste plan eta programa batzuen berrikuspenarekin eta argitaratzearekin bat eginez.
–Atzemandako joeren arabera, joera horiek alderantzikatu eta/edo zuzentzeko neurririk eraginkorrenak ezartzea lehentasunez.
–Azterlan desberdinetan eskuratutako emaitzen bilakaera kontrolatzea eta planean jasotzen diren neurriak luzatu beharra ezartzea, zeharkako eragina jasaten duten bektoreetan (landaredia, pertsonen osasuna eta jarduera ekonomikoak) neurrien ondorioak ebaluatzeko.
–Sinergiak sortzeko industria jardueren arteko lankidetza sustatzeko neurriak lehenestea, eraginkortasun energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko.
–Eskatutako inbertsio pribatuak konpentsatzeko neurria.
Iragarkiaren kodea: F2316727
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
